EHUNZANGO KASKARINA Bazen garai hartan, Milakazoro izeneko zelaian, ehunzango bat. Pinpox zuen izena. Egunik gehiena ispiluari begira pasatzen zuen. Bere inguruko beste animaliak baino politago eta dotoreago egon nahi izaten zuen. Goizero, honelako galderak egiten zizkion bere buruari: –Zein kapela jantziko ote dut gaur nire buru eder honetan? Nolako oinetakoak aukeratuko ditut gaur nire hanka polit hauetarako? Eta zein gorbata jantziko dut gaur nire lepo lirain honetan? Gorria? Loreduna? Laukiduna?... Eta honela jarraitzen zuen hizketan ispiluaren aurrean: –Ai, ama! Ile hau ez dago bere lekuan, belarriak estaltzen dizkit. Banoa berriz orraztera. –Nire begi eder hauek eguzkitik babesteko, betaurreko polit batzuk aukeratu behar ditut. –Alkandora honi botoi bat falta zaio. Beste bat jantziko dut. Pinpoxek etxean bazituen, gutxienez, bi mila zapata pare, zazpi mila gorbata, lau mila galtza pare, zazpi mila alkandora, bederatzi mila kapela... Oso aberatsa zen, baina harroputza ere bai. Bere inguruko guztiak nazka-nazka eginda zeuzkan. –Begira, orain ere kapela berria jantzita dabil Pinpox harroputz hori —esaten zion tximeletak erleari. –Goizean zapata berri gorri-gorriekin ibili da, eta bazkal ondoren beste berri batzuekin azaldu da –esaten zuen kakalardoak. –Parean pasatzean ez gaitu agurtu ere egiten. Zer uste du horrek, bera dela Milakazoroko jaun eta jabe, ala? Bera gure aurrean pasatzen denean, denok “Gora, Pinpox!” esatea nahi ote du, ba? Harro handiputza halakoa! Harroa bakarrik ez, gaizto samarra ere bazen Pinpox ehunzangoa. Bai, askotan, bera bezain dotore jantzita ez zebiltzanei burla egiten zien. Marigorringo bati honela esan zion behin: –Noiz garbitu behar dituzu gorputzean dauzkazun ttantto beltz zikin horiek? Eta han geratu zen marigorringo gajoa, lore baten gainean negarrez. Beste behin, bidea gurutzatzen ari zen zizare bati ere ez zion bakean utzi Pinpox harroak. Honela mintzatu zitzaion: –Sartu lur azpian eta ez zaitez gehiago nire begien aurrean azaldu. Ez dago munduan zu baino itsusiagorik ezer. Beldurraren beldurrez, hosto baten azpian ezkutatu zen zizarea. Hori ikusita, Milakazoroko animalia guztiak zelaiaren erdi-erdian elkartu ziren. Egin zituen gaiztakeriengatik, Pinpox ehunzango harroxkoa zigortzea erabaki zuten denen artean. Basoko Maitagarriari deitu eta Milakazoroko zelaian Pinpoxekin zer gertatzen zen esan zioten. Pixka batean pentsatzen egon ondoren, honela esan zuen Maitagarriak: –Pinpox, hain harroa izateagatik, gaiztakeriak egiteagatik, eta besteak baino gehiago ez zarela konturatzeko, tori, merezi duzun zigorra: Ziu, fiu, ufala! Zure etxea eta gauzak, zurrunbilo, zurrunbilo, haizeak eraman ditzala! Maitagarriak hori esan zuenenan, indarrez jo zuen haizeak Pinpoxen etxea, eta han joan zen airean ehunzangoaren gauza guztiak barruan zituela. Han joan ziren milaka eta milaka zapata, gorbata, alkandora, galtza eta kapela. Eta gauza gehiago ere bai. Pinpox ezer gabe geratu zen. Soinean zeraman jantziarekin bakarrik: zapata berri-berriak oinetan, kapela dotorea buruan, gorbata berde-berdea lepoan, sedazko alkandora berdexka, galtzontzilo berri-berriak... Etxerik gabe eta aldatzeko arroparik gabe geratu zen Pinpox. Handik egun batzuetara, soinean jantzita zeuzkan arropak zikindu egin zitzaizkion ehunzangoari. Gainera, gero eta gose handiagoa zeukan, gero eta zikinago zegoen. Ez zuen ematen lehengo ehunzango dotore, harro eta burlati hura zenik orain. Negar egiten zuen Pinpoxek. Esaten zion bere buruari: –Zer egin behar dut nik orain? Zer jantziko dut bihar? Goseak nago eta ez daukat jateko ezer. Milakazoro zelaiko beste animaliek pena hartu zuten Pinpox hala ikusita. Maitagarriari deitu zioten berriro, eta hari ere, ikusi zuenean, pena eman zion Pinpoxek. Hartu zuen, orduan, Maitagarriak bere makilatxoa, eta hitz magiko hauek esan zituen: Ziu, fiu, ufala! Zure etxea eta gauzak, zurrunbilo, zurrunbilo, haizeak ekarri ditzala! Haize bolada indartsu batek ekarri zituen berriro Pinpoxen etxea eta haren barruko gauzak. Handik aurrera, lehen baino askoz zoriontsuago bizi izan zen ipuin honetako ehunzangoa. Inori ez zion burlarik egiten, eta bere ingurukoei laguntzen saiatzen zen. Eta bere zapata, gorbata, galtza, alkandora, betaurreko eta kapelarik gehienak Milakazoro zelaiko ehunzangoen artean banatu zituen.