ARROXALI Arroxali mendian bizi da bakar-bakarrik etxetxo txiki batean. Berak bakarrik egiten ditu etxeko lanak: janaria prestatu, etxea garbitu... Arroxaliren lagunak kalean bizi dira. –Nik kalea ikusi nahi dut! –esan du Arroxalik. Joxe Anttonek honela esaten dio igandero: –Ikastolan, jolas, dantza eta marrazkiak egiten ditugu. –Ni ere joango naiz ikastolara! Gauean, bere lagunak lotan daudenean, Arroxali herrira joan da, lagunek kontatu diotena ikusteko asmoz. Arroxali ikastolara sartu da. –Zenbat gauza dagoen hemen! Jostailuak, ipuinak, marrazkiak... –Zein polita den ikastola! Gela guztia izugarri gustatu zaio. Dena ikusi ondoren, loguratu egin da eta epel-epeletan lo egiteko armairuan sartu da. Benetan lo goxoa egin du. Nolako istilua goizean haurrak gelara sartu direnean! –Non daude margoak? –Non daude ipuinak? –Gauza guztiak tokiz aldatuta daude! –Nor ibili ote da gure gelan? Gelako armairu barruan norbait dagoela konturatu dira, eta horregatik atea ireki dute. –Nor zara zu? –Ni Arroxali naiz –erantzun du negarrez. Armairutik irten ondoren: –Ikastola ikusi nahi nuen, eta horregatik etorri naiz. –Oso ondo, Arroxali; nahi al duzu, gu bezala, egunero ikastolara etorri? –Bai, nahi dut! Egunero etorriko naiz! Hau oso polita da! Eta ordutik, egunero bere lagunekin ikastolara joaten da poz-pozik. HIRU TXERRIKUMEAK Etxe batean hiru txerrikume eta beren ama bizi ziren. Egun batean, amak honela esan zien hiru txerritxoei: –Dagoeneko nahiko handiak zarete, eta hobe duzue negua etorri baino lehen zuen etxea eraikitzea. –Ongi da, ama. Etxea egin ondoren sarri-sarri etorriko gara zu bisitatzera. –Etorri nahi duzuenean, bai. Agur! –erantzun zien amak. Bidean, gizon bat topatu zuten, eta txerrikume txikiak honela esan zion: –Emango al zenidake, mesedez, lasto pixka bat nire etxea eraikitzeko? –Bai, bai, hartu behar duzun guztia. Eta txerrikumeak azkar eraiki zuen bere etxea. Bigarren txerrikumeak honela esan zuen: –Ba, nik, basoan bildutako egurrarekin egingo dut etxea. Eta hala egin zuen pixka bat kostata. Zaharrenak, berriz, harri handiak bildu zituen etxe sendo bat egin ahal izateko. –Uf, nolako pisua duten harri handi hauek! Otsoa, txerritxo txikiaren usaina jarraituz, haren etxeraino joan zen: –Tok, tok, tok. Txerritxoa, zabal ezazu atea –esan zion otsoak. –Ez, ez eta ez. Badakit otsoa zarela eta atea zabaltzen badizut jan egingo nauzula –erantzun zion txerritxoak barrutik. Eta otsoak puzka eta atzaparka txerritxoaren etxetxoa puskatu zuen. –Mesedez, lagundu…! –esan zion orduan bere anaiari. Bigarren txerritxoari gauza bera gertatu zitzaion. Otsoa etorri zenean, berriro jo zuen atea: –Tok, tok, tok. Txerritxoa, zabal ezazu atea –esan zion otsoak. –Ez, ez eta ez. Badakit otsoa zarela eta atea zabaltzen badizut jan egingo nauzula –erantzun zion txerritxoak barrutik. Eta otsoak, puzka eta atzaparka, etxetxoa puskatu zuen. Hirugarren txerritxoarekin ere gauza bera gertatu zen. Otsoa etorri zenean, berriro jo zuen atea: –Tok, tok, tok. Txerritxoa, zabal ezazu atea –esan zion otsoak. –Ez, ez eta ez. Badakit otsoa zarela eta atea zabaltzen badizut jan egingo nauzula –erantzun zion txerritxoak barrutik. Baina otsoak ezin izan zuen puskatu txerritxoaren harrizko etxearen atea, eta tximiniatik sartu zen etxe barrura. Salto egin zuen, baina, blaust!, nora eroriko eta txerritxoak janaria egosten ari ziren lapiko barrura erori zen. –Ai, ai, ai, ipurdia erre zait, ipurdia erre zait! Eta garrasika joan zen otsoa baso hartatik urrutira. TXANOGORRITXO Orain dela urte asko, soingaineko gorri bat zuelako Txanogorritxo deitzen zioten neskatila bat bizi zen. Egun batean, honela esan zion bere amak: –Txanogorritxo, amona gaixo samar dago eta zoaz bisitatzera otarre hau hartuta, baina kontuz ibili bidean. –Bai, amatxo, bizkor-bizkor joango naiz –erantzun zion Txanogorritxok. Txanogorritxo zuhaitz eta lore artean kantari zihoala, bide ondoan lanean zebilen egurgile batek galdetu zion: –Nora zoaz, Txanogorritxo? –Amonaren etxera noa. –Ba, kontuz ibili. Inguru hauetan otso goseti bat dabil eta –esan zion egurgileak. Egia zen, Txanogorritxori oihanaren erdian azaldu zitzaion otsoa. –Nora zoaz, neskatila? –Amonaren etxera. Gaixo dago eta hari janari pixka bat eramatera noa. –Eta non bizi da zure amona? –Han, bide hartatik aurrera joan eta lehenengo etxean. –Agur, Txanogorritxo –esan zion otsoak. –Agur, bai –erantzun zion Txanogorritxok. Otsoak pentsatu zuen bere artean: –“Ja,ja,ja... Lehenengo amona jango dut eta gero neskatila hau”. Eta bide laburrago batetik, korrika joan zen amonaren etxera. Tan, tan, tan... jo zuen atea. –Nor da? –galdetu zuen amonak ohetik. –Txanogorritxo naiz. Zu bisitatzera nator. –Oso ondo, bultza egin ateari eta sartu barrura. Ohean nago. Otsoa barrura sartu zen eta, kris-kraus, jan egin zuen amona. Gero, armairutik amonaren jantziak hartu, mozorrotu eta ohean sartu zen. Atea jo zuten orduan: Tan,tan,tan... –Nor da? –galdetu zuen otsoak amonarena eginez. –Ni naiz, Txanogorritxo –esan zion neskatilak–. Zuri janari piska bat ekartzera nator, amona! –Sartu barrura, ume. –Amona, bai belarri handiak dauzkazula! –Zuri hobeto entzuteko da hori, ume! –Amona, bai begi handiak dauzkazula! –Lasai, ume! Zu hobeto ikusteko dira eta. –Hortzak ere oso handiak dauzkazu, amona! –Zu hobeto jateko diraaa... –esan zion otsoak, eta ohetik salto egin zuen Txanogorritxo jateko asmoz. Etxetik irten eta, tximista baino azkarrago, korrika hasi zen Txanogorritxo, otsoa atzetik zuela. –Lagundu! Lagundu! –garrasi egiten zuen. Eta eskerrak egurgilea azaldu zen neskatilaren garrasiak entzutean. Bere aizkorarekin hantxe bertan akabatu zuen otso gaiztoa. Gero, kontuz-kontuz tripa ireki zion eta amona bizi-bizirik atera zen haren barrutik. Amonak eskerrak eman zizkion egurgileari, eta hiruren artean jan zuten Txanogorritxok otarrean eraman zuen janaria. Gero, Txanogorritxok musu eman zion amonari eta egurgilearekin itzuli zen etxera. AMETSAK AIREAN Gabon gaua hurbil zela eta, Prudentzi postaria poz-pozik esnatu zen. –Hara! Abenduaren 21a! Bertan ditugu Gabonak! Hau zoriona! –Goazen, Pintto! Olentzerori haurren eskutitzak eraman behar dizkiogu eta! –Au-au, au-au! Pintto ere Olentzerorengana joateko irrikan zegoen, goizean goizetik zaunka eta zaunka ari zen. Postariak gutun-zorroa hartu zuen eta ikastolara joan zen haurren eskutitzak jasotzera. –Olentzerori eskutitza idatzi al diozue? Gutunak jasotzera etorri naiz. –Horixe bai! Maisuak atzo lagundu zigun. –Zintzo portatu al zarete? –Bai!!!! –Orduan lasai egon, eskatutako guztia ekarriko dizue eta. Bat-batean, haize-bolada batek gelako leihoak ireki zituen eta haurren lanak hegan hasi ziren. –Hau eguraldi petrala! Gabonak bertan ditugu, baina negua ere bai. –Bai, gainera telebistan esan dute elurra egin behar duela. Maisua kezkatuta zegoen. –Baina nora joango zara eguraldi honekin, Prudentzi? –Olentzerorengana joan behar da, eta joan egingo naiz. –Baina lekutan dago Olentzeroren txabola! –Ez kezkatu, iritsiko naiz. Gainera, aurten Pinttok lagunduko dit. Prudentzi postaria eta Pintto zakurra mendirantz abiatu ziren Olentzerorengana, gutun-zorroa eskutitzez bete-beteta. –Hau da hau eguraldi petrala! Ez dut piperrik ere ikusten. Non dago Olentzeroren txabola, Pintto? –Au-au, au-au! –Elurrak bidea estali digu. Arranopola! Eta haize zakar honek eskutitzak eraman dizkigu! Pintto, harrapa itzazu! Harrapatu! Pintto eskutitzen atzetik jauzika joan zen, baina alferrik. Ez zuen gutun bat bera ere harrapatu. Prudentzi oso kezkatuta zegoen. Haizeak eskutitz guztiak eraman zituen eta ez zekien nola berreskuratu. Gutunik gabe Olentzerok ez zien haurrei oparirik eramango. –Pintto, zer egin dezakegu? Nork lagunduko digu? –Au-au, au-au! Pinttok Prudentziren prakei hortzekin heldu eta tiraka hasi zen. –Baina zertan ari zara? Nora naramazu? Prudentzik Pinttori jarraitzea erabaki zuen; zerbait erakutsi nahi zion, jakina. Elurretan luzaz eta nekez ibili ondoren, kobazulo handi baten atarira iritsi ziren. Hartzaren etxea zen. –Hara! Hartzari laguntza eskatzea nahi duzu! Zein ideia ona! Prudentzik atea jo zuen eta, denbora pixka batean itxaron ondoren, hartz ama atera zen. Ohetik jaiki berria ematen zuen; artean ileak ondo orraztu gabe zituen. Prudentzik Olentzerorentzako haurren eskutitzak galdu egin zituela kontatu zion. –Lagunduko al didazu gutun horiek biltzen? –Ez, hori ezinezkoa da. Ez al dakizu hartzok neguan lo egin behar dugula? –Bada, egia da, lo asko egin behar duzue. Barkatu esnatzeagatik. Beste bat arte! Agur! Orduan, Pinttok berriro praketatik tira egin zion eta arbola handi baten azpira eraman zuen. Bertatik goian zegoen habia handi bat ikusten zen. Zikoinaren habia zen. –Zikoina, lagunduko al didazu gutun horiek biltzen? Zikoinak ez zion erantzun. Hobeto begiratu, eta Prudentzi konturatu zen habia hutsik zegoela. –Pintto, zikoinak ezin digu lagundu, Afrikara joan da! Berriro ere Pintto Prudentziren praketatik tiraka hasi zen. Oraingoan, arbola txiki baten ondoan zegoen zulotxo batera eraman zuen, Urtxintxaren etxea zen. Hari ere laguntza eskatu zion. –Lagunduko al didazu gutun horiek biltzen? –Nola ez ba! Haurrak ezin dira Olentzeroren oparirik gabe gelditu. Urtxintxak lagunei deitu zien, eta denen artean, ziztu bizian, gutun guztiak bildu zituzten. Prudentzik urtxintxei eskerrak eman zizkien, eta, haiek basoa ondo ezagutzen zutenez, Olentzeroren txabolarako bidea erakutsi zieten. –Segi gora eta gora gelditu gabe. Kea agertuko da zeruan, Olentzeroren tximiniako kea. Keak berak erakutsiko dizue bidea. –Mila esker zuen laguntza guztiarengatik. Orain bai, orain Olentzerorengana iritsiko gara! Gora eta gora igo ondoren, kea ikusi zuten zeruan. Keari jarraituz tximinia ederreko txabola bateraino iritsi ziren: Olentzeroren txabola zen. Atea jo zutenean, Olentzerok berak ireki zien. –Zuek bai txapeldunak! Lortu duzue! Zorionak! Eguraldi txar-txarra izan arren honaino iritsi zarete eta! –Kostatu zaigu, bai, galduta ibili gara! Baina, zorionez, basoko urtxintxek lagundu digute. Hemen dituzu haurren eskutitz guztiak. –Eskerrak! Ez nituen haurrak oparirik gabe utzi nahi. Nik gutunak irakurtzen ditudan bitartean, zuek atseden hartu. Eta jan ezazue hor mahai gainean dagoen askari goxoa. Gosetuta eta nekatuta zeudenez, gustura eta oso-osorik jan zuten askaria. Pinttok ere elurra baino zuriago utzi zuen bere platera. Bitartean, Olentzerok eskutitzak irakurri zituen eta astoaren saskiak opariz bete zituen. Ondoren, Prudentzi eta Pintto laguntzaile hartuta, herrira jaitsi ziren. Ikastolan haur guztiak, Gabonetako zintzilikarioz, gela apaintzen ari ziren. Bat-batean atea ireki zen eta Olentzero, Prudentzi eta Pintto sartu ziren gelan. Hura ustekabea! –Begira, begira nor etorri den! Olentzero da! Gora Olentzero! Gora Prudentzi eta gora Pintto! Zenbat opari ekarri dituzten…! Hau poza! –Opariak denentzat ekarri ditut, baina fardel handi hau Prudentzirentzat da. –Niretzat? Zein ondo! Badakit, badakit zer den! Mila esker, Olentzero! Eta zuek ba al dakizue zer dagoen nire opari-fardelaren barruan?