TXANTXANGORRI MOKOFINA Behin batean, bazen txori txiki jaioberri bat, gaztainondo baten adarretan bizi zena aitarekin eta amarekin. Txori txikia oso bizkorra zen. Aitak eta amak hegan nola egin behar zen erakusten zioten. –Begira, hegoak gora eta behera mugitu behar dituzu, gora eta behera, gora eta behera, gora eta behera. Txori txikiak beldur handia izan zuen hasieran, baina laster ikasi zuen hegan bere kasa egiten. Hala, gero eta hegalditxo luzeagoak egiten hasi zen bere kontura. –Begira, ama! Begira, aita! Begira nola egiten dudan hegan! Goiz batean, gure txori txikia ibai aldera abiatu zen. Egunetik egunera saio luzeagoak egiten zituen. Egunetik egunera indartuz zihoazkion hegoak, eta gero eta urrutiago joaten zen. –Agur! Banoa hegan! Bazkaltzerako itzuliko naiz! Baina goiz horretan, txori txikiak besteetan baino hegaldi luzeagoa egin zuen, eta konturatzerako zeharo galdu zen. Baso ezezagun batean sartu zen. Ez zituen ezagutzen hango bazterrak, eta ez zuen ezagutzen zuhaitzen artean ikusten zen aintzira ere. –Ai, ama! Galdu egin naiz! Nola bueltatuko naiz gure habiara! Txori txikia pago adar baten gainean gelditu zen, eta negarrez hasi zen. Etxetik urrun zegoen, bakarrik, beldurtuta eta baita gosetuta ere. Katagorri batek pagoaren enborrean zeukan bere etxea. Negar-hotsak entzun zituenean, atera zen bere zulotik eta han ikusi zuen txori txikia negarrez. Katagorria errukitu egin zen txori txikiaz, eta harengana hurbildu zen saltoka-saltoka. –Kaixo, txori txiki! Zer duzu? Zergatik egiten duzu negar? Txori txikiak hala erantzun zion: –Galdu egin naiz. Ez dakit nire habiara itzultzen eta goseak nago. Lagunduko al didazu, faborez? Katagorriak esan zion: –Zure habia aurkitzen ezin dizut lagundu, baina gosea asetzen bai. Tori, jan itzazu intxaur goxo hauek –esan zion katagorriak. –Ez, mila esker. Intxaurrak ez zaizkit gustatzen. Katagorria harritu egin zen: –Nola dakizu ez zaizkizula gustatzen? Inoiz probatu al dituzu? –Ez, ez ditut probatu, baina badakit ez zaizkidala gustatzen! –erantzun zion txori txikiak. Eta handik alde egin zuen lehen baino gose handiagoarekin. Txori txikia aintzira batera heldu zen. Aintziraren bazterrean igel bat ikusi zuen, korroka, kroak eta kroak. –Kaixo, igela! –esan zion txori txikiak–. Galdu egin naiz, eta ez dakit nire habiara itzultzen. Eta, gainera, goseak nago. Lagunduko al didazu, faborez? –Lasai, txori txiki. Zure habia aurkitzen ezin dizut lagundu, baina gosea asetzen bai. Tori, jan itzazu barraskilo goxo hauek. –Ez, mila esker –esan zuen txori txikiak–. Barraskiloak ez zaizkit gustatzen. Igela zur eta lur gelditu zen: –Nola dakizu ez zaizkizula gustatzen inoiz probatu ez badituzu? –Probatu gabe ere badakit ez zaizkidala gustatzen! –erantzun zion txori txikiak. Eta handik alde egin zuen lehen baino gose handiagoarekin. Txori txikia basoan barneratu zen berriz ere. Basoaren sakonenean hontz zuri bat bizi zen. Hontza uluka ari zen, uuu! eta uuuu! –Kaixo, hontza! –esan zion txori txikiak–. Galdu egin naiz, eta ez dakit nire habiara itzultzen. Eta, gainera, goseak nago. Lagunduko al didazu, faborez? –Lasai, txori txiki. Gosea asetzen lagunduko dizut aurrena. Tori, jan ezazu sagutxo hau –esan zion hontzak. –Ez, mila esker. Nik inoiz ez dut sagurik jan, ez zaizkit gustatzen. Hontza sor eta lor gelditu zen: –Probatu ez badituzu, nola dakizu ez zaizkizula gustatzen? –Badakidalako! Ez zaizkit gustatzen! –erantzun zion txori txikiak. –Tira –esan zion hontzak–, gosea ezin dizudanez ase, zure habia topatzen lagunduko dizut. Zuk lo egin, eta nik bilatuko dut zure habia. Oso luzea egin zitzaion txori txikiari gau hura, gosea baitzeukan, gero eta gose handiagoa, eta bere habiara itzultzeko irrikaz baitzegoen. Goizaldean esnatu zuen hontzak txori txikia, eta esan zion gau osoan ibili zela habiaren bila eta aurkitu zuela azkenean. –Txoritxo, txoritxo! Esna zaitez! Aurkitu dut zure habia! –Benetan? Eta itzultzen lagunduko al didazu? –Bai, noski! Goazen azkar-azkar! Esan bezala, hontzak bere habiara itzultzen lagundu zion. Aitatxok eta amatxok hegoak zabalik hartu zuten txori txikia. Hontzari eskerrak eman zizkioten, eta hontzak ulu egin zuen, uuu! eta uuu!, agur esateko. Gero, aitak eta amak errieta pixka bat egin zioten txori txikiari. –Non ibili zara? Kezkatuta geunden. Zergatik joan zara hain urruti? –Hegan hasi nintzen, hegan eta hegan, eta galdu egin nintzen konturatu gabe. –Urruntzen denak bueltatzen ikasi behar du –esan zion amak. –Arrazoi duzu, amatxo, ikasiko dut. Baina txori txikiak gose handia izaten jarraitzen zuen. –Aitatxo, amatxo, goseak nago. Zer dago jateko? –Itxi itzazu begiak eta probatu aitatxok prestatu duena. –Aitatxok prestatu badu, goxo-goxoa izango da. Amak begiak estali zizkion eta, ondoren, aitatxok prestatutako janaria probatzen hasi zen. Txori txikia pozik zegoen. Azkenean, etxeko janari goxoa dastatuko zuen. jaten hasi orduko, txori txikiak galdetu zuen: –Zer da hau, ama? –Zuk dasta ezazu lehenengo, eta gero esango dizut. –Hau bai janari goxoa! Zer da? Aitatxok begiko zapia kendu, eta esan zion: –Baratzeko barraskilo goxoak dira. –Barraskiloak? Lehen ez zitzaizkidan gustatzen! Baina um!… zein goxoak diren!! –Ikusi duzu? Probatu gabe ez dago jakiterik.