GALTXAGORRI LANGILEAK Munduan beste asko bezala, behin batean, Xixilio izeneko gizon behartsu bat bizi zen kostaldeko herri batean. Oso zorte txarra zuen Xixiliok. Egiten zuena egiten zuela gaizki ateratzen zitzaion. Behin mahasti bat jarri zuen, eta ekaitzak eta harriak dena hondatu zioten. Beste behin behi bat erosi zuen, baina gaixotu eta hil egin zitzaion. –Arraioa! Hau da bizitza petrala! –kexatzen zen Xixilio. Etsita zegoen Xixilio. Gero eta behartsuagoa zen eta ez zekien zer egin bere zorte txar hura gainetik kentzeko. –Arraioa! Hemen sorginkeriaren bat dago –esaten zuen. Egun batean atzera eta aurrera zebilen, zer egin pentsatuz. Eta konturatu gabe herritik kanpora zegoen baserri batera iritsi zen. Atso sorgin bat bizi zen han. –Arraioa! Hemengo sorginak zerbait argituko dit akaso. Atea kas-kas jo eta sorginak zabaldu zion atea. –Zungulutru, zer behar duzu? –esan zion sorginak. Orduan, Xixiliok zer gertatu zitzaion esan zion sorginari. –Zangalatra, patu txarra! Zengeletre galtxagorriek konponduko dute! Eta hala, “zangalatra eta zengeletre”ka zer egin behar zuen azaldu zion sorginak. Baionara joan behar zuela esan zion eta barruan lau galtxagorri zituen orratz-ontzi bat erosteko hango denda batean. –Zingilitri, barruan lau galtxagorri dituen orratz-ontzia erosi. Xixilio Baionara joan zen. Baina ezin zuen sorginak esandako denda aurkitu. Azkenean, ia etsita zegoenean, sartu zen denda batera eta: –Zungulutru, zer behar duzu? –galdetu zion dendariak. Hura entzun zuenean, pozik jarri zen Xixilio. Bilatzen zuen denda aurkitu zuela konturatu zen. Dendaria ere sorgina zen. Hala, barruan lau galtxagorri zituen orratzontzi bat eskatu zion dendariari. –Zongolotro, urrezko diru bat du balio –esan zion dendari sorginak. Xixiliok ordaindu zion urrezko dirua eta, orratz-ontzia hartuta, etxera joan zen pozik. Etxean orratz-ontzia zabaldu eta berehala atera ziren lau galtxagorriak. –Txitxirio-barbantzu, zer lan agintzen duzu? –galdetu zioten galtxagorriek. –Arraioa! Zoazte sorora eta erein garia –agindu zien Xixiliok. Galtxagorriak joan ziren sorora eta berehala erein zuten garia. –Txitxirio-barbantzu, zer lan agintzen duzu? –berriz ere galtxagorriek. –Arraioa! Baaa, zoazte teileriara, ekarri teila berriak eta konpondu etxeko teilatua –agindu zien Xixiliok. Eta bai azkar egin ere, di-da!, eta Xixilio konturatzerako berrituta zegoen teilatua. –Txitxirio-barbantzu, zer lan agintzen duzu? –ostera ere galtxagorriek. –Arraioa! Baaa, zoazte basora, inausi zuhaitzak eta adarren egurrarekin egin ezazue txabola bat. Joan ziren galtxagorriak basora, inausi zituzten zuhaitz adarrak eta egurrarekin txabola egin zuten amen jesus batean. –Txitxirio-barbantzu, zer lan agintzen duzu? –berriro galtxagorriek. Etxeko hormak konpontzeko, ur-putzu berri bat egiteko eta behiak jezteko agindu zien Xixiliok. Baina eguna bukatu baino lehen galtxagorriek eginak zituzten lan guztiak. –Txitxirio-barbantzu, zer lan agintzen duzu? –galdetu zioten berriro. –Arraioa! Baaa, baaa... –Xixilio estu eta larri zegoen–. Joan zaitezte errekara, har itzazue errekaharriak eta egizue zubi bat. Joan ziren galtxagorriak errekara, hartu zituzten harriak eta zubi bat egin zuten afal ordurako. –Txitxirio-barbantzu... –hasi ziren galtxagorriak ostera ere. –Bai, bai, bai! –eten zien pazientzia galduta Xixiliok–. Lana behar duzue, badakit. Baina ez dakit zer gehiago agindu. Lan guztiak eginak daude. Orduan, galtxagorriak oso urduri jarri ziren. –Txitxirio-barbantzu, txitxirio-barbantzu..., zer lan agintzen duzu? –zioten behin eta berriro. Xixiliori, ordea, ez zitzaion ezer bururatzen. Orduan galtxagorriek esan zuten: –Barbantzu-txitxirio, isilik dago Xixilio. Hori esan eta Xixiliok lehen agindutako guztia atzekoz aurrera egiten hasi ziren. Sorora joan eta gari haziak atera zituzten lurretik. Teilatura igo eta teila guztiak kendu zituzten. Txabola desegin, hango egurrak hartu, haiekin adarrak egin eta zuhaitzei erantsi zizkieten. –Arraioa! Baina, baina... zertan ari zarete? –galdetu zien haserre Xixiliok. –Barbantzu-txitxirio, isilik dago Xixilio –erantzun zioten galtxagorriek. Eta lan guztiak alderantziz egiten jarraitu zuten. Etxeko hormak puskatu zituzten. Eta ur-putzua hondarrez bete zuten. Eta behiei esnea sartu zieten berriro titietatik. Eta zubia desegin eta errekara bota zituzten harriak atzera. Bat-batean, ideia bat etorri zitzaion Xixiliori. –Aizue, aizue! Hartu bahe hau eta ekarri hemen errekako ura. Galtxagorriek hartu zuten bahea eta errekatik ura ekartzen saiatu ziren. Baina ezin, urak bahearen zuloetatik ihes egiten zuen-eta. Orduan, galtxagorriak joan ziren Xixiliorengana eta esan zioten: –Ezinezko lana agindu diguzu. Beraz, bagoaz hemendik eta ez gaituzu gehiago ikusiko. Eta galtxagorriak desagertu egin ziren. Lasaitu ederra hartu zuen Xixiliok. Pentsatu zuen hobe zela bere zorte txarrarekin jarraitzea, bizi osoan galtxagorri ipurterre haiei aginduak ematen jardutea baino. Gainera, zer arraio!, zorte txarra ere ez da izaten betiko. Hau hala bazen, ez bazen, Xixilio, behintzat, lasai asko geratu zen.