ARROXALI Arroxali mendian bizi da bakar-bakarrik etxetxo txiki batean. Berak bakarrik egiten ditu etxeko lanak: janaria prestatu, etxea garbitu... Arroxaliren lagunak kalean bizi dira. –Nik kalea ikusi nahi dut! –esan du Arroxalik. Joxe Anttonek honela esaten dio igandero: –Ikastolan, jolas, dantza eta marrazkiak egiten ditugu. –Ni ere joango naiz ikastolara! Gauean, bere lagunak lotan daudenean, Arroxali herrira joan da, lagunek kontatu diotena ikusteko asmoz. Arroxali ikastolara sartu da. –Zenbat gauza dagoen hemen! Jostailuak, ipuinak, marrazkiak... –Zein polita den ikastola! Gela guztia izugarri gustatu zaio. Dena ikusi ondoren, loguratu egin da eta epel-epeletan lo egiteko armairuan sartu da. Benetan lo goxoa egin du. Nolako istilua goizean haurrak gelara sartu direnean! –Non daude margoak? –Non daude ipuinak? –Gauza guztiak tokiz aldatuta daude! –Nor ibili ote da gure gelan? Gelako armairu barruan norbait dagoela konturatu dira, eta horregatik atea ireki dute. –Nor zara zu? –Ni Arroxali naiz –erantzun du negarrez. Armairutik irten ondoren: –Ikastola ikusi nahi nuen, eta horregatik etorri naiz. –Oso ondo, Arroxali; nahi al duzu, gu bezala, egunero ikastolara etorri? –Bai, nahi dut! Egunero etorriko naiz! Hau oso polita da! Eta ordutik, egunero bere lagunekin ikastolara joaten da poz-pozik.