JON ZIKINEN ANAIA Behin batean, bazen Jon izeneko mutil narrats bat. Beti zikin-zikin ibiltzen zen eta, horregatik, Jon Zikin deitzen zioten guztiek. Jon Zikinek ez zuen koilara edo sardexka erabiltzen jateko, hatzak platerean sartu eta mauka-mauka jaten zuen ume txiki-txikiek bezala. –Faborez, Jon, ez itzazu makarroiak hatzekin jan. Erabil ezazu sardexka –esaten zion amak. –Jo, ama! Hatzekin janda goxoago dira makarroiak –erantzuten zion Jon Zikinek. Kalera irteten zenean, topatzen zituen putzu guztietan sartzen zen Jon Zikin, eta hantxe ibiltzen zen lokatzetan plasta-plasta jolasean. Eta, noski, zapatak eta arropa lokatzez zikin-zikin eginda etxeratzen zen. –Non ibili zara, Jon! –egiten zion errieta amak hain zikin ikusita. –Putzuetan jolasean, ama! –erantzuten zion Jon Zikinek. –Ea, erantzi arropa horiek eta sartu baineran –esaten zion orduan amak haserre samar. –Ez, ama, bainerara ez, bainerara ez… –erantzuten zion negarrez Jon Zikinek. Izan ere, ura ez zitzaion batere gustatzen, eta xaboiak izua ematen zion–. Urak busti egiten du, ama, eta xaboiak begiak erretzen dizkit. Horrela ibiltzen zen beti Jon Zikin, batzuetan zikin eta besteetan zikinago. Behin, bere gelan zegoen Jon Zikin. Narrats eta hankaz gora zeukan gela, beti bezala: liburuak lurrean botata, paperak han eta hemen sakabanatuta, jostailu guztiak puskatuta, paretak zirriborroz margotuta… Orduan, Maitagarria sartu zen Jon Zikinen gelara, eta haserre esan zion: –Baina, baina… zer da hau? Tira, tira, nik gela hau txukundu egin behar dut, eta, bitartean, zu zoaz lorategira zure anaiarekin jolastera. –Nik ez dut anaiarik eta… –esan zion Jon Zikinek harrituta. –Bai, baduzu. Eta oraindik ez badakizu nor den, lasai, berak azkar asko ezagutuko zaitu-eta. Tira, zoaz –esan zion Maitagarriak. Jon Zikin joan zen lorategira eta lokatzetan jolasean hasi zen. Handik pixka batera, katagorri bat azaldu zen adarrez adar saltoka, eta hortzekin kris-kris-kris eginez, Jon Zikini begira jarri zen. –Kaixo, katagorria. Zu al zara nire anaia? –galdetu zion Jon Zikinek. Katagorria haserretu egin zitzaion orduan. –Ni zure anaia? Ezta pentsatu ere! Nik ilea garbia eta txukun-txukuna dut. Eta zu zikina eta narratsa zara –esan zion katagorriak, eta saltoka alde egin zuen handik. Geroxeago, txori txiki bat etorri zen hegan. Eta txio-txio txorrotxio eginez, Jon Zikini begira jarri zen. –Kaixo, txoria. Zu al zara nire anaia? –galdetu zion Jon Zikinek. –Ni zure anaia? Ezta pentsatu ere! –esan zion haserre txori txikiak–. Begira zein garbi eta txukun ditudan nik lumak. Zu, berriz, zikinzikin zaude. Eta hori esan ondoren, hegan joan zen txoria. Handik pixka batera, katu dotore bat azaldu zen. Etxeko teilatura igo eta miau-miau eginez, Jon Zikini begira geratu zen. –Kaixo, katua! Zu al zara nire anaia? –galdetu zion Jon Zikinek. –Ni zure anaia? Ezta pentsatu ere! –esan zion haserre katuak–. Ni txukuna eta apaina naiz, egunero garbitzen dut neure burua. Zu, berriz, ez zara inoiz garbitzen. Zorritsu halakoa! Eta hori esanda, lasterka alde egin zuen handik. Jon Zikinek jolasean jarraitu zuen lokatzetan. Halako batean, txerri bat azaldu zen kurrinka. Eta lokatzetan eseri zen Jon Zikinen ondoan, kurrinkurrin eginez. Jon Zikinek ez zion ezer esan eta, bizkarra emanez, beste aldera begiratu zuen. Baina txerria hizketan hasi zitzaion: –Kurrin-kurrin! Egun on, anaia! –esan zion txerriak. –Ni ez naiz zure anaia! –erantzun zion petral-petral Jon Zikinek. Txerriak barre egin eta hala esan zion Jon Zikini: –Kurrin-kurrin! Bai horixe! Zuk zer uste duzu, nik ez ditudala neure familiakoak ezagutzen, ala? –Gezurra! Gezurra! –esan zion Jon Zikinek. –Kurrin-kurrin! Txerrioi asko gustatzen zaigu lokatzetan zikin-zikin ibiltzea. Zu ere lokatzetan zaude zikin-zikin eginda. Beraz, ni txerria baldin banaiz, zu ere txerria zara. Ea, egin kurrin-kurrin nik bezala. –Ez, ez eta ez! Nik ez dut txerria izan nahi, ez dut txerria izan nahi –esan zuen negarrez Jon Zikinek. Eta lokatzetatik irten eta etxera joan zen korrika. Bere gelara sartu zenean, Maitagarriak txukun-txukun utzi zuela ikusi zuen. –Begira zein txukun eta garbi utzi dizudan gela, Jon –esan zion Maitagarriak. Jon Zikinek ez zion ezer erantzun, negarrez jarraitzen zuen. Orduan, Maitagarriak esan zion: –Zergatik egiten duzu negar, Jon? Ez al zaizu gustatu zure anaia? –Txerria ez da nire anaia! Ni ez naiz txerria! Ni ez naiz txerria! –erantzun zion negarrez Jon Zikinek. Maitagarriak laztan egin zion Joni goxo-goxo. –Hori zure esku dago, Jon. Zeuk aukeratu: zer nahiago duzu, orain arte bezala zikina izan eta txerriarekin joan ala nirekin etorri garbia izaten ikastera? –Zurekin joan! Zurekin joan! Nik ez dut txerria izan nahi! Ez dut kurrin-kurrin egin nahi! –esan zion Jonek. Eta, hala, Jon Zikin Maitagarriarekin joan zen, eta garbia izaten ikasi zuen. Handik aurrera, garbi eta txukun-txukun ibili zen Jon, eta inork ez zion gehiago Jon Zikin deitu. Hau hala bazan ez bazan, sartu zeure buruko kalabazan.