TTANTTOREN OPOR SEKRETUAK Behin batean, gure lagun guztiak ikastolan zeuden, Ttantto, Arroxali, Txanogorritxo, Hiru Txerrikumeak, Pinpox eta besteak. Ekaina aurrera zihoan eta, oporrak gertu zeudenez, oso pozik zeuden denak. Andereñoa ere bai, jakina. –Ba al dakizue datorren astean oporrak hasiko direla? –galdetu zuen andereñoak. –Baiii!!! –Eta datorren urtean beste gela batean egongo zaretela? Handiak egin zirelako, eta asko ikasi zutelako, gelaz aldatuko zirela esan zien andereñoak. Ipuinen txokoan, Ttantto eta Txanogorritxo Katu Botadunaren ipuina elkarrekin ikusten jarri ziren. Nolako saltoak ematen zituen katuak bota handi haiekin! –Bota horiek banitu, saltoka-saltoka, oporretan urrutira joango nintzateke –esan zuen Txanogorritxok–. Baina amonaren etxera joango naiz, basora, amonari laguntzera. Eta zu oporretara joango al zara? –Bueno…, ezin dizut esan. Sekretu bat da –erantzun zion Ttanttok. Txanogorritxo saiatu zen Ttanttoren sekretua ezagutzen, baina alferrik izan zen. Jolas-ordua hasi orduko, Arroxali eta Txanogorritxo ikastolako patioan kromoetan jolasten hasi ziren. Txanogorritxo oraindik Ttanttoren oporren kontua burutik kendu ezinik zebilen, eta horrela esan zuen: –Ba al dakizu Ttanttok sekretu bat duela? Oporretara doa eta ez du esaten nora. –Sekretu bat? Gure artean ez dago sekreturik –esan zion Arroxalik. Eta bera Jose Anttonen etxera joango zela oporretan, uda osoan mendian bakarrik ez egotearren, esan zuen. –Eta Ttanttok zer egingo ote du oporretan? –galdetu zuen Txanogorritxok. –Nik uste dut hondartzara joango dela. Horiek bai oporrak! –Bai horixe. Neu ere gustura joango nintzateke hondartzara –esan zuen Txanogorritxok. Eta bi lagunek jolasean jarraitu zuten. Bazkaltzeko ordua iritsi zen, eta denak jangelara joan ziren, mantala jantzita. Hiru Txerrikumeak gosetuta zeuden eta bizkor-bizkor eseri ziren mahaian. Arroxali beraien alboan eseri zen. –Ba al dakizue Ttanttok sekretu bat duela? Oporretara doa eta ez du esaten nora –esan zien Arroxalik. –Sekretu bat? Gure artean ez dago sekreturik –esan zioten Txerrikumeek. Eta beraiek amatxoren etxera joango zirela, haren janari goxoarekin tripa betetzera, esan zioten. –Eta Ttanttok, zer egingo ote du oporretan? –Guk uste dugu kanpinera joango dela. Horiek bai oporrak! –Bai horixe! Neu ere gustura joango nintzateke kanpinera! –esan zuen Arroxalik. Arratsaldeko saioa hasi aurretik, siesta txiki bat egin beharra zeukaten denek. Prudentzi postariak ezin zuen lorik hartu, Hiru Txerrikumeak zurrungan ari zirelako bere alboan. –Aizue, zurrungan ari zarete eta ezin dut lorik egin! Hiru Txerrikumeek barkamena eskatu zioten, eta, adiskidetzeko, beren artean bolo-bolo zebilen albistearen berri eman zioten: –Ba al dakizu Ttanttok sekretu bat duela? Oporretara doa, baina ez du esan nahi nora. –Sekretu bat? Gure artean ez dago sekreturik –esan zuen Prudentzik. Eta berak oporretan Olentzero bisitatzera joatea pentsatua zuela esan zien, udan ez delako inor Olentzeroz gogoratzen, eta bakar bakarrik egoten delako mendian. –Eta Ttanttok zer egingo ote du oporretan? –Nik uste dut Parisera joango dela trenean. Horiek bai oporrak! –erantzun zuen Prudentzik. –Bai. Geu ere gustura joango ginateke Parisera! –esan zuten txerrikumeek. Arratsaldean, antzerki-gelara joan ziren denak. Sorginez, indiarrez, hartzez... mozorrotu ziren. Eta bai ederki! Pinpoxi, oraindik ere, asko gustatzen zitzaion arropa dotoreak janztea. Erregez ala magoz, zertaz jantzi erabaki ezinik zebilen. Prudentzirengana inguratu zen iritzi eske, baina hark Ttantto zuen buruan. –Ba al dakizu Ttanttok sekretu bat duela? Oporretara doa, eta ez du esaten nora. –Sekretu bat? Gure artean ez dago sekreturik –esan zion Pinpoxek. Dena garbi eta txukun edukitzea gustatzen zitzaionez, oporrak etxea txukuntzen igaroko zituela esan zion. –Eta Ttanttok zer egingo ote du oporretan? –galdetu zuen Prudentzik. –Nik uste dut Donostiako Akuarioa ikustera joango dela. –Bai. Neuk ere gustura asko bisitatuko nuke Donostiako Akuarioa –esan zuen Prudentzik. Arratsaldeko saioa ere bukatu zen. Lagun guztiak elkarrekin jolastera joan ziren parkera. Gorde-gordeka ari zirela, Txantxangorri Mokofina inguratu zitzaien. Agurtu bezain azkar, Ttanttoren kontuak esan zizkioten. –Ba al dakizu Ttanttok sekretu bat duela? Oporretan doa eta ez du esan nahi nora. –Sekretu bat? Gure artean ez dago sekreturik –esan zien Txantxangorriak. Eta bera hantxe geldituko zela, parkean, haurrekin jolasten, esan zien. –Eta Ttanttok zer egingo ote du oporretan? –galdetu zioten. –Nik uste dut zoo bat ikustera joango dela. –Geu ere gustura joango ginateke zoo batera! –esan zuten denek. Astea ziztu bizian pasatu zitzaien. Ikastolan oso lanpetuta egon ziren, andereñoak urteko lan guztiak bukatu nahi zituelako. Azkeneko egunean, denak pozak zoratzen zeuden oporrak iritsi zirelako. –Aupa! Oporrak iritsi dira! –oihu egin zuten. Andereñoari ere eskatu zioten bere oporren berri emateko. –Oso nekatuta nagoenez, landetxe batera joateko asmoa dut, eta han irakurri besterik ez dut egingo –erantzun zuen andereñoak. Andereñoaren plana ona izango zen andereñoarentzat, baina beraientzat erakargarriagoa zen Ttanttoren sekretua argitzea. –Eta zuk, Ttantto, zer egingo duzu? –galdetu zioten berriro. –Ezin dizuet esan, sekretu bat dela! –ihardetsi zuen. Ttanttoren oporren kontuak jakin-min handia sortu zuen. Denek jakin nahi zuten sekretu hura. Haren pauso guztiei jarraitzeko asmoz, herriko hainbat tokitan eta bazterretan ezkutatu ziren. Txanogorritxo ikastolako atea zaintzen geratu zen. Pasatu ziren orduak eta orduak, eta Ttantto ez zen eskolatik ateratzen. –Aizue, lagunok! Etorri hona! Ttantto ez da ikastolatik atera! –deiadar egin zuen Txanogorritxok. –Ziur al zaude? Ondo zaindu al duzu atea? –galdetu zioten lagunek, arnasestuka ikastolara inguratu zirenean. –Baietz, ba! Eta ez da atera. Goazen barrura! Beharbada komunean itxita gelditu da! Barrura sartu eta ikastola miatzen hasi ziren, komunetik hasita. Ttantto ez zen inon ageri eta deiadarka hasi ziren denak. Inork ez zuen erantzun, baina gure lagunek ez zuten etsi. Halako batean, Ttanttoren ahotsa entzun zuten. –Hemen nago, hemen nago! –Non? –galdetu zioten. –Hemen. Ez nizuen esan nahi, baina nik berriro liburuan sartu behar dut, eta hurrengo ikasturteko haurrei itxaron behar diet. Haiei ere ipuinak eta istorio politak kontatu behar dizkiet. –Horregatik ez zenuen esaten oporretan nora joan behar zenuen! Besarkada handi bat eman zioten eta begietan malkoak zituztela agurtu zuten. Nork kontatuko zizkien ipuinak hurrengo urtean? Auskalo! Hala bazan edo ez bazan…