BREMENGO MUSIKARIAK Mendi arteko baserri batean asto bat zeukaten etxeko lanak egiten laguntzeko. Urte asko zeramatzan astoak etxe hartako lanak egiten. Sorotik zakuak, zelaitik belarra eta basotik egurra eramaten zituen. Baina astoa zahartu egin zen, eta lanerako indarrik gabe geratu. Etxeko nagusiak pentsatu zuen astoa saltzea izango zuela onena. –Asto zahar honek ez du ezertarako balio. Harakin bati salduko diot, hil eta txorizoak egin ditzan –esaten zuen sarritan. Astoa beldurtu egin zen horrelako kontuak entzunda. Eta, txorizo bihurtzeko batere gogorik ez zeukanez, pentsatu eta pentsatu, azkenean erabaki zuen zer egin: –Ihes egingo dut, ez naute hilko. Bremenera joango naiz, hango musika-bandan bibolina jotzera. Han aterako dut bizimodua. Baserritik alde egin eta laster, bide bazterrean arnaska zegoen txakur batekin egin zuen topo. –Kaixo, txakur. Zertan zaude hemen bide bazterrean? Hori da arnasa larria daukazuna! –Jakingo bazenu zer gertatzen zaidan! –Zer gertatzen zaizu, ba? –Zahartu eta ahuldu egin naiz, eta indarrik gabe geratu naiz. Orain ez dut balio ehizan egiteko, etxezain ere ezin naiz egon, eta nagusiak txorizoak egiteko saldu nahi ninduen. Eta etxetik ihes egin beharra izan dut. –Ba, zatoz nirekin, Bremengo bandan danborra joko duzu. Abiatu ziren biak aurrera eta, berehala, lehen txakurra bezala, oraingoan, katua aurkitu zuten. Haserre eta goibel zegoen. –Kaixo, katu bibotetsua. Zu hemen? Zer gertatzen zaizu? –Etxekoandre gaizto batengatik nago hemen. Zahartu egin naiz eta orain ezin dut sagurik harrapatu, eta etxekoandreak ito egin nahi ninduen. Justu-justuan egin dut ihes, baina orain ez dakit zer egin. –Lasai, lasai; zatoz gurekin Bremenera. Hango bandan musika joko dugu, eta zuk turuta joko duzu. Katua ere konforme geratu zen, eta hirukoteak aurrera jarraitu zuen. Hirukotea oilategi batera iritsi zenean, hango oilar zaharra kukurrukuka hasi zitzaien. –Nori deitzen diozu, oilar? –galdetu zioten. –Ez diot inori deitzen. Negarrez ari naiz. Zaharra naizela eta isiltzeko esaten didate oilategian, gizentzen naizenean hil eta jan egingo nautela etxekoek. –Guk abeslari bat behar dugu taldean. Zatoz gurekin. Bremengo bandako abeslari izango zara. Oilarrak ere baietz esan zuen. Eta laurak Bremen bidean zihoazela, ilundu egin zitzaien. Halako batean, argi txiki bat ikusi zuten. –Han etxe bat dagoela ematen du, goazen bertara. Hurbildu ziren bertara, eta astoak, denetan handiena zelako, leihoko kristaletik begiratu zuen. –Lapur batzuk daude hor barruan, eta mahaia prestatuta daukate afari ederra egiteko. –Guk daukagun gosea eta mahaia janariz beteta? Ai, hortxe bageunde! A zer tripakada! Garbi zegoen, bada. Zerbait jan nahi bazuten, lapurrak bota egin behar zituzten etxe hartatik. –Igo nire gainera, aa, aa, aa! –esan zion astoak arrantzaka txakurrari. –Katu, orain zu nire gainera, uau, uau, uau! –esan zion txakurrak zaunkaka katuari. –Oilar, orain zu nire gainera, miau, miau, miau! –esan zion katuak miauka oilarrari. A zer nolako dorre luzea osatu zuten! Astoak “bat, bi eta hiru” esandakoan, laurek batera ekin zioten: astoa arrantzaka, txakurra zaunkaka, katua miauka eta oilarra kukurrukuka. Beldurgarrizko zaratak atera zituzten, eta, kristalak hautsi ondoren, laurek batera salto egin zuten etxe barrura. –Mamu gaiztoren batzuk ote dira? Eta lapurrek korrika bizian ihes egin zuten. Orduan, lau musikariek lasai jan eta edan zuten. Lapurrak ez ziren gehiago etxe hartara joan. Astoak, katuak, txakurrak eta oilarrak Bremengo banda osatu zuten eta erromeria alaiak egiten zituzten. Eta hau egia ez bada, eman haizeari zigorkada. AZENARIO ERRALDOIA Gau batean, Ander ohera joan zen beti bezala, eta erraldoien lurraldean ibili zen ametsetan. Erraldoien lurraldean dena handia izaten da: etxeak, zuhaitzak, barazkiak, haurrak, jostailuak... Azkenerako, hango erraldoi baten lagun egin zen. Berarekin hizketan denbora luzez egon ondoren, honela esan zion agurtzerakoan: –Tori, Ander, oparitxo hau. Baina ez da etxean edukitzeko. Baratzea da honentzat lekurik onena. Hartu zuen erraldoiaren oparia, eskerrak eman zizkion eta, bat-batean, esnatu egin zen. Inoiz ez zitzaion halakorik gertatu. Erraldoiak ametsetan emandako oparia eskuetan zeukan orain. “Baina nola liteke, ordea?”, pentsatu zuen bere artean. Gaineko papera kendu zion opariari eta hazi handi, beltz, biribil samar bat zen. Baina ez zekien ondo zer landareren hazia zen. “Non erein behar dut orain nik hau?”, galdetu zion bere buruari. Arratsalde hartan bertan, aitonaren baratzera joan zen Ander, eta hantxe erein zuen erraldoiak emandako hazia. Ura ere bota zion. Inork ez zuen baratzean lan hura egiten ikusi eta, isil-isilik alde egin zuen handik. “Zer landare aterako ote da hazi horretatik?” pentsatzen zuen etxera bidean. Handik egun batzuetara, aitona Anderren etxera joan zen bazkaltzera. –Zer moduz zure baratze hori? –galdetu zion amak. –Ondo, ondo. Baina egun hauetan erabat harrituta nago –erantzun zion aitonak. –Zer dela eta zaude, ba, harrituta? –Izugarrizko azenario landare handia azaldu da baratzean, nik ez dut inoiz halakorik ikusi. Eta, gainera, aurten ez dut nik azenario hazirik erein baratzean. –Haizeak ekarriko zuen hazia –esan zion Anderrek. –Edo txoriren batek mokoan ekarriko zuen bestela –esan zion amak. Oso era harrigarrian ari zen hazten azenario hura. Egun gutxitan, hiru urteko haur bat baino altuagoa egin zen, eta handik laster, zuhaitz koskor baten altuera hartu zuen. Zer zen hura, ordea? Bere aitonaren baratzean munduko azenariorik erraldoiena zegoen. Baina ez pentsa aitona gustura zegoenik. Ez horixe! Inguru hartako untxi guztiak baratzean sartzen ziren azenarioa jatera. Han ibiltzen zen aitona egun guztian, makila bat eskuetan hartu, eta untxiak baratzetik bidali ezinda. Baina ez zen hori okerrena izan. Goiz batean, aitona baratzera joan zenean, basurde bat ikusi zuen azenarioa jaten. Hurbildu zitzaion aitona bere makilarekin eta basurdea atzetik segika hasi zitzaion. Azkenean, korrika-saio luze baten ondoren, muturrarekin bultza egin eta lurrera bota zuen basurdeak gure aitona gizajoa. Galtzak hautsita eta ipurdia bistan zuela utzi zuen. Aitona estu eta larri etxera joan zenean, galdetu zion amonak: –Baina non ibili zara, gizona, ipurdia bistan duzula etxera etortzeko? Barregarri zaude! –Nazkatu naiz oraintxe. Ez dut azenariorik gehiago nahi baratzean –esan zuen aitonak orduan. Amonari ere ongi iruditu zitzaion, eta, hurrengo goizean, biak joan ziren baratzera azenarioa ateratzeko asmoz. Han ari ziren aitona-amonak arnaska, indarka eta puzka. –Heldu ongi lehenengo. Biok batera! –esaten zuen aitonak. –Bai. Bat, bi eta hiru! –amonak. Baina azenarioa ez zen mugitu ere egiten. Orduan, aita, ama eta Ander joan ziren laguntzera. Aitonak azenarioari heldu zion, amonak aitonari, aitak amonari, amak aitari eta Anderrek amari. –Heldu denok elkarri ongi! Orain! Tira indar guztiarekin. Denok batera! Ieuuu...! Baina hala ere ezin. Behin eta berriro hankaz gora erori ziren denak. Eta azenarioa pixka bat mugitzea besterik ez zuten lortu. Azenarioa erori ordez, geu erori gara lurrera. Hau kolpea! –esan zuen amak. –Alferrik gabiltza. Jende gehiago behar da hemen –aitak. Azkenean, hamar lagunen artean, eta traktore baten laguntzaz, atera zuten lurretik azenario erraldoia. Gero, herriko plazara eraman zuten denen artean. Eta, han, entsalada erraldoi bat prestatu zuten azenario erraldoiarekin, ontzi erraldoi batean. Herritar guztiek nahikoa jan zuten, eta, gero, festa erraldoi bat antolatu zuten soinu, dantza eta jokoekin. TTANTTOREN OPOR SEKRETUAK Behin batean, gure lagun guztiak ikastolan zeuden, Ttantto, Arroxali, Txanogorritxo, Hiru Txerrikumeak, Pinpox eta besteak. Ekaina aurrera zihoan eta, oporrak gertu zeudenez, oso pozik zeuden denak. Andereñoa ere bai, jakina. –Ba al dakizue datorren astean oporrak hasiko direla? –galdetu zuen andereñoak. –Baiii!!! –Eta datorren urtean beste gela batean egongo zaretela? Handiak egin zirelako, eta asko ikasi zutelako, gelaz aldatuko zirela esan zien andereñoak. Ipuinen txokoan, Ttantto eta Txanogorritxo Katu Botadunaren ipuina elkarrekin ikusten jarri ziren. Nolako saltoak ematen zituen katuak bota handi haiekin! –Bota horiek banitu, saltoka-saltoka, oporretan urrutira joango nintzateke –esan zuen Txanogorritxok–. Baina amonaren etxera joango naiz, basora, amonari laguntzera. Eta zu oporretara joango al zara? –Bueno…, ezin dizut esan. Sekretu bat da –erantzun zion Ttanttok. Txanogorritxo saiatu zen Ttanttoren sekretua ezagutzen, baina alferrik izan zen. Jolas-ordua hasi orduko, Arroxali eta Txanogorritxo ikastolako patioan kromoetan jolasten hasi ziren. Txanogorritxo oraindik Ttanttoren oporren kontua burutik kendu ezinik zebilen, eta horrela esan zuen: –Ba al dakizu Ttanttok sekretu bat duela? Oporretara doa eta ez du esaten nora. –Sekretu bat? Gure artean ez dago sekreturik –esan zion Arroxalik. Eta bera Jose Anttonen etxera joango zela oporretan, uda osoan mendian bakarrik ez egotearren, esan zuen. –Eta Ttanttok zer egingo ote du oporretan? –galdetu zuen Txanogorritxok. –Nik uste dut hondartzara joango dela. Horiek bai oporrak! –Bai horixe. Neu ere gustura joango nintzateke hondartzara –esan zuen Txanogorritxok. Eta bi lagunek jolasean jarraitu zuten. Bazkaltzeko ordua iritsi zen, eta denak jangelara joan ziren, mantala jantzita. Hiru Txerrikumeak gosetuta zeuden eta bizkor-bizkor eseri ziren mahaian. Arroxali beraien alboan eseri zen. –Ba al dakizue Ttanttok sekretu bat duela? Oporretara doa eta ez du esaten nora –esan zien Arroxalik. –Sekretu bat? Gure artean ez dago sekreturik –esan zioten Txerrikumeek. Eta beraiek amatxoren etxera joango zirela, haren janari goxoarekin tripa betetzera, esan zioten. –Eta Ttanttok, zer egingo ote du oporretan? –Guk uste dugu kanpinera joango dela. Horiek bai oporrak! –Bai horixe! Neu ere gustura joango nintzateke kanpinera! –esan zuen Arroxalik. Arratsaldeko saioa hasi aurretik, siesta txiki bat egin beharra zeukaten denek. Prudentzi postariak ezin zuen lorik hartu, Hiru Txerrikumeak zurrungan ari zirelako bere alboan. –Aizue, zurrungan ari zarete eta ezin dut lorik egin! Hiru Txerrikumeek barkamena eskatu zioten, eta, adiskidetzeko, beren artean bolo-bolo zebilen albistearen berri eman zioten: –Ba al dakizu Ttanttok sekretu bat duela? Oporretara doa, baina ez du esan nahi nora. –Sekretu bat? Gure artean ez dago sekreturik –esan zuen Prudentzik. Eta berak oporretan Olentzero bisitatzera joatea pentsatua zuela esan zien, udan ez delako inor Olentzeroz gogoratzen, eta bakar bakarrik egoten delako mendian. –Eta Ttanttok zer egingo ote du oporretan? –Nik uste dut Parisera joango dela trenean. Horiek bai oporrak! –erantzun zuen Prudentzik. –Bai. Geu ere gustura joango ginateke Parisera! –esan zuten txerrikumeek. Arratsaldean, antzerki-gelara joan ziren denak. Sorginez, indiarrez, hartzez... mozorrotu ziren. Eta bai ederki! Pinpoxi, oraindik ere, asko gustatzen zitzaion arropa dotoreak janztea. Erregez ala magoz, zertaz jantzi erabaki ezinik zebilen. Prudentzirengana inguratu zen iritzi eske, baina hark Ttantto zuen buruan. –Ba al dakizu Ttanttok sekretu bat duela? Oporretara doa, eta ez du esaten nora. –Sekretu bat? Gure artean ez dago sekreturik –esan zion Pinpoxek. Dena garbi eta txukun edukitzea gustatzen zitzaionez, oporrak etxea txukuntzen igaroko zituela esan zion. –Eta Ttanttok zer egingo ote du oporretan? –galdetu zuen Prudentzik. –Nik uste dut Donostiako Akuarioa ikustera joango dela. –Bai. Neuk ere gustura asko bisitatuko nuke Donostiako Akuarioa –esan zuen Prudentzik. Arratsaldeko saioa ere bukatu zen. Lagun guztiak elkarrekin jolastera joan ziren parkera. Gorde-gordeka ari zirela, Txantxangorri Mokofina inguratu zitzaien. Agurtu bezain azkar, Ttanttoren kontuak esan zizkioten. –Ba al dakizu Ttanttok sekretu bat duela? Oporretan doa eta ez du esan nahi nora. –Sekretu bat? Gure artean ez dago sekreturik –esan zien Txantxangorriak. Eta bera hantxe geldituko zela, parkean, haurrekin jolasten, esan zien. –Eta Ttanttok zer egingo ote du oporretan? –galdetu zioten. –Nik uste dut zoo bat ikustera joango dela. –Geu ere gustura joango ginateke zoo batera! –esan zuten denek. Astea ziztu bizian pasatu zitzaien. Ikastolan oso lanpetuta egon ziren, andereñoak urteko lan guztiak bukatu nahi zituelako. Azkeneko egunean, denak pozak zoratzen zeuden oporrak iritsi zirelako. –Aupa! Oporrak iritsi dira! –oihu egin zuten. Andereñoari ere eskatu zioten bere oporren berri emateko. –Oso nekatuta nagoenez, landetxe batera joateko asmoa dut, eta han irakurri besterik ez dut egingo –erantzun zuen andereñoak. Andereñoaren plana ona izango zen andereñoarentzat, baina beraientzat erakargarriagoa zen Ttanttoren sekretua argitzea. –Eta zuk, Ttantto, zer egingo duzu? –galdetu zioten berriro. –Ezin dizuet esan, sekretu bat dela! –ihardetsi zuen. Ttanttoren oporren kontuak jakin-min handia sortu zuen. Denek jakin nahi zuten sekretu hura. Haren pauso guztiei jarraitzeko asmoz, herriko hainbat tokitan eta bazterretan ezkutatu ziren. Txanogorritxo ikastolako atea zaintzen geratu zen. Pasatu ziren orduak eta orduak, eta Ttantto ez zen eskolatik ateratzen. –Aizue, lagunok! Etorri hona! Ttantto ez da ikastolatik atera! –deiadar egin zuen Txanogorritxok. –Ziur al zaude? Ondo zaindu al duzu atea? –galdetu zioten lagunek, arnasestuka ikastolara inguratu zirenean. –Baietz, ba! Eta ez da atera. Goazen barrura! Beharbada komunean itxita gelditu da! Barrura sartu eta ikastola miatzen hasi ziren, komunetik hasita. Ttantto ez zen inon ageri eta deiadarka hasi ziren denak. Inork ez zuen erantzun, baina gure lagunek ez zuten etsi. Halako batean, Ttanttoren ahotsa entzun zuten. –Hemen nago, hemen nago! –Non? –galdetu zioten. –Hemen. Ez nizuen esan nahi, baina nik berriro liburuan sartu behar dut, eta hurrengo ikasturteko haurrei itxaron behar diet. Haiei ere ipuinak eta istorio politak kontatu behar dizkiet. –Horregatik ez zenuen esaten oporretan nora joan behar zenuen! Besarkada handi bat eman zioten eta begietan malkoak zituztela agurtu zuten. Nork kontatuko zizkien ipuinak hurrengo urtean? Auskalo! Hala bazan edo ez bazan…