HANSEL ETA GRETEL Behin batean, ba omen ziren Hansel eta Gretel izeneko bi neba-arreba, aitarekin eta amaordearekin etxe zahar batean bizi zirenak. Oso behartsuak ziren, eta, gehienetan, ez zuten zer janik izaten. Amaordea oso gaiztoa zen; ez zituen haurrak batere maite, eta etxetik bota nahi zituen nola edo hala. Behin, hala esan zion aitari: –Etxe honetan ez dago zer janik. Begira Hanseli eta Greteli, gero eta argalago daude. Etxean geratzen badira, goseak hilko dira. –Hala da, baina…, zer egin dezaket nik? –esan zuen aitak etsita. –Bihar mendira eramango ditugu. Beharbada, norbaitek aurkitu eta zainduko ditu –esan zuen amaordeak. Aitak ez zuen horrelakorik egin nahi, baina amaordeak ez zion bakerik ematen; ume haiek etxetik alde egiten ez bazuten, denak gosez hilko zirela esaten zion. Aitak amore eman zuen azkenean. –Arrazoi duzu. Etxean goseak hilko dira. Mendian, berriz, biziko dira agian. Hanselek eta Gretelek dena entzun zuten aldameneko gelatik. Gretel negarrez hasi zen triste-triste. Hansel oso mutiko ausarta zen, eta hala esan zion arrebari: –Ez negarrik egin, Gretel. Plan bat bururatu zait. Zatoz nirekin. Eta kanpora irten eta harri koskor txuri-txuriak bildu zituzten. Hurrengo goizean, aitak eta amaordeak mendira eraman zituzten haurrak. Hanselek eta Gretelek, aldian behin, harri koskorrak botatzen zituzten bidean. Urrutiko mendi batera iritsi ziren. Orduan, amaordeak esan zien: –Aita eta biok egur bila goaz. Zuek geratu hemen jolasean; gero etorriko gara zuen bila. Hori esan eta joan egin ziren. Udaberria zenez, Hansel eta Gretel loreak biltzen eta txori-habien bila ibili ziren denbora pasatzeko. Baina inor ez zen agertu. Ilundu egin zuen, eta haurrak bakar-bakarrik zeuden mendian. Hala ere, ilargi betea zegoen, eta ondo ikusten zen gauean. –Zer egingo dugu orain? –esan zuen Gretelek beldurtuta. –Ez larritu, Gretel. Bidean bota ditugun harri koskorrei jarraituz-jarraituz, etxeraino iritsiko gara. Eta halaxe egin zuten. Goizalderako etxean ziren berriro. Aita oso pozik jarri zen bere umeak ikustean. Amaordea, berriz, haserretu egin zen, baina ez zuen ezer esan. Hansel eta Gretel etxean geratu ziren. Baina igaro ziren aste batzuk, eta gero eta miseria handiagoa zegoen etxean. Orduan, amaordeak hala esan zion aitari: –Etxe honetan ez dago zer janik. Umeak etxean geratzen badira, goseak hilko dira, eta gu ere bai. –Eta zer nahi duzu egitea? –erantzun zion aitak etsita. –Zuk inoiz ez dakizu zer egin, baina nik bai. Bihar ogi puska bat eman, eta urrutiko mendi batera eramango ditugu. Hanselek eta Gretelek dena entzun zuten oraingoan ere. Hurrengo goizean, amaordeak hala esan zien haurrei: –Tori ogi zati hau, eta goazen; mendira joan behar dugu. Eta mendirantz abiatu ziren tipi-tapa. Hansel pixka bat atzerago zihoan, eta tartean-tartean ogi-apurrak botatzen zituen, gero bueltakoan bidea aurkitzeko. Mendira iritsi zirenean, amaordeak hala esan zien haurrei: –Aita eta biok egur bila goaz. Zuek geratu hemen jolasean, berehala etorriko gara-eta. Baina ez ziren etorri. Gau hartan ez zegoen ilargi betea eta ez zen ezer ikusten. Beraz, Hanselek eta Gretelek mendian lo egin zuten. Eguna zabaldu zuenean, ogi-apurren bila hasi ziren etxera itzultzeko. Baina ez zituzten aurkitu, txoriek ogi-apur guztiak jan zituztelako. Egun osoa galduta ibili ziren. Ilunabarrean, baso batera iritsi ziren eta etxe baten argia ikusi zuten. Basoko etxera hurbildu zirenean, zur eta lur geratu ziren. –Hansel, etxe hau txokolatezkoa da! –esan zuen Gretelek harrituta. Eta nola goseak zeuden, txokolatezko horma zati bat jaten hasi ziren mauka-mauka. Orduan, atso itsusi bat irten zen txokolatezko etxetik. –Hara, hara! Gose handia duzue, e? –esan zien–. Sartu, sartu barrura eta afari goxo-goxoa emango dizuet. Hansel eta Gretel etxe barrura sartu ziren. Baina, orduan, atsoak Hanseli besotik heldu eta bultzada batez kaiola handi batean sartu zuen. Gero atea itxi zuen, braum! –Ja, ja, ja! Zuri nahi adina janari emango dizut, bai! Eta potolo-potolo jartzen zarenean, patata frijituekin jango zaitut. Atso hura sorgin gaizto bat zen. Oso modu xelebrean hasi zen hizketan bat-batean. –Zinkili-zankala, mutiko hau da hezur eta azala, bere arreba honek gizendu dezala –esan zuen sorginak. Gretel beldurrak dardarka zegoen bazter batean. –Zinkuran-zinkarin, ez al duzu entzun, kaskarin? –esan zion zakar-zakar sorginak–. Hasi afaria prestatzen berehala! Zure neba gizendu behar duzu. Sorginak janari asko prestatzera behartzen zuen Gretel; baina dena Hanselentzat zen, sorginak mutila gizengizen egin eta jan egin nahi zuelako. Greteli, berriz, eltzeko hondarrak bakarrik ematen zizkion. Goizero, sorgina Hanselengana joan eta eskuko hatz lodia erakusteko esaten zion, zenbat gizendu zen ikusteko. –Zinkuri-zinkira, erakutsi hatz lodia. Hansel, ordea, konturatuta zegoen sorginak ez zuela oso ondo ikusten, eta amarrua egiten zion: hatzaren ordez, oilasko hezur bat erakusten zion. Sorginak oilasko hezur mehe hura ukitzen zuenean, haserre esaten zuen: –Zinkili-zinkulu, jan eta jan egiten duzu, baina ez zara batere gizendu. Eta orduan errieta egiten zion Greteli, betiko leloa errepikatuz. –Zinkili-zankala, mutiko hau da hezur eta azala, bere arreba honek gizendu dezala. Eta janari gehiago eta gehiago prestatzera behartzen zuen Gretel gaixoa. Behin, ordea, sorgina nazkatu zen zain egoteaz eta, gizen edo argal, Hansel egun hartan bertan jatea erabaki zuen. –Zinkili-zinkalau, sardina bakalau! Gaur bertan jango zaitut, ri-rau! Eta Greteli zakar-zakar esan zion: –Zinkuran-zinkarin, piztu labea arin, neska kaskarin! Gaur bertan jan behar dut zure neba hori. Gretelek labea piztu zuen. Sorgina hurbildu zen labera, eta orduan, braust!, Gretelek bere indar guztiarekin bultzatu zuen sorgina labe barrura. Eta hantxe erre zen sorgin gaizto hura. Gero, Gretelek kaiolako atea zabaldu zion nebari. Hartu zituzten sorginak etxean zituen diru guztiak eta ihes egin zuten handik. Aintzira batera heldu ziren. Orduan, ahate erraldoi bat agertu zitzaien, eta esan zien: –Kuak, kuak! Jarri nire gainean, eta nahi duzuen tokira eramango zaituztet. Haurrek etxera eramateko eskatu zioten ahateari. Ahatearen gainean hegan zihoazela, basoak eta zelaiak loretan ikusi zituzten. –Ua! Zein ederra den udaberria! –esan zuen Gretelek. Etxera iritsi zirenean, eskerrak eman zizkioten ahateari. –Kuak, kuak! Ez horregatik! –erantzun zien ahateak. Neba-arrebak etxera sartu ziren. Amaordea hilik zen ordurako, baina aita pozak txoratzen jarri zen semealabak ikusi zituenean. Hanselek eta Gretelek, sorginari ostutako diruari esker, etxe hartan ez zuten inoiz gehiago goserik pasatu. Eta handik aurrera, oso pozik eta zoriontsu bizi izan ziren.