BI ANAIAK ETA SORGINAK Munduan beste asko legez, behin ba omen ziren Serafin eta Antton izeneko bi anaia. Serafin eta Antton konkordunak ziren; bakoitzak konkor handi bat zeukan bizkarrean jaioz geroztik. Bi anaiak bakarrik bizi ziren baserrian. Serafin, infernuko etsaia baino gaiztoagoa eta alferragoa zen. Beti haserre zegoen. Antton, berriz, on puska zen eta berak egiten zituen baserriko lan guztiak. Serafinek ez zion arnasa hartzen ere uzten Antton gaixoari. —Antton, zoaz ukuilura behiak jeztera. Antton, garbi ezazu etxea. Antton, presta ezazu bazkaria... Mugi, alferrontzi arraioa! Anttonek isil-isilik egiten zituen lan guztiak. Behin, hala esan zion Serafinek: —Antton, egurrik gabe geratu gara. Zoaz basora eta ekarri egur sorta bat konkorraren gainean. Agudo, demonio! Antton joan zen basora eta egur-sorta osatzen ari zela, kantu bat entzun zuen. —Tzingili-tzangala, tzingili-tzangala... Antton hurbildu zen kantu hura zetorren tokira eta sorgin batzuk ikusi zituen kantari. Sasi batzuen atzean ezkutatu zen, belarriak erne-erne jarrita. —Tzingili-tzangala, tzingili-tzangala... Tzingilitzangala, tzingili-tzangala... Antton oso gustura egon zen kantu hura entzuten pixka batean, baina sorginek lelo bera errepikatzen zuten behin eta berriro eta aspertzen hasi zen. Berari iruditu zitzaion “tzingili-tzangala” hiru aldiz errepikatu ondoren, kantua politagoa geratuko zela leloari “tzankalon” hitza erantsiz gero. Eta froga egitea erabaki zuen: —Tzingili-tzangala, tzingili-tzangala, tzingilitzangala, tzankalon! —kantatu zuen Anttonek. Bat-batean, isilik geratu ziren sorginak. —Nork esan du hori? —galdetu zuten—. Nork esan du tzankalon? Anttonek sastraka artetik irten eta eskua altxa zuen. —Nik... —esan zuen beldurtuta. —Eta nor zara zu? —galdetu zioten sorginek. —Antton... Antton naiz. Orduan, oso pozik jarri ziren sorginak eta eskerrak eman zizkioten. —Eskerrik asko, Antton, mila esker. Oso belarri fina daukazu musikarako —esan zion sorgin batek. —Bai horixe! Horrela askoz ere politagoa da gure kantua —esan zuen beste batek. —Sari bat merezi du —hirugarren batek. —Bai, bai, sari bat merezi du —errepikatu zuten denek. Eta, orduan, kantari hasi ziren sorgin guztiak: Ai, Antton, zelemon, tzingili-tzangala, tzankalon, konkor hori kon-kon, kendu, fuera, dringilindron! Eta hitz horiek esan ahala, Anttonen konkorra desagertu zen. Konkorrik gabe, oso planta ederreko mutila zen Antton. Gero, sorginek poltsa bat diruz beteta eman zioten. Anttonek eskerrak eman zizkien eta etxera joan zen pozak txoratzen. Anaia Serafinek Antton konkorrik gabe ikusi zuenean, hasieran, ez zuen ezagutu ere egin. Baina Anttonek nor zen azaldu zionean, ero baten moduan hasi zen garrasika: —Nola egin duzu hori? Nola kendu duzu konkorra bizkar gainetik? Anttonek zer gertatu zitzaion esan zion, nola entzun zituen sorginak kantari eta hau eta bestea. Anttonek azalpen guztiak bukatu baino lehen, ziztu bizian abiatu zen Serafin basorantz sorginen bila. Basora iritsi zenean, sorginak kantuan entzun zituen. Orain lehen baino atseginagoa zen haien abestia. —Tzingili-tzangala, tzingili-tzangala, tzingilitzangala, tzankalon... —kantatzen zuten sorginek pozik. Serafinek lehenbailehen galdu nahi zuen bere konkor itsusi hura, eta ez zuen pentsatu kantuaren doinua nola hobetu. Korrika eta presaka, burura etorri zitzaion aurreneko gauza bota zuen ahots zakarzakarrarekin. —Tzingili-tzangala, konkorra kendu niri, eta hor konpon tzingili-tzangala eta tzangalon... Sorginak isildu egin ziren derrepente. Oso haserre zeuden, beren kantu polit hura norbaitek halako zabarkeriaz itsusitu zielako. —Nork esan ditu astakeria horiek? Nor izan da astazakila? Orduan, Serafinek eskua altxatu zuen lotsagabelotsagabe. —Ni, ni... ni izan naiz. Serafin. —Zuk astabelarriak dituzu. Gure kantu polita guztiz zabartu diguzu —esan zion sorgin batek kopeta ilun-ilun jarrita. —Bai horixe! Horrela oso itsusia dirudi gure kantuak —esan zuen beste batek. —Zigor bat merezi du —hirugarren batek. —Bai, bai, zigor bat merezi du —errepikatu zuten denek batera. Eta, orduan, kantari hasi ziren sorgin guztiak: Ai, Serafin zinkurin Kantuan zangalatrin. Lehen konkor bat, dringilin, Eta orain bi, kin-kuran-kin! Eta hitz horiek esan ahala, sorginek Anttoni kendutako konkorra erantsi zioten Serafini. Orain bi konkor zituen bizkarrean. Serafin buru-makur eta lotsatuta iritsi zen etxera. Konturatu zen harroa izateagatik gertatu zitzaiola zoritxar hura. Benetan damututa zegoen, eta barkamena eskatu zion Anttoni. —Barkatu, Antton, oso harroa izan naiz, eta oso gaizki portatu naiz zurekin. Orain bi konkor ditut, eta inork ez nau maite izango..., ezta zeuk ere —esan zion burumakur. Antton anaiaz errukitu zen eta besarkada handi bat eman zion. —Nik beti maitatuko zaitut zu, Serafin. Antton eta Serafin lagun handiak izan ziren handik aurrera. Eta sorginek Anttoni emandako diruarekin oso ondo bizi izan ziren biak. Hori hala bazan, tzangalaza hala ez bazan, kalabaza sorginen buru-aza. MARTIN TXIKI ETA BASAJAUNAK Behin batean, orain dela urte asko eta asko, Martin Txiki izeneko mutil bizkor bat bizi zen Aralar inguruko herri batean. Martin Txikik ez zuen inoiz ogirik jan; ez zuen inoiz ogitartekorik probatu eta ez zekien zein gozoa den ogia saltsatan bustita jatea. Izan ere, garai hartan gizakiak ez zeukan garirik eta, noski, garirik gabe ezin da ogirik egin. Munduan basajaunek bakarrik jaten zuten ogia. Basajaunak erraldoi jakintsu batzuk ziren. Aralarko mendietan bizi ziren, eta haiek bai, haiek bazeukaten garia, baina gizakiei ez zieten eman nahi izaten. Behin, Martin Txiki etxeko atarian eseri eta pentsatzen jarri zen: –Basajaunek garia daukate, eta ogia jaten dute, baina guk ez. Hori ez dago ondo. Eta pentsatzen jarraitu zuen. –Guk ere garia bagenu, ogia jango genuke eta, orduan, basajaunak bezain handiak eta jakintsuak izango ginateke. Umm! Garia lapurtu behar diet basajaunei! –esan zuen. Nola kendu, ordea, garia basajaunei? Esatea errazagoa da egitea baino. Baina Martin Txiki oso bizkorra zen, eta berehala asmatu zuen modua. –Iapa-iapa-iuuu! Ideia bikaina izan dut! –esan zuen. Etxera sartu eta aitaren abarkak jantzi zituen, abarka zabal-zabalak. Abarkak jantzita, Aralarrera igo zen basajaunen bila. Haiek bizi ziren tokira iritsi zenean, basajaun itsusi bat ikusi zuen garia pilatzen. Gari pilo handi-handi bat egina zeukan, eta kantari ari zen: –Tan-tararan, tan-tararin hostoa erortzean garia erein, tan-tararan, tan-tararin, garia erein. Martin Txikik ederki entzun zituen hitz haiek, eta, orain, bazekien garia noiz erein. –Hostoa erortzean garia erein –esan zuen ahopean. Baina basajaun itsusiak Martin Txiki ikusi zuenean, haserre esan zion: –Zer ari zara hor marmarrean? Zer egiten duzu zuk hemen? Martin Txikik orduan, pentsatuta zeukan tranpa egiteko garaia zela erabaki zuen. –Ez, zera... Pentsatzen ari nintzen zu handia izango zarela, baina ez ni bezain bizkorra –esan zion desafioa botaz. –Zer diozu kakanarru horrek? –erantzun zion basajaunak haserre. –Baaa, ni zuk baino salto handiagoa egiteko gai naizela. –Ja, ja, ja! Entzun al duzue hori? –esan zien garrasika basajaun itsusiak bere lagunei. Martin Txikik, gari piloa seinalatuz, esan zion: –Zuk barre egin, baina ezetz salto batez gari pilo horren gainetik pasatu. –Nik bai, baina zuk ez! –erantzun zion harro-harro basajaun itsusiak. –Horren seguru baldin bazaude, egin dezagun proba –esan zion Martin Txikik. Basajaun guztiak bildu ziren desafio hura ikusteko. Basajaun itsusiak korrika joan eta, iup!, salto handi bat egin zuen gari piloaren gainetik. –Ikusi al duzu hori, txikito? –esan zion Martin Txikiri–. Orain zure txanda da. Martin Txikik ere salto egin zuen. Baina gainetik salto egin beharrean, zapla!, gari piloaren erdi-erdian erori zen bere abarka zabal haiekin. Gari pilora erori zenean, gari ale batzuk sartu zitzaizkion bere abarka barrura. Martin Txikik hain salto txikia egin zuela ikusita, basajaunek barre egin zioten burlaka, batzuek “ja, ja, ja!” eta beste batzueK “jo, jo, jo!” eginez. Martin Txiki isil-isilik joan zen handik, lotsatu plantak eginez. Pixka bat urrundu zenean, ordea, hala esan zuen bihurri aurpegia jarrita: –Zuek egin barre, baina nik gari aleak ditut nire abarketan. Orain garia erein eta ogia izango dugu. Eta zuek bezain handi eta jakintsu izango gara! Basajaunak, ordea, laster konturatu ziren Martin Txikik engainatu egin zituela, eta haren atzetik joan ziren korrika mendian behera. –E! Martin Txikik garia lapurtu digu! Harrapa dezagun! –esan zuten. Basajaun batek aizkora bota zion, baina Martin Txiki makurtu egin zen eta aizkora zuhaitz batean sartu zen. Martin Txiki gaztainondo baten barruan ezkutatu zen. Basajaunek ez zuten aurkitu ahal izan. Eta bilatzeaz asperturik, handik alde egin zutenean, Martin Txiki herrira jaitsi zen korrika-korrika. Herrian bere abarketatik gari aleak atera zituen, eta herritar guztiei dei egin zien. –E! Zatozte! Zatozte denok! Garia lortu dut! Garia lortu dut! Herritar guztiak herriko plazan bildu ziren, eta oso pozik jarri ziren. Baina agure zahar batek hala esan zuen: –Orain badugu garia, baina ez dakigu noiz erein. –Nik bai, basajaun bati entzun diot –esan zuen Martin Txikik–. “Hostoa erortzean garia erein”, esan du. Udazkenean erortzen dira hostoak; beraz, udazkenean erein behar da garia. Halaxe lortu zuen Martin Txikik garia. Gero, haren herrikoek garia erein eta uzta jaso zutenean, ogia egin zuten. Eta guk ere Martin Txikiri esker jaten ditugu ogitarteko goxoak.