KOXMEREN GEZURRAK Azkarregi joan zitzaion uda Koxmeri. Izan ere, munduan ez zegoen berarentzat oporrak baino gauza hoberik. Udako hiru hilabete horietan hondartzara joaten zen, lagunekin berandura arte ibiltzen zen kalean jolasean, izozki pila jaten zuen, telebista gehiago ikusi ere bai, eta, batez ere, ez zeukan ikastolara joan beharrik. Baina iritsi zen iraila, bukatu ziren oporrak, eta amak esan zion Koxmeri: –Koxme, bihar ikastolara joan behar duzu; gaur ez dago telebistarik. Ilundu baino lehen ohera! –Jo-pe, nik ez dut ohera joan nahi! Nik ez dut bihar ikastolara joan nahi! Marmarka eta haserre oheratu zen gure mutikoa. Koxmek telebista ikusi nahi zuen eta ez zeukan hurrengo egunean ikastolara joateko batere gogorik. Lo hartu aurretik, hurrengo egunean ikastolara ez joateko amari zer gezur esan pentsatu eta pentsatu aritu zen. Goizean, esnatu zenean, negarrez hasi zen Koxme: –Ai, ai, ai! Hagineko mina! Ama, hagineko mina! –Ba, hagineko minez bazaude, dentistarengana joan beharko dugu. Amak bere semetxoaren gezurra sinetsi egin zuen, eta goiz hartan biak dentistarengana joan ziren trenez. –Zabaldu ahoa –esan zion dentistak Koxmeri–. Zein haginek ematen dizu min? –Ho... ho... honek –erantzun zion Koxmek hatza ahoan sartuz. Indizio bat, gero beste bat... Haginak lo hartu arte pixka bat itxaron eta, di-da, sano zeukan hagina kanpora. –Ai, ai, ai! –kexatu zen Koxme. Eskua masailean zuela eta mukizapira odola botaz egin zuen etxerako bidea. Egun hartan ez zen ikastolara joan. Hurrengo egunean, lehen baino ere gogo gutxiago zeukan Koxmek ikastolara joateko. Beste gezurren bat asmatu beharra zeukan. Ez zuen gehiago dentistarengana joan nahi. “Badakit zer egin”, pentsatu zuen bere artean. –Ama, ama! Ez dut ezer ikusten. Itsutu egin naiz, itsutu! –esan zion amari negarrez. –Ene, ene, nire Koxme maitea! Itsutu egin zarela? Hagineko mina baino okerragoa da hori. Enee! –eta amak anbulantziari deitu zion. Koxmek oso ondo egiten zuen itsuarena. Anbulantziako gizonak eta amak lagundu zioten etxetik irteten. Aurreko eserlekuan eseri zuten, txoferraren ondoan. Ama atzean sartu zen, eta negar-malkoak irristatzen zitzaizkion masailetan behera. Anbulantzia tximista baino ere azkarrago zihoan klinikarako bidean, auto guztiak atzean utziz. Halako batean, bere aitaren kamioia ikusi zuen Koxmek bidean. –Ama, ama, begira! Aitaren kamioia da gure aurreko hori! –atera zitzaion bat-batean Koxmeri. –Baina, Koxme! Ez al didazu, ba, esan ez duzula ezer ikusten? –Kasuen! Ahaztu egin zait itsu nengoela! –esan zuen Koxmek bere buruarekin haserre. Amak ezin zuen sinetsi bere belarriak entzuten ari zirena. –Ahaztu egin zaizula? Ahaztu? Baina ni naiz tuntuna, ni! Dena sinetsi diot mutiko mukizu honi. Atzo gezur bat eta gaur bestea. Erakutsiko dizut nik zuri hemendik aurrera gezurrik ez esaten. Bai horixe! Eta hantxe bertan buelta hartzeko agindu zion Koxmeren amak anbulantziako txoferrari. Goizeko hamaikak ziren Koxme ikastolako atariraino anbulantzian eraman zutenean. Gauza harrigarriak gertatzen dira munduan, baina ez zen horrelako asko gertatuko. Ez horixe! Geroztik, Koxmek ez du gezurrik esaten, eta lehen baino gusturago joaten da orain ikastolara, bertan lagun asko baititu. Bizi nahi baduzu zoriontsu bizitza honetan, ez ibili inoiz gezurretan.