MARI KANELA Behin batean, bazen Mari Kanela deitzen zioten neska txiki bat. Aitonak jarri zion izen xelebre hori, eta zergatik?, bada, kanela-zotza izugarri gustatzen zitzaiolako Mari Kanelari. Mari Kanela oso neska bihurria zen eta ohitura itsusi bat zeukan: barra-barra esaten zuen gezurra. Gezurrak bata bestearen atzetik esanez ibiltzen zen beti. Behin, txokolate almendraduna hartu zuen sukaldeko armairutik, eta barra osoa jan zuen berak bakarrik. Ama txokolatea falta zela konturatu zenean, Mari Kanelari galdetu zion: —Aizu, Mari Kanela, txokolate almendraduna falta da armairutik. Zuk jan al duzu? —Nik ez, ama! —esan zuen Mari Kanelak. Eta gezur hori esan orduko, sudurra azenario handi bat adina hazi zitzaion. Izan ere, gezurra esaten zuen bakoitzean, gorputzeko atal bat hazten zitzaion Mari Kanelari. Horregatik, oso erraza zen jakitea noiz ari zen gezurretan. —Orain ere gezurra esan duzu, Mari Kanela —esan zion amak—. Begira nolako sudurra hazi zaizun. Azenario handi bat dirudi! Mari Kanela beldurtu egin zen bere azenario-sudur itsusi hura ikusi zuenean, eta, estu eta larri, egia esan zion amari. —Neu izan naiz, ama, neu izan naiz... Neuk jan dut txokolatea. Egia esan zuenean, lehen bezalaxe jarri zitzaion sudurra berriz ere. Hurrengo egunean, ikastolara zihoala, txori batzuk ikusi zituen zuhaitz baten adarretan txorrotxioka kantari, eta haiekin jolasean hasi zen Mari Kanela. Txoriak harrapatu nahian, salto eta brinkoka hasi zen, eta putzu-zulo batzuetan sartu zen konturatu gabe. —Mekatxis! Zapatak zikindu zaizkit! —esan zuen. Egun hartan berandu iritsi zen ikastolara Mari Kanela, eta zapatak lokatzez zikin-zikinak zituela, gainera. Ikastolan zain zeukan andereño Mari Petral. Haserre zegoen, beste askotan bezala. Horrexegatik deitzen zioten Mari Petral andereñoari, beti haserre eta petral zegoelako. —Zergatik etorri zara hain berandu? —galdetu zion kopeta ilunez andereñoak Mari Kanelari. —Ba, ba... amatxorekin sendagilearengana joan naizelako —esan zion Mari Kanelak. Eta gezur hori esatearekin batera, burua kalabaza bat adina hazi zitzaion. Orain, kalabaza-burua zuen Mari Kanelak. Andereño Mari Petralek errieta egin zion Mari Kanelari: —Aizu, niri ez esan gezurrik gero! —Nik ez dizut gezurrik esan, andereño —erantzun zion Mari Kanelak. Eta gezur hori esan zuenean, eskuak ikaragarri hazi zitzaizkion. Orain, atzapar bihurtuak zituen eskuak Mari Kanelak, eta nolako atzaparrak gainera! —Aizu, eta nolatan zatoz hain oinetako zikinekin? —galdetu zion, gero eta petralago, andereño Mari Petralek. —Ba, ba..., gaur goizean amak ez dizkit oinetakoak garbitu eta... —erantzun zion Mari Kanelak urduri. Eta gezur hura esan ahala, gorputz osoa hazi zitzaion. Neska erraldoi-jigante bihurtu zen Mari Kanela. Andereñoa beldurtu egin zen Mari Kanela hainbeste hazi zela ikusi zuenean. Bera baino handiagoa zen! —Baina, baina, zer gertatzen zaizu, Mari Kanela? —esan zion andereñoak. —Ba, ba, zuri beldur handia dizudala, beti errietaka eta petralduta egoten zarelako, eta gezurrak esan dizkizut. Horregatik hazi zait burua kalabaza bat adina, eta horregatik hazi zaizkit eskuak eta gorputz osoa. Eta Mari Kanelak egia esan zuen, eta egiak bere ezpainetatik atera zirenean, txikitu egin zitzaizkion eskuak, eta burua, eta gorputz osoa ere bai. Lehen bezalaxe geratu zen, txikia eta polita. Handik aurrera Mari Kanelak ez zuen gezurrik esan gehiago. Eta andereñoak ere ez zion gehiago inori arrazoirik gabe errietarik egin, ez Mari Kanelari eta ez beste inori. Hori hala bazan, ez bazan, sar dadila kalabazan, baina zuk, badaezpada, gezurrik ez esan.