HIRU TXERRIKUMEAK Etxe batean hiru txerrikume eta beren ama bizi ziren. Egun batean, amak honela esan zien hiru txerritxoei: –Dagoeneko nahiko handiak zarete, eta hobe duzue negua etorri baino lehen zuen etxea eraikitzea. –Ongi da, ama. Etxea egin ondoren sarri-sarri etorriko gara zu bisitatzera. –Etorri nahi duzuenean, bai. Agur! –erantzun zien amak. Bidean, gizon bat topatu zuten, eta txerrikume txikiak honela esan zion: –Emango al zenidake, mesedez, lasto pixka bat nire etxea eraikitzeko? –Bai, bai, hartu behar duzun guztia. Eta txerrikumeak azkar eraiki zuen bere etxea. Bigarren txerrikumeak honela esan zuen: –Ba, nik, basoan bildutako egurrarekin egingo dut etxea. Eta hala egin zuen pixka bat kostata. Zaharrenak, berriz, harri handiak bildu zituen etxe sendo bat egin ahal izateko. –Uf, nolako pisua duten harri handi hauek! Otsoa, txerritxo txikiaren usaina jarraituz, haren etxeraino joan zen: –Tok, tok, tok. Txerritxoa, zabal ezazu atea –esan zion otsoak. –Ez, ez eta ez. Badakit otsoa zarela eta atea zabaltzen badizut jan egingo nauzula –erantzun zion txerritxoak barrutik. Eta otsoak puzka eta atzaparka txerritxoaren etxetxoa puskatu zuen. –Mesedez, lagundu…! –esan zion orduan bere anaiari. Bigarren txerritxoari gauza bera gertatu zitzaion. Otsoa etorri zenean, berriro jo zuen atea: –Tok, tok, tok. Txerritxoa, zabal ezazu atea –esan zion otsoak. –Ez, ez eta ez. Badakit otsoa zarela eta atea zabaltzen badizut jan egingo nauzula –erantzun zion txerritxoak barrutik. Eta otsoak, puzka eta atzaparka, etxetxoa puskatu zuen. Hirugarren txerritxoarekin ere gauza bera gertatu zen. Otsoa etorri zenean, berriro jo zuen atea: –Tok, tok, tok. Txerritxoa, zabal ezazu atea –esan zion otsoak. –Ez, ez eta ez. Badakit otsoa zarela eta atea zabaltzen badizut jan egingo nauzula –erantzun zion txerritxoak barrutik. Baina otsoak ezin izan zuen puskatu txerritxoaren harrizko etxearen atea, eta tximiniatik sartu zen etxe barrura. Salto egin zuen, baina, blaust!, nora eroriko eta txerritxoak janaria egosten ari ziren lapiko barrura erori zen. –Ai, ai, ai, ipurdia erre zait, ipurdia erre zait! Eta garrasika joan zen otsoa baso hartatik urrutira.