San Joan bezperako gaua magikoa izan ohi da. Gau horretan maisu Joxe, ikasleen laguntzarekin, sutzarra egin nahian zebilen eskolako lorategian. Maisu Joxek eskuak poltsikoan sartu zituenean pospolorik ez zeukala ohartu zen. Zer egin jakin gabe, zozo-aurpegiz, Jurgeni begira gelditu zen: –Arraioak! Surik ez daukat eta. Nola piztu behar dut sua? Jurgenek esan zion: –Ederra kontua! Pospolorik gabe jai daukagu! Jurgen, ekaineko eguzkipean lanean arituta, izerdi patsetan zegoen. Ez zegoen ondo, beharbada. Kopeta itxuragabe ari zitzaion berotzen mutikoari, eta, egonezinez edo logurez, betazalak ixten ari zitzaizkion… Ustekabean, baso handi baten erdian azaldu zen Jurgen. Erabat harrituta zegoen. Nola agertu zen han? Basoan barrena zihoala, batera eta bestera begira, gizon handi iletsu batekin egin zuen topo. Esan zion Jurgenek: –Kaixo. Ni Jurgen naiz. Eta zu, nor zara? –Ni Basajaun naiz, inguruko izakirik jakintsuena. Oihan ilunetan bizitzea dut gogoko. –Basajaun jauna, horren jakintsua izanda, jakingo duzu nola egiten den sua, ez da hala? –Jakina badakidala nola egiten den sua! Jurgenek pentsatu zuen “gizon handikote honek argituko dit eskolako sua nola piztu”, eta esan zion Basajauni: –Sanjoanak ospatzeko sutzar bat egin nahi dugu, baina ez dakit nola piztu sua. Lagunduko al didazu? –Ez horixe! –Zergatik ez? –Gizakiak axolagabe batzuk zaretelako. Sua nola pizten den erakutsiko banizu, basoa erre zenezake, edo nire ile luze ederrak kiskali. Ez dizut erakutsiko! Eta sua nola pizten zen jakin gabe alde egin behar izan zuen Jurgenek. Ibilian-ibilian, kobazulo bat aurkitu zuen Jurgenek. Sartu zen han eta erraldoi itsusi handi-mandi bat ikusi zuen. Infernutik ateratakoa zirudien. Kopeta oso iluna zuen, eta erdi-erdian begi bakar bat, ia kopeta bera bezain handia. Jurgenek esan zion: –Kaixo. Ni Jurgen naiz. Zuk nola duzu izena? Munstroak erantzun zion: –Ni Tartalo naiz. Mingainarekin ezpainak busti zituen Tartalok. –Hurbil zaitez pixka bat. Ez zaitut ongi ikusten. Jurgen, badaezpada ere, ez zen asko hurbildu: ez zion munstro hari itxura onik hartzen. –San Joanak ospatzeko sutzar bat egin nahian gabiltza baina ez dakit nola piztu. Lagunduko al didazu? –esan zion. Berarengana hurbiltzeko keinua egin zion Tartalok eskuarekin. Esan zuen: –Bai, lagunduko dizut. Baina lehenik, zatoz nigana. –Ez –erantzun zion Jurgenek beldurtuta. –Zatoz hona edo ni joango naiz zuregana –esan zion Tartalok ahots beldurgarriarekin. Oraingoan erabat ikaratu zen Jurgen eta ihesi abiatu zen maldan behera, atzetik Tartalo gaiztoa zuela. –Harrapatuko zaitut! –esaten zuen–. Harrapatuko zaitut! Baina ez zuen harrapatu. Jurgenek korrika jarraitu zuen denbora luzez, eta kobazulotik urruti samar zegoen ibaiertz batean neskatxa batekin egin zuen topo. Oso ederra zen. Inoiz ikusitako politena. Oinak ibaian sartuta zituen eta urrezko orrazi batez ilea orrazten ari zen. –Kaixo. Ni Jurgen naiz. Nola duzu izena? –Ni Erreka Mari lamina naiz. Jurgenek irribarre egin zion. Pentsatu zuen: –Horrelako neska polit batek lagunduko dit, seguru. Jurgen seguru zegoen halako neska eder batek lagunduko ziola, eta honela esan zion: –San Joanak ospatzeko sutzar bat egin behar dugu baina ez dakit sua nola piztu. Lagunduko al didazu sua egiten? –galdetu zion laminari. –Ai, koittadua ni! Ezin dizut lagundu, oso bustita nago sua egiteko! Gainera, oso lanpetuta nabil nire ile ederra atontzen. Eta horrelaxe jarraitu behar dut, eder izateari ez diot utzi nahi eta. Beraz, handik ere surik gabe joan zen, kopetilun. Nazkatzen hasia zegoen Jurgen suaren kontu harekin. Sua egiten lagunduko zionik ez zuela aurkituko iruditzen zitzaion. Hala ere, ibiltzen jarraitu zuen eta, ustekabean, Anboto mendira iritsi zen. Han, leize antzeko batean, emakume dotore bat aurkitu zuen, pertz batean salda goxoa prestatzen. –Kaixo. Ni Jurgen naiz –esan zuen Jurgenek. –Eta ni Mari. Eser hadi hor. Salda goxoa hartuko diagu biok. Pasatutako guztiak pasatu ondoren, eskarmentatuta zegoen Jurgen, eta ez zen batere fidatzen. Pentsatu zuen: "Inork ez dit sua egiteko laguntzarik eskainiko. Neuk moldatu beharko dut nire kontura." Pertza berotzen ari zen sutan zotz luze bat ikusi zuen, garra zeriola, eta esan zion bere buruari: –Horrekin piztuko dut sanjoanetako sutzarra. Mari saldarentzat gatz bila joan zenean, zotz piztu hura hartu zuen Jurgenek. Baina Marik ikusi egin zuen, eta esan zion, haserre: –Zertan ari haiz? Lapurretan? –Sua behar dut sanjoanak ospatzeko –esan zion Jurgenek. –Sugar. Hator azkar –egin zuen deiadar Marik–. Lapur bat diagu hemen! Suzko suge bat azaldu zen leize-zulotik, eta Jurgeni hurbildu zitzaion… Suge hari ihes egin nahian zebilela, ahots bat entzun zuen: –Jurgen! Jurgen! Zer gertatu zaizu? Lo gelditu zara, ala? Zatoz atzerago edo aurpegia erre egingo zaizu… Maisu Joxe ari zitzaion deika. Gainerako ikasleak ere han zeuden. Eta denen aurrean, egundoko sutzarra! Azkenean lortu zuten sua egitea! Jurgenek pentsatu zuen: –Kaka zaharra! Lo gelditu naiz eta ez dut deus ere ikusi! Ametsetan hainbeste atzera eta aurrera egin ditut su bila eta, azkenean, ez dakit nork piztu duen benetako sua. Amorrarazita zegoen. Garrei begira gelditu zen, eta garren goiko ertzetik ziztu bizian suge itxurako sugar bat zerurantz zihoala ikusi zuen. Ingurukoek ez zioten erreparatu sugar hari, baina Jurgenek ongi ikusi zuen garren artetik sugar dotore hura zerurantz nola joan zen, hara eta hona mugituz, Jurgeni agur egingo balio bezala. Jurgenek irribarre egin zuen eta agur esan zion sugarrari. Ametsa izan, egia izan, sar dadila kalabazan eta...