SASI GUZTIEN GAINETIK Behin batean, mendi arteko herrixka batean, Maren izeneko neskato bat bizi zen. Inguru haietan sorgin asko bizi izan ziren garai batean, eta oraindik ere aurki zitezkeen haien arrasto batzuk. Amonak sorginei buruzko ipuin asko kontatzen zizkion Mareni, eta maiz eramaten zuen arratsalde-pasa haiek bizi izandako kobazuloetara. Mareni asko gustatzen zitzaizkion sorginen kontuak, eta berak ere sorgin izan nahi zuela erabaki zuen. –Amona, nik ere sorginek bezala hegan egin nahi dut. –Horretarako, sorgina izan behar da, eta hori ez da hain erraza... Sorgin izateko kontu hura buruan jira eta buelta zerabilen Marenek. Sorginen ipuinak arretaz begiratzen zituen; haien hizkera, haien janzkera, haien ibilera... Behin, erabaki bat hartu zuen: ipuinetan ikusten zituen sorginen tresnak erosiko zituen. Hala, bera ere sorgin egingo zen. Horretarako, ordea, dirua behar zuen. Itsulapikoa hartu eta puskatzen hasi zen: –Zertan ari zara, Maren? —galdetu zion amak. –Ikusten duzu, itsulapikoa puskatzen. –Eta zertarako? jakin badaiteke? –Sorgin-erratza erosi nahi dut. Amak ez zion ezer esan. Azken batean, Marenen dirua zen itsulapikoan zegoena, eta batek nahi duena egiten du bere diruarekin. Maren, dirua poltsikoan sartu, eta supermerkatura abiatu zen. Supermerkatua handia zen, eta pasilloetan erratzen bila erdi galdurik zebilela, saltzaile bat inguratu zitzaion: –Zeren bila zabiltza, neskato? –Erratz baten bila. –Eta? Nolako erratza nahi duzu? –Dendan daukazun ederrena. Hegan egiteko da. –Barkatu, baina guk ez dugu erratz hegalaririk saltzen! –Ez kezkatu horregatik. Zuk emadazu daukazun erratzik ederrena! Neskato hura txantxetan ari zela pentsatu zuen saltzaileak, baina, beste bezero bat inguratu zitzaion, eta arreta harengan jarri zuen. Mareni erratza azkarazkar eman eta beste bezeroagana joan zen saltzailea, barrez-barrez. Maren poz-pozik zegoen bere erratzarekin. Etxera itzuli bezain laster, hartu zuen erratza hanken artean eta terrazara atera zen. Salto txikiak ematen hasi zen, baina ezin hegan egin. Hura ikusita, amak harriturik galdetu zion: –Zertan ari zara, Maren? –Erratza erosi dut eta hegan egin nahi nuke. Baina ezin dut. –Ondo pentsatu, Maren. Sorgina izatea ez da erraza. Hala ere... ez al zaizu beste zerbait falta? –Zerbait falta? Erratza badut… Amatxok arrazoi zuen. Zerbait falta zuen. Sorginak kapela jantzita ibiltzen dira beti. Eta berak ez zuen kapelarik. Kapela erostera joan beharko zuen. Dirua poltsikoan sartu, eta dendara abiatu zen. Kapela gehiegi zegoen denda hartan: mendira joatekoak, hondartzarako kapelak, lastozkoak, oihalezkoak… Baina ez zuen inon sorginen kapelarik ikusten. Dendaria inguratu zitzaion eta esan zion: –Zeren bila zabiltza, neskato? –Kapela baten bila nabil. –Denda egokira etorri zara kapela erostera. Eta nolakoa nahi duzu? –Sorginen kapela nahi dut. Hegan egiteko da. –Guk ez dugu sorginen kapelarik. –Ez kezkatu. Emadazu punta zorrotza duen kapelarik ederrena, eta moldatuko naiz! Neskato hark burutazio xelebreak zituela pentsatu zuen dendariak, baina bezeroak zain zeuzkanez, Mareni kobratu eta bere lanean jarraitu zuen. Etxera itzuli zenean, erratza hanken artean hartu, kapela jantzi eta terrazara atera zen. Salto txikiak ematen hasi zen, baina ez zen hegan hasten. Amatxok esan zion: –Zer gertatzen zaizu, Maren? –Erratza badut, kapela ere erosi dut eta hegan egin beharko nuke. Baina ezin dut! –Ondo pentsatu, Maren. Sorgina izateko ez al zaizu beste zerbait falta? –Beste zerbait? Erratza badut, kapela ere badut… Amatxok arrazoi zuen. Zerbait falta zuen. Hegan egin aurretik, sorginek liburu magikoa irakurtzen zuten beti. Eta berak ez zuen halako libururik. Sorginen liburu magikoa erostera joan behar zuen. Dirua poltsikoan sartu, eta liburu-dendara abiatu zen. Era guztietako liburuak zeuden denda hartan, ipuinak eta eleberriak, eskolarako liburuak eta komikiak, baina ez zuen han sorginen libururik ikusten. Dendaria inguratu zitzaion eta galdetu zion: –Zeren bila zabiltza, neskato? –Liburu baten bila. –Liburuak erosteko denda egokira etorri zara. Eta nolakoa nahi duzu? –Sorginen liburu magiko bat nahi dut. –Badaude sorginei buruzko liburu batzuk, baina ez dut uste magikoak direnik. –Ez du axola. Zuk emadazu horietako bat eta moldatuko naiz. Liburua ordaindu eta, pozaren pozez, hegan egiteko behar zuen guztia bazuela pentsatuz, etxera itzuli zen Maren. Erratza hanken artean hartu, kapela jantzi buruan eta liburua eskuetan zuela, balkoira joan zen. Salto txikiak ematen hasi zen, baina ezin hegan egin. Amatxok esan zion: –Zer gertatzen zaizu, Maren? –Erratza badut, kapela eta liburu magikoa ere bai, eta hegan egin beharko nuke. Baina ezin dut! Zer falta zait, ama? –Ondo pentsatu, Maren. Sorginek ez al dute zerbait esaten hegan hasi aurretik? –Ah, bai! Hitz magikoak! –Hala da, Maren! Hegan egiteko, hitz magikoak behar dituzu. –Erratz gainean, banoa hegan!… Kaka zaharra! Horiek ez dira benetako hitz magikoak! Liburuan begiratu zuen, baina ez zuen hegan egiteko hitz magikorik aurkitu. Izan ere, dendariak esan zion bezala, liburu hura ez zen benetako sorginen liburua. Eta ondo pentsatuta, erratza ere ez zen sorginen erratza, ezta kapela ere sorginen kapela. Inozo hutsa izan zen pentsatzean tresna horiek erabiliz hegan egingo zuela! Guztiz atsekabetuta zegoen Maren. Eta ganbarara igotzea pentsatu zuen. Traste zaharrez beteta zegoen ganbara. Leiho azpian, kutxa zahar bat ikusi zuen. Zer egongo ote zen han barruan? –Ama, Ama! Aurkitu ditut! Aurkitu ditut! —oihu egin zion Marenek. Amak, eskaileretara inguratuta, erantzun zion: –Zer diozu? Zer aurkitu duzu? –Hemen daude sorginen tramankulu guztiak. Baita sorginen liburu magikoa ere! –Amona txikia zenekoak izango dira! –Amonarenak? Sorgina al da ba? –Baietz egingo nuke! Marenek kutxako erratza, kapela, eta liburua hartu zituen. Liburua ireki eta hitz magikoak aurkitu zituen. Balkoira irten eta: Sasi guztien gainetik, hodei guztien azpitik… Klik! Hitz horiek esan, eta hara non hegan hasi zen Maren erratzaren gainean! Hasieran, kosta egin zitzaion zuzen mantentzea, baina poliki-poliki ikasiz joan zen. Lainoetara inguratzen ari zela, beste sorgin hegalari bat ikusi zuen. Eta nor izango eta… –Baina Maren, zer egiten duzu hemen? –Kaixo, amona! Ni ere sorgina naiz! Hegan egin dezaket! –Ganbarako kutxan aurkitu al dituzu nire txikitako jantziak? –Bai. Eta baita liburu magikoa ere. Erakutsiko al didazu itzulipurdiak ematen? –Nola ez ba, ilobatxo maitea. Jarri eskuak horrela eta hankekin… Amona eta bilobak elkarrekin joan ziren hegan.