IZEI TXIKIA Udazkena heldu zen, eta txori batek hegoaldera joan behar zuen bere lagunekin, lurralde epelagoetara. Urtero egiten zuen bidaia hori negua heldu baino lehen. Baina, urte hartan, gure txoriak ez zeukan hegoaldeko lurralde epeletara joaterik, ez. Hego bat hautsita zeukan, eta ezin zuen hegan ondo egin. Negua heldu zen, eta neguarekin batera hotza. Txori gaixoa, orduan, zuhaitz batengana joan zen babes bila: –Aizu, Lizar! Utziko al didazu zure hostoen artean bizitzen? Zaurituta nago eta hotzak ia hilean. –Utzidazu niri bakean, eta zoaz nahi duzun lekura! –erantzun zion lizarrak umore txarrez. Txoria, gero, gaztainondoari hurbildu zitzaion, eta galdetu zion: –Aizu, hego bat hautsita daukat eta hotzak ia hilean nago. Utziko al didazu negua zure hosto artean babesturik igarotzen? –Hemen hontza bizi da, eta nik ez dut beste txoririk nahi. Galdegiozu pagoari, edo haritzari, edo urkiari... Baina gure txoria alferrik ibili zen zuhaitzetik zuhaitzera babes bila. Denek erantzun berdina ematen zioten. Ezetz eta ezetz. Hotzez eta penaz ia hilean, izei txiki baten ondora heldu zen gure txori errukarria. Eta esan zion erdi negarrez: –Aizu, Izei, mesede bat eskatu behar dizut. Hego bat hautsita daukat, ezin dut hegan ongi egin eta hotzak ia hilean nago. Beste zuhaitz guztiek ezetz esan didate, baina zuk emango al didazu zure hosto artean negua igarotzeko baimena? –Bai, oso gustura gainera –erantzun zion izeiak errukiturik–. Jar zaitez beheko adarretan, hor epelago egongo zara. Lagun gehiago ere izango dituzu. Txori askoren etxea izaten da hau neguan. Hantxe, izei txikiaren hosto artean, igaro zituen gure txori zaurituak neguko ordurik gehienak. Zuhaitz hartan bizi ziren beste txoriek asko maite zuten, eta haiek ekartzen zioten janaria. Baina urtu ziren elurrak, epeldu zuen eguraldia eta heldu zen udaberria. Eta gure txoria sendatzen ari zen poliki-poliki. Udazkenerako txoria erabat sendaturik zegoen. Izeiari eskerrak eman eta, beste txori gehiagorekin batera, hegoaldera joan zen, lurralde epelagoetara. –Agur! Mila esker. Datorren urtean etorriko naiz berriro –esan zion izei txikiari. Hori guztia ikusi ondoren, haizeak erabaki bat hartu zuen. Handik aurrera, udazkenean zuhaitz gehienei hostoak kenduko zizkien putz eginez. Negua biluzik igaro beharko zuten. Eta halaxe gertatzen da geroztik. Gaztainondoak, pagoak, lizarrak, haritzak, urkiak eta beste zenbait zuhaitz hostorik gabe geratzen dira udazkenean. Baina izeiak ez du hostorik galtzen. Halaxe erabaki zuen haizeak, ez ziola izeiari hostorik kenduko. Eta zergatik? Txoriari lagundu ziolako. EHUNZANGO KASKARINA Bazen garai hartan, Milakazoro izeneko zelaian, ehunzango bat. Pinpox zuen izena. Egunik gehiena ispiluari begira pasatzen zuen. Bere inguruko beste animaliak baino politago eta dotoreago egon nahi izaten zuen. Goizero, honelako galderak egiten zizkion bere buruari: –Zein kapela jantziko ote dut gaur nire buru eder honetan? Nolako oinetakoak aukeratuko ditut gaur nire hanka polit hauetarako? Eta zein gorbata jantziko dut gaur nire lepo lirain honetan? Gorria? Loreduna? Laukiduna?... Eta honela jarraitzen zuen hizketan ispiluaren aurrean: –Ai, ama! Ile hau ez dago bere lekuan, belarriak estaltzen dizkit. Banoa berriz orraztera. –Nire begi eder hauek eguzkitik babesteko, betaurreko polit batzuk aukeratu behar ditut. –Alkandora honi botoi bat falta zaio. Beste bat jantziko dut. Pinpoxek etxean bazituen, gutxienez, bi mila zapata pare, zazpi mila gorbata, lau mila galtza pare, zazpi mila alkandora, bederatzi mila kapela... Oso aberatsa zen, baina harroputza ere bai. Bere inguruko guztiak nazka-nazka eginda zeuzkan. –Begira, orain ere kapela berria jantzita dabil Pinpox harroputz hori —esaten zion tximeletak erleari. –Goizean zapata berri gorri-gorriekin ibili da, eta bazkal ondoren beste berri batzuekin azaldu da –esaten zuen kakalardoak. –Parean pasatzean ez gaitu agurtu ere egiten. Zer uste du horrek, bera dela Milakazoroko jaun eta jabe, ala? Bera gure aurrean pasatzen denean, denok “Gora, Pinpox!” esatea nahi ote du, ba? Harro handiputza halakoa! Harroa bakarrik ez, gaizto samarra ere bazen Pinpox ehunzangoa. Bai, askotan, bera bezain dotore jantzita ez zebiltzanei burla egiten zien. Marigorringo bati honela esan zion behin: –Noiz garbitu behar dituzu gorputzean dauzkazun ttantto beltz zikin horiek? Eta han geratu zen marigorringo gajoa, lore baten gainean negarrez. Beste behin, bidea gurutzatzen ari zen zizare bati ere ez zion bakean utzi Pinpox harroak. Honela mintzatu zitzaion: –Sartu lur azpian eta ez zaitez gehiago nire begien aurrean azaldu. Ez dago munduan zu baino itsusiagorik ezer. Beldurraren beldurrez, hosto baten azpian ezkutatu zen zizarea. Hori ikusita, Milakazoroko animalia guztiak zelaiaren erdi-erdian elkartu ziren. Egin zituen gaiztakeriengatik, Pinpox ehunzango harroxkoa zigortzea erabaki zuten denen artean. Basoko Maitagarriari deitu eta Milakazoroko zelaian Pinpoxekin zer gertatzen zen esan zioten. Pixka batean pentsatzen egon ondoren, honela esan zuen Maitagarriak: –Pinpox, hain harroa izateagatik, gaiztakeriak egiteagatik, eta besteak baino gehiago ez zarela konturatzeko, tori, merezi duzun zigorra: Ziu, fiu, ufala! Zure etxea eta gauzak, zurrunbilo, zurrunbilo, haizeak eraman ditzala! Maitagarriak hori esan zuenenan, indarrez jo zuen haizeak Pinpoxen etxea, eta han joan zen airean ehunzangoaren gauza guztiak barruan zituela. Han joan ziren milaka eta milaka zapata, gorbata, alkandora, galtza eta kapela. Eta gauza gehiago ere bai. Pinpox ezer gabe geratu zen. Soinean zeraman jantziarekin bakarrik: zapata berri-berriak oinetan, kapela dotorea buruan, gorbata berde-berdea lepoan, sedazko alkandora berdexka, galtzontzilo berri-berriak... Etxerik gabe eta aldatzeko arroparik gabe geratu zen Pinpox. Handik egun batzuetara, soinean jantzita zeuzkan arropak zikindu egin zitzaizkion ehunzangoari. Gainera, gero eta gose handiagoa zeukan, gero eta zikinago zegoen. Ez zuen ematen lehengo ehunzango dotore, harro eta burlati hura zenik orain. Negar egiten zuen Pinpoxek. Esaten zion bere buruari: –Zer egin behar dut nik orain? Zer jantziko dut bihar? Goseak nago eta ez daukat jateko ezer. Milakazoro zelaiko beste animaliek pena hartu zuten Pinpox hala ikusita. Maitagarriari deitu zioten berriro, eta hari ere, ikusi zuenean, pena eman zion Pinpoxek. Hartu zuen, orduan, Maitagarriak bere makilatxoa, eta hitz magiko hauek esan zituen: Ziu, fiu, ufala! Zure etxea eta gauzak, zurrunbilo, zurrunbilo, haizeak ekarri ditzala! Haize bolada indartsu batek ekarri zituen berriro Pinpoxen etxea eta haren barruko gauzak. Handik aurrera, lehen baino askoz zoriontsuago bizi izan zen ipuin honetako ehunzangoa. Inori ez zion burlarik egiten, eta bere ingurukoei laguntzen saiatzen zen. Eta bere zapata, gorbata, galtza, alkandora, betaurreko eta kapelarik gehienak Milakazoro zelaiko ehunzangoen artean banatu zituen. INDIAR TXIKI INAUTERIETAN Oneida eta Amerin haurrak Amerikako ibai luze eta zabal baten ondoan bizi ziren. Lur koloreko azala eta begi beltzak zituzten. Indiarrak ziren. Oneida neska zen eta Amerin mutila. –Nor da zure lagunik handiena? –galdetzen zioten Oneidari. Eta honela erantzuten zuen: –Amerin da nire lagunik handiena. –Nor da zure lagunik handiena? –galdetzen zioten Amerini. Eta honela erantzuten zuen beti: –Nire lagunik handiena? Oneida. Ibaian, oihanean eta leku guztietan beti elkarrekin ibiltzen ziren. Beraien herrixkatik inoiz irten gabe zeuden. Ibai handi hartako urak nora joaten ziren jakin nahi zuten, itsasoa nolakoa zen ikusi. –Nora joango ote dira ibaiko urak? –Nolakoa izango ote da itsasoa? Horregatik, behin, txalupa bat hartu, eta ibaian behera abiatu ziren biak bakar-bakarrik. Gaua heldu zenean, esan zion Amerinek Oneidari: –Goazen etxera. Beldurra daukat. –Ezin dugu txalupa gelditu. Aurrera jarraitu beharrean gaude –erantzun zion Oneidak. Eta, ilargiaren argitan, itsaso zabalera heldu ziren biak. Hurrengo egun osoa olatuen gainean balantzaka igaro zuten gosez, egarriz eta beldurrez. Itsasoan barrena eraman zituen txalupak, lurrik ikusten ez zen lekuraino. Heldu zen gaua berriro, azaldu zen ilargia zeruan, eta izarrak ere bai bere inguruan. Oneida eta Amerin negarrez zeuden, elkarri helduta. Baina, orduan: –Begira argi txiki horiek urrutian! Itsasontzi bat da! Bi indiar txikiak garrasika hasi ziren: –Etorriii...! Lagunduuu...! Baina itsasontzi hartakoek ez zuten ezer entzun, eta, ilunpean, ikusi ere ez. Gauaren erdia lotan eta beste erdia negarrez igaro zuten bi indiar txikiek. Hurrengo goizean, ordea, beste itsasontzi bat azaldu zitzaien. Eta hantxe etorri ziren Oneida eta Amerin Euskal Herrira. Arrantzale euskaldunak baitziren itsasontzi hartakoak. Eta Joxe izeneko arrantzaleak esan zien Oneida eta Amerini: –Inauteriak dira laster. Gera zaitezte egun batzuetan gure etxean. –Zer dira Inauteriak? –galdetu zuten bi indiarrek. Eta Joxeren alaba Irenek erantzun zien: –Inauterietan mozorrotu egiten gara, arropa zaharrak jantzi eta aurpegiak margotzen ditugu. Eta dantza egiten dugu kalean. Joxe arrantzalearen etxean geratu ziren egun batzuk pasatzen Oneida eta Amerin. Lagun berri asko egin zituzten. Egunero kalean jolasean ibiltzen ziren ilundu arte. –Inauterietan indiarrez mozorrotuko gara! –erabaki zuten auzo hartako neska-mutil guztiek. –Oneida! Amerin! Lagunduko al diguzue? –galdetu zieten. –Bai, pozik gainera! –Nik aurpegia margotuko dizuet, eta buruan lumak jarri! –esan zuen Oneidak. Eta hantxe ibili ziren denak Inauterietan, kalean gora eta kalean behera, oihu eta salto. Leku zabal samarra aurkitzen zutenean, gelditu, biribilean jarri, eta dantzaldi luzeak egiten zituzten lantzak astinduz. –Gora Amerin eta Oneida! –esaten zuten dantza-saioa bukatutakoan. –Goraaa! –erantzuten zuen jendeak txalo joz. Oso ondo ibili ziren bi indiarrak Inauterietan. Eta penaz alde egin zuten Euskal Herritik beren lurraldera. Lehenengo, hegazkinez, eta gero, helikopteroz, itzuli ziren Oneida eta Amerin Amerikako ibai zabalaren ondora. Nolako poza hartuko zuten beren gurasoek! Hori bai. Datorren urtean gurasoekin etorriko omen dira Oneida eta Amerin Euskal Herrira Inauterietan. TXANTXANGORRI MOKOFINA Behin batean, bazen txori txiki jaioberri bat, gaztainondo baten adarretan bizi zena aitarekin eta amarekin. Txori txikia oso bizkorra zen. Aitak eta amak hegan nola egin behar zen erakusten zioten. –Begira, hegoak gora eta behera mugitu behar dituzu, gora eta behera, gora eta behera, gora eta behera. Txori txikiak beldur handia izan zuen hasieran, baina laster ikasi zuen hegan bere kasa egiten. Hala, gero eta hegalditxo luzeagoak egiten hasi zen bere kontura. –Begira, ama! Begira, aita! Begira nola egiten dudan hegan! Goiz batean, gure txori txikia ibai aldera abiatu zen. Egunetik egunera saio luzeagoak egiten zituen. Egunetik egunera indartuz zihoazkion hegoak, eta gero eta urrutiago joaten zen. –Agur! Banoa hegan! Bazkaltzerako itzuliko naiz! Baina goiz horretan, txori txikiak besteetan baino hegaldi luzeagoa egin zuen, eta konturatzerako zeharo galdu zen. Baso ezezagun batean sartu zen. Ez zituen ezagutzen hango bazterrak, eta ez zuen ezagutzen zuhaitzen artean ikusten zen aintzira ere. –Ai, ama! Galdu egin naiz! Nola bueltatuko naiz gure habiara! Txori txikia pago adar baten gainean gelditu zen, eta negarrez hasi zen. Etxetik urrun zegoen, bakarrik, beldurtuta eta baita gosetuta ere. Katagorri batek pagoaren enborrean zeukan bere etxea. Negar-hotsak entzun zituenean, atera zen bere zulotik eta han ikusi zuen txori txikia negarrez. Katagorria errukitu egin zen txori txikiaz, eta harengana hurbildu zen saltoka-saltoka. –Kaixo, txori txiki! Zer duzu? Zergatik egiten duzu negar? Txori txikiak hala erantzun zion: –Galdu egin naiz. Ez dakit nire habiara itzultzen eta goseak nago. Lagunduko al didazu, faborez? Katagorriak esan zion: –Zure habia aurkitzen ezin dizut lagundu, baina gosea asetzen bai. Tori, jan itzazu intxaur goxo hauek –esan zion katagorriak. –Ez, mila esker. Intxaurrak ez zaizkit gustatzen. Katagorria harritu egin zen: –Nola dakizu ez zaizkizula gustatzen? Inoiz probatu al dituzu? –Ez, ez ditut probatu, baina badakit ez zaizkidala gustatzen! –erantzun zion txori txikiak. Eta handik alde egin zuen lehen baino gose handiagoarekin. Txori txikia aintzira batera heldu zen. Aintziraren bazterrean igel bat ikusi zuen, korroka, kroak eta kroak. –Kaixo, igela! –esan zion txori txikiak–. Galdu egin naiz, eta ez dakit nire habiara itzultzen. Eta, gainera, goseak nago. Lagunduko al didazu, faborez? –Lasai, txori txiki. Zure habia aurkitzen ezin dizut lagundu, baina gosea asetzen bai. Tori, jan itzazu barraskilo goxo hauek. –Ez, mila esker –esan zuen txori txikiak–. Barraskiloak ez zaizkit gustatzen. Igela zur eta lur gelditu zen: –Nola dakizu ez zaizkizula gustatzen inoiz probatu ez badituzu? –Probatu gabe ere badakit ez zaizkidala gustatzen! –erantzun zion txori txikiak. Eta handik alde egin zuen lehen baino gose handiagoarekin. Txori txikia basoan barneratu zen berriz ere. Basoaren sakonenean hontz zuri bat bizi zen. Hontza uluka ari zen, uuu! eta uuuu! –Kaixo, hontza! –esan zion txori txikiak–. Galdu egin naiz, eta ez dakit nire habiara itzultzen. Eta, gainera, goseak nago. Lagunduko al didazu, faborez? –Lasai, txori txiki. Gosea asetzen lagunduko dizut aurrena. Tori, jan ezazu sagutxo hau –esan zion hontzak. –Ez, mila esker. Nik inoiz ez dut sagurik jan, ez zaizkit gustatzen. Hontza sor eta lor gelditu zen: –Probatu ez badituzu, nola dakizu ez zaizkizula gustatzen? –Badakidalako! Ez zaizkit gustatzen! –erantzun zion txori txikiak. –Tira –esan zion hontzak–, gosea ezin dizudanez ase, zure habia topatzen lagunduko dizut. Zuk lo egin, eta nik bilatuko dut zure habia. Oso luzea egin zitzaion txori txikiari gau hura, gosea baitzeukan, gero eta gose handiagoa, eta bere habiara itzultzeko irrikaz baitzegoen. Goizaldean esnatu zuen hontzak txori txikia, eta esan zion gau osoan ibili zela habiaren bila eta aurkitu zuela azkenean. –Txoritxo, txoritxo! Esna zaitez! Aurkitu dut zure habia! –Benetan? Eta itzultzen lagunduko al didazu? –Bai, noski! Goazen azkar-azkar! Esan bezala, hontzak bere habiara itzultzen lagundu zion. Aitatxok eta amatxok hegoak zabalik hartu zuten txori txikia. Hontzari eskerrak eman zizkioten, eta hontzak ulu egin zuen, uuu! eta uuu!, agur esateko. Gero, aitak eta amak errieta pixka bat egin zioten txori txikiari. –Non ibili zara? Kezkatuta geunden. Zergatik joan zara hain urruti? –Hegan hasi nintzen, hegan eta hegan, eta galdu egin nintzen konturatu gabe. –Urruntzen denak bueltatzen ikasi behar du –esan zion amak. –Arrazoi duzu, amatxo, ikasiko dut. Baina txori txikiak gose handia izaten jarraitzen zuen. –Aitatxo, amatxo, goseak nago. Zer dago jateko? –Itxi itzazu begiak eta probatu aitatxok prestatu duena. –Aitatxok prestatu badu, goxo-goxoa izango da. Amak begiak estali zizkion eta, ondoren, aitatxok prestatutako janaria probatzen hasi zen. Txori txikia pozik zegoen. Azkenean, etxeko janari goxoa dastatuko zuen. jaten hasi orduko, txori txikiak galdetu zuen: –Zer da hau, ama? –Zuk dasta ezazu lehenengo, eta gero esango dizut. –Hau bai janari goxoa! Zer da? Aitatxok begiko zapia kendu, eta esan zion: –Baratzeko barraskilo goxoak dira. –Barraskiloak? Lehen ez zitzaizkidan gustatzen! Baina um!… zein goxoak diren!! –Ikusi duzu? Probatu gabe ez dago jakiterik.