LEHOIA ETA KILKERRA Kri, kri, kri... Horrelaxe aritzen zen uda garaian Txirritx kilkerra goizetik gauera kantari. Oso ongi abesten zuen. Goizero-goizero, eguzkiaren zain egoten zen, bere zulotxotik irten eta abesten hasteko. Baina inguru haietan lehoi indartsu eta basati bat ere bizi zen. Orromarru zuen izena. Egunero entzuten zituen kilkerraren abesti alaiak. Lehoia beti umore txarreko egoten zen. Orromarruri amorrua ematen zion Txirritx beti alai eta kantari ikusteak. Eta hauxe pentsatu zuen behin lehoi harroputzak: —Ez diot bakerik eman behar xomorro nazkagarri honi. Honela, kilkerra harri koskor baten gainean kantari ari zen batean, lehoiak krasss!, atzaparra bota zion. Harri koskorra txiki-txiki eginda eta kilker gaixoa lurrari erantsita geratu ziren. Lehoi basatiaren atzaparkada indartsuak gorputz osoa minberaturik utzi zion. —Hilko nintzela uste nuen! Baina zergatik egin dit niri hau lehoi handiputz horrek? —pentsatu zuen bere artean Txirritxek. Kilkerra, ahal zuen bezala, herrenka-herrenka, beste harri koskor batera igo zen. Eta esan zion Orromarruri: —Baina zer uste duzu zuk, kankailu horrek? Oihaneko errege deitzen dizutela eta edozer gauza egin dezakezula, ala? Ni txikia izango naiz, baina ikusiko duzu oraindik... Lehoia asko poztu zen Txirritx minez eta haserre ikustean. Eta esan zion kilkerrari harro baino harroago: —Zaude isilik, txepel hori! Ez al duzu ikusten nik behatz bat nahikoa dudala zu zanpaturik uzteko? Txirritx, ordea, txikia izan arren, ez zen batere beldurtia, oso ausarta baizik. Eta ez zen isilik geratu lehoi handi-mandiaren aurrean. Honela esan zion: —Harroputz kankailua! Badakit zu handia zarela eta ni txikia. Baina nire lagunak hemen baleude... Ikusiko zenuke orduan... Hala ere, Orromarru lehoiak harropuzkeriak esaten jarraitu zuen: —Baina zer ari zara esaten? Zure lagun guztiak ostiko batekin ilargiraino botako nituzke nik! Eztabaida handia izan zuten Orromarruk eta Txirritxek. Eta, azkenean, erabaki bat hartu zuten biek: borroka handi bat egingo zutela lehoiaren lagunek eta kilkerraren lagunek. Eta bakoitza bere lagunen bila joan zen. Horrela, hartzak, tigreak, elefanteak, otsoak, katamotzak, azeriak, basurdeak... eta oihaneko animalia handi guztiek lehoiari jarraitu zioten. Orromarruren alde borroka egiteko prest zeuden. —Hankapean txikituko ditugu inguru honetako xomorro guztiak! —esaten zuten. Kilkerraren lagunak txikiagoak ziren: erleak, liztorrak, arkakusoak, zorriak, euliak, eltxoak... eta beste animaliatxo asko eta asko. Denak txikiak ziren, baina ziztatzaile onak, eztentxo zorrotz-zorrotzekin. —Ez izan beldurrik! Asko gara eta erraz irabaziko diegu —esaten zuten. Iritsi zen borrokarako eguna eta ordua. Bi taldeak elkarrengana hurbiltzen ari ziren. Hastera zihoan handien eta txikien arteko borrokaldia. Txirritxek etengabe animatzen zituen bere lagunak behin eta berriz hauxe esanez: —Bat, bi eta hiru! Zizt eta txist, bizkar, hanka eta buru. Eta denak gauza bera errepikatzen hasi ziren azkenerako: “Bat, bi eta hiru! Zizt eta txist...”. Orromarru lehoia ere ez zegoen isilik egoteko asmotan. Orroka eta marruka animatzen zituen bere lagunak: —Aurrera lagunak! Nire atzeko ezkerreko hankako behatz txikia baino txikiagoak dira xomorro hegalari horiek. Zorroztu atzaparrak eta hortzak. Bat, bi eta... hamar! Horrela hasi zen oihanean txikien eta handien arteko borroka. Kilkerraren taldekoak milaka eta milaka ziren eta ez zieten bakerik ematen lehoien taldekoei zizta eta zizta. Lehoiaren taldekoak, ordea, alferrik zebiltzan atzaparka eta hozka. Ezin zituzten animalia txiki hegalari haiek harrapatu. Ihes egiten zuten. —Hau azkura! Hau begiko mina! Sudurra odoldurik daukat. Eta gorputz guztiko azkura, gorputz guztiko azkura... —eta horrelako gauzak esaten zituzten lehoiaren taldekoek. Orromarru lehoia eta haren taldekoak eztenkadaz, odolez eta beltzunez beterik zeuden. Handik hurbil zegoen ibai batera joan behar izan zuten denek beren gorputza uretan garbitzera, freskatzera eta sendatzera. Txirritxek eta haren lagunek atzetik jarraitu zieten, uraren ertzeraino, oihaneko lau hankako animalia handiei. —Hemendik aurrera, bakean uzten ez bagaituzue, gauza bera gertatuko zaizue berriro ere! —esaten zien Txirritxek. Handik aurrera, kilkerra eta haren lagunak lasaiago bizi izan omen ziren. Ez omen zuten gehiago animalia handien beldurrik izan. Eta batzuek esaten dute, gainera, azkenean, Orromarru lehoia eta Txirritx kilkerra lagun egin zirela. Hala bazen, ez bazen gu behintzat beti lagunak izan gaitezen.