ERRALDOI BEREKOIA Behin batean, bazen herri txiki bat, jauregi eder bat zuena. Herri hartan ez zegoen plazarik eta ezta parkerik ere, eta kaleak oso estuak ziren. Horregatik, herri hartako haurrek ez zuten toki askorik jolasean ibiltzeko. Leku bakarra zuten herri osoan jolaserako aproposa: jauregiko lorategia edo zelaia. Jauregiko lorategian zelai eder bat zegoen, eta baita loreak eta zuhaitzak ere. Oso leku atsegina zen eta herriko haurrak hantxe ibiltzen ziren pozik saltoka, korrika eta lurrean zilipurdika. Jauregi hura eta aurreko zelaia, ordea, erraldoi batenak ziren. Behin, erraldoiak haurrak zelaian jolasean ikusi zituenean, builaka hasi zitzaien, haserre: –Zer arraio zabiltzate zuek hemen? Alde hemendik! Azkar! Bestelaaa... Oso berekoia zen erraldoi hura. Bai horixe! Ez zion uzten inori jauregi aurreko zelaira hurbiltzen. Hurrengo egunean, haurrak berriro joan ziren zelaira jolasera. Baina erraldoi berekoiak aurrekoan baino haserreago egin zien errieta. –Gaur ere bai? Alde egiteko hemendik! Berriro hemen ikusten bazaituztet, jataaa...! –egin zien mehatxu erraldoiak. Haurrak beldurtuta joan ziren handik. –Kaka-ume halakoak! Zerbait pentsatu beharko dut, bestela ez didate bakerik emango ume deabru horiek! –esan zuen erraldoi berekoiak. Hala, jauregi aurreko zelaia horma handi batez inguratzea pentsatu zuen. –Hemen ez da inor sartuko, ez horixe! Harresia bukatu zuenean, jauregiko atarian jarri zen kopeta ilun-ilunarekin zelaia zaintzen. –Norbait zelai barrura sartzen bada, igarriko dio! –zioen erraldoi berekoiak. Udaberria heldu zen. Belardiak lorez eta zuhaitzak hostoz jantzi ziren. Baina, hauxe gauza miragarria!, erraldoiaren zelaiak elurrez estalita jarraitzen zuen. Gainera, hotz handia egiten zuen han; bazirudien udaberriak ez zuela leku hartara sartu nahi. Eta ez hori bakarrik, jauregiko zelaian ez zen txori bakar baten kantua ere entzuten. –Zer sorginkeria da hau, ordea? Zergatik ez da iritsi udaberria nire zelaira? –esaten zuen erraldoiak harrituta eta triste samar. Egunak eta asteak joan ziren, eta erraldoia gero eta tristeago zegoen. Baina goiz batean txorien txorrotxio alaiak entzun zituen erraldoi berekoiak bere zelaian. –Hara! Zer gertatzen da orain? Harrigarria benetan! Zergatik hasi ote dira orain txoriak kantuan? –pentsatu zuen. Txori haiek pozik zeudelako kantatzen zuten. Baina zergatik ote zeuden hain alai? Bada, haurrak erraldoiaren zelaian sartu zirelako, horra! Haurrek zulo bat egin zuten harresi zatar hartan eta barrura sartu ziren denak. Beldurtu samar zeuden. Baina erraldoi berekoia alai zegoen txorien kantua entzunez. Konprenitu egin zuen haurrak zelaian sartu zirelako kantatzen zutela txoriek. Orduan haurrekin bakeak egitera joan nahi izan zuen. Haurrek, ordea, korrika ihes egin zuten beldurturik, erraldoi berekoia beraiengana zetorrela ikustean. –Badatorrela erraldoia, badatorrela! Goazen hemendik! Baina haur guztiak ez ziren joan. Haur txiki-txiki bat han geratu zen negarrez. Beldurrez dardarka zegoen eta ezin zen mugitu. Erraldoia errukitu egin zen haur txiki hura negarrez ikustean. –Zer duzu, txiki? –galdetu zion, eta eskuan hartu zuen kontuz-kontuz. –Ikaraturik nago. Denek esaten dute zu gaiztoa zarela eta, gainera, zeurekoia, den-dena zeuretzat nahi duzula. –A, bai! –esan zuen erraldoi berekoiak penaturik. Orain, erraldoi berekoia bakarrik sentitzen zen eta damututa zegoen haurrak bere zelaitik bidali zituelako. Orduan, haur txikiak esan zion: –Baina oker daude. Nik badakit zu gizon ona zarela –eta haurrak musu goxo-goxo bat eman zion erraldoiari lepotik helduta. Erraldoia negarrez hasi zen hunkiturik; malko lodilodiak irristatzen zitzaizkion masailetatik behera. –Barkatu. Hemendik aurrera ez naiz hain neurekoia izango eta zintzo portatuko naiz haurrekin. Eta orduan, bat-batean sartu zen udaberria hara: elurra urtu eta milaka koloretako lorez jantzi zen zelaia. Zuhaitzak ere hostoz apaindu ziren eta txoriek beren txorrotxioekin alaitu zuten lorategi eder hura. Erraldoia pozik zegoen eta haurrei deitu zien. –Etorri, etorri hona, mesedez, lagunak. Hemendik aurrera, zuena da zelai hau eta baita jauregi hau ere. Jolastu nahi adina. Eta uzten badidazue, ni ere zuekin jolastuko naiz. Haurrek baietz esan zioten. Orduan, harresi itsusi hura bota egin zuten, eta, handik aurrera, denak elkarrekin ibiltzen ziren jolasean, eta oso ondo pasatzen zuten. Hala bazan, ez bazan...