AMETSAK AIREAN Gabon gaua hurbil zela eta, Prudentzi postaria poz-pozik esnatu zen. –Hara! Abenduaren 21a! Bertan ditugu Gabonak! Hau zoriona! –Goazen, Pintto! Olentzerori haurren eskutitzak eraman behar dizkiogu eta! –Au-au, au-au! Pintto ere Olentzerorengana joateko irrikan zegoen, goizean goizetik zaunka eta zaunka ari zen. Postariak gutun-zorroa hartu zuen eta ikastolara joan zen haurren eskutitzak jasotzera. –Olentzerori eskutitza idatzi al diozue? Gutunak jasotzera etorri naiz. –Horixe bai! Maisuak atzo lagundu zigun. –Zintzo portatu al zarete? –Bai!!!! –Orduan lasai egon, eskatutako guztia ekarriko dizue eta. Bat-batean, haize-bolada batek gelako leihoak ireki zituen eta haurren lanak hegan hasi ziren. –Hau eguraldi petrala! Gabonak bertan ditugu, baina negua ere bai. –Bai, gainera telebistan esan dute elurra egin behar duela. Maisua kezkatuta zegoen. –Baina nora joango zara eguraldi honekin, Prudentzi? –Olentzerorengana joan behar da, eta joan egingo naiz. –Baina lekutan dago Olentzeroren txabola! –Ez kezkatu, iritsiko naiz. Gainera, aurten Pinttok lagunduko dit. Prudentzi postaria eta Pintto zakurra mendirantz abiatu ziren Olentzerorengana, gutun-zorroa eskutitzez bete-beteta. –Hau da hau eguraldi petrala! Ez dut piperrik ere ikusten. Non dago Olentzeroren txabola, Pintto? –Au-au, au-au! –Elurrak bidea estali digu. Arranopola! Eta haize zakar honek eskutitzak eraman dizkigu! Pintto, harrapa itzazu! Harrapatu! Pintto eskutitzen atzetik jauzika joan zen, baina alferrik. Ez zuen gutun bat bera ere harrapatu. Prudentzi oso kezkatuta zegoen. Haizeak eskutitz guztiak eraman zituen eta ez zekien nola berreskuratu. Gutunik gabe Olentzerok ez zien haurrei oparirik eramango. –Pintto, zer egin dezakegu? Nork lagunduko digu? –Au-au, au-au! Pinttok Prudentziren prakei hortzekin heldu eta tiraka hasi zen. –Baina zertan ari zara? Nora naramazu? Prudentzik Pinttori jarraitzea erabaki zuen; zerbait erakutsi nahi zion, jakina. Elurretan luzaz eta nekez ibili ondoren, kobazulo handi baten atarira iritsi ziren. Hartzaren etxea zen. –Hara! Hartzari laguntza eskatzea nahi duzu! Zein ideia ona! Prudentzik atea jo zuen eta, denbora pixka batean itxaron ondoren, hartz ama atera zen. Ohetik jaiki berria ematen zuen; artean ileak ondo orraztu gabe zituen. Prudentzik Olentzerorentzako haurren eskutitzak galdu egin zituela kontatu zion. –Lagunduko al didazu gutun horiek biltzen? –Ez, hori ezinezkoa da. Ez al dakizu hartzok neguan lo egin behar dugula? –Bada, egia da, lo asko egin behar duzue. Barkatu esnatzeagatik. Beste bat arte! Agur! Orduan, Pinttok berriro praketatik tira egin zion eta arbola handi baten azpira eraman zuen. Bertatik goian zegoen habia handi bat ikusten zen. Zikoinaren habia zen. –Zikoina, lagunduko al didazu gutun horiek biltzen? Zikoinak ez zion erantzun. Hobeto begiratu, eta Prudentzi konturatu zen habia hutsik zegoela. –Pintto, zikoinak ezin digu lagundu, Afrikara joan da! Berriro ere Pintto Prudentziren praketatik tiraka hasi zen. Oraingoan, arbola txiki baten ondoan zegoen zulotxo batera eraman zuen, Urtxintxaren etxea zen. Hari ere laguntza eskatu zion. –Lagunduko al didazu gutun horiek biltzen? –Nola ez ba! Haurrak ezin dira Olentzeroren oparirik gabe gelditu. Urtxintxak lagunei deitu zien, eta denen artean, ziztu bizian, gutun guztiak bildu zituzten. Prudentzik urtxintxei eskerrak eman zizkien, eta, haiek basoa ondo ezagutzen zutenez, Olentzeroren txabolarako bidea erakutsi zieten. –Segi gora eta gora gelditu gabe. Kea agertuko da zeruan, Olentzeroren tximiniako kea. Keak berak erakutsiko dizue bidea. –Mila esker zuen laguntza guztiarengatik. Orain bai, orain Olentzerorengana iritsiko gara! Gora eta gora igo ondoren, kea ikusi zuten zeruan. Keari jarraituz tximinia ederreko txabola bateraino iritsi ziren: Olentzeroren txabola zen. Atea jo zutenean, Olentzerok berak ireki zien. –Zuek bai txapeldunak! Lortu duzue! Zorionak! Eguraldi txar-txarra izan arren honaino iritsi zarete eta! –Kostatu zaigu, bai, galduta ibili gara! Baina, zorionez, basoko urtxintxek lagundu digute. Hemen dituzu haurren eskutitz guztiak. –Eskerrak! Ez nituen haurrak oparirik gabe utzi nahi. Nik gutunak irakurtzen ditudan bitartean, zuek atseden hartu. Eta jan ezazue hor mahai gainean dagoen askari goxoa. Gosetuta eta nekatuta zeudenez, gustura eta oso-osorik jan zuten askaria. Pinttok ere elurra baino zuriago utzi zuen bere platera. Bitartean, Olentzerok eskutitzak irakurri zituen eta astoaren saskiak opariz bete zituen. Ondoren, Prudentzi eta Pintto laguntzaile hartuta, herrira jaitsi ziren. Ikastolan haur guztiak, Gabonetako zintzilikarioz, gela apaintzen ari ziren. Bat-batean atea ireki zen eta Olentzero, Prudentzi eta Pintto sartu ziren gelan. Hura ustekabea! –Begira, begira nor etorri den! Olentzero da! Gora Olentzero! Gora Prudentzi eta gora Pintto! Zenbat opari ekarri dituzten…! Hau poza! –Opariak denentzat ekarri ditut, baina fardel handi hau Prudentzirentzat da. –Niretzat? Zein ondo! Badakit, badakit zer den! Mila esker, Olentzero! Eta zuek ba al dakizue zer dagoen nire opari-fardelaren barruan?