BREMENGO MUSIKARIAK Mendi arteko baserri batean asto bat zeukaten etxeko lanak egiten laguntzeko. Urte asko zeramatzan astoak etxe hartako lanak egiten. Sorotik zakuak, zelaitik belarra eta basotik egurra eramaten zituen. Baina astoa zahartu egin zen, eta lanerako indarrik gabe geratu. Etxeko nagusiak pentsatu zuen astoa saltzea izango zuela onena. –Asto zahar honek ez du ezertarako balio. Harakin bati salduko diot, hil eta txorizoak egin ditzan –esaten zuen sarritan. Astoa beldurtu egin zen horrelako kontuak entzunda. Eta, txorizo bihurtzeko batere gogorik ez zeukanez, pentsatu eta pentsatu, azkenean erabaki zuen zer egin: –Ihes egingo dut, ez naute hilko. Bremenera joango naiz, hango musika-bandan bibolina jotzera. Han aterako dut bizimodua. Baserritik alde egin eta laster, bide bazterrean arnaska zegoen txakur batekin egin zuen topo. –Kaixo, txakur. Zertan zaude hemen bide bazterrean? Hori da arnasa larria daukazuna! –Jakingo bazenu zer gertatzen zaidan! –Zer gertatzen zaizu, ba? –Zahartu eta ahuldu egin naiz, eta indarrik gabe geratu naiz. Orain ez dut balio ehizan egiteko, etxezain ere ezin naiz egon, eta nagusiak txorizoak egiteko saldu nahi ninduen. Eta etxetik ihes egin beharra izan dut. –Ba, zatoz nirekin, Bremengo bandan danborra joko duzu. Abiatu ziren biak aurrera eta, berehala, lehen txakurra bezala, oraingoan, katua aurkitu zuten. Haserre eta goibel zegoen. –Kaixo, katu bibotetsua. Zu hemen? Zer gertatzen zaizu? –Etxekoandre gaizto batengatik nago hemen. Zahartu egin naiz eta orain ezin dut sagurik harrapatu, eta etxekoandreak ito egin nahi ninduen. Justu-justuan egin dut ihes, baina orain ez dakit zer egin. –Lasai, lasai; zatoz gurekin Bremenera. Hango bandan musika joko dugu, eta zuk turuta joko duzu. Katua ere konforme geratu zen, eta hirukoteak aurrera jarraitu zuen. Hirukotea oilategi batera iritsi zenean, hango oilar zaharra kukurrukuka hasi zitzaien. –Nori deitzen diozu, oilar? –galdetu zioten. –Ez diot inori deitzen. Negarrez ari naiz. Zaharra naizela eta isiltzeko esaten didate oilategian, gizentzen naizenean hil eta jan egingo nautela etxekoek. –Guk abeslari bat behar dugu taldean. Zatoz gurekin. Bremengo bandako abeslari izango zara. Oilarrak ere baietz esan zuen. Eta laurak Bremen bidean zihoazela, ilundu egin zitzaien. Halako batean, argi txiki bat ikusi zuten. –Han etxe bat dagoela ematen du, goazen bertara. Hurbildu ziren bertara, eta astoak, denetan handiena zelako, leihoko kristaletik begiratu zuen. –Lapur batzuk daude hor barruan, eta mahaia prestatuta daukate afari ederra egiteko. –Guk daukagun gosea eta mahaia janariz beteta? Ai, hortxe bageunde! A zer tripakada! Garbi zegoen, bada. Zerbait jan nahi bazuten, lapurrak bota egin behar zituzten etxe hartatik. –Igo nire gainera, aa, aa, aa! –esan zion astoak arrantzaka txakurrari. –Katu, orain zu nire gainera, uau, uau, uau! –esan zion txakurrak zaunkaka katuari. –Oilar, orain zu nire gainera, miau, miau, miau! –esan zion katuak miauka oilarrari. A zer nolako dorre luzea osatu zuten! Astoak “bat, bi eta hiru” esandakoan, laurek batera ekin zioten: astoa arrantzaka, txakurra zaunkaka, katua miauka eta oilarra kukurrukuka. Beldurgarrizko zaratak atera zituzten, eta, kristalak hautsi ondoren, laurek batera salto egin zuten etxe barrura. –Mamu gaiztoren batzuk ote dira? Eta lapurrek korrika bizian ihes egin zuten. Orduan, lau musikariek lasai jan eta edan zuten. Lapurrak ez ziren gehiago etxe hartara joan. Astoak, katuak, txakurrak eta oilarrak Bremengo banda osatu zuten eta erromeria alaiak egiten zituzten. Eta hau egia ez bada, eman haizeari zigorkada.