IZEI TXIKIA Udazkena heldu zen, eta txori batek hegoaldera joan behar zuen bere lagunekin, lurralde epelagoetara. Urtero egiten zuen bidaia hori negua heldu baino lehen. Baina, urte hartan, gure txoriak ez zeukan hegoaldeko lurralde epeletara joaterik, ez. Hego bat hautsita zeukan, eta ezin zuen hegan ondo egin. Negua heldu zen, eta neguarekin batera hotza. Txori gaixoa, orduan, zuhaitz batengana joan zen babes bila: –Aizu, Lizar! Utziko al didazu zure hostoen artean bizitzen? Zaurituta nago eta hotzak ia hilean. –Utzidazu niri bakean, eta zoaz nahi duzun lekura! –erantzun zion lizarrak umore txarrez. Txoria, gero, gaztainondoari hurbildu zitzaion, eta galdetu zion: –Aizu, hego bat hautsita daukat eta hotzak ia hilean nago. Utziko al didazu negua zure hosto artean babesturik igarotzen? –Hemen hontza bizi da, eta nik ez dut beste txoririk nahi. Galdegiozu pagoari, edo haritzari, edo urkiari... Baina gure txoria alferrik ibili zen zuhaitzetik zuhaitzera babes bila. Denek erantzun berdina ematen zioten. Ezetz eta ezetz. Hotzez eta penaz ia hilean, izei txiki baten ondora heldu zen gure txori errukarria. Eta esan zion erdi negarrez: –Aizu, Izei, mesede bat eskatu behar dizut. Hego bat hautsita daukat, ezin dut hegan ongi egin eta hotzak ia hilean nago. Beste zuhaitz guztiek ezetz esan didate, baina zuk emango al didazu zure hosto artean negua igarotzeko baimena? –Bai, oso gustura gainera –erantzun zion izeiak errukiturik–. Jar zaitez beheko adarretan, hor epelago egongo zara. Lagun gehiago ere izango dituzu. Txori askoren etxea izaten da hau neguan. Hantxe, izei txikiaren hosto artean, igaro zituen gure txori zaurituak neguko ordurik gehienak. Zuhaitz hartan bizi ziren beste txoriek asko maite zuten, eta haiek ekartzen zioten janaria. Baina urtu ziren elurrak, epeldu zuen eguraldia eta heldu zen udaberria. Eta gure txoria sendatzen ari zen poliki-poliki. Udazkenerako txoria erabat sendaturik zegoen. Izeiari eskerrak eman eta, beste txori gehiagorekin batera, hegoaldera joan zen, lurralde epelagoetara. –Agur! Mila esker. Datorren urtean etorriko naiz berriro –esan zion izei txikiari. Hori guztia ikusi ondoren, haizeak erabaki bat hartu zuen. Handik aurrera, udazkenean zuhaitz gehienei hostoak kenduko zizkien putz eginez. Negua biluzik igaro beharko zuten. Eta halaxe gertatzen da geroztik. Gaztainondoak, pagoak, lizarrak, haritzak, urkiak eta beste zenbait zuhaitz hostorik gabe geratzen dira udazkenean. Baina izeiak ez du hostorik galtzen. Halaxe erabaki zuen haizeak, ez ziola izeiari hostorik kenduko. Eta zergatik? Txoriari lagundu ziolako.