TXANOGORRITXO Orain dela urte asko, soingaineko gorri bat zuelako Txanogorritxo deitzen zioten neskatila bat bizi zen. Egun batean, honela esan zion bere amak: –Txanogorritxo, amona gaixo samar dago eta zoaz bisitatzera otarre hau hartuta, baina kontuz ibili bidean. –Bai, amatxo, bizkor-bizkor joango naiz –erantzun zion Txanogorritxok. Txanogorritxo zuhaitz eta lore artean kantari zihoala, bide ondoan lanean zebilen egurgile batek galdetu zion: –Nora zoaz, Txanogorritxo? –Amonaren etxera noa. –Ba, kontuz ibili. Inguru hauetan otso goseti bat dabil eta –esan zion egurgileak. Egia zen, Txanogorritxori oihanaren erdian azaldu zitzaion otsoa. –Nora zoaz, neskatila? –Amonaren etxera. Gaixo dago eta hari janari pixka bat eramatera noa. –Eta non bizi da zure amona? –Han, bide hartatik aurrera joan eta lehenengo etxean. –Agur, Txanogorritxo –esan zion otsoak. –Agur, bai –erantzun zion Txanogorritxok. Otsoak pentsatu zuen bere artean: –“Ja,ja,ja... Lehenengo amona jango dut eta gero neskatila hau”. Eta bide laburrago batetik, korrika joan zen amonaren etxera. Tan, tan, tan... jo zuen atea. –Nor da? –galdetu zuen amonak ohetik. –Txanogorritxo naiz. Zu bisitatzera nator. –Oso ondo, bultza egin ateari eta sartu barrura. Ohean nago. Otsoa barrura sartu zen eta, kris-kraus, jan egin zuen amona. Gero, armairutik amonaren jantziak hartu, mozorrotu eta ohean sartu zen. Atea jo zuten orduan: Tan,tan,tan... –Nor da? –galdetu zuen otsoak amonarena eginez. –Ni naiz, Txanogorritxo –esan zion neskatilak–. Zuri janari piska bat ekartzera nator, amona! –Sartu barrura, ume. –Amona, bai belarri handiak dauzkazula! –Zuri hobeto entzuteko da hori, ume! –Amona, bai begi handiak dauzkazula! –Lasai, ume! Zu hobeto ikusteko dira eta. –Hortzak ere oso handiak dauzkazu, amona! –Zu hobeto jateko diraaa... –esan zion otsoak, eta ohetik salto egin zuen Txanogorritxo jateko asmoz. Etxetik irten eta, tximista baino azkarrago, korrika hasi zen Txanogorritxo, otsoa atzetik zuela. –Lagundu! Lagundu! –garrasi egiten zuen. Eta eskerrak egurgilea azaldu zen neskatilaren garrasiak entzutean. Bere aizkorarekin hantxe bertan akabatu zuen otso gaiztoa. Gero, kontuz-kontuz tripa ireki zion eta amona bizi-bizirik atera zen haren barrutik. Amonak eskerrak eman zizkion egurgileari, eta hiruren artean jan zuten Txanogorritxok otarrean eraman zuen janaria. Gero, Txanogorritxok musu eman zion amonari eta egurgilearekin itzuli zen etxera.