OLENTZEROREN OPARIA Garai batean, etxe guztietan sua egiteko ikatza erabiltzen zenean, Olentzero oso lanpetuta ibiltzen zen. Ikatza egiteko zuhaitzak aizkoraz moztu behar izaten zituen, garai hartan ez baitzegoen motozerrarik. Gero, egurrak txukun-txukun pilatuz, txondorra prestatu behar zen, su eman eta zaindu. Ikatza egindakoan, zakuetan sartu, astoa kargatu eta herrira jaitsi behar izaten zuen, etxez etxe ikatza banatzera. Hortik datorkio Olentzerori urtero etxez etxe gauzak banatzen ibiltzeko ohitura. Urte batean, elurte handia egin zuen eta astoa hoztu eta gaixotu egin zitzaion Olentzerori. Egoera ez zen txantxetakoa: bera nekatuta, astoa gaixo eta mendia erabat elurtuta. –Zer egin dezaket orain? –galdetzen zion bere buruari–. Ezin naiz herrira jaitsi, eta herritarrek ikatza beharbeharrezkoa dute! Herritarrak ere oso kezkatuta zeuden. –Zer gertatu ote zaio Olentzerori? –galdetzen zuten batzuek. –Harritzekoa da! –esaten zuten besteek. –Hau hotza! Izoztu egingo gara hemen –esaten zuten haurrek. –Tripontzi hori orain ere jaten ariko da, suaren ondoan bero-bero! –beste petralipurdi batzuek. Joxepantoniren semea ere, Olentzeroren astoa bezala, oso gaixorik zegoen. Sukar handia zeukan eta hotzikaraz dar-dar egiten zuen. Eta, gainera, ikatzik gabe, ezin zuten etxea berotu. –Ama! Hotz handia daukat! Noiz jaitsiko da Olentzero menditik? –galdetzen zuen mutikoak. –Aita! Ez al dago ikatzik? Hotzak eta goseak nago! –zioen anaiak. –Agian, Olentzerok arazoren bat izango du, laguntza beharko du! –esan zuen Maddalenek, Joxe arotzaren alaba txikienak. –Agian bai! –erantzun zion alkateak. Okinak ere, ogia egiteko, ikatza behar-beharrezkoa zuen. Horregatik zegoen kezkaturik. Baina pixka batean pentsatzen egon ondoren, esan zuen: –Ez al da onena izango mendira joan eta Olentzerori zer gertatzen zaion ikustea? –Eta nor dago prest Olentzero bizi den basora joateko? –galdetu zuen ogia jateko desiratzen zegoen mutiko batek. –Neu joango naiz! –esan zuen Joxe arotzak–. Egur bila askotan joaten naiz eta ezagutzen ditut inguru haiek. Gainera, Olentzero nire laguna da. –Zuuu-reee-kin noooa, aaaita! –esan zion Maddalenek hotzez dardarka. Joxe eta alaba Maddalen Olentzerorengana joateko prestatu ziren. Mendian gora, belaunetaraino sartzen zitzaizkien elurretan hankak. Aita eta alaba leher eginda heldu ziren txabola baten ondora. Olentzeroren txabola zen. Sartu ziren barrura arotza eta alaba, eta han aurkitu zuten Olentzero eserita, burumakur eta serio. –Zer gertatzen zaizu, Olentzero? Zergatik ez zara herrira jaitsi? Denok hotzak akabatzen gaude! Ezin dugu janaririk prestatu! Behar-beharrezkoa dugu ikatza sua egiteko! Astoa gaixotu zitzaiola eta horregatik ez zuela ikatza banatzera jaisterik izan kontatu zien Olentzerok. Arotza eta alaba arazoa nola konpondu pentsatzen hasi ziren. Honela hitz egin zion alabak aitari: –Aita! Eta sendabelarrekin ibiltzen den Ariztizabaleko amonari deitzen badiogu? Hark jakingo du astoa nola sendatu. –Zeeeer? –esan zuen Olentzerok, pipatik kea zeriola–. Atso zahar horri deitu? Nahiago dut astorik gabe gelditu! Atso zahar malapartatu hori! Beti zelatan dabilkit! Eta, gainera, ikatz txarra eramaten diodala esaten dit beti! Zeken halakoa! –Baina oso sendalari ona da, gurekin behintzat oso ondo portatzen da –esan zion arotzak. –Beno, beno, astoa sendatzeko bada… dei iezaiozue nahi baduzue –esan zuen azkenean Olentzerok. Etorri zen Ariztizabaleko Maria, atera zituen elur azpitik belar batzuk tiraka, eta haiekin astoaren burua baino handiagoko kataplasma bat egin zuen. Astoari burua eta lepoa inguratu zizkion eta handik pixka batera arrantzaka hasi zen. –Kontxo! Ari da-eta espabilatzen! –esan zuen Olentzerok. Eta berehala, astoa beti bezain osasuntsu altxa zenean, esan zion Olentzerok Mariari: –Barka ezazu, Maria, zuregatik gaizki hitz egin baitut. Baina eskerrak eman beharrean nago. Ez nuen uste hain sendalari ona zinenik. –Zaude lasai, gizona! Baina niregana lehenago etorri izan bazina, herriko haurrak eta helduak ez ziren hotzak akabatzen egongo. –Bai, arrazoi duzu, batzuetan kaskagogor samarra naiz… eta herritarrekin zorretan nagoela iruditzen zait –esan zuen suminduta. Eta ba al dakizue zer bururatu zitzaion Olentzerori bere zorra ordaintzeko eta herritarrak pozik uzteko? Bere zakuak jostailuz eta opariz betetzea herriko haurrei banatzeko. Herrira jaitsi zen, ba, eta hain beharrezkoa zen ikatza eta opariak banatu zituen etxez etxe. Hura poza herriko haur eta heldu guztiena! Nolako opari eta jostailu politak ekarri zizkien Olentzerok gau hartan! Eta, eskerrak emateko asmoz, kalera irten ziren guztiak aho batez kantatzera: Horra, horra, gure Olentzero! Pipa hortzetan duela eserita dago... Olentzerok goiko menditik entzun zituen herritarren kantak eta poz-pozik jarri zen. Hotz egiten zuen, baina zerua oskarbi zegoen. –Begira! Han goian ikusten den argitxo hura ez al da Olentzeroren txabolakoa? –galdetu zuen Maddalenek. Gure abestia entzuten ariko da! Geroztik, goi mendiko ikazkina urtero-urtero jaisten da gure etxeetara eta, asko maite gaituela adierazteko, opariak uzten dizkigu etxean goxo-goxo lo gauden bitartean. Eta gaizki portatzen denari, ikatza. Horregatik irteten gara Gabon bezperan herritarrok kalera Olentzerori kantatzera. Eta dagoen mendian dagoela, denok ozen eta batera kantatu ezkero, berak ederki entzuten digu. Olentzero, Olentzero! Etorri jostailuekin urtero-urtero!