AHATETXO ITSUSIA Behin batean, ahate bat bere habiaren gainean eserita zegoen. Habian arrautzak zituen eta egun batzuk bazeramatzan haiek berotzen. Azkenean, arrautzak pitzatzen eta irekitzen hasi ziren banan-banan. –Kuak, kuak! –esaten zien amak ahatetxoei. –Kuak, kuak! –erantzuten zioten ahatetxoek. Ama ahatea habiatik altxatu zenean, arrautza bat ez zela kraskatu ikusi zuen. Harriturik zegoen: arrautza hura besteak baino handiagoa eta gogorragoa zen. Halako batean, arrautza handi hura puskatu eta ahatekume bat jaio zen. –Bai handia eta itsusia dela! –esan zuen ahate amak. Izan ere, azkena jaio zen ahatetxo hura ez zen besteak bezalakoa: handiagoa eta baldarragoa zen eta besteak baino askoz ere itsusiagoa. Jaio eta segituan, ahate amak aintzirara eraman zituen bere ahatetxoak. –Kuak, kuak! Egin igeri, egin igeri denok! –esaten zien amak. Ama oso harro zegoen bere ahatetxoekin. Baina aintzirara ura edatera hurbiltzen ziren animalia guztiek barre egiten zioten ahatetxo itsusiari. –Nondik atera da ahatetxo itsusi hori? –esan zuen oilo batek. –Hauxe gauza zatarra eta baldarra! –burla egin zion aker adar oker batek. Eta animalia batzuek adarka, besteek mokoka eta beste batzuek muturka ekiten zioten ahate itsusiari, erdi txantxetan erdi serio. Amak haren alde egiten zuen beti, baina ahate itsusia gero eta tristeago zegoen. –Kuak, kuak! Denek jo eta burla egiten didate! Kuak, kuak! Oso itsusia naizelako! –esaten zuen negarrez ahate itsusiak. Beste ahatekumeek ere burla egiten zioten, hain handi eta itsusi ikusten zutelako. Egoera gero eta okerrerago zihoan. Horregatik, egun batean ahate itsusiak alde egitea erabaki zuen. –Kuak, kuak! Hemen inork ez nau maite. Hobe dut beste norabait joatea. Kuak, kuak! Agian aurkituko dut lagunen bat non edo non. Hala, bide luzean ibili ondoren, beste aintzira batera heldu zen. Ahate basati batzuk zeuden han. Ahatetxoak haien lagun egin nahi izan zuen. –Kuak, kuak! Kaixo! –esan zien. –Kuak, kuak! Hau da ahatetxo itsusia! –esan zuen ahate basati batek. –Eta baldarrontzia! Juak, juak! –burla egin zion barrez beste batek. Ahatetxoa burumakur zegoen triste-triste. Orduan, tiro hotsak entzun ziren: PUM! PUM! PUM! Ahate basatiek hegoak astindu zituzten izuturik, eta gehienek ihes egin zuten. Batzuk, ordea, hilda geratu ziren ur gainean. Ahatetxo itsusia azkar-azkar ezkutatu zen belar handi batzuen artean. Bere ezkutalekutik ehiztari batzuk ikusi zituen beren eskopeta eta zakur izugarriekin. –Ai, kuak! Ai, kuak-kuak! Ez nazatela ikusi! –esan zuen ahatetxo itsusiak beldurturik. Zorionez, ehiztariek eta zakurrek ez zuten ikusi eta alde egin zuten. Ahatetxoa bere ezkutalekutik irten eta handik urrundu zen bizi-bizi. Halako batean, haizea indarrez hasi zen jotzen. Ahatetxo itsusia ia ezin zen ibili ere egin. Orduan, etxe bat ikusi zuen. –Kuak, kuak! Kaixo! –esan zuen ahatetxoak, atea bultza eta barrura sartuz. Etxekoandrea bakarrik bizi zen eta ondo hartu zuen ahatetxo itsusia. –Ez zara oso polita, baina saia zaitez aldian behin arrautzaren bat edo beste jartzen eta ederki biziko gara biok –esan zion. Baina eguna joan eta eguna etorri, ahatetxo itsusiak ez zuen arrautzarik erruten. Andreak, ahatetxoak ez zuela arrautzarik egiten ikusi zuenean, hala esan zuen: –Ahatetxo itsusi honek ez daki arrautzarik egiten. Neguan hil eta jan egingo dut. Ahatetxoak, ordea, entzun egin zion. Beldurtuta, leihotik salto egin eta ihes egin zuen handik. Udazkena zen eta eguraldia hozten hasita zegoen. Ahatetxoak hegazti eder batzuk ikusi zituen zeruan hegan. Hegoalderantz zihoazen, lurralde epelagoen bila. –Kuak, kuak! Zein hegazti politak! Horiekin joaterik izango banu... Baina ez, txikiegia eta itsusiegia naiz –esan zuen bere artean. Negua heldu zen. Ahatetxoak ez zekien nora joan. Aintzira bat aurkitu zuen eta hantxe geratu zen. Baina gero eta hotz handiagoa egiten zuen. –Kuak, kuak! Ezin dut gehiago! Kuak, kuak! Hotzez hilko naiz. Baserritar bat pasatu zen handik eta ahatetxoa hotzez dardarka zegoela ikustean, hartaz errukitu eta etxera eraman zuen. Sutondoan jarri zuen ahatetxoa eta jaten eman zion. Hantxe igaro zuen ahatetxoak negu gorria. Baina baserritarraren seme-alabak oso bihurriak ziren, eta ez zioten bakerik ematen ahatetxoari. Horregatik, egun batean etxetik alde egitea pentsatu zuen. –Nik ezin dut gehiago ume hauekin. Banoa hemendik! Udaberria heldu zen. Ahatetxoa aintzira batean zebilen igeri. Halako batean, hegazti lepo luze eder batzuk zerutik jaisten ikusi zituen. –Zer hegazti ederrak! –esan zuen ahatetxoak miresmenez. Hegazti haiek zisneak ziren. Aintzirara jaitsi eta berarengana joan ziren irribarrez. Ahatetxoa lotsatuta zegoen eta burua makurtu zuen apaltasunez. Orduan, bere irudia ikusi zuen uretan. Eta hura miraria! Ez zuen ahate itsusi bat ikusi. Zisne eder bat ikusi zuen! –Zisne bat naiz! Zisne bat naiz! –esan zuen pozak zoratzen. Orain ez zuen kuak-kuak! egiten ahateek bezala. Zisne eder bat zen, eta azkenean bazituen lagunak. Zisneekin batera joan zen hegan, eta, handik aurrera, oso pozik eta zoriontsu bizi izan zen. Zer da itsusia? Bestea ezin ikusia!