MARTIN TXIKI ETA BASAJAUNAK Behin batean, orain dela urte asko eta asko, Martin Txiki izeneko mutil bizkor bat bizi zen Aralar inguruko herri batean. Martin Txikik ez zuen inoiz ogirik jan; ez zuen inoiz ogitartekorik probatu eta ez zekien zein gozoa den ogia saltsatan bustita jatea. Izan ere, garai hartan gizakiak ez zeukan garirik eta, noski, garirik gabe ezin da ogirik egin. Munduan basajaunek bakarrik jaten zuten ogia. Basajaunak erraldoi jakintsu batzuk ziren. Aralarko mendietan bizi ziren, eta haiek bai, haiek bazeukaten garia, baina gizakiei ez zieten eman nahi izaten. Behin, Martin Txiki etxeko atarian eseri eta pentsatzen jarri zen: –Basajaunek garia daukate, eta ogia jaten dute, baina guk ez. Hori ez dago ondo. Eta pentsatzen jarraitu zuen. –Guk ere garia bagenu, ogia jango genuke eta, orduan, basajaunak bezain handiak eta jakintsuak izango ginateke. Umm! Garia lapurtu behar diet basajaunei! –esan zuen. Nola kendu, ordea, garia basajaunei? Esatea errazagoa da egitea baino. Baina Martin Txiki oso bizkorra zen, eta berehala asmatu zuen modua. –Iapa-iapa-iuuu! Ideia bikaina izan dut! –esan zuen. Etxera sartu eta aitaren abarkak jantzi zituen, abarka zabal-zabalak. Abarkak jantzita, Aralarrera igo zen basajaunen bila. Haiek bizi ziren tokira iritsi zenean, basajaun itsusi bat ikusi zuen garia pilatzen. Gari pilo handi-handi bat egina zeukan, eta kantari ari zen: –Tan-tararan, tan-tararin hostoa erortzean garia erein, tan-tararan, tan-tararin, garia erein. Martin Txikik ederki entzun zituen hitz haiek, eta, orain, bazekien garia noiz erein. –Hostoa erortzean garia erein –esan zuen ahopean. Baina basajaun itsusiak Martin Txiki ikusi zuenean, haserre esan zion: –Zer ari zara hor marmarrean? Zer egiten duzu zuk hemen? Martin Txikik orduan, pentsatuta zeukan tranpa egiteko garaia zela erabaki zuen. –Ez, zera... Pentsatzen ari nintzen zu handia izango zarela, baina ez ni bezain bizkorra –esan zion desafioa botaz. –Zer diozu kakanarru horrek? –erantzun zion basajaunak haserre. –Baaa, ni zuk baino salto handiagoa egiteko gai naizela. –Ja, ja, ja! Entzun al duzue hori? –esan zien garrasika basajaun itsusiak bere lagunei. Martin Txikik, gari piloa seinalatuz, esan zion: –Zuk barre egin, baina ezetz salto batez gari pilo horren gainetik pasatu. –Nik bai, baina zuk ez! –erantzun zion harro-harro basajaun itsusiak. –Horren seguru baldin bazaude, egin dezagun proba –esan zion Martin Txikik. Basajaun guztiak bildu ziren desafio hura ikusteko. Basajaun itsusiak korrika joan eta, iup!, salto handi bat egin zuen gari piloaren gainetik. –Ikusi al duzu hori, txikito? –esan zion Martin Txikiri–. Orain zure txanda da. Martin Txikik ere salto egin zuen. Baina gainetik salto egin beharrean, zapla!, gari piloaren erdi-erdian erori zen bere abarka zabal haiekin. Gari pilora erori zenean, gari ale batzuk sartu zitzaizkion bere abarka barrura. Martin Txikik hain salto txikia egin zuela ikusita, basajaunek barre egin zioten burlaka, batzuek “ja, ja, ja!” eta beste batzueK “jo, jo, jo!” eginez. Martin Txiki isil-isilik joan zen handik, lotsatu plantak eginez. Pixka bat urrundu zenean, ordea, hala esan zuen bihurri aurpegia jarrita: –Zuek egin barre, baina nik gari aleak ditut nire abarketan. Orain garia erein eta ogia izango dugu. Eta zuek bezain handi eta jakintsu izango gara! Basajaunak, ordea, laster konturatu ziren Martin Txikik engainatu egin zituela, eta haren atzetik joan ziren korrika mendian behera. –E! Martin Txikik garia lapurtu digu! Harrapa dezagun! –esan zuten. Basajaun batek aizkora bota zion, baina Martin Txiki makurtu egin zen eta aizkora zuhaitz batean sartu zen. Martin Txiki gaztainondo baten barruan ezkutatu zen. Basajaunek ez zuten aurkitu ahal izan. Eta bilatzeaz asperturik, handik alde egin zutenean, Martin Txiki herrira jaitsi zen korrika-korrika. Herrian bere abarketatik gari aleak atera zituen, eta herritar guztiei dei egin zien. –E! Zatozte! Zatozte denok! Garia lortu dut! Garia lortu dut! Herritar guztiak herriko plazan bildu ziren, eta oso pozik jarri ziren. Baina agure zahar batek hala esan zuen: –Orain badugu garia, baina ez dakigu noiz erein. –Nik bai, basajaun bati entzun diot –esan zuen Martin Txikik–. “Hostoa erortzean garia erein”, esan du. Udazkenean erortzen dira hostoak; beraz, udazkenean erein behar da garia. Halaxe lortu zuen Martin Txikik garia. Gero, haren herrikoek garia erein eta uzta jaso zutenean, ogia egin zuten. Eta guk ere Martin Txikiri esker jaten ditugu ogitarteko goxoak.