ZAZPI ANTXUMEAK Behin batean, ba omen ziren zazpi antxume, beren ahuntz amarekin bizi zirenak. Amak familia mantendu behar izaten zuen eta, horregatik, egunero goizean goiz irteten zen etxetik lanera joateko. Baina, han inguruan, otso handi gaizto bat bizi zen, eta hark beldurtuta zituen zazpi antxumeen etxekoak. Egun batean, lanera joan aurretik, hala esan zien amak bere antxumeei: –Umeak, ni lanera noa. Ni kanpoan nagoen bitartean, ez ireki atea inori, baina inori ere ez! Otsoa hemen inguruan dabil eta jan egin nahiko zaituzte. –Ai, ama, zer beldurra! Ez diogu inori atea zabalduko –esan zuten zazpi antxumeek batera, zazpi antxumeek bekerekeka. Hori entzunda, lasaiago joan zen ahuntz ama lanera. Baina otsoa han zebilen zelatan. Zuhaitz baten atzean ezkutatu zen eta, ahuntz ama bazihoala ikusi zuenean, hala esan zuen bere kolkorako: –Ama badoa. Antxumeak bakarrik daude etxean, eta nik denak jango ditut. Ja, ja, ja! Otsoa zazpi antxumeen etxera joan zen eta atea jo zuen: “dan, dan, dan!” –Nor da? –galdetu zuten zazpi antxumeek batera, zazpi antxumeek beldurtuta. –Ama naiz, zabaldu atea –esan zuen otsoak. Zazpi antxumeak isil-isilik geratu ziren ama ote zen edo ez ote zen zalantzan, baina antxume txikiena oso argia zen, eta hala esan zion: –Gezurra! Zu ez zara ama! Gure amak ahots fina eta gozoa dauka eta zuk lakar-lakarra. Alde hemendik! Haserre alde egin zuen handik otsoak. Eta pixka batean pentsatu ondoren, esan zuen: –Badakit! Arrautzak jango ditut ahotsa fintzeko. Arrautzaren zuringoa oso ona omen da horretarako. Hala, joan zen oilategi batera eta hiru dozena arrautza irentsi zituen. Orain, ahots fina eta gozoa zuen otsoak. Berriz joan zen antxumeen etxera. –Dan, dan, dan! –jo zuen atea. –Nor da? –galdetu zuten zazpi antxumeek batera, zazpi antxumeek ikaratuta. –Ama naiz, zabaldu atea –esan zuen otsoak ahots gozogozoaz. Antxumeak zalantzan geratu ziren berriz ere, zer egin jakin gabe. Baina antxume txikienak hitz egin zuen berriro: –Ea, erakutsi hanka bat ate azpitik. Eta otsoak hanka erakutsi zuenean, hala esan zion antxume txikiak: –Gezurra! Zu ez zara ama! Gure amak hankak zurizuriak ditu eta zurea beltz-beltza da. Alde hemendik! Gero eta haserreago zegoen otsoa. Orain ere igarri egin zioten nor zen. Orduan, ideia bat izan zuen: –Badakit! Joango naiz errotara, hartuko dut irina eta hankak irinetan sartuko ditut zuri-zuri jarri arte. Ja, ja, ja! Zazpi antxume txoro horiek ederki engainatuko ditut! Eta halaxe egin zuen. Gero, hankak zuri-zuri zituela, berriro joan zen zazpi antxumeen etxera: –Dan, dan, dan! –jo zuen atea. –Nor da? –galdetu zuten zazpi antxumeek batera, zazpi antxumeek izututa. –Ama naiz, zabaldu atea –esan zuen otsoak. –Ea, erakutsiguzu hanka bat –esan zion antxume txiki ausartak. Eta otsoak hanka erakutsi zienean, zuri-zuria zela ikusi zuten zazpi antxumeek, eta atea zabaldu zioten otsoari, ama zelakoan. Otsoa etxera sartu zen eta “krisk-krausk, krisk-krausk!” antxumeak jan zituen. Baina antxume txiki ausarta oso bizkor ibili zen, eta erloju handi baten barruan ezkutatu zen. Otso gaiztoak ez zuen ikusi eta antxume txikia salbatu egin zen. Ama etxera etorri zenean, bere antxumeak ez zeudela han ikusi zuen. Eta negarrez hasi zen: –Ai, nire antxumetxoak! Nire ume gaixoak! Otsoak ume guztiak jan dizkit! Baina, orduan, antxume txiki ausarta erloju barrutik atera zen: –Ama, ama! Ni hemen nago! Ni ez nau otsoak jan! Eta antxume txikiak zer gertatu zen esan zion amari. Ama oso haserre jarri zen eta guraize handi batzuk, jostorratza eta haria hartu zituen. –Goazen otso gaizto horren bila! –esan zuen kopeta ilunilun jarrita. Antxumea eta ama otsoaren bila abiatu ziren, baina ezin zuten aurkitu. Orduan, zurrunga-hots batzuk entzun zituzten: ZZZZ!! ZURRUN!! GRRR!! KURRUN!! ZURRUN-KURRUN!! –Ama! Zurrunga horiek otsoarenak dira –esan zuen antxumetxo ausartak. Hala, belarriak erne-erne jarri eta zurrunga-hots haiek zetozen lekurantz joan ziren. Gero eta hurbilago entzuten zituzten. Azkenean, han ikusi zuten otsoa, erreka ertzean luze-luze etzanda. Tripa bapo bete ondoren, lo kuluxka egiten ari zen zurrunga-hots galantak ateraz: ZZZ!! ZURRUN!! GRRR!! KURRUN!! ZURRUN-KURRUN!! Amak guraize handiak hartu zituen eta “ri-rau!” tripa zabaldu zion otsoari. Tripa barrutik antxumeak atera ziren poz-pozik. –Ama! Zer poza! –esan zuten, eta musu handi bana eman zioten amari. Amak errekatik harri handiak ekartzeko esan zien antxumeei. Gero, otsoaren tripa barruan sartu zituen harriak eta, ez esnatzeko, kontuz-kontuz josi zion tripa jostorratzarekin eta hariarekin. –Orain, ezkuta gaitezen, umeak –esan zien zazpi antxumeei. Otsoa esnatu zenean, ondoezik sentitu zen: –Ai, ai, ai! Hau tripako mina! Antxume gehiegi jan dut! Ur pixka bat edango dut. Eta erreka ertzean ura edatera makurtu zenean, tripa barruan zituen harrien pisuarekin, plaust!, erori zen uretara. Eta hantxe ito zen otso gaiztoa. Zazpi antxumeek eta ama ahuntzak dena ikusi zuten beren ezkutalekutik. Gero, etxera joan ziren poz-pozik, eta handik aurrera lasai eta bakean bizi izan ziren. Hori hala bazan, ez bazan, sar dadila kalabazan...