AZENARIO ERRALDOIA Gau batean, Ander ohera joan zen beti bezala, eta erraldoien lurraldean ibili zen ametsetan. Erraldoien lurraldean dena handia izaten da: etxeak, zuhaitzak, barazkiak, haurrak, jostailuak... Azkenerako, hango erraldoi baten lagun egin zen. Berarekin hizketan denbora luzez egon ondoren, honela esan zion agurtzerakoan: –Tori, Ander, oparitxo hau. Baina ez da etxean edukitzeko. Baratzea da honentzat lekurik onena. Hartu zuen erraldoiaren oparia, eskerrak eman zizkion eta, bat-batean, esnatu egin zen. Inoiz ez zitzaion halakorik gertatu. Erraldoiak ametsetan emandako oparia eskuetan zeukan orain. “Baina nola liteke, ordea?”, pentsatu zuen bere artean. Gaineko papera kendu zion opariari eta hazi handi, beltz, biribil samar bat zen. Baina ez zekien ondo zer landareren hazia zen. “Non erein behar dut orain nik hau?”, galdetu zion bere buruari. Arratsalde hartan bertan, aitonaren baratzera joan zen Ander, eta hantxe erein zuen erraldoiak emandako hazia. Ura ere bota zion. Inork ez zuen baratzean lan hura egiten ikusi eta, isil-isilik alde egin zuen handik. “Zer landare aterako ote da hazi horretatik?” pentsatzen zuen etxera bidean. Handik egun batzuetara, aitona Anderren etxera joan zen bazkaltzera. –Zer moduz zure baratze hori? –galdetu zion amak. –Ondo, ondo. Baina egun hauetan erabat harrituta nago –erantzun zion aitonak. –Zer dela eta zaude, ba, harrituta? –Izugarrizko azenario landare handia azaldu da baratzean, nik ez dut inoiz halakorik ikusi. Eta, gainera, aurten ez dut nik azenario hazirik erein baratzean. –Haizeak ekarriko zuen hazia –esan zion Anderrek. –Edo txoriren batek mokoan ekarriko zuen bestela –esan zion amak. Oso era harrigarrian ari zen hazten azenario hura. Egun gutxitan, hiru urteko haur bat baino altuagoa egin zen, eta handik laster, zuhaitz koskor baten altuera hartu zuen. Zer zen hura, ordea? Bere aitonaren baratzean munduko azenariorik erraldoiena zegoen. Baina ez pentsa aitona gustura zegoenik. Ez horixe! Inguru hartako untxi guztiak baratzean sartzen ziren azenarioa jatera. Han ibiltzen zen aitona egun guztian, makila bat eskuetan hartu, eta untxiak baratzetik bidali ezinda. Baina ez zen hori okerrena izan. Goiz batean, aitona baratzera joan zenean, basurde bat ikusi zuen azenarioa jaten. Hurbildu zitzaion aitona bere makilarekin eta basurdea atzetik segika hasi zitzaion. Azkenean, korrika-saio luze baten ondoren, muturrarekin bultza egin eta lurrera bota zuen basurdeak gure aitona gizajoa. Galtzak hautsita eta ipurdia bistan zuela utzi zuen. Aitona estu eta larri etxera joan zenean, galdetu zion amonak: –Baina non ibili zara, gizona, ipurdia bistan duzula etxera etortzeko? Barregarri zaude! –Nazkatu naiz oraintxe. Ez dut azenariorik gehiago nahi baratzean –esan zuen aitonak orduan. Amonari ere ongi iruditu zitzaion, eta, hurrengo goizean, biak joan ziren baratzera azenarioa ateratzeko asmoz. Han ari ziren aitona-amonak arnaska, indarka eta puzka. –Heldu ongi lehenengo. Biok batera! –esaten zuen aitonak. –Bai. Bat, bi eta hiru! –amonak. Baina azenarioa ez zen mugitu ere egiten. Orduan, aita, ama eta Ander joan ziren laguntzera. Aitonak azenarioari heldu zion, amonak aitonari, aitak amonari, amak aitari eta Anderrek amari. –Heldu denok elkarri ongi! Orain! Tira indar guztiarekin. Denok batera! Ieuuu...! Baina hala ere ezin. Behin eta berriro hankaz gora erori ziren denak. Eta azenarioa pixka bat mugitzea besterik ez zuten lortu. Azenarioa erori ordez, geu erori gara lurrera. Hau kolpea! –esan zuen amak. –Alferrik gabiltza. Jende gehiago behar da hemen –aitak. Azkenean, hamar lagunen artean, eta traktore baten laguntzaz, atera zuten lurretik azenario erraldoia. Gero, herriko plazara eraman zuten denen artean. Eta, han, entsalada erraldoi bat prestatu zuten azenario erraldoiarekin, ontzi erraldoi batean. Herritar guztiek nahikoa jan zuten, eta, gero, festa erraldoi bat antolatu zuten soinu, dantza eta jokoekin.