GULLIVER LILIPUTEN Behin bazen Gulliver izeneko bidaiari bat. Egun batean, itsasontzi handi batean sartu zen bere lagunekin eta urrutiko herrialde batera abiatu zen. Egun asko pasatu ziren, eta Gulliverren itsasontzia kostaldetik urrun zegoen. Orduan, itsasoa oso haserre jarri zen eta itsasontzia hondoratu egin zen. Gulliverrek itsasora salto egin zuen, eta uretan zegoela bere lagunen bila hasi zen: –E, lagunak! Non zaudete? E, lagunak! Inork ez zion erantzun. Ito egin ote ziren bere lagunak? Salbamenduko txalupetan sartu eta salbatu ote ziren? Nork daki! Gulliver bakarrik zegoen itsasoan eta ez zekien zer egin. Beraz, igerian hasi zen. Denbora luzean egin zuen igeri eta asko nekatu zen. Ez zuen indarrik igerian jarraitzeko eta itoko zela pentsatu zuen etsita. Baina, orduan, uharte bat ikusi zuen eta, azkeneko indarrak ateraz, haraino joan zen. Hondartza batera iritsi zen eta, leher eginda zegoenez, lo geratu zen berehala. Esnatu zenean, zerbait gertatzen zitzaiola konturatu zen. –Ezin naiz mugitu! –esan zuen izututa. Halaxe zen; hankak, besoak eta gorputz osoa sokaz lotuta zituen. Azkura sentitu zuen gorputzean. –Inurriak! Inurriak ditut gorputz osoan! –pentsatu zuen. Baina ez ziren inurriak, gizaki txiki-txiki batzuk ziren. Gulliver indarka hasi zen bere burua askatzeko, baina milaka gizaki txiki zituen inguruan, eta jostorratzen tamainako geziak botatzen zizkioten. –Ai, ai, ai! Min ematen didazuela! –kexatu zen Gulliver. –Ba, geldi-geldi egon –agindu zion gizaki txiki haietako batek. –Hori, hori, egon geldi-geldi –errepikatu zuen beste batek. Gero, beste gizaki txiki bat egurrezko aldamio batera igo zen eta garrasika hitz egin zion: –Aizu, gizon handi-mandi! Entzun ongi! –Hori, hori, entzun ongi, gizon handi-mandi! –errepikatu zuten milaka ahotsek batera. Hitz egiteko modu xelebrea zuten gizaki txiki haiek. Batek esandakoa guztiek errepikatzen zuten. Erregeak hizketan jarraitu zuen: –Hau Liliput da eta ni naiz hemengo erregea. Askatzea nahi baduzu, gure laguna izan behar duzu. –Hori, hori, gure laguna izan behar duzu, askatzea nahi baduzu –errepikatu zuten berriro milaka ahotsek batera. Erregea haserretzen hasi zen. –Ez ezazue errepikatu nik esandako guztia, kontxo! Eta denak isildu egin ziren. Erregeak hitza hartu zuen berriro. –Gure laguna ez bazara, lotuta utziko zaitugu eta piztiek jango zaituzte. –Hori, hori, piztiek jango zaituzte... –hasi ziren berriro milaka ahotsak. Gulliverrek ezin zuen gehiago, erotu beharrean zegoen ahots haien burrundarekin. –Ondo da, ondo da! Zuen laguna izango naiz, baina ez errepikatu erregeak esandako guztia, erotu egingo naizeta bestela –erregutu zien. Gizaki txiki haiek askatu egin zuten azkenean, eta Gulliverrek jatekoa eta edatekoa eskatu zizkien, oso gosetuta zegoelako. –Bai, ekarriko dizugu asetzeko adina –esan zuen erregeak. –Hori, hori, asetzeko adina ekarriko dizugu –errepikatu zuten milaka ahotsek batera. Liliputen dena zen txiki-txikia eta horregatik gurdietan ekarri zizkioten janaria eta upel ardoak. Eta Gulliverrek gizaki txiki haiek eraman zioten guztia jan zuen. –Aizu, baina kontuz ibili gu zapaldu gabe, e! –esan zion gero erregeak. –Hori, hori, gu zapaldu gabe ibili kontuz –errepikatu zuten denek batera. –Bai, kontuz ibiliko naiz eta ibiliko naiz kontuz zuek zapaldu gabe –esan zuen Gulliverrek. Bera ere Liliputeko biztanle txikiak bezala hitz egiten hasi zen konturatu gabe. Gero, erregeak esan zion: –Aizu, mesede bat eskatu behar dizugu. Gu gerran gaude aurreko uhartekoekin eta zuk lagunduz gero, erraz irabaziko genuke. –Hori, hori, erraz irabaziko genuke gerra, zuk lagund... –hasi ziren berriro denak batera. –Ondo da, ondo da. Lagunduko dizuet, baina isildu zaitezte, mesedez –esan zien Gulliverrek eskuak belarrietara eramanez. Hala, aurreko uharteraino igeri joan zen Gulliver. Hango biztanleak ere liliputarrak bezain txikiak ziren eta ikaratu egin ziren Gulliver ikusi zutenean. –Ai, ama! Erraldoi bat! Erraldoi-jigante bat! –egin zuen garrasi batek. –Hona datorrela! Hona datorrela! Ai, ene! Egin dezagun ihes! –beste batek. Eta denek korrika ihes egin zuten izututa. Gulliverrek liliputarren etsaien armak hartu eta itsasora bota zituen. Gero, hartu hango txalupa guztiak eta Liliputera eraman zituen. Liliputarrek pozik eta bibaka hartu zuten Gulliver. –Gerra irabazi dugu! –esan zuen erregeak pozik–. Biba Gulliver! Gora Gulliver! –Irabazi dugu gerra! Gulliver gora! Gulliver biba! –entzun zen milaka ahotsen oihartzuna. Gulliver, ordea, ez zegoen konforme, ezetz esaten zuen buruarekin behin eta berriro, ezetz eta ezetz. –Ez, ez duzue gerra irabazi! Bakea irabazi duzue; orain bakean bizitzeko aukera duzue. Hitza eman behar didazue hemendik aurrera ez duzuela gerra gehiago egingo eta bakean biziko zaretela. Eta liliputarrek baietz esan zioten, handik aurrera bakean biziko zirela. Gero, esker onez, txalupa handi-handi bat egin zioten liliputar guztien artean eta jan-edariz goraino bete zuten. Erregeak agur hitzak esan zizkion: –Agur, laguna! Liliput beti egongo da zorretan zurekin. Denak isil du ziren. Oraingo honetan inork ez zituen errepikatu erregearen hitzak, denak oso triste baitzeuden Gulliver bazihoalako. –Eskerrik asko! –esan zien Gulliverrek–. Eskerrik asko guztiarengatik. Beti gogoratuko naiz zuetaz. Agur, eta ondo bizi. Eta hori esanez, arraunean hasi zen Gulliver eta Liliputetik urrundu zen. Hala bazan edo ez bazan...