MARI DOMINGI ETA OLENTZERO Behin batean, orain dela urte asko eta asko, bazen Mari Domingi izeneko emakume behartsu bat. Herritik kanpora zegoen txabola zahar-zahar batean bizi zen Mari Domingi, eta gona zahar bat besterik ez zeukan janzteko, gona zahar zarpail bat, dena adabakiz beteta. Mari Domingi hain behartsua zenez, baztertu egiten zuten guztiek, jendeari lotsa ematen baitzion harekin ibiltzeak. Herriko aberats harroputzek burla egiten zioten: –Mari Domingi mingulina, arlote zikina! Mari Domingiri min ematen zioten burla horiek. –Pobrea izatea ez da lotsa –pentsatzen zuen–, okerragoa da bihozgabea eta harroputza izatea. Mari Domingi bihotz handiko emakumea zen, prestua eta langilea. Neguan ikatza partitzen ibiltzen zen etxez etxe, eta berak ezer ez bazuen ere, bakarrik bizi ziren aitona-amona behartsuei doan ematen zien ikatz pixka bat. –Tori ikatz puska hauek. Ez da asko, baina etxea zertxobait epelduko dizuete behintzat. –Eskerrik asko, Mari Domingi –esaten zioten orduan aitona-amonek. Behin, abenduko gau hotz batean, ogi zati gogor bat afaldu eta ohera sartu zen Mari Domingi. Tripazorriek, ordea, kirri-karra egiten zioten eta goseak ez zion lo egiten uzten. Kostata, baina loak hartu zuen halako batean. Orduan, ahots bat entzun zuen. –Mari Domingi, Mari Domingi! Olentzero naiz –esan zion ahotsak–. Mesede bat eskatu nahi dizut: aurki Gabonak dira eta haurrei opariak banatzera joango naizela iragarri behar duzu herrian. Mari Domingi kolpetik esnatu zen, eta ahotsari hitz egin zion: –Aizu, aizu... Baina txabolan bera bakarrik zegoen. Korrika ohetik altxa eta txabolako atea zabaldu zuen. Mendi-gain batean gizon bat ikusi zuen urruntzen: Olentzero zen, eta agur egin zion besoa altxata. –Orduan, egia da. Ez nenbilen ametsetan. Olentzero etorri zait mesede bat eskatzera. Nori, eta niri...!!! Gau hartan, ezin izan zuen lorik egin Mari Domingik. Egunsentiaren zain egon zen urduri-urduri. Eguna zabaldu zuenean, bere gona zarpaila jantzi eta herriko kaleetan berri ona zabaltzen hasi zen. –Entzun, entzun guztiok! Aurki Gabonak dira eta Olentzero etorriko da opariak banatzera. Olentzerok berak esan dit berria zabaltzeko. Baina herriko jende harroputzak ez zion sinetsi, eta burla egin zion. –Ja, ja, ja! Entzun al duzue hori? Olentzerok Mari Domingi aukeratu omen du mandatari izateko! Eta guk sinetsiko dugulakoan! –esan zuen batek mespretxuz. –Olentzerok halako mandatari xaxtarra bidaltzen badu, zer opari ekarriko ote dizkigu? –erantsi zuen beste batek. Mari Domingik, ordea, ez zien kasurik egiten burla haiei eta txintxo-txintxo bete zuen Olentzeroren esana. Gabon-gaua heldu zenean, beste askotan bezala, ogi zati gogor bat janda oheratu zen Mari Domingi. Baina, orduan ere tripa-zorriek kirri-karra egiten zioten eta goseak ez zion lorik egiten uzten. Orduan, norbaitek atea jo zuen. Mari Domingi ohetik jaiki eta atea zabaldu zuen. Atean Olentzero zegoen. Opariz betetako zaku handi bat zekarren bizkarrean eta kapoi erre bat eskuan. –Gabon, Mari Domingi –esan zion Olentzerok–. Badakit txintxo-txintxo bete duzula nik eskatutakoa, eta eskerrak ematera nator. Nahi al duzu gaur nirekin afaldu? Mari Domingik baietz esan zion, eta gau hartan kapoi eder bat afaldu zuen Olentzerorekin. Bapo afaldu zutenean, honela esan zion Olentzerok: –Aizu, nik orain opari hauek banatu behar dizkiet haurrei. Nahi al didazu lagundu? –Bai horixe, gustura asko gainera! –erantzun zion Mari Domingik. Hala, bien artean banatu zizkieten opariak txintxo portatu ziren haurrei. Txintxo portatu ez zirenei eta harroputzei, berriz, ikatza jarri zieten. Lana bukatu zutenean, Olentzerok opari bat eman zion Mari Domingiri paperean bilduta. –Hau niretzat? –esan zuen pozak txoratzen Mari Domingik. –Bai, zuretzat, herri honetan zeu zarelako pertsonarik jatorrena eta txintxoena eta... eta politena ere bai –esan zion Olentzerok pixka bat lotsatuta. Oparia ikusi zuenean, saltoka hasi zen Mari Domingi. Soineko dotore-dotore bat zen. Pozaren pozez, musu bat eman zion Olentzerori. Olentzero gorri-gorri jarri zen lotsatuta. Eta orduan esan zion: –Aizu, Mari Domingi, ni bakarrik bizi naiz mendian, eta zu ere bakarrik bizi zarenez, nik pentsatu dut... pentsatu dut... –hasi zen Olentzero hitz-totelka. –Zer eskatu nahi didazu? Biok elkarrekin bizitzea? –esan zion Mari Domingik. –Bai, horixe! Hain zara jatorra eta atsegina eta... eta polita! –esan zion Olentzerok gero eta urduriago. Mari Domingik musu eman zion berriro eta baietz esan zion. Eta Mari Domingi eta Olentzero, eskutik helduta, txoriak baino kontentuago joan ziren mendira, Olentzeroren etxera. Eta hantxe bizi dira oraindik pozik eta zoriontsu. Urtero, Gabonak etortzen direnean, herrira jaisten dira, eta opari politak egiten dizkiete txintxo portatzen diren haurrei. Eta gaizki portatzen direnei? A!, gaizki portatzen direnei, ikatza!