MAKILAKIXKI Munduan asko bezala, baserri batean gizon zahar bat bizi zen. Gizon hark hiru seme zituen: Aritz, Mikel eta Beñat. Oso behartsuak ziren, eta Aritz, seniderik zaharrena, lan bila joan zen. Baserri batean morroi hartu zuten urte beterako. Oso mutil langilea zen, eta Batix nagusia pozik geratu zen harekin. Urtea iragan zenean, etxera joan aurretik, asto bat oparitu zion nagusiak morroiari. Eta honela esan zion: –Asto hau ez da besteak bezalakoa. “Egizak urrea!” esanez gero, urrea egiten du. Pozik hartu zuen etxerako bidea Aritzek. Bere aitari eta senideei erakutsi behar zien astoak urrea nola egiten zuen. Egun osoa bidean pasa zuen Aritzek eta gauean ostatu batean sartu zen afaltzera eta lo egitera. Ohera joan baino lehen, Aritzek esan zion Benantxio ostalariari: –Ez esan, mesedez, nire astoari “egizu urrea”. –Ez, ez, lasai egon. Nik ez diot ezer esango –erantzun zion ostalariak. Baina Benantxiok, Aritz ohera joan zenean, “egizak urrea” esan zion astoari. Eta astoak kaka piloaren ordez urre piloa egin zuen. Eta pentsatu zuen orduan Benantxio ostalariak: “Neuretzat hartuko dut asto hau eta diru asko irabaziko dut. Honen ordez etxeko asto zaharra utziko diot lo dagoen mutil gazteari”. Eta horixe egin zuen ostatuko nagusi maltzurrak. Urrea egiten zuen astoaren ordez bere asto zaharra utzi zion Aritzi. Hurrengo goizean, Aritz esnatu zen, eta aurpegia garbitu eta gosaldu ondoren, etxera joan zen Benantxioren asto zaharra hartuta. Etxean sartu orduko, oihuka hasi zen: –Aita, Mikel, Beñat! Urrea egiten duen astoa ekarri dut! –Urrea egiten duen astoa? Bai? Nola? –galdetu zuen Mikelek. Denek ikusi nahi zuten egia zen ala ez. Lurrean maindire bat jarri zuten, eta esan zion Aritzek astoari: –Egizak urrea! Mila aldiz urrea egiteko esan arren, han ez zen urrerik azaldu. Kaka pila galanta bai. Maindirea zikin-zikin eginda geratu zen. Handik laster, bigarren semea, Mikel, joan zen urte beterako Batixen baserrira morroi. Lan asko egin zuen eta nagusia oso pozik geratu zen harekin. Horregatik, Batixek, mahai bat oparitu zion Mikeli etxera joan baino lehen. Eta esan zion: –Mahai hau ez da besteak bezalakoa. “Jarri bazkaria!”, esaten badiozu, bazkaria prestatuko dizu, eta “Jarri afaria!”, esaten badiozu, afaria prestatuko dizu. Agur eta eskerrik asko Batixi esan ondoren, pozaren pozez abiatu zen Mikel etxerako bidean mahaia bizkarrean hartuta. Baina etxerako bidea luzea zen eta Benantxioren ostatuan geratu zen Mikel gaua pasatzen, bere anaia Aritz urte bete lehenago geratu zen ostatu berean. Mikelek esan zion Benantxio ostalariari: –Ez esan, mesedez, mahai honi “Jarri afaria!”. Baina ostalariak, Mikel ohera joan zenean, afaria jartzeko esan zion mahaiari. Eta izugarrizko jan piloa azaldu zen mahai gainean. Eta pentsatu zuen orduan ostalariak: –Nik diru asko irabaziko dut mahai honekin. Hau neuretzat hartu eta sukaldekoa jarriko dut honen ordez. Hurrengo goizean mahaia bizkarrean hartu eta azkar-azkar joan zen etxera Mikel. –Begira, begira, nolako mahaia ekarri dudan! Elkartu ziren aita eta haren hiru semeak mahaiaren inguruan eta esan zion Mikelek: –Jarri bazkaria! Baina alferrik. Behin eta berriz bazkaria jartzeko esan arren, mahaiaren gainean ez zen ezer azaldu. Eta, azkenik, Beñat joan zen Batisen baserrira urte beterako morroi. Beste anaiek bezala, Beñatek ere lan asko egiten zuen. Goizean goiz jaikitzen zen eta egun osoan ez zen lanean gelditu ere egiten: behientzat belarra ebaki, menditik egurra ekarri, soroak aitzurtu… Nagusia oso pozik zegoen Beñatekin. Horregatik, urte bete pasa ondoren, esan zion Batisek: –Zure anaia zaharrenari astoa oparitu nion, erdikoari mahaia, eta zuri ere zerbait eman beharko dizut. Tori, hartu makila hau. Baina oso berezia zen makila hura. Bere aurrean “MAKILAKIXKI” esanez gero, joka hasten zen bazter guztiak txikitu beharrean. Beñatek nagusiari eskerrak eman eta etxerako bidea hartu zuen. Baina etxerako bidea luzea zen, eta Benantxioren ostatuan geratu zen gaua pasatzen. –Gabon! –esan zion Beñati astoa eta mahaia lapurtu zituen gizonak. –Baita zuri ere –erantzun zion Beñatek–. Ba al dago lo egiteko lekurik? –Bai, gizona, bai! Jar zaitez mahaian eta afaria emango dizut lehenengo. Afal ondoren, ohera joan baino lehenago, esan zion Beñatek ostalariari: –Makila hau hemen utziko dut bihar goizera arte. Baina ez iezaiozu, mesedez, “Makilakixki” esan. –Ez, ez. Ez diot esango. Zoaz lasai lotara. Beñat ohera joan zenean, ordea, Benantxio makilaren ondora hurbildu eta esan zion jakin-minez: “MAKILAKIXKI”. Orduan makila, bera bakarrik, ostalaria jotzen hasi zen. Zirt eta zart, dinbi-danba, ez zen gelditu ere egiten. Benantxio han zebilen, zinbulu eta zanbulu, balantzaka, ia lurrera erorian. Oihuka eta garrasika, Beñati deitzen zion: –Ai, ai, ai… Jaitsi zaitez behera, mesedez, eta gelditu ezazu makila madarikatu hau. Azkar! Ez al didazu entzuten? Ai, ai ai… Azkar etorri! Hezur guztiak txikituko dizkit bestela makila madarikatu honek. Ai, ai, ai… Ohetik jaiki, arropak jantzi eta behera jaitsi zen Beñat. Ikusi zuen nola zebilen bere makila miresgarria dinbi eta danba gelditu ere egin gabe, eta esan zion ostalariari: –Ez dut makilarik geldituko nire bi anaiei lapurtu zenizkien gauzak ematen ez badizkidazu. Eta orduan, makila, ostalaria jotzeaz gain, inguruan harrapatzen zituen gauza guztiak txikitzen hasi zen: basoak, platerak, mahaiak... –Ai, ai, ai... Lapurtutako guztia itzuliko dizut, baina gelditu ezazu, faborez eta mesedez, makila madarikatu hori... Eta, orduan, Beñatek, “KIXKIMAKILA!” esan eta sorgindutako makila gelditu egin zuen. Hurrengo goizean, gosaldu ondoren, astoa, mahaia eta makila hartu zituen Beñatek, eta oso pozik joan zen etxera astoa aurretik zuela. –Etorri hona denok! Begira zer ekarri dudan Benantxioren ostatutik! Aita eta hiru senideak begiak zabal-zabal eginda geratu ziren, astoari, mahaiari eta makilari begira. Aritzek esan zion astoari: “Egizu urrea!”. Mikelek esan zion mahaiari: “Jarri afaria!”. Baina Beñatek ez zion ezer esan makila magikoari. Bestela... Zaku handi bat urrez bete eta, gero, bapo afaldu zuten laurek. Eta, handik aurrera, oso zoriontsu bizi izan ziren denak. Hala bazen, ez bazen, makila, behintzat, ez dadila hasi bazter guztiak txikitzen.