INURRIA ETA TXIRRITA Behin batean, ba omen ziren inurri bat eta txirrita bat. Uda zen eta bero handia egiten zuen. Hala ere, inurria oso langile zebilen, negurako janaria pilatu eta pilatu. Ogi-apurrak, fruituak eta topatzen zituen janari guztiak eramaten zituen bere etxera. –Uff! Sargori egiten du gaur –esan zuen izerdia lehortuz–. Baina zer egingo diogu! Lanean jarraitu beharko dugu negurako janaria pilatzen. Inurriaren aldamenean txirrita bat bizi zen. Txirrita oso alaia zen, baina ez zitzaion lan egitea batere gustatzen. Nahiago izaten zuen eguna alferkeria gozoan kantari pasatu. –Din-don, din-don, dagoenean bon-bon! Din-don, dindon, ez dagoenean egon! Eta hor konpon, Marianton! Udako egun bero haietako batean, inurria goizean goiz hasi zen lanean eta, egunero bezala, han ikusi zuen txirrita etzanda kantari. –Egun on, txirrita jauna. Gaur ere ez al duzu lanik egin behar? –Ez horixe –erantzun zion txirritak–. Bero handiegia egiten du gaur lanean hasteko. Bihar edo etzi, akaso... –Baina orain janaririk biltzen ez baduzu, zer jango duzu neguan? –Tokitan dago negua! –esan zion burlaka txirritak–. Oraindik asko falta da horretarako. Zuk egin lan nire partez. Ja, ja, ja! Inurriak ez zion ezer esan eta lanera joan zen isilisilik. Eta lan eta lan egin zuen egun osoan, negurako janaria pilatzen. Pasatu zen uda eta etorri zen udazkena. Haize handia zebilen, eta arboletatik hostoak eta haziak erortzen hasi ziren. Inurriak haziak bizkar gainean hartu eta etxera eramaten zituen. Bitartean, txirritak batere lanik egin gabe jarraitzen zuen. Kantari ematen zuen egun osoa. –Gaur ere ez al duzu lan egin behar, txirrita jauna? –esan zion inurriak. –Ez horixe –erantzun zion barrez txirritak–. Haize handiegia dabil gaur lanean hasteko. Zuk egin lan nire partez. Ja, ja, ja! –Baina orain janaririk biltzen ez baduzu, zer jango duzu neguan? –Ederra ematen duzu zeure neguarekin! –esan zion burlaka txirritak–. Lasai, hasiko naiz lanean bihar edo etzi. Pasatu zen udazkena eta etorri zen negua. Hotz handia egiten zuen eta inguru guztiak elurtuta zeuden. Ez zen giro kanpoan! Baina inurria lasai zegoen, nahi adina janari zeukan-eta etxean. –Brrr! A zer eguraldi petrala! Etxe barruan goxogoxo egoteko giroa egiten du gaur! Neguko egun hotz haietako batean, norbaitek inurriaren etxeko atean kax-kax jo zuen. Zabaldu zuen atea inurriak, eta han ikusi zuen txirrita hotzez dardarka. –Kaixo. Zer berri dugu, txirrita jauna? –Inurri, faborez, lagun iezadazu –erregutu zion txirritak negarrez. –Zer gertatzen zaizu? Dardarka zaude –esan zion inurriak. –Ez dut jatekorik, inurri. Bila eta bila ibili naiz, baina alferrik. Negua da eta ezin dut ezer aurkitu –erantzun zion txirritak dardarka. Inurriak kopeta iluna jarri eta haserre samar esan zion: –Noski. Neguan oso zaila da janaria topatzea. Ez al nizun nik esan janaria pilatzeko negurako? –Bai, baina... Nik nahiago nuen kantuan aritu. Eta geroko uzten nuen beti lana –esan zion txirritak. –Geroa, alferraren leloa! –kargu hartu zion muturra okertuz inurriak. Txirritak faborez laguntzeko eta laguntzeko eskatzen zion negar-malkotan inurriari. –Lagun iezadazu, faborez eta mesedez, inurri. Bestela, goseak hilko naiz. –Umm! Ez dakit, ba... –esan zuen inurriak zalantzaz. Haserre samar zegoen txirritarekin. –Zin egiten dizut hurrengo urtean lana gogotik egingo dudala. Benetan, inurri, nire hitza duzu –agindu zion txirritak. Inurria bihotz onekoa zen eta txirritaz errukitu egin zen. Pentsatu zuen txirrita ez zela gaiztoa. “Alferra eta kaskarina izatea, horixe du txarra honek”, esan zuen bere artean. “Baina oso alaia da eta ederki pasatuko genuke negua biok elkarrekin”, jarraitu zuen esaten bere kolkorako. Txirritak ate aurrean jarraitzen zuen dardarka; gero eta hotz handiagoa zeukan eta ezin zuen gehiago. –Eta, zer? Utzi behar al didazu sartzen edo ate aurrean eduki behar nauzu hotzak eta goseak hil arte? –galdetu zion txirritak erabat etsita. –Ondo da, sar zaitez barrura. Etxean nahikoa janari dago biontzat. –Mila esker, inurri, eskerrik asko –esan zuen pozik txirritak. –Utzi eskerrak emateari eta datorren urtean kontuak garaiz atera –erantzun zion inurriak. –Bai, datorren urtean lan asko-asko egingo dut, ikusiko duzu. Txirritak eta inurriak elkarrekin igaro zuten negu hura. Txirrita pozak zoratzen egon zen inurriaren etxean, bapo asko jan eta edanez. Eta inurria ere zoriontsu izan zen, txirrita oso lagun alaia zelako. Hori hala bazan edo ez bazan, zer den hobea zuk esan, txirrita izan ala inurria izan.