INDIAR TXIKI INAUTERIETAN Oneida eta Amerin haurrak Amerikako ibai luze eta zabal baten ondoan bizi ziren. Lur koloreko azala eta begi beltzak zituzten. Indiarrak ziren. Oneida neska zen eta Amerin mutila. –Nor da zure lagunik handiena? –galdetzen zioten Oneidari. Eta honela erantzuten zuen: –Amerin da nire lagunik handiena. –Nor da zure lagunik handiena? –galdetzen zioten Amerini. Eta honela erantzuten zuen beti: –Nire lagunik handiena? Oneida. Ibaian, oihanean eta leku guztietan beti elkarrekin ibiltzen ziren. Beraien herrixkatik inoiz irten gabe zeuden. Ibai handi hartako urak nora joaten ziren jakin nahi zuten, itsasoa nolakoa zen ikusi. –Nora joango ote dira ibaiko urak? –Nolakoa izango ote da itsasoa? Horregatik, behin, txalupa bat hartu, eta ibaian behera abiatu ziren biak bakar-bakarrik. Gaua heldu zenean, esan zion Amerinek Oneidari: –Goazen etxera. Beldurra daukat. –Ezin dugu txalupa gelditu. Aurrera jarraitu beharrean gaude –erantzun zion Oneidak. Eta, ilargiaren argitan, itsaso zabalera heldu ziren biak. Hurrengo egun osoa olatuen gainean balantzaka igaro zuten gosez, egarriz eta beldurrez. Itsasoan barrena eraman zituen txalupak, lurrik ikusten ez zen lekuraino. Heldu zen gaua berriro, azaldu zen ilargia zeruan, eta izarrak ere bai bere inguruan. Oneida eta Amerin negarrez zeuden, elkarri helduta. Baina, orduan: –Begira argi txiki horiek urrutian! Itsasontzi bat da! Bi indiar txikiak garrasika hasi ziren: –Etorriii...! Lagunduuu...! Baina itsasontzi hartakoek ez zuten ezer entzun, eta, ilunpean, ikusi ere ez. Gauaren erdia lotan eta beste erdia negarrez igaro zuten bi indiar txikiek. Hurrengo goizean, ordea, beste itsasontzi bat azaldu zitzaien. Eta hantxe etorri ziren Oneida eta Amerin Euskal Herrira. Arrantzale euskaldunak baitziren itsasontzi hartakoak. Eta Joxe izeneko arrantzaleak esan zien Oneida eta Amerini: –Inauteriak dira laster. Gera zaitezte egun batzuetan gure etxean. –Zer dira Inauteriak? –galdetu zuten bi indiarrek. Eta Joxeren alaba Irenek erantzun zien: –Inauterietan mozorrotu egiten gara, arropa zaharrak jantzi eta aurpegiak margotzen ditugu. Eta dantza egiten dugu kalean. Joxe arrantzalearen etxean geratu ziren egun batzuk pasatzen Oneida eta Amerin. Lagun berri asko egin zituzten. Egunero kalean jolasean ibiltzen ziren ilundu arte. –Inauterietan indiarrez mozorrotuko gara! –erabaki zuten auzo hartako neska-mutil guztiek. –Oneida! Amerin! Lagunduko al diguzue? –galdetu zieten. –Bai, pozik gainera! –Nik aurpegia margotuko dizuet, eta buruan lumak jarri! –esan zuen Oneidak. Eta hantxe ibili ziren denak Inauterietan, kalean gora eta kalean behera, oihu eta salto. Leku zabal samarra aurkitzen zutenean, gelditu, biribilean jarri, eta dantzaldi luzeak egiten zituzten lantzak astinduz. –Gora Amerin eta Oneida! –esaten zuten dantza-saioa bukatutakoan. –Goraaa! –erantzuten zuen jendeak txalo joz. Oso ondo ibili ziren bi indiarrak Inauterietan. Eta penaz alde egin zuten Euskal Herritik beren lurraldera. Lehenengo, hegazkinez, eta gero, helikopteroz, itzuli ziren Oneida eta Amerin Amerikako ibai zabalaren ondora. Nolako poza hartuko zuten beren gurasoek! Hori bai. Datorren urtean gurasoekin etorriko omen dira Oneida eta Amerin Euskal Herrira Inauterietan.