ARTZAIN GEZURTIA Mendi arteko herrixka batean, zuhaitzetatik eroritako hostoak haizearekin jolasean zebiltzan. Udazkena zen. Soro eta zelaietan, lan eta lan ari ziren baserritarrak. Intxaurrak, gaztainak, sagarrak eta babarrunak biltzeko garaia zen. Baserritarren gonak eta txapelak ere airean zebiltzan. –Haizeak eramango gaitu! –esaten zioten elkarri. –Ni behintzat ez nau haizeak berehala eramango. Ja, ja, ja... –esan zuen baserritar gizen batek. Han goiko mendian, Inaxio artzaina zebilen ardiak zaintzen. Garai haietan otsoak ere orain baino ugariago ziren eta kalte handiak egiten zituzten artaldeetan. Dena dela, artzain hura oso asperturik zegoen egun hartan, eta han beheko baserritarrei adarra jotzea pentsatu zuen. Baita gezur bat pentsatu ere horretarako. –Otsoa datorrela, otsoaaaa! Lagundu! Zatozte azkar! Ardi guztiak jango dizkit bestela etaaa... –deitu zien Inaxiok behean lanean ari ziren baserritarrei, bi eskuekin ahoa inguratuz. Baserritar haiek, makilak eta sardeak eskuetan zituztela, han joan ziren mendian gora korrika artzainari laguntzera. Baina ardiak lasai-lasai larrean zebiltzan, han ez zuen inork otsorik ikusi. Eta baserritarrak lanera joan ziren berriro. Handik egun batzuetara, Inaxio gezurtiak broma bera egin zien han beheko soro eta zelaietan lanean zebiltzan andre-gizonei: –Aizue, entzun! Otsoa sartu da artaldean. Zatozte azkar laguntzera, bestela batere ardirik gabe geratuko naiz. Etorri, mesedez, azkaaar... Bigarren aldiz ere baserritarrek sinetsi egin zioten artzainari eta mihia kanpoan zutela heldu ziren ardiak eta artzaina zeuden lekura. Baina, batzuk etzanda eta besteak larrean, oso lasai zeuden ardiak. Han ez zen otsorik ageri. Inaxio artzain lotsagabeak, berriz, barre egiten zuen lurrean etzanda: –Ja, ja, ja… Sinetsi egin duzue! Inuxente! Inuxente! Zakurraren buztana tente! –Lotsagabe galanta haiz hi, baina ez gaituk gehiago engainatuko. Alferrik ibiliko haiz. Hor konpon heure ardi, otso eta gezurrekin –erantzun zioten. Baserritarrak, haserre bizian, marmarka jaitsi ziren beren soro eta zelaietara, eta lanean jarraitu zuten. Baina handik egun batzuetara, ilunabarrean, Inaxio artzaina, ardiak jetzi ondoren, gazta egiten ari zen. Eta, bat-batean, ardi guztiak orroka eta zalapartaka hasi ziren. Artzainak utzi zion gazta egiteari, irten zen txabolatik kanpora eta hor non ikusten duen otsoa ardi artean. Bi eskuez ahoa inguratu eta han behean lanean zebiltzan baserritarrei deika eta deiadarka hasi zen orduan, estu eta larri: –Otsoa! Otsoa! Otsoa etorri dela! Oraingoan egia da. Etorri, mesedez! Baserritarrek begiratu zioten artzainari beheko soro eta zelaietatik, eta lanean jarraitu zuten. Ez zioten jaramonik egin Inaxio gezurtiari. Otsoak ardiak akabatzen zituen bitartean, artzainak negar egiten zuen bere txabolako atean. Lagun ona da txakurra eta lagun txarra gezurra!