ARROXALI Arroxali mendian bizi da bakar-bakarrik etxetxo txiki batean. Berak bakarrik egiten ditu etxeko lanak: janaria prestatu, etxea garbitu... Arroxaliren lagunak kalean bizi dira. –Nik kalea ikusi nahi dut! –esan du Arroxalik. Joxe Anttonek honela esaten dio igandero: –Ikastolan, jolas, dantza eta marrazkiak egiten ditugu. –Ni ere joango naiz ikastolara! Gauean, bere lagunak lotan daudenean, Arroxali herrira joan da, lagunek kontatu diotena ikusteko asmoz. Arroxali ikastolara sartu da. –Zenbat gauza dagoen hemen! Jostailuak, ipuinak, marrazkiak... –Zein polita den ikastola! Gela guztia izugarri gustatu zaio. Dena ikusi ondoren, loguratu egin da eta epel-epeletan lo egiteko armairuan sartu da. Benetan lo goxoa egin du. Nolako istilua goizean haurrak gelara sartu direnean! –Non daude margoak? –Non daude ipuinak? –Gauza guztiak tokiz aldatuta daude! –Nor ibili ote da gure gelan? Gelako armairu barruan norbait dagoela konturatu dira, eta horregatik atea ireki dute. –Nor zara zu? –Ni Arroxali naiz –erantzun du negarrez. Armairutik irten ondoren: –Ikastola ikusi nahi nuen, eta horregatik etorri naiz. –Oso ondo, Arroxali; nahi al duzu, gu bezala, egunero ikastolara etorri? –Bai, nahi dut! Egunero etorriko naiz! Hau oso polita da! Eta ordutik, egunero bere lagunekin ikastolara joaten da poz-pozik. HIRU TXERRIKUMEAK Etxe batean hiru txerrikume eta beren ama bizi ziren. Egun batean, amak honela esan zien hiru txerritxoei: –Dagoeneko nahiko handiak zarete, eta hobe duzue negua etorri baino lehen zuen etxea eraikitzea. –Ongi da, ama. Etxea egin ondoren sarri-sarri etorriko gara zu bisitatzera. –Etorri nahi duzuenean, bai. Agur! –erantzun zien amak. Bidean, gizon bat topatu zuten, eta txerrikume txikiak honela esan zion: –Emango al zenidake, mesedez, lasto pixka bat nire etxea eraikitzeko? –Bai, bai, hartu behar duzun guztia. Eta txerrikumeak azkar eraiki zuen bere etxea. Bigarren txerrikumeak honela esan zuen: –Ba, nik, basoan bildutako egurrarekin egingo dut etxea. Eta hala egin zuen pixka bat kostata. Zaharrenak, berriz, harri handiak bildu zituen etxe sendo bat egin ahal izateko. –Uf, nolako pisua duten harri handi hauek! Otsoa, txerritxo txikiaren usaina jarraituz, haren etxeraino joan zen: –Tok, tok, tok. Txerritxoa, zabal ezazu atea –esan zion otsoak. –Ez, ez eta ez. Badakit otsoa zarela eta atea zabaltzen badizut jan egingo nauzula –erantzun zion txerritxoak barrutik. Eta otsoak puzka eta atzaparka txerritxoaren etxetxoa puskatu zuen. –Mesedez, lagundu…! –esan zion orduan bere anaiari. Bigarren txerritxoari gauza bera gertatu zitzaion. Otsoa etorri zenean, berriro jo zuen atea: –Tok, tok, tok. Txerritxoa, zabal ezazu atea –esan zion otsoak. –Ez, ez eta ez. Badakit otsoa zarela eta atea zabaltzen badizut jan egingo nauzula –erantzun zion txerritxoak barrutik. Eta otsoak, puzka eta atzaparka, etxetxoa puskatu zuen. Hirugarren txerritxoarekin ere gauza bera gertatu zen. Otsoa etorri zenean, berriro jo zuen atea: –Tok, tok, tok. Txerritxoa, zabal ezazu atea –esan zion otsoak. –Ez, ez eta ez. Badakit otsoa zarela eta atea zabaltzen badizut jan egingo nauzula –erantzun zion txerritxoak barrutik. Baina otsoak ezin izan zuen puskatu txerritxoaren harrizko etxearen atea, eta tximiniatik sartu zen etxe barrura. Salto egin zuen, baina, blaust!, nora eroriko eta txerritxoak janaria egosten ari ziren lapiko barrura erori zen. –Ai, ai, ai, ipurdia erre zait, ipurdia erre zait! Eta garrasika joan zen otsoa baso hartatik urrutira. TXANOGORRITXO Orain dela urte asko, soingaineko gorri bat zuelako Txanogorritxo deitzen zioten neskatila bat bizi zen. Egun batean, honela esan zion bere amak: –Txanogorritxo, amona gaixo samar dago eta zoaz bisitatzera otarre hau hartuta, baina kontuz ibili bidean. –Bai, amatxo, bizkor-bizkor joango naiz –erantzun zion Txanogorritxok. Txanogorritxo zuhaitz eta lore artean kantari zihoala, bide ondoan lanean zebilen egurgile batek galdetu zion: –Nora zoaz, Txanogorritxo? –Amonaren etxera noa. –Ba, kontuz ibili. Inguru hauetan otso goseti bat dabil eta –esan zion egurgileak. Egia zen, Txanogorritxori oihanaren erdian azaldu zitzaion otsoa. –Nora zoaz, neskatila? –Amonaren etxera. Gaixo dago eta hari janari pixka bat eramatera noa. –Eta non bizi da zure amona? –Han, bide hartatik aurrera joan eta lehenengo etxean. –Agur, Txanogorritxo –esan zion otsoak. –Agur, bai –erantzun zion Txanogorritxok. Otsoak pentsatu zuen bere artean: –“Ja,ja,ja... Lehenengo amona jango dut eta gero neskatila hau”. Eta bide laburrago batetik, korrika joan zen amonaren etxera. Tan, tan, tan... jo zuen atea. –Nor da? –galdetu zuen amonak ohetik. –Txanogorritxo naiz. Zu bisitatzera nator. –Oso ondo, bultza egin ateari eta sartu barrura. Ohean nago. Otsoa barrura sartu zen eta, kris-kraus, jan egin zuen amona. Gero, armairutik amonaren jantziak hartu, mozorrotu eta ohean sartu zen. Atea jo zuten orduan: Tan,tan,tan... –Nor da? –galdetu zuen otsoak amonarena eginez. –Ni naiz, Txanogorritxo –esan zion neskatilak–. Zuri janari piska bat ekartzera nator, amona! –Sartu barrura, ume. –Amona, bai belarri handiak dauzkazula! –Zuri hobeto entzuteko da hori, ume! –Amona, bai begi handiak dauzkazula! –Lasai, ume! Zu hobeto ikusteko dira eta. –Hortzak ere oso handiak dauzkazu, amona! –Zu hobeto jateko diraaa... –esan zion otsoak, eta ohetik salto egin zuen Txanogorritxo jateko asmoz. Etxetik irten eta, tximista baino azkarrago, korrika hasi zen Txanogorritxo, otsoa atzetik zuela. –Lagundu! Lagundu! –garrasi egiten zuen. Eta eskerrak egurgilea azaldu zen neskatilaren garrasiak entzutean. Bere aizkorarekin hantxe bertan akabatu zuen otso gaiztoa. Gero, kontuz-kontuz tripa ireki zion eta amona bizi-bizirik atera zen haren barrutik. Amonak eskerrak eman zizkion egurgileari, eta hiruren artean jan zuten Txanogorritxok otarrean eraman zuen janaria. Gero, Txanogorritxok musu eman zion amonari eta egurgilearekin itzuli zen etxera. AMETSAK AIREAN Gabon gaua hurbil zela eta, Prudentzi postaria poz-pozik esnatu zen. –Hara! Abenduaren 21a! Bertan ditugu Gabonak! Hau zoriona! –Goazen, Pintto! Olentzerori haurren eskutitzak eraman behar dizkiogu eta! –Au-au, au-au! Pintto ere Olentzerorengana joateko irrikan zegoen, goizean goizetik zaunka eta zaunka ari zen. Postariak gutun-zorroa hartu zuen eta ikastolara joan zen haurren eskutitzak jasotzera. –Olentzerori eskutitza idatzi al diozue? Gutunak jasotzera etorri naiz. –Horixe bai! Maisuak atzo lagundu zigun. –Zintzo portatu al zarete? –Bai!!!! –Orduan lasai egon, eskatutako guztia ekarriko dizue eta. Bat-batean, haize-bolada batek gelako leihoak ireki zituen eta haurren lanak hegan hasi ziren. –Hau eguraldi petrala! Gabonak bertan ditugu, baina negua ere bai. –Bai, gainera telebistan esan dute elurra egin behar duela. Maisua kezkatuta zegoen. –Baina nora joango zara eguraldi honekin, Prudentzi? –Olentzerorengana joan behar da, eta joan egingo naiz. –Baina lekutan dago Olentzeroren txabola! –Ez kezkatu, iritsiko naiz. Gainera, aurten Pinttok lagunduko dit. Prudentzi postaria eta Pintto zakurra mendirantz abiatu ziren Olentzerorengana, gutun-zorroa eskutitzez bete-beteta. –Hau da hau eguraldi petrala! Ez dut piperrik ere ikusten. Non dago Olentzeroren txabola, Pintto? –Au-au, au-au! –Elurrak bidea estali digu. Arranopola! Eta haize zakar honek eskutitzak eraman dizkigu! Pintto, harrapa itzazu! Harrapatu! Pintto eskutitzen atzetik jauzika joan zen, baina alferrik. Ez zuen gutun bat bera ere harrapatu. Prudentzi oso kezkatuta zegoen. Haizeak eskutitz guztiak eraman zituen eta ez zekien nola berreskuratu. Gutunik gabe Olentzerok ez zien haurrei oparirik eramango. –Pintto, zer egin dezakegu? Nork lagunduko digu? –Au-au, au-au! Pinttok Prudentziren prakei hortzekin heldu eta tiraka hasi zen. –Baina zertan ari zara? Nora naramazu? Prudentzik Pinttori jarraitzea erabaki zuen; zerbait erakutsi nahi zion, jakina. Elurretan luzaz eta nekez ibili ondoren, kobazulo handi baten atarira iritsi ziren. Hartzaren etxea zen. –Hara! Hartzari laguntza eskatzea nahi duzu! Zein ideia ona! Prudentzik atea jo zuen eta, denbora pixka batean itxaron ondoren, hartz ama atera zen. Ohetik jaiki berria ematen zuen; artean ileak ondo orraztu gabe zituen. Prudentzik Olentzerorentzako haurren eskutitzak galdu egin zituela kontatu zion. –Lagunduko al didazu gutun horiek biltzen? –Ez, hori ezinezkoa da. Ez al dakizu hartzok neguan lo egin behar dugula? –Bada, egia da, lo asko egin behar duzue. Barkatu esnatzeagatik. Beste bat arte! Agur! Orduan, Pinttok berriro praketatik tira egin zion eta arbola handi baten azpira eraman zuen. Bertatik goian zegoen habia handi bat ikusten zen. Zikoinaren habia zen. –Zikoina, lagunduko al didazu gutun horiek biltzen? Zikoinak ez zion erantzun. Hobeto begiratu, eta Prudentzi konturatu zen habia hutsik zegoela. –Pintto, zikoinak ezin digu lagundu, Afrikara joan da! Berriro ere Pintto Prudentziren praketatik tiraka hasi zen. Oraingoan, arbola txiki baten ondoan zegoen zulotxo batera eraman zuen, Urtxintxaren etxea zen. Hari ere laguntza eskatu zion. –Lagunduko al didazu gutun horiek biltzen? –Nola ez ba! Haurrak ezin dira Olentzeroren oparirik gabe gelditu. Urtxintxak lagunei deitu zien, eta denen artean, ziztu bizian, gutun guztiak bildu zituzten. Prudentzik urtxintxei eskerrak eman zizkien, eta, haiek basoa ondo ezagutzen zutenez, Olentzeroren txabolarako bidea erakutsi zieten. –Segi gora eta gora gelditu gabe. Kea agertuko da zeruan, Olentzeroren tximiniako kea. Keak berak erakutsiko dizue bidea. –Mila esker zuen laguntza guztiarengatik. Orain bai, orain Olentzerorengana iritsiko gara! Gora eta gora igo ondoren, kea ikusi zuten zeruan. Keari jarraituz tximinia ederreko txabola bateraino iritsi ziren: Olentzeroren txabola zen. Atea jo zutenean, Olentzerok berak ireki zien. –Zuek bai txapeldunak! Lortu duzue! Zorionak! Eguraldi txar-txarra izan arren honaino iritsi zarete eta! –Kostatu zaigu, bai, galduta ibili gara! Baina, zorionez, basoko urtxintxek lagundu digute. Hemen dituzu haurren eskutitz guztiak. –Eskerrak! Ez nituen haurrak oparirik gabe utzi nahi. Nik gutunak irakurtzen ditudan bitartean, zuek atseden hartu. Eta jan ezazue hor mahai gainean dagoen askari goxoa. Gosetuta eta nekatuta zeudenez, gustura eta oso-osorik jan zuten askaria. Pinttok ere elurra baino zuriago utzi zuen bere platera. Bitartean, Olentzerok eskutitzak irakurri zituen eta astoaren saskiak opariz bete zituen. Ondoren, Prudentzi eta Pintto laguntzaile hartuta, herrira jaitsi ziren. Ikastolan haur guztiak, Gabonetako zintzilikarioz, gela apaintzen ari ziren. Bat-batean atea ireki zen eta Olentzero, Prudentzi eta Pintto sartu ziren gelan. Hura ustekabea! –Begira, begira nor etorri den! Olentzero da! Gora Olentzero! Gora Prudentzi eta gora Pintto! Zenbat opari ekarri dituzten…! Hau poza! –Opariak denentzat ekarri ditut, baina fardel handi hau Prudentzirentzat da. –Niretzat? Zein ondo! Badakit, badakit zer den! Mila esker, Olentzero! Eta zuek ba al dakizue zer dagoen nire opari-fardelaren barruan? IZEI TXIKIA Udazkena heldu zen, eta txori batek hegoaldera joan behar zuen bere lagunekin, lurralde epelagoetara. Urtero egiten zuen bidaia hori negua heldu baino lehen. Baina, urte hartan, gure txoriak ez zeukan hegoaldeko lurralde epeletara joaterik, ez. Hego bat hautsita zeukan, eta ezin zuen hegan ondo egin. Negua heldu zen, eta neguarekin batera hotza. Txori gaixoa, orduan, zuhaitz batengana joan zen babes bila: –Aizu, Lizar! Utziko al didazu zure hostoen artean bizitzen? Zaurituta nago eta hotzak ia hilean. –Utzidazu niri bakean, eta zoaz nahi duzun lekura! –erantzun zion lizarrak umore txarrez. Txoria, gero, gaztainondoari hurbildu zitzaion, eta galdetu zion: –Aizu, hego bat hautsita daukat eta hotzak ia hilean nago. Utziko al didazu negua zure hosto artean babesturik igarotzen? –Hemen hontza bizi da, eta nik ez dut beste txoririk nahi. Galdegiozu pagoari, edo haritzari, edo urkiari... Baina gure txoria alferrik ibili zen zuhaitzetik zuhaitzera babes bila. Denek erantzun berdina ematen zioten. Ezetz eta ezetz. Hotzez eta penaz ia hilean, izei txiki baten ondora heldu zen gure txori errukarria. Eta esan zion erdi negarrez: –Aizu, Izei, mesede bat eskatu behar dizut. Hego bat hautsita daukat, ezin dut hegan ongi egin eta hotzak ia hilean nago. Beste zuhaitz guztiek ezetz esan didate, baina zuk emango al didazu zure hosto artean negua igarotzeko baimena? –Bai, oso gustura gainera –erantzun zion izeiak errukiturik–. Jar zaitez beheko adarretan, hor epelago egongo zara. Lagun gehiago ere izango dituzu. Txori askoren etxea izaten da hau neguan. Hantxe, izei txikiaren hosto artean, igaro zituen gure txori zaurituak neguko ordurik gehienak. Zuhaitz hartan bizi ziren beste txoriek asko maite zuten, eta haiek ekartzen zioten janaria. Baina urtu ziren elurrak, epeldu zuen eguraldia eta heldu zen udaberria. Eta gure txoria sendatzen ari zen poliki-poliki. Udazkenerako txoria erabat sendaturik zegoen. Izeiari eskerrak eman eta, beste txori gehiagorekin batera, hegoaldera joan zen, lurralde epelagoetara. –Agur! Mila esker. Datorren urtean etorriko naiz berriro –esan zion izei txikiari. Hori guztia ikusi ondoren, haizeak erabaki bat hartu zuen. Handik aurrera, udazkenean zuhaitz gehienei hostoak kenduko zizkien putz eginez. Negua biluzik igaro beharko zuten. Eta halaxe gertatzen da geroztik. Gaztainondoak, pagoak, lizarrak, haritzak, urkiak eta beste zenbait zuhaitz hostorik gabe geratzen dira udazkenean. Baina izeiak ez du hostorik galtzen. Halaxe erabaki zuen haizeak, ez ziola izeiari hostorik kenduko. Eta zergatik? Txoriari lagundu ziolako. EHUNZANGO KASKARINA Bazen garai hartan, Milakazoro izeneko zelaian, ehunzango bat. Pinpox zuen izena. Egunik gehiena ispiluari begira pasatzen zuen. Bere inguruko beste animaliak baino politago eta dotoreago egon nahi izaten zuen. Goizero, honelako galderak egiten zizkion bere buruari: –Zein kapela jantziko ote dut gaur nire buru eder honetan? Nolako oinetakoak aukeratuko ditut gaur nire hanka polit hauetarako? Eta zein gorbata jantziko dut gaur nire lepo lirain honetan? Gorria? Loreduna? Laukiduna?... Eta honela jarraitzen zuen hizketan ispiluaren aurrean: –Ai, ama! Ile hau ez dago bere lekuan, belarriak estaltzen dizkit. Banoa berriz orraztera. –Nire begi eder hauek eguzkitik babesteko, betaurreko polit batzuk aukeratu behar ditut. –Alkandora honi botoi bat falta zaio. Beste bat jantziko dut. Pinpoxek etxean bazituen, gutxienez, bi mila zapata pare, zazpi mila gorbata, lau mila galtza pare, zazpi mila alkandora, bederatzi mila kapela... Oso aberatsa zen, baina harroputza ere bai. Bere inguruko guztiak nazka-nazka eginda zeuzkan. –Begira, orain ere kapela berria jantzita dabil Pinpox harroputz hori —esaten zion tximeletak erleari. –Goizean zapata berri gorri-gorriekin ibili da, eta bazkal ondoren beste berri batzuekin azaldu da –esaten zuen kakalardoak. –Parean pasatzean ez gaitu agurtu ere egiten. Zer uste du horrek, bera dela Milakazoroko jaun eta jabe, ala? Bera gure aurrean pasatzen denean, denok “Gora, Pinpox!” esatea nahi ote du, ba? Harro handiputza halakoa! Harroa bakarrik ez, gaizto samarra ere bazen Pinpox ehunzangoa. Bai, askotan, bera bezain dotore jantzita ez zebiltzanei burla egiten zien. Marigorringo bati honela esan zion behin: –Noiz garbitu behar dituzu gorputzean dauzkazun ttantto beltz zikin horiek? Eta han geratu zen marigorringo gajoa, lore baten gainean negarrez. Beste behin, bidea gurutzatzen ari zen zizare bati ere ez zion bakean utzi Pinpox harroak. Honela mintzatu zitzaion: –Sartu lur azpian eta ez zaitez gehiago nire begien aurrean azaldu. Ez dago munduan zu baino itsusiagorik ezer. Beldurraren beldurrez, hosto baten azpian ezkutatu zen zizarea. Hori ikusita, Milakazoroko animalia guztiak zelaiaren erdi-erdian elkartu ziren. Egin zituen gaiztakeriengatik, Pinpox ehunzango harroxkoa zigortzea erabaki zuten denen artean. Basoko Maitagarriari deitu eta Milakazoroko zelaian Pinpoxekin zer gertatzen zen esan zioten. Pixka batean pentsatzen egon ondoren, honela esan zuen Maitagarriak: –Pinpox, hain harroa izateagatik, gaiztakeriak egiteagatik, eta besteak baino gehiago ez zarela konturatzeko, tori, merezi duzun zigorra: Ziu, fiu, ufala! Zure etxea eta gauzak, zurrunbilo, zurrunbilo, haizeak eraman ditzala! Maitagarriak hori esan zuenenan, indarrez jo zuen haizeak Pinpoxen etxea, eta han joan zen airean ehunzangoaren gauza guztiak barruan zituela. Han joan ziren milaka eta milaka zapata, gorbata, alkandora, galtza eta kapela. Eta gauza gehiago ere bai. Pinpox ezer gabe geratu zen. Soinean zeraman jantziarekin bakarrik: zapata berri-berriak oinetan, kapela dotorea buruan, gorbata berde-berdea lepoan, sedazko alkandora berdexka, galtzontzilo berri-berriak... Etxerik gabe eta aldatzeko arroparik gabe geratu zen Pinpox. Handik egun batzuetara, soinean jantzita zeuzkan arropak zikindu egin zitzaizkion ehunzangoari. Gainera, gero eta gose handiagoa zeukan, gero eta zikinago zegoen. Ez zuen ematen lehengo ehunzango dotore, harro eta burlati hura zenik orain. Negar egiten zuen Pinpoxek. Esaten zion bere buruari: –Zer egin behar dut nik orain? Zer jantziko dut bihar? Goseak nago eta ez daukat jateko ezer. Milakazoro zelaiko beste animaliek pena hartu zuten Pinpox hala ikusita. Maitagarriari deitu zioten berriro, eta hari ere, ikusi zuenean, pena eman zion Pinpoxek. Hartu zuen, orduan, Maitagarriak bere makilatxoa, eta hitz magiko hauek esan zituen: Ziu, fiu, ufala! Zure etxea eta gauzak, zurrunbilo, zurrunbilo, haizeak ekarri ditzala! Haize bolada indartsu batek ekarri zituen berriro Pinpoxen etxea eta haren barruko gauzak. Handik aurrera, lehen baino askoz zoriontsuago bizi izan zen ipuin honetako ehunzangoa. Inori ez zion burlarik egiten, eta bere ingurukoei laguntzen saiatzen zen. Eta bere zapata, gorbata, galtza, alkandora, betaurreko eta kapelarik gehienak Milakazoro zelaiko ehunzangoen artean banatu zituen. INDIAR TXIKI INAUTERIETAN Oneida eta Amerin haurrak Amerikako ibai luze eta zabal baten ondoan bizi ziren. Lur koloreko azala eta begi beltzak zituzten. Indiarrak ziren. Oneida neska zen eta Amerin mutila. –Nor da zure lagunik handiena? –galdetzen zioten Oneidari. Eta honela erantzuten zuen: –Amerin da nire lagunik handiena. –Nor da zure lagunik handiena? –galdetzen zioten Amerini. Eta honela erantzuten zuen beti: –Nire lagunik handiena? Oneida. Ibaian, oihanean eta leku guztietan beti elkarrekin ibiltzen ziren. Beraien herrixkatik inoiz irten gabe zeuden. Ibai handi hartako urak nora joaten ziren jakin nahi zuten, itsasoa nolakoa zen ikusi. –Nora joango ote dira ibaiko urak? –Nolakoa izango ote da itsasoa? Horregatik, behin, txalupa bat hartu, eta ibaian behera abiatu ziren biak bakar-bakarrik. Gaua heldu zenean, esan zion Amerinek Oneidari: –Goazen etxera. Beldurra daukat. –Ezin dugu txalupa gelditu. Aurrera jarraitu beharrean gaude –erantzun zion Oneidak. Eta, ilargiaren argitan, itsaso zabalera heldu ziren biak. Hurrengo egun osoa olatuen gainean balantzaka igaro zuten gosez, egarriz eta beldurrez. Itsasoan barrena eraman zituen txalupak, lurrik ikusten ez zen lekuraino. Heldu zen gaua berriro, azaldu zen ilargia zeruan, eta izarrak ere bai bere inguruan. Oneida eta Amerin negarrez zeuden, elkarri helduta. Baina, orduan: –Begira argi txiki horiek urrutian! Itsasontzi bat da! Bi indiar txikiak garrasika hasi ziren: –Etorriii...! Lagunduuu...! Baina itsasontzi hartakoek ez zuten ezer entzun, eta, ilunpean, ikusi ere ez. Gauaren erdia lotan eta beste erdia negarrez igaro zuten bi indiar txikiek. Hurrengo goizean, ordea, beste itsasontzi bat azaldu zitzaien. Eta hantxe etorri ziren Oneida eta Amerin Euskal Herrira. Arrantzale euskaldunak baitziren itsasontzi hartakoak. Eta Joxe izeneko arrantzaleak esan zien Oneida eta Amerini: –Inauteriak dira laster. Gera zaitezte egun batzuetan gure etxean. –Zer dira Inauteriak? –galdetu zuten bi indiarrek. Eta Joxeren alaba Irenek erantzun zien: –Inauterietan mozorrotu egiten gara, arropa zaharrak jantzi eta aurpegiak margotzen ditugu. Eta dantza egiten dugu kalean. Joxe arrantzalearen etxean geratu ziren egun batzuk pasatzen Oneida eta Amerin. Lagun berri asko egin zituzten. Egunero kalean jolasean ibiltzen ziren ilundu arte. –Inauterietan indiarrez mozorrotuko gara! –erabaki zuten auzo hartako neska-mutil guztiek. –Oneida! Amerin! Lagunduko al diguzue? –galdetu zieten. –Bai, pozik gainera! –Nik aurpegia margotuko dizuet, eta buruan lumak jarri! –esan zuen Oneidak. Eta hantxe ibili ziren denak Inauterietan, kalean gora eta kalean behera, oihu eta salto. Leku zabal samarra aurkitzen zutenean, gelditu, biribilean jarri, eta dantzaldi luzeak egiten zituzten lantzak astinduz. –Gora Amerin eta Oneida! –esaten zuten dantza-saioa bukatutakoan. –Goraaa! –erantzuten zuen jendeak txalo joz. Oso ondo ibili ziren bi indiarrak Inauterietan. Eta penaz alde egin zuten Euskal Herritik beren lurraldera. Lehenengo, hegazkinez, eta gero, helikopteroz, itzuli ziren Oneida eta Amerin Amerikako ibai zabalaren ondora. Nolako poza hartuko zuten beren gurasoek! Hori bai. Datorren urtean gurasoekin etorriko omen dira Oneida eta Amerin Euskal Herrira Inauterietan. TXANTXANGORRI MOKOFINA Behin batean, bazen txori txiki jaioberri bat, gaztainondo baten adarretan bizi zena aitarekin eta amarekin. Txori txikia oso bizkorra zen. Aitak eta amak hegan nola egin behar zen erakusten zioten. –Begira, hegoak gora eta behera mugitu behar dituzu, gora eta behera, gora eta behera, gora eta behera. Txori txikiak beldur handia izan zuen hasieran, baina laster ikasi zuen hegan bere kasa egiten. Hala, gero eta hegalditxo luzeagoak egiten hasi zen bere kontura. –Begira, ama! Begira, aita! Begira nola egiten dudan hegan! Goiz batean, gure txori txikia ibai aldera abiatu zen. Egunetik egunera saio luzeagoak egiten zituen. Egunetik egunera indartuz zihoazkion hegoak, eta gero eta urrutiago joaten zen. –Agur! Banoa hegan! Bazkaltzerako itzuliko naiz! Baina goiz horretan, txori txikiak besteetan baino hegaldi luzeagoa egin zuen, eta konturatzerako zeharo galdu zen. Baso ezezagun batean sartu zen. Ez zituen ezagutzen hango bazterrak, eta ez zuen ezagutzen zuhaitzen artean ikusten zen aintzira ere. –Ai, ama! Galdu egin naiz! Nola bueltatuko naiz gure habiara! Txori txikia pago adar baten gainean gelditu zen, eta negarrez hasi zen. Etxetik urrun zegoen, bakarrik, beldurtuta eta baita gosetuta ere. Katagorri batek pagoaren enborrean zeukan bere etxea. Negar-hotsak entzun zituenean, atera zen bere zulotik eta han ikusi zuen txori txikia negarrez. Katagorria errukitu egin zen txori txikiaz, eta harengana hurbildu zen saltoka-saltoka. –Kaixo, txori txiki! Zer duzu? Zergatik egiten duzu negar? Txori txikiak hala erantzun zion: –Galdu egin naiz. Ez dakit nire habiara itzultzen eta goseak nago. Lagunduko al didazu, faborez? Katagorriak esan zion: –Zure habia aurkitzen ezin dizut lagundu, baina gosea asetzen bai. Tori, jan itzazu intxaur goxo hauek –esan zion katagorriak. –Ez, mila esker. Intxaurrak ez zaizkit gustatzen. Katagorria harritu egin zen: –Nola dakizu ez zaizkizula gustatzen? Inoiz probatu al dituzu? –Ez, ez ditut probatu, baina badakit ez zaizkidala gustatzen! –erantzun zion txori txikiak. Eta handik alde egin zuen lehen baino gose handiagoarekin. Txori txikia aintzira batera heldu zen. Aintziraren bazterrean igel bat ikusi zuen, korroka, kroak eta kroak. –Kaixo, igela! –esan zion txori txikiak–. Galdu egin naiz, eta ez dakit nire habiara itzultzen. Eta, gainera, goseak nago. Lagunduko al didazu, faborez? –Lasai, txori txiki. Zure habia aurkitzen ezin dizut lagundu, baina gosea asetzen bai. Tori, jan itzazu barraskilo goxo hauek. –Ez, mila esker –esan zuen txori txikiak–. Barraskiloak ez zaizkit gustatzen. Igela zur eta lur gelditu zen: –Nola dakizu ez zaizkizula gustatzen inoiz probatu ez badituzu? –Probatu gabe ere badakit ez zaizkidala gustatzen! –erantzun zion txori txikiak. Eta handik alde egin zuen lehen baino gose handiagoarekin. Txori txikia basoan barneratu zen berriz ere. Basoaren sakonenean hontz zuri bat bizi zen. Hontza uluka ari zen, uuu! eta uuuu! –Kaixo, hontza! –esan zion txori txikiak–. Galdu egin naiz, eta ez dakit nire habiara itzultzen. Eta, gainera, goseak nago. Lagunduko al didazu, faborez? –Lasai, txori txiki. Gosea asetzen lagunduko dizut aurrena. Tori, jan ezazu sagutxo hau –esan zion hontzak. –Ez, mila esker. Nik inoiz ez dut sagurik jan, ez zaizkit gustatzen. Hontza sor eta lor gelditu zen: –Probatu ez badituzu, nola dakizu ez zaizkizula gustatzen? –Badakidalako! Ez zaizkit gustatzen! –erantzun zion txori txikiak. –Tira –esan zion hontzak–, gosea ezin dizudanez ase, zure habia topatzen lagunduko dizut. Zuk lo egin, eta nik bilatuko dut zure habia. Oso luzea egin zitzaion txori txikiari gau hura, gosea baitzeukan, gero eta gose handiagoa, eta bere habiara itzultzeko irrikaz baitzegoen. Goizaldean esnatu zuen hontzak txori txikia, eta esan zion gau osoan ibili zela habiaren bila eta aurkitu zuela azkenean. –Txoritxo, txoritxo! Esna zaitez! Aurkitu dut zure habia! –Benetan? Eta itzultzen lagunduko al didazu? –Bai, noski! Goazen azkar-azkar! Esan bezala, hontzak bere habiara itzultzen lagundu zion. Aitatxok eta amatxok hegoak zabalik hartu zuten txori txikia. Hontzari eskerrak eman zizkioten, eta hontzak ulu egin zuen, uuu! eta uuu!, agur esateko. Gero, aitak eta amak errieta pixka bat egin zioten txori txikiari. –Non ibili zara? Kezkatuta geunden. Zergatik joan zara hain urruti? –Hegan hasi nintzen, hegan eta hegan, eta galdu egin nintzen konturatu gabe. –Urruntzen denak bueltatzen ikasi behar du –esan zion amak. –Arrazoi duzu, amatxo, ikasiko dut. Baina txori txikiak gose handia izaten jarraitzen zuen. –Aitatxo, amatxo, goseak nago. Zer dago jateko? –Itxi itzazu begiak eta probatu aitatxok prestatu duena. –Aitatxok prestatu badu, goxo-goxoa izango da. Amak begiak estali zizkion eta, ondoren, aitatxok prestatutako janaria probatzen hasi zen. Txori txikia pozik zegoen. Azkenean, etxeko janari goxoa dastatuko zuen. jaten hasi orduko, txori txikiak galdetu zuen: –Zer da hau, ama? –Zuk dasta ezazu lehenengo, eta gero esango dizut. –Hau bai janari goxoa! Zer da? Aitatxok begiko zapia kendu, eta esan zion: –Baratzeko barraskilo goxoak dira. –Barraskiloak? Lehen ez zitzaizkidan gustatzen! Baina um!… zein goxoak diren!! –Ikusi duzu? Probatu gabe ez dago jakiterik. BREMENGO MUSIKARIAK Mendi arteko baserri batean asto bat zeukaten etxeko lanak egiten laguntzeko. Urte asko zeramatzan astoak etxe hartako lanak egiten. Sorotik zakuak, zelaitik belarra eta basotik egurra eramaten zituen. Baina astoa zahartu egin zen, eta lanerako indarrik gabe geratu. Etxeko nagusiak pentsatu zuen astoa saltzea izango zuela onena. –Asto zahar honek ez du ezertarako balio. Harakin bati salduko diot, hil eta txorizoak egin ditzan –esaten zuen sarritan. Astoa beldurtu egin zen horrelako kontuak entzunda. Eta, txorizo bihurtzeko batere gogorik ez zeukanez, pentsatu eta pentsatu, azkenean erabaki zuen zer egin: –Ihes egingo dut, ez naute hilko. Bremenera joango naiz, hango musika-bandan bibolina jotzera. Han aterako dut bizimodua. Baserritik alde egin eta laster, bide bazterrean arnaska zegoen txakur batekin egin zuen topo. –Kaixo, txakur. Zertan zaude hemen bide bazterrean? Hori da arnasa larria daukazuna! –Jakingo bazenu zer gertatzen zaidan! –Zer gertatzen zaizu, ba? –Zahartu eta ahuldu egin naiz, eta indarrik gabe geratu naiz. Orain ez dut balio ehizan egiteko, etxezain ere ezin naiz egon, eta nagusiak txorizoak egiteko saldu nahi ninduen. Eta etxetik ihes egin beharra izan dut. –Ba, zatoz nirekin, Bremengo bandan danborra joko duzu. Abiatu ziren biak aurrera eta, berehala, lehen txakurra bezala, oraingoan, katua aurkitu zuten. Haserre eta goibel zegoen. –Kaixo, katu bibotetsua. Zu hemen? Zer gertatzen zaizu? –Etxekoandre gaizto batengatik nago hemen. Zahartu egin naiz eta orain ezin dut sagurik harrapatu, eta etxekoandreak ito egin nahi ninduen. Justu-justuan egin dut ihes, baina orain ez dakit zer egin. –Lasai, lasai; zatoz gurekin Bremenera. Hango bandan musika joko dugu, eta zuk turuta joko duzu. Katua ere konforme geratu zen, eta hirukoteak aurrera jarraitu zuen. Hirukotea oilategi batera iritsi zenean, hango oilar zaharra kukurrukuka hasi zitzaien. –Nori deitzen diozu, oilar? –galdetu zioten. –Ez diot inori deitzen. Negarrez ari naiz. Zaharra naizela eta isiltzeko esaten didate oilategian, gizentzen naizenean hil eta jan egingo nautela etxekoek. –Guk abeslari bat behar dugu taldean. Zatoz gurekin. Bremengo bandako abeslari izango zara. Oilarrak ere baietz esan zuen. Eta laurak Bremen bidean zihoazela, ilundu egin zitzaien. Halako batean, argi txiki bat ikusi zuten. –Han etxe bat dagoela ematen du, goazen bertara. Hurbildu ziren bertara, eta astoak, denetan handiena zelako, leihoko kristaletik begiratu zuen. –Lapur batzuk daude hor barruan, eta mahaia prestatuta daukate afari ederra egiteko. –Guk daukagun gosea eta mahaia janariz beteta? Ai, hortxe bageunde! A zer tripakada! Garbi zegoen, bada. Zerbait jan nahi bazuten, lapurrak bota egin behar zituzten etxe hartatik. –Igo nire gainera, aa, aa, aa! –esan zion astoak arrantzaka txakurrari. –Katu, orain zu nire gainera, uau, uau, uau! –esan zion txakurrak zaunkaka katuari. –Oilar, orain zu nire gainera, miau, miau, miau! –esan zion katuak miauka oilarrari. A zer nolako dorre luzea osatu zuten! Astoak “bat, bi eta hiru” esandakoan, laurek batera ekin zioten: astoa arrantzaka, txakurra zaunkaka, katua miauka eta oilarra kukurrukuka. Beldurgarrizko zaratak atera zituzten, eta, kristalak hautsi ondoren, laurek batera salto egin zuten etxe barrura. –Mamu gaiztoren batzuk ote dira? Eta lapurrek korrika bizian ihes egin zuten. Orduan, lau musikariek lasai jan eta edan zuten. Lapurrak ez ziren gehiago etxe hartara joan. Astoak, katuak, txakurrak eta oilarrak Bremengo banda osatu zuten eta erromeria alaiak egiten zituzten. Eta hau egia ez bada, eman haizeari zigorkada. AZENARIO ERRALDOIA Gau batean, Ander ohera joan zen beti bezala, eta erraldoien lurraldean ibili zen ametsetan. Erraldoien lurraldean dena handia izaten da: etxeak, zuhaitzak, barazkiak, haurrak, jostailuak... Azkenerako, hango erraldoi baten lagun egin zen. Berarekin hizketan denbora luzez egon ondoren, honela esan zion agurtzerakoan: –Tori, Ander, oparitxo hau. Baina ez da etxean edukitzeko. Baratzea da honentzat lekurik onena. Hartu zuen erraldoiaren oparia, eskerrak eman zizkion eta, bat-batean, esnatu egin zen. Inoiz ez zitzaion halakorik gertatu. Erraldoiak ametsetan emandako oparia eskuetan zeukan orain. “Baina nola liteke, ordea?”, pentsatu zuen bere artean. Gaineko papera kendu zion opariari eta hazi handi, beltz, biribil samar bat zen. Baina ez zekien ondo zer landareren hazia zen. “Non erein behar dut orain nik hau?”, galdetu zion bere buruari. Arratsalde hartan bertan, aitonaren baratzera joan zen Ander, eta hantxe erein zuen erraldoiak emandako hazia. Ura ere bota zion. Inork ez zuen baratzean lan hura egiten ikusi eta, isil-isilik alde egin zuen handik. “Zer landare aterako ote da hazi horretatik?” pentsatzen zuen etxera bidean. Handik egun batzuetara, aitona Anderren etxera joan zen bazkaltzera. –Zer moduz zure baratze hori? –galdetu zion amak. –Ondo, ondo. Baina egun hauetan erabat harrituta nago –erantzun zion aitonak. –Zer dela eta zaude, ba, harrituta? –Izugarrizko azenario landare handia azaldu da baratzean, nik ez dut inoiz halakorik ikusi. Eta, gainera, aurten ez dut nik azenario hazirik erein baratzean. –Haizeak ekarriko zuen hazia –esan zion Anderrek. –Edo txoriren batek mokoan ekarriko zuen bestela –esan zion amak. Oso era harrigarrian ari zen hazten azenario hura. Egun gutxitan, hiru urteko haur bat baino altuagoa egin zen, eta handik laster, zuhaitz koskor baten altuera hartu zuen. Zer zen hura, ordea? Bere aitonaren baratzean munduko azenariorik erraldoiena zegoen. Baina ez pentsa aitona gustura zegoenik. Ez horixe! Inguru hartako untxi guztiak baratzean sartzen ziren azenarioa jatera. Han ibiltzen zen aitona egun guztian, makila bat eskuetan hartu, eta untxiak baratzetik bidali ezinda. Baina ez zen hori okerrena izan. Goiz batean, aitona baratzera joan zenean, basurde bat ikusi zuen azenarioa jaten. Hurbildu zitzaion aitona bere makilarekin eta basurdea atzetik segika hasi zitzaion. Azkenean, korrika-saio luze baten ondoren, muturrarekin bultza egin eta lurrera bota zuen basurdeak gure aitona gizajoa. Galtzak hautsita eta ipurdia bistan zuela utzi zuen. Aitona estu eta larri etxera joan zenean, galdetu zion amonak: –Baina non ibili zara, gizona, ipurdia bistan duzula etxera etortzeko? Barregarri zaude! –Nazkatu naiz oraintxe. Ez dut azenariorik gehiago nahi baratzean –esan zuen aitonak orduan. Amonari ere ongi iruditu zitzaion, eta, hurrengo goizean, biak joan ziren baratzera azenarioa ateratzeko asmoz. Han ari ziren aitona-amonak arnaska, indarka eta puzka. –Heldu ongi lehenengo. Biok batera! –esaten zuen aitonak. –Bai. Bat, bi eta hiru! –amonak. Baina azenarioa ez zen mugitu ere egiten. Orduan, aita, ama eta Ander joan ziren laguntzera. Aitonak azenarioari heldu zion, amonak aitonari, aitak amonari, amak aitari eta Anderrek amari. –Heldu denok elkarri ongi! Orain! Tira indar guztiarekin. Denok batera! Ieuuu...! Baina hala ere ezin. Behin eta berriro hankaz gora erori ziren denak. Eta azenarioa pixka bat mugitzea besterik ez zuten lortu. Azenarioa erori ordez, geu erori gara lurrera. Hau kolpea! –esan zuen amak. –Alferrik gabiltza. Jende gehiago behar da hemen –aitak. Azkenean, hamar lagunen artean, eta traktore baten laguntzaz, atera zuten lurretik azenario erraldoia. Gero, herriko plazara eraman zuten denen artean. Eta, han, entsalada erraldoi bat prestatu zuten azenario erraldoiarekin, ontzi erraldoi batean. Herritar guztiek nahikoa jan zuten, eta, gero, festa erraldoi bat antolatu zuten soinu, dantza eta jokoekin. TTANTTOREN OPOR SEKRETUAK Behin batean, gure lagun guztiak ikastolan zeuden, Ttantto, Arroxali, Txanogorritxo, Hiru Txerrikumeak, Pinpox eta besteak. Ekaina aurrera zihoan eta, oporrak gertu zeudenez, oso pozik zeuden denak. Andereñoa ere bai, jakina. –Ba al dakizue datorren astean oporrak hasiko direla? –galdetu zuen andereñoak. –Baiii!!! –Eta datorren urtean beste gela batean egongo zaretela? Handiak egin zirelako, eta asko ikasi zutelako, gelaz aldatuko zirela esan zien andereñoak. Ipuinen txokoan, Ttantto eta Txanogorritxo Katu Botadunaren ipuina elkarrekin ikusten jarri ziren. Nolako saltoak ematen zituen katuak bota handi haiekin! –Bota horiek banitu, saltoka-saltoka, oporretan urrutira joango nintzateke –esan zuen Txanogorritxok–. Baina amonaren etxera joango naiz, basora, amonari laguntzera. Eta zu oporretara joango al zara? –Bueno…, ezin dizut esan. Sekretu bat da –erantzun zion Ttanttok. Txanogorritxo saiatu zen Ttanttoren sekretua ezagutzen, baina alferrik izan zen. Jolas-ordua hasi orduko, Arroxali eta Txanogorritxo ikastolako patioan kromoetan jolasten hasi ziren. Txanogorritxo oraindik Ttanttoren oporren kontua burutik kendu ezinik zebilen, eta horrela esan zuen: –Ba al dakizu Ttanttok sekretu bat duela? Oporretara doa eta ez du esaten nora. –Sekretu bat? Gure artean ez dago sekreturik –esan zion Arroxalik. Eta bera Jose Anttonen etxera joango zela oporretan, uda osoan mendian bakarrik ez egotearren, esan zuen. –Eta Ttanttok zer egingo ote du oporretan? –galdetu zuen Txanogorritxok. –Nik uste dut hondartzara joango dela. Horiek bai oporrak! –Bai horixe. Neu ere gustura joango nintzateke hondartzara –esan zuen Txanogorritxok. Eta bi lagunek jolasean jarraitu zuten. Bazkaltzeko ordua iritsi zen, eta denak jangelara joan ziren, mantala jantzita. Hiru Txerrikumeak gosetuta zeuden eta bizkor-bizkor eseri ziren mahaian. Arroxali beraien alboan eseri zen. –Ba al dakizue Ttanttok sekretu bat duela? Oporretara doa eta ez du esaten nora –esan zien Arroxalik. –Sekretu bat? Gure artean ez dago sekreturik –esan zioten Txerrikumeek. Eta beraiek amatxoren etxera joango zirela, haren janari goxoarekin tripa betetzera, esan zioten. –Eta Ttanttok, zer egingo ote du oporretan? –Guk uste dugu kanpinera joango dela. Horiek bai oporrak! –Bai horixe! Neu ere gustura joango nintzateke kanpinera! –esan zuen Arroxalik. Arratsaldeko saioa hasi aurretik, siesta txiki bat egin beharra zeukaten denek. Prudentzi postariak ezin zuen lorik hartu, Hiru Txerrikumeak zurrungan ari zirelako bere alboan. –Aizue, zurrungan ari zarete eta ezin dut lorik egin! Hiru Txerrikumeek barkamena eskatu zioten, eta, adiskidetzeko, beren artean bolo-bolo zebilen albistearen berri eman zioten: –Ba al dakizu Ttanttok sekretu bat duela? Oporretara doa, baina ez du esan nahi nora. –Sekretu bat? Gure artean ez dago sekreturik –esan zuen Prudentzik. Eta berak oporretan Olentzero bisitatzera joatea pentsatua zuela esan zien, udan ez delako inor Olentzeroz gogoratzen, eta bakar bakarrik egoten delako mendian. –Eta Ttanttok zer egingo ote du oporretan? –Nik uste dut Parisera joango dela trenean. Horiek bai oporrak! –erantzun zuen Prudentzik. –Bai. Geu ere gustura joango ginateke Parisera! –esan zuten txerrikumeek. Arratsaldean, antzerki-gelara joan ziren denak. Sorginez, indiarrez, hartzez... mozorrotu ziren. Eta bai ederki! Pinpoxi, oraindik ere, asko gustatzen zitzaion arropa dotoreak janztea. Erregez ala magoz, zertaz jantzi erabaki ezinik zebilen. Prudentzirengana inguratu zen iritzi eske, baina hark Ttantto zuen buruan. –Ba al dakizu Ttanttok sekretu bat duela? Oporretara doa, eta ez du esaten nora. –Sekretu bat? Gure artean ez dago sekreturik –esan zion Pinpoxek. Dena garbi eta txukun edukitzea gustatzen zitzaionez, oporrak etxea txukuntzen igaroko zituela esan zion. –Eta Ttanttok zer egingo ote du oporretan? –galdetu zuen Prudentzik. –Nik uste dut Donostiako Akuarioa ikustera joango dela. –Bai. Neuk ere gustura asko bisitatuko nuke Donostiako Akuarioa –esan zuen Prudentzik. Arratsaldeko saioa ere bukatu zen. Lagun guztiak elkarrekin jolastera joan ziren parkera. Gorde-gordeka ari zirela, Txantxangorri Mokofina inguratu zitzaien. Agurtu bezain azkar, Ttanttoren kontuak esan zizkioten. –Ba al dakizu Ttanttok sekretu bat duela? Oporretan doa eta ez du esan nahi nora. –Sekretu bat? Gure artean ez dago sekreturik –esan zien Txantxangorriak. Eta bera hantxe geldituko zela, parkean, haurrekin jolasten, esan zien. –Eta Ttanttok zer egingo ote du oporretan? –galdetu zioten. –Nik uste dut zoo bat ikustera joango dela. –Geu ere gustura joango ginateke zoo batera! –esan zuten denek. Astea ziztu bizian pasatu zitzaien. Ikastolan oso lanpetuta egon ziren, andereñoak urteko lan guztiak bukatu nahi zituelako. Azkeneko egunean, denak pozak zoratzen zeuden oporrak iritsi zirelako. –Aupa! Oporrak iritsi dira! –oihu egin zuten. Andereñoari ere eskatu zioten bere oporren berri emateko. –Oso nekatuta nagoenez, landetxe batera joateko asmoa dut, eta han irakurri besterik ez dut egingo –erantzun zuen andereñoak. Andereñoaren plana ona izango zen andereñoarentzat, baina beraientzat erakargarriagoa zen Ttanttoren sekretua argitzea. –Eta zuk, Ttantto, zer egingo duzu? –galdetu zioten berriro. –Ezin dizuet esan, sekretu bat dela! –ihardetsi zuen. Ttanttoren oporren kontuak jakin-min handia sortu zuen. Denek jakin nahi zuten sekretu hura. Haren pauso guztiei jarraitzeko asmoz, herriko hainbat tokitan eta bazterretan ezkutatu ziren. Txanogorritxo ikastolako atea zaintzen geratu zen. Pasatu ziren orduak eta orduak, eta Ttantto ez zen eskolatik ateratzen. –Aizue, lagunok! Etorri hona! Ttantto ez da ikastolatik atera! –deiadar egin zuen Txanogorritxok. –Ziur al zaude? Ondo zaindu al duzu atea? –galdetu zioten lagunek, arnasestuka ikastolara inguratu zirenean. –Baietz, ba! Eta ez da atera. Goazen barrura! Beharbada komunean itxita gelditu da! Barrura sartu eta ikastola miatzen hasi ziren, komunetik hasita. Ttantto ez zen inon ageri eta deiadarka hasi ziren denak. Inork ez zuen erantzun, baina gure lagunek ez zuten etsi. Halako batean, Ttanttoren ahotsa entzun zuten. –Hemen nago, hemen nago! –Non? –galdetu zioten. –Hemen. Ez nizuen esan nahi, baina nik berriro liburuan sartu behar dut, eta hurrengo ikasturteko haurrei itxaron behar diet. Haiei ere ipuinak eta istorio politak kontatu behar dizkiet. –Horregatik ez zenuen esaten oporretan nora joan behar zenuen! Besarkada handi bat eman zioten eta begietan malkoak zituztela agurtu zuten. Nork kontatuko zizkien ipuinak hurrengo urtean? Auskalo! Hala bazan edo ez bazan… KOXMEREN GEZURRAK Azkarregi joan zitzaion uda Koxmeri. Izan ere, munduan ez zegoen berarentzat oporrak baino gauza hoberik. Udako hiru hilabete horietan hondartzara joaten zen, lagunekin berandura arte ibiltzen zen kalean jolasean, izozki pila jaten zuen, telebista gehiago ikusi ere bai, eta, batez ere, ez zeukan ikastolara joan beharrik. Baina iritsi zen iraila, bukatu ziren oporrak, eta amak esan zion Koxmeri: –Koxme, bihar ikastolara joan behar duzu; gaur ez dago telebistarik. Ilundu baino lehen ohera! –Jo-pe, nik ez dut ohera joan nahi! Nik ez dut bihar ikastolara joan nahi! Marmarka eta haserre oheratu zen gure mutikoa. Koxmek telebista ikusi nahi zuen eta ez zeukan hurrengo egunean ikastolara joateko batere gogorik. Lo hartu aurretik, hurrengo egunean ikastolara ez joateko amari zer gezur esan pentsatu eta pentsatu aritu zen. Goizean, esnatu zenean, negarrez hasi zen Koxme: –Ai, ai, ai! Hagineko mina! Ama, hagineko mina! –Ba, hagineko minez bazaude, dentistarengana joan beharko dugu. Amak bere semetxoaren gezurra sinetsi egin zuen, eta goiz hartan biak dentistarengana joan ziren trenez. –Zabaldu ahoa –esan zion dentistak Koxmeri–. Zein haginek ematen dizu min? –Ho... ho... honek –erantzun zion Koxmek hatza ahoan sartuz. Indizio bat, gero beste bat... Haginak lo hartu arte pixka bat itxaron eta, di-da, sano zeukan hagina kanpora. –Ai, ai, ai! –kexatu zen Koxme. Eskua masailean zuela eta mukizapira odola botaz egin zuen etxerako bidea. Egun hartan ez zen ikastolara joan. Hurrengo egunean, lehen baino ere gogo gutxiago zeukan Koxmek ikastolara joateko. Beste gezurren bat asmatu beharra zeukan. Ez zuen gehiago dentistarengana joan nahi. “Badakit zer egin”, pentsatu zuen bere artean. –Ama, ama! Ez dut ezer ikusten. Itsutu egin naiz, itsutu! –esan zion amari negarrez. –Ene, ene, nire Koxme maitea! Itsutu egin zarela? Hagineko mina baino okerragoa da hori. Enee! –eta amak anbulantziari deitu zion. Koxmek oso ondo egiten zuen itsuarena. Anbulantziako gizonak eta amak lagundu zioten etxetik irteten. Aurreko eserlekuan eseri zuten, txoferraren ondoan. Ama atzean sartu zen, eta negar-malkoak irristatzen zitzaizkion masailetan behera. Anbulantzia tximista baino ere azkarrago zihoan klinikarako bidean, auto guztiak atzean utziz. Halako batean, bere aitaren kamioia ikusi zuen Koxmek bidean. –Ama, ama, begira! Aitaren kamioia da gure aurreko hori! –atera zitzaion bat-batean Koxmeri. –Baina, Koxme! Ez al didazu, ba, esan ez duzula ezer ikusten? –Kasuen! Ahaztu egin zait itsu nengoela! –esan zuen Koxmek bere buruarekin haserre. Amak ezin zuen sinetsi bere belarriak entzuten ari zirena. –Ahaztu egin zaizula? Ahaztu? Baina ni naiz tuntuna, ni! Dena sinetsi diot mutiko mukizu honi. Atzo gezur bat eta gaur bestea. Erakutsiko dizut nik zuri hemendik aurrera gezurrik ez esaten. Bai horixe! Eta hantxe bertan buelta hartzeko agindu zion Koxmeren amak anbulantziako txoferrari. Goizeko hamaikak ziren Koxme ikastolako atariraino anbulantzian eraman zutenean. Gauza harrigarriak gertatzen dira munduan, baina ez zen horrelako asko gertatuko. Ez horixe! Geroztik, Koxmek ez du gezurrik esaten, eta lehen baino gusturago joaten da orain ikastolara, bertan lagun asko baititu. Bizi nahi baduzu zoriontsu bizitza honetan, ez ibili inoiz gezurretan. INURRIA ETA TXIRRITA Behin batean, ba omen ziren inurri bat eta txirrita bat. Uda zen eta bero handia egiten zuen. Hala ere, inurria oso langile zebilen, negurako janaria pilatu eta pilatu. Ogi-apurrak, fruituak eta topatzen zituen janari guztiak eramaten zituen bere etxera. –Uff! Sargori egiten du gaur –esan zuen izerdia lehortuz–. Baina zer egingo diogu! Lanean jarraitu beharko dugu negurako janaria pilatzen. Inurriaren aldamenean txirrita bat bizi zen. Txirrita oso alaia zen, baina ez zitzaion lan egitea batere gustatzen. Nahiago izaten zuen eguna alferkeria gozoan kantari pasatu. –Din-don, din-don, dagoenean bon-bon! Din-don, dindon, ez dagoenean egon! Eta hor konpon, Marianton! Udako egun bero haietako batean, inurria goizean goiz hasi zen lanean eta, egunero bezala, han ikusi zuen txirrita etzanda kantari. –Egun on, txirrita jauna. Gaur ere ez al duzu lanik egin behar? –Ez horixe –erantzun zion txirritak–. Bero handiegia egiten du gaur lanean hasteko. Bihar edo etzi, akaso... –Baina orain janaririk biltzen ez baduzu, zer jango duzu neguan? –Tokitan dago negua! –esan zion burlaka txirritak–. Oraindik asko falta da horretarako. Zuk egin lan nire partez. Ja, ja, ja! Inurriak ez zion ezer esan eta lanera joan zen isilisilik. Eta lan eta lan egin zuen egun osoan, negurako janaria pilatzen. Pasatu zen uda eta etorri zen udazkena. Haize handia zebilen, eta arboletatik hostoak eta haziak erortzen hasi ziren. Inurriak haziak bizkar gainean hartu eta etxera eramaten zituen. Bitartean, txirritak batere lanik egin gabe jarraitzen zuen. Kantari ematen zuen egun osoa. –Gaur ere ez al duzu lan egin behar, txirrita jauna? –esan zion inurriak. –Ez horixe –erantzun zion barrez txirritak–. Haize handiegia dabil gaur lanean hasteko. Zuk egin lan nire partez. Ja, ja, ja! –Baina orain janaririk biltzen ez baduzu, zer jango duzu neguan? –Ederra ematen duzu zeure neguarekin! –esan zion burlaka txirritak–. Lasai, hasiko naiz lanean bihar edo etzi. Pasatu zen udazkena eta etorri zen negua. Hotz handia egiten zuen eta inguru guztiak elurtuta zeuden. Ez zen giro kanpoan! Baina inurria lasai zegoen, nahi adina janari zeukan-eta etxean. –Brrr! A zer eguraldi petrala! Etxe barruan goxogoxo egoteko giroa egiten du gaur! Neguko egun hotz haietako batean, norbaitek inurriaren etxeko atean kax-kax jo zuen. Zabaldu zuen atea inurriak, eta han ikusi zuen txirrita hotzez dardarka. –Kaixo. Zer berri dugu, txirrita jauna? –Inurri, faborez, lagun iezadazu –erregutu zion txirritak negarrez. –Zer gertatzen zaizu? Dardarka zaude –esan zion inurriak. –Ez dut jatekorik, inurri. Bila eta bila ibili naiz, baina alferrik. Negua da eta ezin dut ezer aurkitu –erantzun zion txirritak dardarka. Inurriak kopeta iluna jarri eta haserre samar esan zion: –Noski. Neguan oso zaila da janaria topatzea. Ez al nizun nik esan janaria pilatzeko negurako? –Bai, baina... Nik nahiago nuen kantuan aritu. Eta geroko uzten nuen beti lana –esan zion txirritak. –Geroa, alferraren leloa! –kargu hartu zion muturra okertuz inurriak. Txirritak faborez laguntzeko eta laguntzeko eskatzen zion negar-malkotan inurriari. –Lagun iezadazu, faborez eta mesedez, inurri. Bestela, goseak hilko naiz. –Umm! Ez dakit, ba... –esan zuen inurriak zalantzaz. Haserre samar zegoen txirritarekin. –Zin egiten dizut hurrengo urtean lana gogotik egingo dudala. Benetan, inurri, nire hitza duzu –agindu zion txirritak. Inurria bihotz onekoa zen eta txirritaz errukitu egin zen. Pentsatu zuen txirrita ez zela gaiztoa. “Alferra eta kaskarina izatea, horixe du txarra honek”, esan zuen bere artean. “Baina oso alaia da eta ederki pasatuko genuke negua biok elkarrekin”, jarraitu zuen esaten bere kolkorako. Txirritak ate aurrean jarraitzen zuen dardarka; gero eta hotz handiagoa zeukan eta ezin zuen gehiago. –Eta, zer? Utzi behar al didazu sartzen edo ate aurrean eduki behar nauzu hotzak eta goseak hil arte? –galdetu zion txirritak erabat etsita. –Ondo da, sar zaitez barrura. Etxean nahikoa janari dago biontzat. –Mila esker, inurri, eskerrik asko –esan zuen pozik txirritak. –Utzi eskerrak emateari eta datorren urtean kontuak garaiz atera –erantzun zion inurriak. –Bai, datorren urtean lan asko-asko egingo dut, ikusiko duzu. Txirritak eta inurriak elkarrekin igaro zuten negu hura. Txirrita pozak zoratzen egon zen inurriaren etxean, bapo asko jan eta edanez. Eta inurria ere zoriontsu izan zen, txirrita oso lagun alaia zelako. Hori hala bazan edo ez bazan, zer den hobea zuk esan, txirrita izan ala inurria izan. ZAZPI ANTXUMEAK Behin batean, ba omen ziren zazpi antxume, beren ahuntz amarekin bizi zirenak. Amak familia mantendu behar izaten zuen eta, horregatik, egunero goizean goiz irteten zen etxetik lanera joateko. Baina, han inguruan, otso handi gaizto bat bizi zen, eta hark beldurtuta zituen zazpi antxumeen etxekoak. Egun batean, lanera joan aurretik, hala esan zien amak bere antxumeei: –Umeak, ni lanera noa. Ni kanpoan nagoen bitartean, ez ireki atea inori, baina inori ere ez! Otsoa hemen inguruan dabil eta jan egin nahiko zaituzte. –Ai, ama, zer beldurra! Ez diogu inori atea zabalduko –esan zuten zazpi antxumeek batera, zazpi antxumeek bekerekeka. Hori entzunda, lasaiago joan zen ahuntz ama lanera. Baina otsoa han zebilen zelatan. Zuhaitz baten atzean ezkutatu zen eta, ahuntz ama bazihoala ikusi zuenean, hala esan zuen bere kolkorako: –Ama badoa. Antxumeak bakarrik daude etxean, eta nik denak jango ditut. Ja, ja, ja! Otsoa zazpi antxumeen etxera joan zen eta atea jo zuen: “dan, dan, dan!” –Nor da? –galdetu zuten zazpi antxumeek batera, zazpi antxumeek beldurtuta. –Ama naiz, zabaldu atea –esan zuen otsoak. Zazpi antxumeak isil-isilik geratu ziren ama ote zen edo ez ote zen zalantzan, baina antxume txikiena oso argia zen, eta hala esan zion: –Gezurra! Zu ez zara ama! Gure amak ahots fina eta gozoa dauka eta zuk lakar-lakarra. Alde hemendik! Haserre alde egin zuen handik otsoak. Eta pixka batean pentsatu ondoren, esan zuen: –Badakit! Arrautzak jango ditut ahotsa fintzeko. Arrautzaren zuringoa oso ona omen da horretarako. Hala, joan zen oilategi batera eta hiru dozena arrautza irentsi zituen. Orain, ahots fina eta gozoa zuen otsoak. Berriz joan zen antxumeen etxera. –Dan, dan, dan! –jo zuen atea. –Nor da? –galdetu zuten zazpi antxumeek batera, zazpi antxumeek ikaratuta. –Ama naiz, zabaldu atea –esan zuen otsoak ahots gozogozoaz. Antxumeak zalantzan geratu ziren berriz ere, zer egin jakin gabe. Baina antxume txikienak hitz egin zuen berriro: –Ea, erakutsi hanka bat ate azpitik. Eta otsoak hanka erakutsi zuenean, hala esan zion antxume txikiak: –Gezurra! Zu ez zara ama! Gure amak hankak zurizuriak ditu eta zurea beltz-beltza da. Alde hemendik! Gero eta haserreago zegoen otsoa. Orain ere igarri egin zioten nor zen. Orduan, ideia bat izan zuen: –Badakit! Joango naiz errotara, hartuko dut irina eta hankak irinetan sartuko ditut zuri-zuri jarri arte. Ja, ja, ja! Zazpi antxume txoro horiek ederki engainatuko ditut! Eta halaxe egin zuen. Gero, hankak zuri-zuri zituela, berriro joan zen zazpi antxumeen etxera: –Dan, dan, dan! –jo zuen atea. –Nor da? –galdetu zuten zazpi antxumeek batera, zazpi antxumeek izututa. –Ama naiz, zabaldu atea –esan zuen otsoak. –Ea, erakutsiguzu hanka bat –esan zion antxume txiki ausartak. Eta otsoak hanka erakutsi zienean, zuri-zuria zela ikusi zuten zazpi antxumeek, eta atea zabaldu zioten otsoari, ama zelakoan. Otsoa etxera sartu zen eta “krisk-krausk, krisk-krausk!” antxumeak jan zituen. Baina antxume txiki ausarta oso bizkor ibili zen, eta erloju handi baten barruan ezkutatu zen. Otso gaiztoak ez zuen ikusi eta antxume txikia salbatu egin zen. Ama etxera etorri zenean, bere antxumeak ez zeudela han ikusi zuen. Eta negarrez hasi zen: –Ai, nire antxumetxoak! Nire ume gaixoak! Otsoak ume guztiak jan dizkit! Baina, orduan, antxume txiki ausarta erloju barrutik atera zen: –Ama, ama! Ni hemen nago! Ni ez nau otsoak jan! Eta antxume txikiak zer gertatu zen esan zion amari. Ama oso haserre jarri zen eta guraize handi batzuk, jostorratza eta haria hartu zituen. –Goazen otso gaizto horren bila! –esan zuen kopeta ilunilun jarrita. Antxumea eta ama otsoaren bila abiatu ziren, baina ezin zuten aurkitu. Orduan, zurrunga-hots batzuk entzun zituzten: ZZZZ!! ZURRUN!! GRRR!! KURRUN!! ZURRUN-KURRUN!! –Ama! Zurrunga horiek otsoarenak dira –esan zuen antxumetxo ausartak. Hala, belarriak erne-erne jarri eta zurrunga-hots haiek zetozen lekurantz joan ziren. Gero eta hurbilago entzuten zituzten. Azkenean, han ikusi zuten otsoa, erreka ertzean luze-luze etzanda. Tripa bapo bete ondoren, lo kuluxka egiten ari zen zurrunga-hots galantak ateraz: ZZZ!! ZURRUN!! GRRR!! KURRUN!! ZURRUN-KURRUN!! Amak guraize handiak hartu zituen eta “ri-rau!” tripa zabaldu zion otsoari. Tripa barrutik antxumeak atera ziren poz-pozik. –Ama! Zer poza! –esan zuten, eta musu handi bana eman zioten amari. Amak errekatik harri handiak ekartzeko esan zien antxumeei. Gero, otsoaren tripa barruan sartu zituen harriak eta, ez esnatzeko, kontuz-kontuz josi zion tripa jostorratzarekin eta hariarekin. –Orain, ezkuta gaitezen, umeak –esan zien zazpi antxumeei. Otsoa esnatu zenean, ondoezik sentitu zen: –Ai, ai, ai! Hau tripako mina! Antxume gehiegi jan dut! Ur pixka bat edango dut. Eta erreka ertzean ura edatera makurtu zenean, tripa barruan zituen harrien pisuarekin, plaust!, erori zen uretara. Eta hantxe ito zen otso gaiztoa. Zazpi antxumeek eta ama ahuntzak dena ikusi zuten beren ezkutalekutik. Gero, etxera joan ziren poz-pozik, eta handik aurrera lasai eta bakean bizi izan ziren. Hori hala bazan, ez bazan, sar dadila kalabazan... MARI DOMINGI ETA OLENTZERO Behin batean, orain dela urte asko eta asko, bazen Mari Domingi izeneko emakume behartsu bat. Herritik kanpora zegoen txabola zahar-zahar batean bizi zen Mari Domingi, eta gona zahar bat besterik ez zeukan janzteko, gona zahar zarpail bat, dena adabakiz beteta. Mari Domingi hain behartsua zenez, baztertu egiten zuten guztiek, jendeari lotsa ematen baitzion harekin ibiltzeak. Herriko aberats harroputzek burla egiten zioten: –Mari Domingi mingulina, arlote zikina! Mari Domingiri min ematen zioten burla horiek. –Pobrea izatea ez da lotsa –pentsatzen zuen–, okerragoa da bihozgabea eta harroputza izatea. Mari Domingi bihotz handiko emakumea zen, prestua eta langilea. Neguan ikatza partitzen ibiltzen zen etxez etxe, eta berak ezer ez bazuen ere, bakarrik bizi ziren aitona-amona behartsuei doan ematen zien ikatz pixka bat. –Tori ikatz puska hauek. Ez da asko, baina etxea zertxobait epelduko dizuete behintzat. –Eskerrik asko, Mari Domingi –esaten zioten orduan aitona-amonek. Behin, abenduko gau hotz batean, ogi zati gogor bat afaldu eta ohera sartu zen Mari Domingi. Tripazorriek, ordea, kirri-karra egiten zioten eta goseak ez zion lo egiten uzten. Kostata, baina loak hartu zuen halako batean. Orduan, ahots bat entzun zuen. –Mari Domingi, Mari Domingi! Olentzero naiz –esan zion ahotsak–. Mesede bat eskatu nahi dizut: aurki Gabonak dira eta haurrei opariak banatzera joango naizela iragarri behar duzu herrian. Mari Domingi kolpetik esnatu zen, eta ahotsari hitz egin zion: –Aizu, aizu... Baina txabolan bera bakarrik zegoen. Korrika ohetik altxa eta txabolako atea zabaldu zuen. Mendi-gain batean gizon bat ikusi zuen urruntzen: Olentzero zen, eta agur egin zion besoa altxata. –Orduan, egia da. Ez nenbilen ametsetan. Olentzero etorri zait mesede bat eskatzera. Nori, eta niri...!!! Gau hartan, ezin izan zuen lorik egin Mari Domingik. Egunsentiaren zain egon zen urduri-urduri. Eguna zabaldu zuenean, bere gona zarpaila jantzi eta herriko kaleetan berri ona zabaltzen hasi zen. –Entzun, entzun guztiok! Aurki Gabonak dira eta Olentzero etorriko da opariak banatzera. Olentzerok berak esan dit berria zabaltzeko. Baina herriko jende harroputzak ez zion sinetsi, eta burla egin zion. –Ja, ja, ja! Entzun al duzue hori? Olentzerok Mari Domingi aukeratu omen du mandatari izateko! Eta guk sinetsiko dugulakoan! –esan zuen batek mespretxuz. –Olentzerok halako mandatari xaxtarra bidaltzen badu, zer opari ekarriko ote dizkigu? –erantsi zuen beste batek. Mari Domingik, ordea, ez zien kasurik egiten burla haiei eta txintxo-txintxo bete zuen Olentzeroren esana. Gabon-gaua heldu zenean, beste askotan bezala, ogi zati gogor bat janda oheratu zen Mari Domingi. Baina, orduan ere tripa-zorriek kirri-karra egiten zioten eta goseak ez zion lorik egiten uzten. Orduan, norbaitek atea jo zuen. Mari Domingi ohetik jaiki eta atea zabaldu zuen. Atean Olentzero zegoen. Opariz betetako zaku handi bat zekarren bizkarrean eta kapoi erre bat eskuan. –Gabon, Mari Domingi –esan zion Olentzerok–. Badakit txintxo-txintxo bete duzula nik eskatutakoa, eta eskerrak ematera nator. Nahi al duzu gaur nirekin afaldu? Mari Domingik baietz esan zion, eta gau hartan kapoi eder bat afaldu zuen Olentzerorekin. Bapo afaldu zutenean, honela esan zion Olentzerok: –Aizu, nik orain opari hauek banatu behar dizkiet haurrei. Nahi al didazu lagundu? –Bai horixe, gustura asko gainera! –erantzun zion Mari Domingik. Hala, bien artean banatu zizkieten opariak txintxo portatu ziren haurrei. Txintxo portatu ez zirenei eta harroputzei, berriz, ikatza jarri zieten. Lana bukatu zutenean, Olentzerok opari bat eman zion Mari Domingiri paperean bilduta. –Hau niretzat? –esan zuen pozak txoratzen Mari Domingik. –Bai, zuretzat, herri honetan zeu zarelako pertsonarik jatorrena eta txintxoena eta... eta politena ere bai –esan zion Olentzerok pixka bat lotsatuta. Oparia ikusi zuenean, saltoka hasi zen Mari Domingi. Soineko dotore-dotore bat zen. Pozaren pozez, musu bat eman zion Olentzerori. Olentzero gorri-gorri jarri zen lotsatuta. Eta orduan esan zion: –Aizu, Mari Domingi, ni bakarrik bizi naiz mendian, eta zu ere bakarrik bizi zarenez, nik pentsatu dut... pentsatu dut... –hasi zen Olentzero hitz-totelka. –Zer eskatu nahi didazu? Biok elkarrekin bizitzea? –esan zion Mari Domingik. –Bai, horixe! Hain zara jatorra eta atsegina eta... eta polita! –esan zion Olentzerok gero eta urduriago. Mari Domingik musu eman zion berriro eta baietz esan zion. Eta Mari Domingi eta Olentzero, eskutik helduta, txoriak baino kontentuago joan ziren mendira, Olentzeroren etxera. Eta hantxe bizi dira oraindik pozik eta zoriontsu. Urtero, Gabonak etortzen direnean, herrira jaisten dira, eta opari politak egiten dizkiete txintxo portatzen diren haurrei. Eta gaizki portatzen direnei? A!, gaizki portatzen direnei, ikatza! MARI KANELA Behin batean, bazen Mari Kanela deitzen zioten neska txiki bat. Aitonak jarri zion izen xelebre hori, eta zergatik?, bada, kanela-zotza izugarri gustatzen zitzaiolako Mari Kanelari. Mari Kanela oso neska bihurria zen eta ohitura itsusi bat zeukan: barra-barra esaten zuen gezurra. Gezurrak bata bestearen atzetik esanez ibiltzen zen beti. Behin, txokolate almendraduna hartu zuen sukaldeko armairutik, eta barra osoa jan zuen berak bakarrik. Ama txokolatea falta zela konturatu zenean, Mari Kanelari galdetu zion: —Aizu, Mari Kanela, txokolate almendraduna falta da armairutik. Zuk jan al duzu? —Nik ez, ama! —esan zuen Mari Kanelak. Eta gezur hori esan orduko, sudurra azenario handi bat adina hazi zitzaion. Izan ere, gezurra esaten zuen bakoitzean, gorputzeko atal bat hazten zitzaion Mari Kanelari. Horregatik, oso erraza zen jakitea noiz ari zen gezurretan. —Orain ere gezurra esan duzu, Mari Kanela —esan zion amak—. Begira nolako sudurra hazi zaizun. Azenario handi bat dirudi! Mari Kanela beldurtu egin zen bere azenario-sudur itsusi hura ikusi zuenean, eta, estu eta larri, egia esan zion amari. —Neu izan naiz, ama, neu izan naiz... Neuk jan dut txokolatea. Egia esan zuenean, lehen bezalaxe jarri zitzaion sudurra berriz ere. Hurrengo egunean, ikastolara zihoala, txori batzuk ikusi zituen zuhaitz baten adarretan txorrotxioka kantari, eta haiekin jolasean hasi zen Mari Kanela. Txoriak harrapatu nahian, salto eta brinkoka hasi zen, eta putzu-zulo batzuetan sartu zen konturatu gabe. —Mekatxis! Zapatak zikindu zaizkit! —esan zuen. Egun hartan berandu iritsi zen ikastolara Mari Kanela, eta zapatak lokatzez zikin-zikinak zituela, gainera. Ikastolan zain zeukan andereño Mari Petral. Haserre zegoen, beste askotan bezala. Horrexegatik deitzen zioten Mari Petral andereñoari, beti haserre eta petral zegoelako. —Zergatik etorri zara hain berandu? —galdetu zion kopeta ilunez andereñoak Mari Kanelari. —Ba, ba... amatxorekin sendagilearengana joan naizelako —esan zion Mari Kanelak. Eta gezur hori esatearekin batera, burua kalabaza bat adina hazi zitzaion. Orain, kalabaza-burua zuen Mari Kanelak. Andereño Mari Petralek errieta egin zion Mari Kanelari: —Aizu, niri ez esan gezurrik gero! —Nik ez dizut gezurrik esan, andereño —erantzun zion Mari Kanelak. Eta gezur hori esan zuenean, eskuak ikaragarri hazi zitzaizkion. Orain, atzapar bihurtuak zituen eskuak Mari Kanelak, eta nolako atzaparrak gainera! —Aizu, eta nolatan zatoz hain oinetako zikinekin? —galdetu zion, gero eta petralago, andereño Mari Petralek. —Ba, ba..., gaur goizean amak ez dizkit oinetakoak garbitu eta... —erantzun zion Mari Kanelak urduri. Eta gezur hura esan ahala, gorputz osoa hazi zitzaion. Neska erraldoi-jigante bihurtu zen Mari Kanela. Andereñoa beldurtu egin zen Mari Kanela hainbeste hazi zela ikusi zuenean. Bera baino handiagoa zen! —Baina, baina, zer gertatzen zaizu, Mari Kanela? —esan zion andereñoak. —Ba, ba, zuri beldur handia dizudala, beti errietaka eta petralduta egoten zarelako, eta gezurrak esan dizkizut. Horregatik hazi zait burua kalabaza bat adina, eta horregatik hazi zaizkit eskuak eta gorputz osoa. Eta Mari Kanelak egia esan zuen, eta egiak bere ezpainetatik atera zirenean, txikitu egin zitzaizkion eskuak, eta burua, eta gorputz osoa ere bai. Lehen bezalaxe geratu zen, txikia eta polita. Handik aurrera Mari Kanelak ez zuen gezurrik esan gehiago. Eta andereñoak ere ez zion gehiago inori arrazoirik gabe errietarik egin, ez Mari Kanelari eta ez beste inori. Hori hala bazan, ez bazan, sar dadila kalabazan, baina zuk, badaezpada, gezurrik ez esan. BI ANAIAK ETA SORGINAK Munduan beste asko legez, behin ba omen ziren Serafin eta Antton izeneko bi anaia. Serafin eta Antton konkordunak ziren; bakoitzak konkor handi bat zeukan bizkarrean jaioz geroztik. Bi anaiak bakarrik bizi ziren baserrian. Serafin, infernuko etsaia baino gaiztoagoa eta alferragoa zen. Beti haserre zegoen. Antton, berriz, on puska zen eta berak egiten zituen baserriko lan guztiak. Serafinek ez zion arnasa hartzen ere uzten Antton gaixoari. —Antton, zoaz ukuilura behiak jeztera. Antton, garbi ezazu etxea. Antton, presta ezazu bazkaria... Mugi, alferrontzi arraioa! Anttonek isil-isilik egiten zituen lan guztiak. Behin, hala esan zion Serafinek: —Antton, egurrik gabe geratu gara. Zoaz basora eta ekarri egur sorta bat konkorraren gainean. Agudo, demonio! Antton joan zen basora eta egur-sorta osatzen ari zela, kantu bat entzun zuen. —Tzingili-tzangala, tzingili-tzangala... Antton hurbildu zen kantu hura zetorren tokira eta sorgin batzuk ikusi zituen kantari. Sasi batzuen atzean ezkutatu zen, belarriak erne-erne jarrita. —Tzingili-tzangala, tzingili-tzangala... Tzingilitzangala, tzingili-tzangala... Antton oso gustura egon zen kantu hura entzuten pixka batean, baina sorginek lelo bera errepikatzen zuten behin eta berriro eta aspertzen hasi zen. Berari iruditu zitzaion “tzingili-tzangala” hiru aldiz errepikatu ondoren, kantua politagoa geratuko zela leloari “tzankalon” hitza erantsiz gero. Eta froga egitea erabaki zuen: —Tzingili-tzangala, tzingili-tzangala, tzingilitzangala, tzankalon! —kantatu zuen Anttonek. Bat-batean, isilik geratu ziren sorginak. —Nork esan du hori? —galdetu zuten—. Nork esan du tzankalon? Anttonek sastraka artetik irten eta eskua altxa zuen. —Nik... —esan zuen beldurtuta. —Eta nor zara zu? —galdetu zioten sorginek. —Antton... Antton naiz. Orduan, oso pozik jarri ziren sorginak eta eskerrak eman zizkioten. —Eskerrik asko, Antton, mila esker. Oso belarri fina daukazu musikarako —esan zion sorgin batek. —Bai horixe! Horrela askoz ere politagoa da gure kantua —esan zuen beste batek. —Sari bat merezi du —hirugarren batek. —Bai, bai, sari bat merezi du —errepikatu zuten denek. Eta, orduan, kantari hasi ziren sorgin guztiak: Ai, Antton, zelemon, tzingili-tzangala, tzankalon, konkor hori kon-kon, kendu, fuera, dringilindron! Eta hitz horiek esan ahala, Anttonen konkorra desagertu zen. Konkorrik gabe, oso planta ederreko mutila zen Antton. Gero, sorginek poltsa bat diruz beteta eman zioten. Anttonek eskerrak eman zizkien eta etxera joan zen pozak txoratzen. Anaia Serafinek Antton konkorrik gabe ikusi zuenean, hasieran, ez zuen ezagutu ere egin. Baina Anttonek nor zen azaldu zionean, ero baten moduan hasi zen garrasika: —Nola egin duzu hori? Nola kendu duzu konkorra bizkar gainetik? Anttonek zer gertatu zitzaion esan zion, nola entzun zituen sorginak kantari eta hau eta bestea. Anttonek azalpen guztiak bukatu baino lehen, ziztu bizian abiatu zen Serafin basorantz sorginen bila. Basora iritsi zenean, sorginak kantuan entzun zituen. Orain lehen baino atseginagoa zen haien abestia. —Tzingili-tzangala, tzingili-tzangala, tzingilitzangala, tzankalon... —kantatzen zuten sorginek pozik. Serafinek lehenbailehen galdu nahi zuen bere konkor itsusi hura, eta ez zuen pentsatu kantuaren doinua nola hobetu. Korrika eta presaka, burura etorri zitzaion aurreneko gauza bota zuen ahots zakarzakarrarekin. —Tzingili-tzangala, konkorra kendu niri, eta hor konpon tzingili-tzangala eta tzangalon... Sorginak isildu egin ziren derrepente. Oso haserre zeuden, beren kantu polit hura norbaitek halako zabarkeriaz itsusitu zielako. —Nork esan ditu astakeria horiek? Nor izan da astazakila? Orduan, Serafinek eskua altxatu zuen lotsagabelotsagabe. —Ni, ni... ni izan naiz. Serafin. —Zuk astabelarriak dituzu. Gure kantu polita guztiz zabartu diguzu —esan zion sorgin batek kopeta ilun-ilun jarrita. —Bai horixe! Horrela oso itsusia dirudi gure kantuak —esan zuen beste batek. —Zigor bat merezi du —hirugarren batek. —Bai, bai, zigor bat merezi du —errepikatu zuten denek batera. Eta, orduan, kantari hasi ziren sorgin guztiak: Ai, Serafin zinkurin Kantuan zangalatrin. Lehen konkor bat, dringilin, Eta orain bi, kin-kuran-kin! Eta hitz horiek esan ahala, sorginek Anttoni kendutako konkorra erantsi zioten Serafini. Orain bi konkor zituen bizkarrean. Serafin buru-makur eta lotsatuta iritsi zen etxera. Konturatu zen harroa izateagatik gertatu zitzaiola zoritxar hura. Benetan damututa zegoen, eta barkamena eskatu zion Anttoni. —Barkatu, Antton, oso harroa izan naiz, eta oso gaizki portatu naiz zurekin. Orain bi konkor ditut, eta inork ez nau maite izango..., ezta zeuk ere —esan zion burumakur. Antton anaiaz errukitu zen eta besarkada handi bat eman zion. —Nik beti maitatuko zaitut zu, Serafin. Antton eta Serafin lagun handiak izan ziren handik aurrera. Eta sorginek Anttoni emandako diruarekin oso ondo bizi izan ziren biak. Hori hala bazan, tzangalaza hala ez bazan, kalabaza sorginen buru-aza. LEHOIA ETA KILKERRA Kri, kri, kri... Horrelaxe aritzen zen uda garaian Txirritx kilkerra goizetik gauera kantari. Oso ongi abesten zuen. Goizero-goizero, eguzkiaren zain egoten zen, bere zulotxotik irten eta abesten hasteko. Baina inguru haietan lehoi indartsu eta basati bat ere bizi zen. Orromarru zuen izena. Egunero entzuten zituen kilkerraren abesti alaiak. Lehoia beti umore txarreko egoten zen. Orromarruri amorrua ematen zion Txirritx beti alai eta kantari ikusteak. Eta hauxe pentsatu zuen behin lehoi harroputzak: —Ez diot bakerik eman behar xomorro nazkagarri honi. Honela, kilkerra harri koskor baten gainean kantari ari zen batean, lehoiak krasss!, atzaparra bota zion. Harri koskorra txiki-txiki eginda eta kilker gaixoa lurrari erantsita geratu ziren. Lehoi basatiaren atzaparkada indartsuak gorputz osoa minberaturik utzi zion. —Hilko nintzela uste nuen! Baina zergatik egin dit niri hau lehoi handiputz horrek? —pentsatu zuen bere artean Txirritxek. Kilkerra, ahal zuen bezala, herrenka-herrenka, beste harri koskor batera igo zen. Eta esan zion Orromarruri: —Baina zer uste duzu zuk, kankailu horrek? Oihaneko errege deitzen dizutela eta edozer gauza egin dezakezula, ala? Ni txikia izango naiz, baina ikusiko duzu oraindik... Lehoia asko poztu zen Txirritx minez eta haserre ikustean. Eta esan zion kilkerrari harro baino harroago: —Zaude isilik, txepel hori! Ez al duzu ikusten nik behatz bat nahikoa dudala zu zanpaturik uzteko? Txirritx, ordea, txikia izan arren, ez zen batere beldurtia, oso ausarta baizik. Eta ez zen isilik geratu lehoi handi-mandiaren aurrean. Honela esan zion: —Harroputz kankailua! Badakit zu handia zarela eta ni txikia. Baina nire lagunak hemen baleude... Ikusiko zenuke orduan... Hala ere, Orromarru lehoiak harropuzkeriak esaten jarraitu zuen: —Baina zer ari zara esaten? Zure lagun guztiak ostiko batekin ilargiraino botako nituzke nik! Eztabaida handia izan zuten Orromarruk eta Txirritxek. Eta, azkenean, erabaki bat hartu zuten biek: borroka handi bat egingo zutela lehoiaren lagunek eta kilkerraren lagunek. Eta bakoitza bere lagunen bila joan zen. Horrela, hartzak, tigreak, elefanteak, otsoak, katamotzak, azeriak, basurdeak... eta oihaneko animalia handi guztiek lehoiari jarraitu zioten. Orromarruren alde borroka egiteko prest zeuden. —Hankapean txikituko ditugu inguru honetako xomorro guztiak! —esaten zuten. Kilkerraren lagunak txikiagoak ziren: erleak, liztorrak, arkakusoak, zorriak, euliak, eltxoak... eta beste animaliatxo asko eta asko. Denak txikiak ziren, baina ziztatzaile onak, eztentxo zorrotz-zorrotzekin. —Ez izan beldurrik! Asko gara eta erraz irabaziko diegu —esaten zuten. Iritsi zen borrokarako eguna eta ordua. Bi taldeak elkarrengana hurbiltzen ari ziren. Hastera zihoan handien eta txikien arteko borrokaldia. Txirritxek etengabe animatzen zituen bere lagunak behin eta berriz hauxe esanez: —Bat, bi eta hiru! Zizt eta txist, bizkar, hanka eta buru. Eta denak gauza bera errepikatzen hasi ziren azkenerako: “Bat, bi eta hiru! Zizt eta txist...”. Orromarru lehoia ere ez zegoen isilik egoteko asmotan. Orroka eta marruka animatzen zituen bere lagunak: —Aurrera lagunak! Nire atzeko ezkerreko hankako behatz txikia baino txikiagoak dira xomorro hegalari horiek. Zorroztu atzaparrak eta hortzak. Bat, bi eta... hamar! Horrela hasi zen oihanean txikien eta handien arteko borroka. Kilkerraren taldekoak milaka eta milaka ziren eta ez zieten bakerik ematen lehoien taldekoei zizta eta zizta. Lehoiaren taldekoak, ordea, alferrik zebiltzan atzaparka eta hozka. Ezin zituzten animalia txiki hegalari haiek harrapatu. Ihes egiten zuten. —Hau azkura! Hau begiko mina! Sudurra odoldurik daukat. Eta gorputz guztiko azkura, gorputz guztiko azkura... —eta horrelako gauzak esaten zituzten lehoiaren taldekoek. Orromarru lehoia eta haren taldekoak eztenkadaz, odolez eta beltzunez beterik zeuden. Handik hurbil zegoen ibai batera joan behar izan zuten denek beren gorputza uretan garbitzera, freskatzera eta sendatzera. Txirritxek eta haren lagunek atzetik jarraitu zieten, uraren ertzeraino, oihaneko lau hankako animalia handiei. —Hemendik aurrera, bakean uzten ez bagaituzue, gauza bera gertatuko zaizue berriro ere! —esaten zien Txirritxek. Handik aurrera, kilkerra eta haren lagunak lasaiago bizi izan omen ziren. Ez omen zuten gehiago animalia handien beldurrik izan. Eta batzuek esaten dute, gainera, azkenean, Orromarru lehoia eta Txirritx kilkerra lagun egin zirela. Hala bazen, ez bazen gu behintzat beti lagunak izan gaitezen. HANSEL ETA GRETEL Behin batean, ba omen ziren Hansel eta Gretel izeneko bi neba-arreba, aitarekin eta amaordearekin etxe zahar batean bizi zirenak. Oso behartsuak ziren, eta, gehienetan, ez zuten zer janik izaten. Amaordea oso gaiztoa zen; ez zituen haurrak batere maite, eta etxetik bota nahi zituen nola edo hala. Behin, hala esan zion aitari: –Etxe honetan ez dago zer janik. Begira Hanseli eta Greteli, gero eta argalago daude. Etxean geratzen badira, goseak hilko dira. –Hala da, baina…, zer egin dezaket nik? –esan zuen aitak etsita. –Bihar mendira eramango ditugu. Beharbada, norbaitek aurkitu eta zainduko ditu –esan zuen amaordeak. Aitak ez zuen horrelakorik egin nahi, baina amaordeak ez zion bakerik ematen; ume haiek etxetik alde egiten ez bazuten, denak gosez hilko zirela esaten zion. Aitak amore eman zuen azkenean. –Arrazoi duzu. Etxean goseak hilko dira. Mendian, berriz, biziko dira agian. Hanselek eta Gretelek dena entzun zuten aldameneko gelatik. Gretel negarrez hasi zen triste-triste. Hansel oso mutiko ausarta zen, eta hala esan zion arrebari: –Ez negarrik egin, Gretel. Plan bat bururatu zait. Zatoz nirekin. Eta kanpora irten eta harri koskor txuri-txuriak bildu zituzten. Hurrengo goizean, aitak eta amaordeak mendira eraman zituzten haurrak. Hanselek eta Gretelek, aldian behin, harri koskorrak botatzen zituzten bidean. Urrutiko mendi batera iritsi ziren. Orduan, amaordeak esan zien: –Aita eta biok egur bila goaz. Zuek geratu hemen jolasean; gero etorriko gara zuen bila. Hori esan eta joan egin ziren. Udaberria zenez, Hansel eta Gretel loreak biltzen eta txori-habien bila ibili ziren denbora pasatzeko. Baina inor ez zen agertu. Ilundu egin zuen, eta haurrak bakar-bakarrik zeuden mendian. Hala ere, ilargi betea zegoen, eta ondo ikusten zen gauean. –Zer egingo dugu orain? –esan zuen Gretelek beldurtuta. –Ez larritu, Gretel. Bidean bota ditugun harri koskorrei jarraituz-jarraituz, etxeraino iritsiko gara. Eta halaxe egin zuten. Goizalderako etxean ziren berriro. Aita oso pozik jarri zen bere umeak ikustean. Amaordea, berriz, haserretu egin zen, baina ez zuen ezer esan. Hansel eta Gretel etxean geratu ziren. Baina igaro ziren aste batzuk, eta gero eta miseria handiagoa zegoen etxean. Orduan, amaordeak hala esan zion aitari: –Etxe honetan ez dago zer janik. Umeak etxean geratzen badira, goseak hilko dira, eta gu ere bai. –Eta zer nahi duzu egitea? –erantzun zion aitak etsita. –Zuk inoiz ez dakizu zer egin, baina nik bai. Bihar ogi puska bat eman, eta urrutiko mendi batera eramango ditugu. Hanselek eta Gretelek dena entzun zuten oraingoan ere. Hurrengo goizean, amaordeak hala esan zien haurrei: –Tori ogi zati hau, eta goazen; mendira joan behar dugu. Eta mendirantz abiatu ziren tipi-tapa. Hansel pixka bat atzerago zihoan, eta tartean-tartean ogi-apurrak botatzen zituen, gero bueltakoan bidea aurkitzeko. Mendira iritsi zirenean, amaordeak hala esan zien haurrei: –Aita eta biok egur bila goaz. Zuek geratu hemen jolasean, berehala etorriko gara-eta. Baina ez ziren etorri. Gau hartan ez zegoen ilargi betea eta ez zen ezer ikusten. Beraz, Hanselek eta Gretelek mendian lo egin zuten. Eguna zabaldu zuenean, ogi-apurren bila hasi ziren etxera itzultzeko. Baina ez zituzten aurkitu, txoriek ogi-apur guztiak jan zituztelako. Egun osoa galduta ibili ziren. Ilunabarrean, baso batera iritsi ziren eta etxe baten argia ikusi zuten. Basoko etxera hurbildu zirenean, zur eta lur geratu ziren. –Hansel, etxe hau txokolatezkoa da! –esan zuen Gretelek harrituta. Eta nola goseak zeuden, txokolatezko horma zati bat jaten hasi ziren mauka-mauka. Orduan, atso itsusi bat irten zen txokolatezko etxetik. –Hara, hara! Gose handia duzue, e? –esan zien–. Sartu, sartu barrura eta afari goxo-goxoa emango dizuet. Hansel eta Gretel etxe barrura sartu ziren. Baina, orduan, atsoak Hanseli besotik heldu eta bultzada batez kaiola handi batean sartu zuen. Gero atea itxi zuen, braum! –Ja, ja, ja! Zuri nahi adina janari emango dizut, bai! Eta potolo-potolo jartzen zarenean, patata frijituekin jango zaitut. Atso hura sorgin gaizto bat zen. Oso modu xelebrean hasi zen hizketan bat-batean. –Zinkili-zankala, mutiko hau da hezur eta azala, bere arreba honek gizendu dezala –esan zuen sorginak. Gretel beldurrak dardarka zegoen bazter batean. –Zinkuran-zinkarin, ez al duzu entzun, kaskarin? –esan zion zakar-zakar sorginak–. Hasi afaria prestatzen berehala! Zure neba gizendu behar duzu. Sorginak janari asko prestatzera behartzen zuen Gretel; baina dena Hanselentzat zen, sorginak mutila gizengizen egin eta jan egin nahi zuelako. Greteli, berriz, eltzeko hondarrak bakarrik ematen zizkion. Goizero, sorgina Hanselengana joan eta eskuko hatz lodia erakusteko esaten zion, zenbat gizendu zen ikusteko. –Zinkuri-zinkira, erakutsi hatz lodia. Hansel, ordea, konturatuta zegoen sorginak ez zuela oso ondo ikusten, eta amarrua egiten zion: hatzaren ordez, oilasko hezur bat erakusten zion. Sorginak oilasko hezur mehe hura ukitzen zuenean, haserre esaten zuen: –Zinkili-zinkulu, jan eta jan egiten duzu, baina ez zara batere gizendu. Eta orduan errieta egiten zion Greteli, betiko leloa errepikatuz. –Zinkili-zankala, mutiko hau da hezur eta azala, bere arreba honek gizendu dezala. Eta janari gehiago eta gehiago prestatzera behartzen zuen Gretel gaixoa. Behin, ordea, sorgina nazkatu zen zain egoteaz eta, gizen edo argal, Hansel egun hartan bertan jatea erabaki zuen. –Zinkili-zinkalau, sardina bakalau! Gaur bertan jango zaitut, ri-rau! Eta Greteli zakar-zakar esan zion: –Zinkuran-zinkarin, piztu labea arin, neska kaskarin! Gaur bertan jan behar dut zure neba hori. Gretelek labea piztu zuen. Sorgina hurbildu zen labera, eta orduan, braust!, Gretelek bere indar guztiarekin bultzatu zuen sorgina labe barrura. Eta hantxe erre zen sorgin gaizto hura. Gero, Gretelek kaiolako atea zabaldu zion nebari. Hartu zituzten sorginak etxean zituen diru guztiak eta ihes egin zuten handik. Aintzira batera heldu ziren. Orduan, ahate erraldoi bat agertu zitzaien, eta esan zien: –Kuak, kuak! Jarri nire gainean, eta nahi duzuen tokira eramango zaituztet. Haurrek etxera eramateko eskatu zioten ahateari. Ahatearen gainean hegan zihoazela, basoak eta zelaiak loretan ikusi zituzten. –Ua! Zein ederra den udaberria! –esan zuen Gretelek. Etxera iritsi zirenean, eskerrak eman zizkioten ahateari. –Kuak, kuak! Ez horregatik! –erantzun zien ahateak. Neba-arrebak etxera sartu ziren. Amaordea hilik zen ordurako, baina aita pozak txoratzen jarri zen semealabak ikusi zituenean. Hanselek eta Gretelek, sorginari ostutako diruari esker, etxe hartan ez zuten inoiz gehiago goserik pasatu. Eta handik aurrera, oso pozik eta zoriontsu bizi izan ziren. SASI GUZTIEN GAINETIK Behin batean, mendi arteko herrixka batean, Maren izeneko neskato bat bizi zen. Inguru haietan sorgin asko bizi izan ziren garai batean, eta oraindik ere aurki zitezkeen haien arrasto batzuk. Amonak sorginei buruzko ipuin asko kontatzen zizkion Mareni, eta maiz eramaten zuen arratsalde-pasa haiek bizi izandako kobazuloetara. Mareni asko gustatzen zitzaizkion sorginen kontuak, eta berak ere sorgin izan nahi zuela erabaki zuen. –Amona, nik ere sorginek bezala hegan egin nahi dut. –Horretarako, sorgina izan behar da, eta hori ez da hain erraza... Sorgin izateko kontu hura buruan jira eta buelta zerabilen Marenek. Sorginen ipuinak arretaz begiratzen zituen; haien hizkera, haien janzkera, haien ibilera... Behin, erabaki bat hartu zuen: ipuinetan ikusten zituen sorginen tresnak erosiko zituen. Hala, bera ere sorgin egingo zen. Horretarako, ordea, dirua behar zuen. Itsulapikoa hartu eta puskatzen hasi zen: –Zertan ari zara, Maren? —galdetu zion amak. –Ikusten duzu, itsulapikoa puskatzen. –Eta zertarako? jakin badaiteke? –Sorgin-erratza erosi nahi dut. Amak ez zion ezer esan. Azken batean, Marenen dirua zen itsulapikoan zegoena, eta batek nahi duena egiten du bere diruarekin. Maren, dirua poltsikoan sartu, eta supermerkatura abiatu zen. Supermerkatua handia zen, eta pasilloetan erratzen bila erdi galdurik zebilela, saltzaile bat inguratu zitzaion: –Zeren bila zabiltza, neskato? –Erratz baten bila. –Eta? Nolako erratza nahi duzu? –Dendan daukazun ederrena. Hegan egiteko da. –Barkatu, baina guk ez dugu erratz hegalaririk saltzen! –Ez kezkatu horregatik. Zuk emadazu daukazun erratzik ederrena! Neskato hura txantxetan ari zela pentsatu zuen saltzaileak, baina, beste bezero bat inguratu zitzaion, eta arreta harengan jarri zuen. Mareni erratza azkarazkar eman eta beste bezeroagana joan zen saltzailea, barrez-barrez. Maren poz-pozik zegoen bere erratzarekin. Etxera itzuli bezain laster, hartu zuen erratza hanken artean eta terrazara atera zen. Salto txikiak ematen hasi zen, baina ezin hegan egin. Hura ikusita, amak harriturik galdetu zion: –Zertan ari zara, Maren? –Erratza erosi dut eta hegan egin nahi nuke. Baina ezin dut. –Ondo pentsatu, Maren. Sorgina izatea ez da erraza. Hala ere... ez al zaizu beste zerbait falta? –Zerbait falta? Erratza badut… Amatxok arrazoi zuen. Zerbait falta zuen. Sorginak kapela jantzita ibiltzen dira beti. Eta berak ez zuen kapelarik. Kapela erostera joan beharko zuen. Dirua poltsikoan sartu, eta dendara abiatu zen. Kapela gehiegi zegoen denda hartan: mendira joatekoak, hondartzarako kapelak, lastozkoak, oihalezkoak… Baina ez zuen inon sorginen kapelarik ikusten. Dendaria inguratu zitzaion eta esan zion: –Zeren bila zabiltza, neskato? –Kapela baten bila nabil. –Denda egokira etorri zara kapela erostera. Eta nolakoa nahi duzu? –Sorginen kapela nahi dut. Hegan egiteko da. –Guk ez dugu sorginen kapelarik. –Ez kezkatu. Emadazu punta zorrotza duen kapelarik ederrena, eta moldatuko naiz! Neskato hark burutazio xelebreak zituela pentsatu zuen dendariak, baina bezeroak zain zeuzkanez, Mareni kobratu eta bere lanean jarraitu zuen. Etxera itzuli zenean, erratza hanken artean hartu, kapela jantzi eta terrazara atera zen. Salto txikiak ematen hasi zen, baina ez zen hegan hasten. Amatxok esan zion: –Zer gertatzen zaizu, Maren? –Erratza badut, kapela ere erosi dut eta hegan egin beharko nuke. Baina ezin dut! –Ondo pentsatu, Maren. Sorgina izateko ez al zaizu beste zerbait falta? –Beste zerbait? Erratza badut, kapela ere badut… Amatxok arrazoi zuen. Zerbait falta zuen. Hegan egin aurretik, sorginek liburu magikoa irakurtzen zuten beti. Eta berak ez zuen halako libururik. Sorginen liburu magikoa erostera joan behar zuen. Dirua poltsikoan sartu, eta liburu-dendara abiatu zen. Era guztietako liburuak zeuden denda hartan, ipuinak eta eleberriak, eskolarako liburuak eta komikiak, baina ez zuen han sorginen libururik ikusten. Dendaria inguratu zitzaion eta galdetu zion: –Zeren bila zabiltza, neskato? –Liburu baten bila. –Liburuak erosteko denda egokira etorri zara. Eta nolakoa nahi duzu? –Sorginen liburu magiko bat nahi dut. –Badaude sorginei buruzko liburu batzuk, baina ez dut uste magikoak direnik. –Ez du axola. Zuk emadazu horietako bat eta moldatuko naiz. Liburua ordaindu eta, pozaren pozez, hegan egiteko behar zuen guztia bazuela pentsatuz, etxera itzuli zen Maren. Erratza hanken artean hartu, kapela jantzi buruan eta liburua eskuetan zuela, balkoira joan zen. Salto txikiak ematen hasi zen, baina ezin hegan egin. Amatxok esan zion: –Zer gertatzen zaizu, Maren? –Erratza badut, kapela eta liburu magikoa ere bai, eta hegan egin beharko nuke. Baina ezin dut! Zer falta zait, ama? –Ondo pentsatu, Maren. Sorginek ez al dute zerbait esaten hegan hasi aurretik? –Ah, bai! Hitz magikoak! –Hala da, Maren! Hegan egiteko, hitz magikoak behar dituzu. –Erratz gainean, banoa hegan!… Kaka zaharra! Horiek ez dira benetako hitz magikoak! Liburuan begiratu zuen, baina ez zuen hegan egiteko hitz magikorik aurkitu. Izan ere, dendariak esan zion bezala, liburu hura ez zen benetako sorginen liburua. Eta ondo pentsatuta, erratza ere ez zen sorginen erratza, ezta kapela ere sorginen kapela. Inozo hutsa izan zen pentsatzean tresna horiek erabiliz hegan egingo zuela! Guztiz atsekabetuta zegoen Maren. Eta ganbarara igotzea pentsatu zuen. Traste zaharrez beteta zegoen ganbara. Leiho azpian, kutxa zahar bat ikusi zuen. Zer egongo ote zen han barruan? –Ama, Ama! Aurkitu ditut! Aurkitu ditut! —oihu egin zion Marenek. Amak, eskaileretara inguratuta, erantzun zion: –Zer diozu? Zer aurkitu duzu? –Hemen daude sorginen tramankulu guztiak. Baita sorginen liburu magikoa ere! –Amona txikia zenekoak izango dira! –Amonarenak? Sorgina al da ba? –Baietz egingo nuke! Marenek kutxako erratza, kapela, eta liburua hartu zituen. Liburua ireki eta hitz magikoak aurkitu zituen. Balkoira irten eta: Sasi guztien gainetik, hodei guztien azpitik… Klik! Hitz horiek esan, eta hara non hegan hasi zen Maren erratzaren gainean! Hasieran, kosta egin zitzaion zuzen mantentzea, baina poliki-poliki ikasiz joan zen. Lainoetara inguratzen ari zela, beste sorgin hegalari bat ikusi zuen. Eta nor izango eta… –Baina Maren, zer egiten duzu hemen? –Kaixo, amona! Ni ere sorgina naiz! Hegan egin dezaket! –Ganbarako kutxan aurkitu al dituzu nire txikitako jantziak? –Bai. Eta baita liburu magikoa ere. Erakutsiko al didazu itzulipurdiak ematen? –Nola ez ba, ilobatxo maitea. Jarri eskuak horrela eta hankekin… Amona eta bilobak elkarrekin joan ziren hegan. JON ZIKINEN ANAIA Behin batean, bazen Jon izeneko mutil narrats bat. Beti zikin-zikin ibiltzen zen eta, horregatik, Jon Zikin deitzen zioten guztiek. Jon Zikinek ez zuen koilara edo sardexka erabiltzen jateko, hatzak platerean sartu eta mauka-mauka jaten zuen ume txiki-txikiek bezala. –Faborez, Jon, ez itzazu makarroiak hatzekin jan. Erabil ezazu sardexka –esaten zion amak. –Jo, ama! Hatzekin janda goxoago dira makarroiak –erantzuten zion Jon Zikinek. Kalera irteten zenean, topatzen zituen putzu guztietan sartzen zen Jon Zikin, eta hantxe ibiltzen zen lokatzetan plasta-plasta jolasean. Eta, noski, zapatak eta arropa lokatzez zikin-zikin eginda etxeratzen zen. –Non ibili zara, Jon! –egiten zion errieta amak hain zikin ikusita. –Putzuetan jolasean, ama! –erantzuten zion Jon Zikinek. –Ea, erantzi arropa horiek eta sartu baineran –esaten zion orduan amak haserre samar. –Ez, ama, bainerara ez, bainerara ez… –erantzuten zion negarrez Jon Zikinek. Izan ere, ura ez zitzaion batere gustatzen, eta xaboiak izua ematen zion–. Urak busti egiten du, ama, eta xaboiak begiak erretzen dizkit. Horrela ibiltzen zen beti Jon Zikin, batzuetan zikin eta besteetan zikinago. Behin, bere gelan zegoen Jon Zikin. Narrats eta hankaz gora zeukan gela, beti bezala: liburuak lurrean botata, paperak han eta hemen sakabanatuta, jostailu guztiak puskatuta, paretak zirriborroz margotuta… Orduan, Maitagarria sartu zen Jon Zikinen gelara, eta haserre esan zion: –Baina, baina… zer da hau? Tira, tira, nik gela hau txukundu egin behar dut, eta, bitartean, zu zoaz lorategira zure anaiarekin jolastera. –Nik ez dut anaiarik eta… –esan zion Jon Zikinek harrituta. –Bai, baduzu. Eta oraindik ez badakizu nor den, lasai, berak azkar asko ezagutuko zaitu-eta. Tira, zoaz –esan zion Maitagarriak. Jon Zikin joan zen lorategira eta lokatzetan jolasean hasi zen. Handik pixka batera, katagorri bat azaldu zen adarrez adar saltoka, eta hortzekin kris-kris-kris eginez, Jon Zikini begira jarri zen. –Kaixo, katagorria. Zu al zara nire anaia? –galdetu zion Jon Zikinek. Katagorria haserretu egin zitzaion orduan. –Ni zure anaia? Ezta pentsatu ere! Nik ilea garbia eta txukun-txukuna dut. Eta zu zikina eta narratsa zara –esan zion katagorriak, eta saltoka alde egin zuen handik. Geroxeago, txori txiki bat etorri zen hegan. Eta txio-txio txorrotxio eginez, Jon Zikini begira jarri zen. –Kaixo, txoria. Zu al zara nire anaia? –galdetu zion Jon Zikinek. –Ni zure anaia? Ezta pentsatu ere! –esan zion haserre txori txikiak–. Begira zein garbi eta txukun ditudan nik lumak. Zu, berriz, zikinzikin zaude. Eta hori esan ondoren, hegan joan zen txoria. Handik pixka batera, katu dotore bat azaldu zen. Etxeko teilatura igo eta miau-miau eginez, Jon Zikini begira geratu zen. –Kaixo, katua! Zu al zara nire anaia? –galdetu zion Jon Zikinek. –Ni zure anaia? Ezta pentsatu ere! –esan zion haserre katuak–. Ni txukuna eta apaina naiz, egunero garbitzen dut neure burua. Zu, berriz, ez zara inoiz garbitzen. Zorritsu halakoa! Eta hori esanda, lasterka alde egin zuen handik. Jon Zikinek jolasean jarraitu zuen lokatzetan. Halako batean, txerri bat azaldu zen kurrinka. Eta lokatzetan eseri zen Jon Zikinen ondoan, kurrinkurrin eginez. Jon Zikinek ez zion ezer esan eta, bizkarra emanez, beste aldera begiratu zuen. Baina txerria hizketan hasi zitzaion: –Kurrin-kurrin! Egun on, anaia! –esan zion txerriak. –Ni ez naiz zure anaia! –erantzun zion petral-petral Jon Zikinek. Txerriak barre egin eta hala esan zion Jon Zikini: –Kurrin-kurrin! Bai horixe! Zuk zer uste duzu, nik ez ditudala neure familiakoak ezagutzen, ala? –Gezurra! Gezurra! –esan zion Jon Zikinek. –Kurrin-kurrin! Txerrioi asko gustatzen zaigu lokatzetan zikin-zikin ibiltzea. Zu ere lokatzetan zaude zikin-zikin eginda. Beraz, ni txerria baldin banaiz, zu ere txerria zara. Ea, egin kurrin-kurrin nik bezala. –Ez, ez eta ez! Nik ez dut txerria izan nahi, ez dut txerria izan nahi –esan zuen negarrez Jon Zikinek. Eta lokatzetatik irten eta etxera joan zen korrika. Bere gelara sartu zenean, Maitagarriak txukun-txukun utzi zuela ikusi zuen. –Begira zein txukun eta garbi utzi dizudan gela, Jon –esan zion Maitagarriak. Jon Zikinek ez zion ezer erantzun, negarrez jarraitzen zuen. Orduan, Maitagarriak esan zion: –Zergatik egiten duzu negar, Jon? Ez al zaizu gustatu zure anaia? –Txerria ez da nire anaia! Ni ez naiz txerria! Ni ez naiz txerria! –erantzun zion negarrez Jon Zikinek. Maitagarriak laztan egin zion Joni goxo-goxo. –Hori zure esku dago, Jon. Zeuk aukeratu: zer nahiago duzu, orain arte bezala zikina izan eta txerriarekin joan ala nirekin etorri garbia izaten ikastera? –Zurekin joan! Zurekin joan! Nik ez dut txerria izan nahi! Ez dut kurrin-kurrin egin nahi! –esan zion Jonek. Eta, hala, Jon Zikin Maitagarriarekin joan zen, eta garbia izaten ikasi zuen. Handik aurrera, garbi eta txukun-txukun ibili zen Jon, eta inork ez zion gehiago Jon Zikin deitu. Hau hala bazan ez bazan, sartu zeure buruko kalabazan. GULLIVER LILIPUTEN Behin bazen Gulliver izeneko bidaiari bat. Egun batean, itsasontzi handi batean sartu zen bere lagunekin eta urrutiko herrialde batera abiatu zen. Egun asko pasatu ziren, eta Gulliverren itsasontzia kostaldetik urrun zegoen. Orduan, itsasoa oso haserre jarri zen eta itsasontzia hondoratu egin zen. Gulliverrek itsasora salto egin zuen, eta uretan zegoela bere lagunen bila hasi zen: –E, lagunak! Non zaudete? E, lagunak! Inork ez zion erantzun. Ito egin ote ziren bere lagunak? Salbamenduko txalupetan sartu eta salbatu ote ziren? Nork daki! Gulliver bakarrik zegoen itsasoan eta ez zekien zer egin. Beraz, igerian hasi zen. Denbora luzean egin zuen igeri eta asko nekatu zen. Ez zuen indarrik igerian jarraitzeko eta itoko zela pentsatu zuen etsita. Baina, orduan, uharte bat ikusi zuen eta, azkeneko indarrak ateraz, haraino joan zen. Hondartza batera iritsi zen eta, leher eginda zegoenez, lo geratu zen berehala. Esnatu zenean, zerbait gertatzen zitzaiola konturatu zen. –Ezin naiz mugitu! –esan zuen izututa. Halaxe zen; hankak, besoak eta gorputz osoa sokaz lotuta zituen. Azkura sentitu zuen gorputzean. –Inurriak! Inurriak ditut gorputz osoan! –pentsatu zuen. Baina ez ziren inurriak, gizaki txiki-txiki batzuk ziren. Gulliver indarka hasi zen bere burua askatzeko, baina milaka gizaki txiki zituen inguruan, eta jostorratzen tamainako geziak botatzen zizkioten. –Ai, ai, ai! Min ematen didazuela! –kexatu zen Gulliver. –Ba, geldi-geldi egon –agindu zion gizaki txiki haietako batek. –Hori, hori, egon geldi-geldi –errepikatu zuen beste batek. Gero, beste gizaki txiki bat egurrezko aldamio batera igo zen eta garrasika hitz egin zion: –Aizu, gizon handi-mandi! Entzun ongi! –Hori, hori, entzun ongi, gizon handi-mandi! –errepikatu zuten milaka ahotsek batera. Hitz egiteko modu xelebrea zuten gizaki txiki haiek. Batek esandakoa guztiek errepikatzen zuten. Erregeak hizketan jarraitu zuen: –Hau Liliput da eta ni naiz hemengo erregea. Askatzea nahi baduzu, gure laguna izan behar duzu. –Hori, hori, gure laguna izan behar duzu, askatzea nahi baduzu –errepikatu zuten berriro milaka ahotsek batera. Erregea haserretzen hasi zen. –Ez ezazue errepikatu nik esandako guztia, kontxo! Eta denak isildu egin ziren. Erregeak hitza hartu zuen berriro. –Gure laguna ez bazara, lotuta utziko zaitugu eta piztiek jango zaituzte. –Hori, hori, piztiek jango zaituzte... –hasi ziren berriro milaka ahotsak. Gulliverrek ezin zuen gehiago, erotu beharrean zegoen ahots haien burrundarekin. –Ondo da, ondo da! Zuen laguna izango naiz, baina ez errepikatu erregeak esandako guztia, erotu egingo naizeta bestela –erregutu zien. Gizaki txiki haiek askatu egin zuten azkenean, eta Gulliverrek jatekoa eta edatekoa eskatu zizkien, oso gosetuta zegoelako. –Bai, ekarriko dizugu asetzeko adina –esan zuen erregeak. –Hori, hori, asetzeko adina ekarriko dizugu –errepikatu zuten milaka ahotsek batera. Liliputen dena zen txiki-txikia eta horregatik gurdietan ekarri zizkioten janaria eta upel ardoak. Eta Gulliverrek gizaki txiki haiek eraman zioten guztia jan zuen. –Aizu, baina kontuz ibili gu zapaldu gabe, e! –esan zion gero erregeak. –Hori, hori, gu zapaldu gabe ibili kontuz –errepikatu zuten denek batera. –Bai, kontuz ibiliko naiz eta ibiliko naiz kontuz zuek zapaldu gabe –esan zuen Gulliverrek. Bera ere Liliputeko biztanle txikiak bezala hitz egiten hasi zen konturatu gabe. Gero, erregeak esan zion: –Aizu, mesede bat eskatu behar dizugu. Gu gerran gaude aurreko uhartekoekin eta zuk lagunduz gero, erraz irabaziko genuke. –Hori, hori, erraz irabaziko genuke gerra, zuk lagund... –hasi ziren berriro denak batera. –Ondo da, ondo da. Lagunduko dizuet, baina isildu zaitezte, mesedez –esan zien Gulliverrek eskuak belarrietara eramanez. Hala, aurreko uharteraino igeri joan zen Gulliver. Hango biztanleak ere liliputarrak bezain txikiak ziren eta ikaratu egin ziren Gulliver ikusi zutenean. –Ai, ama! Erraldoi bat! Erraldoi-jigante bat! –egin zuen garrasi batek. –Hona datorrela! Hona datorrela! Ai, ene! Egin dezagun ihes! –beste batek. Eta denek korrika ihes egin zuten izututa. Gulliverrek liliputarren etsaien armak hartu eta itsasora bota zituen. Gero, hartu hango txalupa guztiak eta Liliputera eraman zituen. Liliputarrek pozik eta bibaka hartu zuten Gulliver. –Gerra irabazi dugu! –esan zuen erregeak pozik–. Biba Gulliver! Gora Gulliver! –Irabazi dugu gerra! Gulliver gora! Gulliver biba! –entzun zen milaka ahotsen oihartzuna. Gulliver, ordea, ez zegoen konforme, ezetz esaten zuen buruarekin behin eta berriro, ezetz eta ezetz. –Ez, ez duzue gerra irabazi! Bakea irabazi duzue; orain bakean bizitzeko aukera duzue. Hitza eman behar didazue hemendik aurrera ez duzuela gerra gehiago egingo eta bakean biziko zaretela. Eta liliputarrek baietz esan zioten, handik aurrera bakean biziko zirela. Gero, esker onez, txalupa handi-handi bat egin zioten liliputar guztien artean eta jan-edariz goraino bete zuten. Erregeak agur hitzak esan zizkion: –Agur, laguna! Liliput beti egongo da zorretan zurekin. Denak isil du ziren. Oraingo honetan inork ez zituen errepikatu erregearen hitzak, denak oso triste baitzeuden Gulliver bazihoalako. –Eskerrik asko! –esan zien Gulliverrek–. Eskerrik asko guztiarengatik. Beti gogoratuko naiz zuetaz. Agur, eta ondo bizi. Eta hori esanez, arraunean hasi zen Gulliver eta Liliputetik urrundu zen. Hala bazan edo ez bazan... ARTZAIN GEZURTIA Mendi arteko herrixka batean, zuhaitzetatik eroritako hostoak haizearekin jolasean zebiltzan. Udazkena zen. Soro eta zelaietan, lan eta lan ari ziren baserritarrak. Intxaurrak, gaztainak, sagarrak eta babarrunak biltzeko garaia zen. Baserritarren gonak eta txapelak ere airean zebiltzan. –Haizeak eramango gaitu! –esaten zioten elkarri. –Ni behintzat ez nau haizeak berehala eramango. Ja, ja, ja... –esan zuen baserritar gizen batek. Han goiko mendian, Inaxio artzaina zebilen ardiak zaintzen. Garai haietan otsoak ere orain baino ugariago ziren eta kalte handiak egiten zituzten artaldeetan. Dena dela, artzain hura oso asperturik zegoen egun hartan, eta han beheko baserritarrei adarra jotzea pentsatu zuen. Baita gezur bat pentsatu ere horretarako. –Otsoa datorrela, otsoaaaa! Lagundu! Zatozte azkar! Ardi guztiak jango dizkit bestela etaaa... –deitu zien Inaxiok behean lanean ari ziren baserritarrei, bi eskuekin ahoa inguratuz. Baserritar haiek, makilak eta sardeak eskuetan zituztela, han joan ziren mendian gora korrika artzainari laguntzera. Baina ardiak lasai-lasai larrean zebiltzan, han ez zuen inork otsorik ikusi. Eta baserritarrak lanera joan ziren berriro. Handik egun batzuetara, Inaxio gezurtiak broma bera egin zien han beheko soro eta zelaietan lanean zebiltzan andre-gizonei: –Aizue, entzun! Otsoa sartu da artaldean. Zatozte azkar laguntzera, bestela batere ardirik gabe geratuko naiz. Etorri, mesedez, azkaaar... Bigarren aldiz ere baserritarrek sinetsi egin zioten artzainari eta mihia kanpoan zutela heldu ziren ardiak eta artzaina zeuden lekura. Baina, batzuk etzanda eta besteak larrean, oso lasai zeuden ardiak. Han ez zen otsorik ageri. Inaxio artzain lotsagabeak, berriz, barre egiten zuen lurrean etzanda: –Ja, ja, ja… Sinetsi egin duzue! Inuxente! Inuxente! Zakurraren buztana tente! –Lotsagabe galanta haiz hi, baina ez gaituk gehiago engainatuko. Alferrik ibiliko haiz. Hor konpon heure ardi, otso eta gezurrekin –erantzun zioten. Baserritarrak, haserre bizian, marmarka jaitsi ziren beren soro eta zelaietara, eta lanean jarraitu zuten. Baina handik egun batzuetara, ilunabarrean, Inaxio artzaina, ardiak jetzi ondoren, gazta egiten ari zen. Eta, bat-batean, ardi guztiak orroka eta zalapartaka hasi ziren. Artzainak utzi zion gazta egiteari, irten zen txabolatik kanpora eta hor non ikusten duen otsoa ardi artean. Bi eskuez ahoa inguratu eta han behean lanean zebiltzan baserritarrei deika eta deiadarka hasi zen orduan, estu eta larri: –Otsoa! Otsoa! Otsoa etorri dela! Oraingoan egia da. Etorri, mesedez! Baserritarrek begiratu zioten artzainari beheko soro eta zelaietatik, eta lanean jarraitu zuten. Ez zioten jaramonik egin Inaxio gezurtiari. Otsoak ardiak akabatzen zituen bitartean, artzainak negar egiten zuen bere txabolako atean. Lagun ona da txakurra eta lagun txarra gezurra! OLENTZEROREN OPARIA Garai batean, etxe guztietan sua egiteko ikatza erabiltzen zenean, Olentzero oso lanpetuta ibiltzen zen. Ikatza egiteko zuhaitzak aizkoraz moztu behar izaten zituen, garai hartan ez baitzegoen motozerrarik. Gero, egurrak txukun-txukun pilatuz, txondorra prestatu behar zen, su eman eta zaindu. Ikatza egindakoan, zakuetan sartu, astoa kargatu eta herrira jaitsi behar izaten zuen, etxez etxe ikatza banatzera. Hortik datorkio Olentzerori urtero etxez etxe gauzak banatzen ibiltzeko ohitura. Urte batean, elurte handia egin zuen eta astoa hoztu eta gaixotu egin zitzaion Olentzerori. Egoera ez zen txantxetakoa: bera nekatuta, astoa gaixo eta mendia erabat elurtuta. –Zer egin dezaket orain? –galdetzen zion bere buruari–. Ezin naiz herrira jaitsi, eta herritarrek ikatza beharbeharrezkoa dute! Herritarrak ere oso kezkatuta zeuden. –Zer gertatu ote zaio Olentzerori? –galdetzen zuten batzuek. –Harritzekoa da! –esaten zuten besteek. –Hau hotza! Izoztu egingo gara hemen –esaten zuten haurrek. –Tripontzi hori orain ere jaten ariko da, suaren ondoan bero-bero! –beste petralipurdi batzuek. Joxepantoniren semea ere, Olentzeroren astoa bezala, oso gaixorik zegoen. Sukar handia zeukan eta hotzikaraz dar-dar egiten zuen. Eta, gainera, ikatzik gabe, ezin zuten etxea berotu. –Ama! Hotz handia daukat! Noiz jaitsiko da Olentzero menditik? –galdetzen zuen mutikoak. –Aita! Ez al dago ikatzik? Hotzak eta goseak nago! –zioen anaiak. –Agian, Olentzerok arazoren bat izango du, laguntza beharko du! –esan zuen Maddalenek, Joxe arotzaren alaba txikienak. –Agian bai! –erantzun zion alkateak. Okinak ere, ogia egiteko, ikatza behar-beharrezkoa zuen. Horregatik zegoen kezkaturik. Baina pixka batean pentsatzen egon ondoren, esan zuen: –Ez al da onena izango mendira joan eta Olentzerori zer gertatzen zaion ikustea? –Eta nor dago prest Olentzero bizi den basora joateko? –galdetu zuen ogia jateko desiratzen zegoen mutiko batek. –Neu joango naiz! –esan zuen Joxe arotzak–. Egur bila askotan joaten naiz eta ezagutzen ditut inguru haiek. Gainera, Olentzero nire laguna da. –Zuuu-reee-kin noooa, aaaita! –esan zion Maddalenek hotzez dardarka. Joxe eta alaba Maddalen Olentzerorengana joateko prestatu ziren. Mendian gora, belaunetaraino sartzen zitzaizkien elurretan hankak. Aita eta alaba leher eginda heldu ziren txabola baten ondora. Olentzeroren txabola zen. Sartu ziren barrura arotza eta alaba, eta han aurkitu zuten Olentzero eserita, burumakur eta serio. –Zer gertatzen zaizu, Olentzero? Zergatik ez zara herrira jaitsi? Denok hotzak akabatzen gaude! Ezin dugu janaririk prestatu! Behar-beharrezkoa dugu ikatza sua egiteko! Astoa gaixotu zitzaiola eta horregatik ez zuela ikatza banatzera jaisterik izan kontatu zien Olentzerok. Arotza eta alaba arazoa nola konpondu pentsatzen hasi ziren. Honela hitz egin zion alabak aitari: –Aita! Eta sendabelarrekin ibiltzen den Ariztizabaleko amonari deitzen badiogu? Hark jakingo du astoa nola sendatu. –Zeeeer? –esan zuen Olentzerok, pipatik kea zeriola–. Atso zahar horri deitu? Nahiago dut astorik gabe gelditu! Atso zahar malapartatu hori! Beti zelatan dabilkit! Eta, gainera, ikatz txarra eramaten diodala esaten dit beti! Zeken halakoa! –Baina oso sendalari ona da, gurekin behintzat oso ondo portatzen da –esan zion arotzak. –Beno, beno, astoa sendatzeko bada… dei iezaiozue nahi baduzue –esan zuen azkenean Olentzerok. Etorri zen Ariztizabaleko Maria, atera zituen elur azpitik belar batzuk tiraka, eta haiekin astoaren burua baino handiagoko kataplasma bat egin zuen. Astoari burua eta lepoa inguratu zizkion eta handik pixka batera arrantzaka hasi zen. –Kontxo! Ari da-eta espabilatzen! –esan zuen Olentzerok. Eta berehala, astoa beti bezain osasuntsu altxa zenean, esan zion Olentzerok Mariari: –Barka ezazu, Maria, zuregatik gaizki hitz egin baitut. Baina eskerrak eman beharrean nago. Ez nuen uste hain sendalari ona zinenik. –Zaude lasai, gizona! Baina niregana lehenago etorri izan bazina, herriko haurrak eta helduak ez ziren hotzak akabatzen egongo. –Bai, arrazoi duzu, batzuetan kaskagogor samarra naiz… eta herritarrekin zorretan nagoela iruditzen zait –esan zuen suminduta. Eta ba al dakizue zer bururatu zitzaion Olentzerori bere zorra ordaintzeko eta herritarrak pozik uzteko? Bere zakuak jostailuz eta opariz betetzea herriko haurrei banatzeko. Herrira jaitsi zen, ba, eta hain beharrezkoa zen ikatza eta opariak banatu zituen etxez etxe. Hura poza herriko haur eta heldu guztiena! Nolako opari eta jostailu politak ekarri zizkien Olentzerok gau hartan! Eta, eskerrak emateko asmoz, kalera irten ziren guztiak aho batez kantatzera: Horra, horra, gure Olentzero! Pipa hortzetan duela eserita dago... Olentzerok goiko menditik entzun zituen herritarren kantak eta poz-pozik jarri zen. Hotz egiten zuen, baina zerua oskarbi zegoen. –Begira! Han goian ikusten den argitxo hura ez al da Olentzeroren txabolakoa? –galdetu zuen Maddalenek. Gure abestia entzuten ariko da! Geroztik, goi mendiko ikazkina urtero-urtero jaisten da gure etxeetara eta, asko maite gaituela adierazteko, opariak uzten dizkigu etxean goxo-goxo lo gauden bitartean. Eta gaizki portatzen denari, ikatza. Horregatik irteten gara Gabon bezperan herritarrok kalera Olentzerori kantatzera. Eta dagoen mendian dagoela, denok ozen eta batera kantatu ezkero, berak ederki entzuten digu. Olentzero, Olentzero! Etorri jostailuekin urtero-urtero! MAKILAKIXKI Munduan asko bezala, baserri batean gizon zahar bat bizi zen. Gizon hark hiru seme zituen: Aritz, Mikel eta Beñat. Oso behartsuak ziren, eta Aritz, seniderik zaharrena, lan bila joan zen. Baserri batean morroi hartu zuten urte beterako. Oso mutil langilea zen, eta Batix nagusia pozik geratu zen harekin. Urtea iragan zenean, etxera joan aurretik, asto bat oparitu zion nagusiak morroiari. Eta honela esan zion: –Asto hau ez da besteak bezalakoa. “Egizak urrea!” esanez gero, urrea egiten du. Pozik hartu zuen etxerako bidea Aritzek. Bere aitari eta senideei erakutsi behar zien astoak urrea nola egiten zuen. Egun osoa bidean pasa zuen Aritzek eta gauean ostatu batean sartu zen afaltzera eta lo egitera. Ohera joan baino lehen, Aritzek esan zion Benantxio ostalariari: –Ez esan, mesedez, nire astoari “egizu urrea”. –Ez, ez, lasai egon. Nik ez diot ezer esango –erantzun zion ostalariak. Baina Benantxiok, Aritz ohera joan zenean, “egizak urrea” esan zion astoari. Eta astoak kaka piloaren ordez urre piloa egin zuen. Eta pentsatu zuen orduan Benantxio ostalariak: “Neuretzat hartuko dut asto hau eta diru asko irabaziko dut. Honen ordez etxeko asto zaharra utziko diot lo dagoen mutil gazteari”. Eta horixe egin zuen ostatuko nagusi maltzurrak. Urrea egiten zuen astoaren ordez bere asto zaharra utzi zion Aritzi. Hurrengo goizean, Aritz esnatu zen, eta aurpegia garbitu eta gosaldu ondoren, etxera joan zen Benantxioren asto zaharra hartuta. Etxean sartu orduko, oihuka hasi zen: –Aita, Mikel, Beñat! Urrea egiten duen astoa ekarri dut! –Urrea egiten duen astoa? Bai? Nola? –galdetu zuen Mikelek. Denek ikusi nahi zuten egia zen ala ez. Lurrean maindire bat jarri zuten, eta esan zion Aritzek astoari: –Egizak urrea! Mila aldiz urrea egiteko esan arren, han ez zen urrerik azaldu. Kaka pila galanta bai. Maindirea zikin-zikin eginda geratu zen. Handik laster, bigarren semea, Mikel, joan zen urte beterako Batixen baserrira morroi. Lan asko egin zuen eta nagusia oso pozik geratu zen harekin. Horregatik, Batixek, mahai bat oparitu zion Mikeli etxera joan baino lehen. Eta esan zion: –Mahai hau ez da besteak bezalakoa. “Jarri bazkaria!”, esaten badiozu, bazkaria prestatuko dizu, eta “Jarri afaria!”, esaten badiozu, afaria prestatuko dizu. Agur eta eskerrik asko Batixi esan ondoren, pozaren pozez abiatu zen Mikel etxerako bidean mahaia bizkarrean hartuta. Baina etxerako bidea luzea zen eta Benantxioren ostatuan geratu zen Mikel gaua pasatzen, bere anaia Aritz urte bete lehenago geratu zen ostatu berean. Mikelek esan zion Benantxio ostalariari: –Ez esan, mesedez, mahai honi “Jarri afaria!”. Baina ostalariak, Mikel ohera joan zenean, afaria jartzeko esan zion mahaiari. Eta izugarrizko jan piloa azaldu zen mahai gainean. Eta pentsatu zuen orduan ostalariak: –Nik diru asko irabaziko dut mahai honekin. Hau neuretzat hartu eta sukaldekoa jarriko dut honen ordez. Hurrengo goizean mahaia bizkarrean hartu eta azkar-azkar joan zen etxera Mikel. –Begira, begira, nolako mahaia ekarri dudan! Elkartu ziren aita eta haren hiru semeak mahaiaren inguruan eta esan zion Mikelek: –Jarri bazkaria! Baina alferrik. Behin eta berriz bazkaria jartzeko esan arren, mahaiaren gainean ez zen ezer azaldu. Eta, azkenik, Beñat joan zen Batisen baserrira urte beterako morroi. Beste anaiek bezala, Beñatek ere lan asko egiten zuen. Goizean goiz jaikitzen zen eta egun osoan ez zen lanean gelditu ere egiten: behientzat belarra ebaki, menditik egurra ekarri, soroak aitzurtu… Nagusia oso pozik zegoen Beñatekin. Horregatik, urte bete pasa ondoren, esan zion Batisek: –Zure anaia zaharrenari astoa oparitu nion, erdikoari mahaia, eta zuri ere zerbait eman beharko dizut. Tori, hartu makila hau. Baina oso berezia zen makila hura. Bere aurrean “MAKILAKIXKI” esanez gero, joka hasten zen bazter guztiak txikitu beharrean. Beñatek nagusiari eskerrak eman eta etxerako bidea hartu zuen. Baina etxerako bidea luzea zen, eta Benantxioren ostatuan geratu zen gaua pasatzen. –Gabon! –esan zion Beñati astoa eta mahaia lapurtu zituen gizonak. –Baita zuri ere –erantzun zion Beñatek–. Ba al dago lo egiteko lekurik? –Bai, gizona, bai! Jar zaitez mahaian eta afaria emango dizut lehenengo. Afal ondoren, ohera joan baino lehenago, esan zion Beñatek ostalariari: –Makila hau hemen utziko dut bihar goizera arte. Baina ez iezaiozu, mesedez, “Makilakixki” esan. –Ez, ez. Ez diot esango. Zoaz lasai lotara. Beñat ohera joan zenean, ordea, Benantxio makilaren ondora hurbildu eta esan zion jakin-minez: “MAKILAKIXKI”. Orduan makila, bera bakarrik, ostalaria jotzen hasi zen. Zirt eta zart, dinbi-danba, ez zen gelditu ere egiten. Benantxio han zebilen, zinbulu eta zanbulu, balantzaka, ia lurrera erorian. Oihuka eta garrasika, Beñati deitzen zion: –Ai, ai, ai… Jaitsi zaitez behera, mesedez, eta gelditu ezazu makila madarikatu hau. Azkar! Ez al didazu entzuten? Ai, ai ai… Azkar etorri! Hezur guztiak txikituko dizkit bestela makila madarikatu honek. Ai, ai, ai… Ohetik jaiki, arropak jantzi eta behera jaitsi zen Beñat. Ikusi zuen nola zebilen bere makila miresgarria dinbi eta danba gelditu ere egin gabe, eta esan zion ostalariari: –Ez dut makilarik geldituko nire bi anaiei lapurtu zenizkien gauzak ematen ez badizkidazu. Eta orduan, makila, ostalaria jotzeaz gain, inguruan harrapatzen zituen gauza guztiak txikitzen hasi zen: basoak, platerak, mahaiak... –Ai, ai, ai... Lapurtutako guztia itzuliko dizut, baina gelditu ezazu, faborez eta mesedez, makila madarikatu hori... Eta, orduan, Beñatek, “KIXKIMAKILA!” esan eta sorgindutako makila gelditu egin zuen. Hurrengo goizean, gosaldu ondoren, astoa, mahaia eta makila hartu zituen Beñatek, eta oso pozik joan zen etxera astoa aurretik zuela. –Etorri hona denok! Begira zer ekarri dudan Benantxioren ostatutik! Aita eta hiru senideak begiak zabal-zabal eginda geratu ziren, astoari, mahaiari eta makilari begira. Aritzek esan zion astoari: “Egizu urrea!”. Mikelek esan zion mahaiari: “Jarri afaria!”. Baina Beñatek ez zion ezer esan makila magikoari. Bestela... Zaku handi bat urrez bete eta, gero, bapo afaldu zuten laurek. Eta, handik aurrera, oso zoriontsu bizi izan ziren denak. Hala bazen, ez bazen, makila, behintzat, ez dadila hasi bazter guztiak txikitzen. AHATETXO ITSUSIA Behin batean, ahate bat bere habiaren gainean eserita zegoen. Habian arrautzak zituen eta egun batzuk bazeramatzan haiek berotzen. Azkenean, arrautzak pitzatzen eta irekitzen hasi ziren banan-banan. –Kuak, kuak! –esaten zien amak ahatetxoei. –Kuak, kuak! –erantzuten zioten ahatetxoek. Ama ahatea habiatik altxatu zenean, arrautza bat ez zela kraskatu ikusi zuen. Harriturik zegoen: arrautza hura besteak baino handiagoa eta gogorragoa zen. Halako batean, arrautza handi hura puskatu eta ahatekume bat jaio zen. –Bai handia eta itsusia dela! –esan zuen ahate amak. Izan ere, azkena jaio zen ahatetxo hura ez zen besteak bezalakoa: handiagoa eta baldarragoa zen eta besteak baino askoz ere itsusiagoa. Jaio eta segituan, ahate amak aintzirara eraman zituen bere ahatetxoak. –Kuak, kuak! Egin igeri, egin igeri denok! –esaten zien amak. Ama oso harro zegoen bere ahatetxoekin. Baina aintzirara ura edatera hurbiltzen ziren animalia guztiek barre egiten zioten ahatetxo itsusiari. –Nondik atera da ahatetxo itsusi hori? –esan zuen oilo batek. –Hauxe gauza zatarra eta baldarra! –burla egin zion aker adar oker batek. Eta animalia batzuek adarka, besteek mokoka eta beste batzuek muturka ekiten zioten ahate itsusiari, erdi txantxetan erdi serio. Amak haren alde egiten zuen beti, baina ahate itsusia gero eta tristeago zegoen. –Kuak, kuak! Denek jo eta burla egiten didate! Kuak, kuak! Oso itsusia naizelako! –esaten zuen negarrez ahate itsusiak. Beste ahatekumeek ere burla egiten zioten, hain handi eta itsusi ikusten zutelako. Egoera gero eta okerrerago zihoan. Horregatik, egun batean ahate itsusiak alde egitea erabaki zuen. –Kuak, kuak! Hemen inork ez nau maite. Hobe dut beste norabait joatea. Kuak, kuak! Agian aurkituko dut lagunen bat non edo non. Hala, bide luzean ibili ondoren, beste aintzira batera heldu zen. Ahate basati batzuk zeuden han. Ahatetxoak haien lagun egin nahi izan zuen. –Kuak, kuak! Kaixo! –esan zien. –Kuak, kuak! Hau da ahatetxo itsusia! –esan zuen ahate basati batek. –Eta baldarrontzia! Juak, juak! –burla egin zion barrez beste batek. Ahatetxoa burumakur zegoen triste-triste. Orduan, tiro hotsak entzun ziren: PUM! PUM! PUM! Ahate basatiek hegoak astindu zituzten izuturik, eta gehienek ihes egin zuten. Batzuk, ordea, hilda geratu ziren ur gainean. Ahatetxo itsusia azkar-azkar ezkutatu zen belar handi batzuen artean. Bere ezkutalekutik ehiztari batzuk ikusi zituen beren eskopeta eta zakur izugarriekin. –Ai, kuak! Ai, kuak-kuak! Ez nazatela ikusi! –esan zuen ahatetxo itsusiak beldurturik. Zorionez, ehiztariek eta zakurrek ez zuten ikusi eta alde egin zuten. Ahatetxoa bere ezkutalekutik irten eta handik urrundu zen bizi-bizi. Halako batean, haizea indarrez hasi zen jotzen. Ahatetxo itsusia ia ezin zen ibili ere egin. Orduan, etxe bat ikusi zuen. –Kuak, kuak! Kaixo! –esan zuen ahatetxoak, atea bultza eta barrura sartuz. Etxekoandrea bakarrik bizi zen eta ondo hartu zuen ahatetxo itsusia. –Ez zara oso polita, baina saia zaitez aldian behin arrautzaren bat edo beste jartzen eta ederki biziko gara biok –esan zion. Baina eguna joan eta eguna etorri, ahatetxo itsusiak ez zuen arrautzarik erruten. Andreak, ahatetxoak ez zuela arrautzarik egiten ikusi zuenean, hala esan zuen: –Ahatetxo itsusi honek ez daki arrautzarik egiten. Neguan hil eta jan egingo dut. Ahatetxoak, ordea, entzun egin zion. Beldurtuta, leihotik salto egin eta ihes egin zuen handik. Udazkena zen eta eguraldia hozten hasita zegoen. Ahatetxoak hegazti eder batzuk ikusi zituen zeruan hegan. Hegoalderantz zihoazen, lurralde epelagoen bila. –Kuak, kuak! Zein hegazti politak! Horiekin joaterik izango banu... Baina ez, txikiegia eta itsusiegia naiz –esan zuen bere artean. Negua heldu zen. Ahatetxoak ez zekien nora joan. Aintzira bat aurkitu zuen eta hantxe geratu zen. Baina gero eta hotz handiagoa egiten zuen. –Kuak, kuak! Ezin dut gehiago! Kuak, kuak! Hotzez hilko naiz. Baserritar bat pasatu zen handik eta ahatetxoa hotzez dardarka zegoela ikustean, hartaz errukitu eta etxera eraman zuen. Sutondoan jarri zuen ahatetxoa eta jaten eman zion. Hantxe igaro zuen ahatetxoak negu gorria. Baina baserritarraren seme-alabak oso bihurriak ziren, eta ez zioten bakerik ematen ahatetxoari. Horregatik, egun batean etxetik alde egitea pentsatu zuen. –Nik ezin dut gehiago ume hauekin. Banoa hemendik! Udaberria heldu zen. Ahatetxoa aintzira batean zebilen igeri. Halako batean, hegazti lepo luze eder batzuk zerutik jaisten ikusi zituen. –Zer hegazti ederrak! –esan zuen ahatetxoak miresmenez. Hegazti haiek zisneak ziren. Aintzirara jaitsi eta berarengana joan ziren irribarrez. Ahatetxoa lotsatuta zegoen eta burua makurtu zuen apaltasunez. Orduan, bere irudia ikusi zuen uretan. Eta hura miraria! Ez zuen ahate itsusi bat ikusi. Zisne eder bat ikusi zuen! –Zisne bat naiz! Zisne bat naiz! –esan zuen pozak zoratzen. Orain ez zuen kuak-kuak! egiten ahateek bezala. Zisne eder bat zen, eta azkenean bazituen lagunak. Zisneekin batera joan zen hegan, eta, handik aurrera, oso pozik eta zoriontsu bizi izan zen. Zer da itsusia? Bestea ezin ikusia! ZIRIPOT ETA MIEL OTXIN Behin batean, orain dela urte asko eta asko, Ziripot izeneko gizon bat bizi zen Lantz herrian. Gizon potolo-potoloa zen Ziripot. Ia ezin zuen ibili ere egin, hortik atera kontuak zein gizena eta makala zen. Baina gizon patxadatsua eta alaia zen Ziripot, eta denek maite zuten herrian. Hain gizena eta baldarra zenez, ez zen lanerako gauza. Baina gauza bat egiten zuen ondo Ziripotek: ipuinak kontatu. Ipuinen truke, herritarrek jatekoa eta edatekoa ematen zizkioten Ziripoti. –Tori, Ziripot, gaur gazta puska bat eta ogia ekarri dizkizut –esaten zion batek. –Eta nik pitxer bat ardo –beste batek. Beste batek haragi egosi pixka bat ekarriko zion, eta hurrengoak katilukada bat salda bero. Eta, orduan, Ziripotek ipuin polit bat kontatzen zien esker onez. Bake ederrean eta pozik bizi ziren denak Lantz herrian. Baina, egun batean, Miel Otxin izeneko erraldoi bat azaldu zen, eta harekin Zaldiko etorri zen, erdi gizon erdi zaldi zen izaki bat. Zakarra eta gaiztoa zen Miel Otxin, eta deabrua bera bezain bihurria Zaldiko. Etorri orduko, herritar guztiak bildu zituzten herriko plazan eta hala esan zien Miel Otxinek trumoia bezalako ahots beldurgarriaz: –Hemendik aurrera, guk aginduko dugu herri honetan. Eta entzun ongi guztiok! Zuetako bakoitzak zerbait ekarri beharko digu etxetik egunero-egunero, bestelaaa...! –egin zien mehatxu Miel Otxinek. Jendea marmarka hasi zen protesta eginez, baina Miel Otxinek isilarazi egin zituen berehala. –Ixo! Demonio kaikuak! Eta hobe duzue gure aginduak betetzea –esan zuen garrasika Miel Otxinek. Jende guztia beldurturik zegoen, eta Miel Otxinek agindutakoa betetzen hasi ziren guztiak. Miel Otxin eta Zaldiko plazaren erdian jartzen ziren egunero, eta herriko jendeak zerbait eramaten zien etxetik. Ziripot zen ezer eramaten ez zien bakarra, gaixoak ez baitzuen zer eramanik. Behin hala esan zion Miel Otxinek Ziripoti, petral-petral eginda: –Aizu, potolo, zatoz hona! Ziripot gizarajoa makal-makal hurbildu zen. –Zuk zergatik ez diguzu ezer ekartzen, e? –galdetu zion zakar-zakar Miel Otxinek. –Ezer ez duenak ezin ezer eman –erantzun zion Ziripotek. –Aizu, tontolo-potolo, gurekin txantxa gutxi gero! –egin zion garrasi Miel Otxinek. Zaldiko ere haserre zegoen eta, Ziripotengana joanda, ostiko bat eman zion bere zaldi-hanka haiekin. –Tori! Guri adarra jo nahi izateagatik! Ziripot gaixoa lurrera erori zen. Altxatzen saiatu zen, baina alferrik, baldarregia zen bere gorputz potolo hura mugitzeko. Bitartean, Miel Otxinek eta Zaldikok barre egiten zioten Ziripot gizarajoari. –Altxa zaitez lurretik, potolo-kokolo! –esaten zioten burlaka. Gaua etorri zen eta denak etxera bildu ziren. Miel Otxin eta Zaldiko ere lotara joan ziren. Herria hutsik zegoen. Ziripot gaixoa bakarrik geratu zen herriko plazan, lurretik altxa ezinik. Inork laguntzen ez bazion, han igaro beharko zuen gau osoa. Baina gauerdian, herriko jendea agertzen hasi zen isil-isilik. Zazpi gizonen artean zutik jarri zuten Ziripot. –Ez dago eskubiderik. Honek ezin du horrela segi –kexatu zen emakume bat. –Baina zer egin dezakegu guk? Oso ahulak gara Miel Otxin erraldoiari eta Zaldikori aurre egiteko –esan zuen gizon batek. Denak isilik geratu ziren. Orduan Ziripotek hitz egin zuen. –Erleak ere oso txikiak eta ahulak dira banan-banan hartuz gero. Baina erlauntzeko erle guztiek eraso eginez gero, nor ez da izutzen? Berehala ulertu zuten herrikoek Ziripotek adierazi nahi izan ziena. Beraiek ere erleak bezain ahulak ziren banan-banan hartuz gero. Baina denak elkartzen baziren, erraz menperatuko zituzten Miel Otxin eta Zaldiko. Etxera joan eta igitaiak, aitzurrak eta sardeak hartu zituzten. Eta gero Miel Otxin eta Zaldikoren bila joan ziren denak batera. Zaldikok, ordea, ihes egin zuen, zaldi hankekin erraz egiten baita korrika. Baina Miel Otxin erraldoia harrapatu egin zuten. Herritarrek damutzeko eta barkamena eskatzeko esan zioten Miel Otxini. Baina Miel Otxinek harroharro erantzun zien: –Ni damutzeko eta zuei barkamena eskatzeko? Ez horixe! Kakanarru halakoak! Ikusiko duzue, ikusiko duzue... –egin zien amenazu. Orduan, epaiketa egin zioten Miel Otxini herriko plazan, eta denek aho batez erabaki zuten erraldoia sutan erre behar zela. Eta halaxe egin zuten. Dena pasatu zenean, lasaitasuna itzuli zen berriro ere herrira. Ziripotek kontu zaharrak eta ipuinak kontatzen jarraitu zuen, eta berriro pozik eta zoriontsu bizi izan ziren Lantz herrian. Itxi dira ipuin honen egiak. Ongi pasa denok inauteriak! ERRALDOI BEREKOIA Behin batean, bazen herri txiki bat, jauregi eder bat zuena. Herri hartan ez zegoen plazarik eta ezta parkerik ere, eta kaleak oso estuak ziren. Horregatik, herri hartako haurrek ez zuten toki askorik jolasean ibiltzeko. Leku bakarra zuten herri osoan jolaserako aproposa: jauregiko lorategia edo zelaia. Jauregiko lorategian zelai eder bat zegoen, eta baita loreak eta zuhaitzak ere. Oso leku atsegina zen eta herriko haurrak hantxe ibiltzen ziren pozik saltoka, korrika eta lurrean zilipurdika. Jauregi hura eta aurreko zelaia, ordea, erraldoi batenak ziren. Behin, erraldoiak haurrak zelaian jolasean ikusi zituenean, builaka hasi zitzaien, haserre: –Zer arraio zabiltzate zuek hemen? Alde hemendik! Azkar! Bestelaaa... Oso berekoia zen erraldoi hura. Bai horixe! Ez zion uzten inori jauregi aurreko zelaira hurbiltzen. Hurrengo egunean, haurrak berriro joan ziren zelaira jolasera. Baina erraldoi berekoiak aurrekoan baino haserreago egin zien errieta. –Gaur ere bai? Alde egiteko hemendik! Berriro hemen ikusten bazaituztet, jataaa...! –egin zien mehatxu erraldoiak. Haurrak beldurtuta joan ziren handik. –Kaka-ume halakoak! Zerbait pentsatu beharko dut, bestela ez didate bakerik emango ume deabru horiek! –esan zuen erraldoi berekoiak. Hala, jauregi aurreko zelaia horma handi batez inguratzea pentsatu zuen. –Hemen ez da inor sartuko, ez horixe! Harresia bukatu zuenean, jauregiko atarian jarri zen kopeta ilun-ilunarekin zelaia zaintzen. –Norbait zelai barrura sartzen bada, igarriko dio! –zioen erraldoi berekoiak. Udaberria heldu zen. Belardiak lorez eta zuhaitzak hostoz jantzi ziren. Baina, hauxe gauza miragarria!, erraldoiaren zelaiak elurrez estalita jarraitzen zuen. Gainera, hotz handia egiten zuen han; bazirudien udaberriak ez zuela leku hartara sartu nahi. Eta ez hori bakarrik, jauregiko zelaian ez zen txori bakar baten kantua ere entzuten. –Zer sorginkeria da hau, ordea? Zergatik ez da iritsi udaberria nire zelaira? –esaten zuen erraldoiak harrituta eta triste samar. Egunak eta asteak joan ziren, eta erraldoia gero eta tristeago zegoen. Baina goiz batean txorien txorrotxio alaiak entzun zituen erraldoi berekoiak bere zelaian. –Hara! Zer gertatzen da orain? Harrigarria benetan! Zergatik hasi ote dira orain txoriak kantuan? –pentsatu zuen. Txori haiek pozik zeudelako kantatzen zuten. Baina zergatik ote zeuden hain alai? Bada, haurrak erraldoiaren zelaian sartu zirelako, horra! Haurrek zulo bat egin zuten harresi zatar hartan eta barrura sartu ziren denak. Beldurtu samar zeuden. Baina erraldoi berekoia alai zegoen txorien kantua entzunez. Konprenitu egin zuen haurrak zelaian sartu zirelako kantatzen zutela txoriek. Orduan haurrekin bakeak egitera joan nahi izan zuen. Haurrek, ordea, korrika ihes egin zuten beldurturik, erraldoi berekoia beraiengana zetorrela ikustean. –Badatorrela erraldoia, badatorrela! Goazen hemendik! Baina haur guztiak ez ziren joan. Haur txiki-txiki bat han geratu zen negarrez. Beldurrez dardarka zegoen eta ezin zen mugitu. Erraldoia errukitu egin zen haur txiki hura negarrez ikustean. –Zer duzu, txiki? –galdetu zion, eta eskuan hartu zuen kontuz-kontuz. –Ikaraturik nago. Denek esaten dute zu gaiztoa zarela eta, gainera, zeurekoia, den-dena zeuretzat nahi duzula. –A, bai! –esan zuen erraldoi berekoiak penaturik. Orain, erraldoi berekoia bakarrik sentitzen zen eta damututa zegoen haurrak bere zelaitik bidali zituelako. Orduan, haur txikiak esan zion: –Baina oker daude. Nik badakit zu gizon ona zarela –eta haurrak musu goxo-goxo bat eman zion erraldoiari lepotik helduta. Erraldoia negarrez hasi zen hunkiturik; malko lodilodiak irristatzen zitzaizkion masailetatik behera. –Barkatu. Hemendik aurrera ez naiz hain neurekoia izango eta zintzo portatuko naiz haurrekin. Eta orduan, bat-batean sartu zen udaberria hara: elurra urtu eta milaka koloretako lorez jantzi zen zelaia. Zuhaitzak ere hostoz apaindu ziren eta txoriek beren txorrotxioekin alaitu zuten lorategi eder hura. Erraldoia pozik zegoen eta haurrei deitu zien. –Etorri, etorri hona, mesedez, lagunak. Hemendik aurrera, zuena da zelai hau eta baita jauregi hau ere. Jolastu nahi adina. Eta uzten badidazue, ni ere zuekin jolastuko naiz. Haurrek baietz esan zioten. Orduan, harresi itsusi hura bota egin zuten, eta, handik aurrera, denak elkarrekin ibiltzen ziren jolasean, eta oso ondo pasatzen zuten. Hala bazan, ez bazan... BABARRUN ALE MAGIKOAK Andoni izeneko mutiko bat baserrian bizi zen bere amarekin bakar-bakarrik. Ez zeukaten behi bat besterik. Oso behartsuak ziren. Behin, amak esan zion Andoniri: –Gastatu zaizkigu diru guztiak. Eta badakizu dirurik gabe ezin dela erosi, ez janaririk, ez jantzirik eta ez ezer. Zerbait egin beharrean gaude. –Zergatik ez dugu gure behi pintoa saltzen, ama? –galdetu zion semeak amari. –Bai, Andoni, neuk ere horixe pentsatu dut. Sal ezazu, ba, behia eta ea ekartzen duzun diru pixka bat etxera. Andoni bere behi pintoa sokatik zuela irten zen etxetik, eta bidean gizon batekin topo egin zuen. Eta harixe saldu zion behia. Baina gizonak ez zion dirurik eman, eskukada bat babarrun baizik. Andoni etxera joan zenean, eta amari nolako tratua egin zuen kontatu zionean, oso haserre jarri zen hura, eta gogor egin zion errieta: –Tontolapikoa, halakoa! Babarrun-ale zikin hauen truke saldu al duzu behia? Ez nuen uste hain seme inozoa neukanik! Ez diru eta ez behi geratu gara orain. Eta, amorru biziz, amak leihotik behera bota zituen semeak ekarritako babarrun aleak. Baina babarrun-ale haiek magikoak ziren. Erne eta zeruraino hazi ziren gauean. Eta hurrengo goizean, Andoni, babarrun-landare erraldoi haietan gora igo zen. Ordu asko iragan ondoren, gaztelu bat aurkitu zuen hodeien gainean. Gazteluko atean emakume bat zegoen, eta esan zion Andonik: –Ez zaitut ezagutzen, baina mesede bat eskatu behar dizut. Goseturik nago eta emadazu zerbait jateko. –Bai, mutiko. Emango ez dizut ba? Zatoz nirekin barrura! Emakume hura oso ona zen. Sukaldera eraman eta platerkada handi bat babarrun eman zion jateko Andoniri. Jaten ari zen bitartean, esan zion emakumeak: –Aizu, hau Erraldoi Handiaren etxea da. Eta hark hemen ikusten bazaitu, preso hartuko zaitu. Jaten duzunean, hemendik alde egitea duzu onena. Baina beranduegi zen handik alde egiteko. Orduantxe entzun ziren Erraldoi Handiaren pauso-hotsak. Sukaldera zetorren. Emakumeak, orduan, azkar eta presaka, labean ezkutatu zuen Andoni, Erraldoi Handiak ez ikusteko. Erraldoi Handia mahaian eseri zen eta hamar platerkada babarrun jan zituen. Gero, urrezko txanponez betetako poltsa bat hartu eta haiek kontatzen hasi zen. Baina dirua kontatzen ari zela, loak hartu zuen. Andoni labe zirriztotik begira zegoen, eta Erraldoi Handia lo zegoela ikusi zuen. Orduan, labetik irten, urrezko txanponez betetako poltsa hartu eta ihesi abiatu zen Andoni. Baina korrika eta presaka zihoala, muturrez aurrera erori zen. Diru hotsa entzutean, Erraldoi Handia esnatu egin zen eta Andoniri atzetik jarraitu zion. Baina laster jaitsi zen Andoni babarrun-landare haietatik behera. Gora begiratu eta lurretik ikusi zuen Andonik erraldoia nola zetorren goitik behera. Orduan, korrika etxean sartu, aizkora bat hartu eta, kris-kras, babarrun-landareak ebaki zituen. Erraldoi Handia, ziplo!, lurrera erori eta bertan lehertu zen. Andonik hartu zuen orduan diru-poltsa, joan zen amarengana eta esan zion: –Hara hemen nahiko diru, ama. Aurrerantzean ez da izango goserik gure etxean. Esaten dute, handik aurrera, Andoni eta bere ama oso zoriontsu bizi izan zirela. Hauxe ipuin beldurgarria, baina bukaera zoragarria! GALTXAGORRI LANGILEAK Munduan beste asko bezala, behin batean, Xixilio izeneko gizon behartsu bat bizi zen kostaldeko herri batean. Oso zorte txarra zuen Xixiliok. Egiten zuena egiten zuela gaizki ateratzen zitzaion. Behin mahasti bat jarri zuen, eta ekaitzak eta harriak dena hondatu zioten. Beste behin behi bat erosi zuen, baina gaixotu eta hil egin zitzaion. –Arraioa! Hau da bizitza petrala! –kexatzen zen Xixilio. Etsita zegoen Xixilio. Gero eta behartsuagoa zen eta ez zekien zer egin bere zorte txar hura gainetik kentzeko. –Arraioa! Hemen sorginkeriaren bat dago –esaten zuen. Egun batean atzera eta aurrera zebilen, zer egin pentsatuz. Eta konturatu gabe herritik kanpora zegoen baserri batera iritsi zen. Atso sorgin bat bizi zen han. –Arraioa! Hemengo sorginak zerbait argituko dit akaso. Atea kas-kas jo eta sorginak zabaldu zion atea. –Zungulutru, zer behar duzu? –esan zion sorginak. Orduan, Xixiliok zer gertatu zitzaion esan zion sorginari. –Zangalatra, patu txarra! Zengeletre galtxagorriek konponduko dute! Eta hala, “zangalatra eta zengeletre”ka zer egin behar zuen azaldu zion sorginak. Baionara joan behar zuela esan zion eta barruan lau galtxagorri zituen orratz-ontzi bat erosteko hango denda batean. –Zingilitri, barruan lau galtxagorri dituen orratz-ontzia erosi. Xixilio Baionara joan zen. Baina ezin zuen sorginak esandako denda aurkitu. Azkenean, ia etsita zegoenean, sartu zen denda batera eta: –Zungulutru, zer behar duzu? –galdetu zion dendariak. Hura entzun zuenean, pozik jarri zen Xixilio. Bilatzen zuen denda aurkitu zuela konturatu zen. Dendaria ere sorgina zen. Hala, barruan lau galtxagorri zituen orratzontzi bat eskatu zion dendariari. –Zongolotro, urrezko diru bat du balio –esan zion dendari sorginak. Xixiliok ordaindu zion urrezko dirua eta, orratz-ontzia hartuta, etxera joan zen pozik. Etxean orratz-ontzia zabaldu eta berehala atera ziren lau galtxagorriak. –Txitxirio-barbantzu, zer lan agintzen duzu? –galdetu zioten galtxagorriek. –Arraioa! Zoazte sorora eta erein garia –agindu zien Xixiliok. Galtxagorriak joan ziren sorora eta berehala erein zuten garia. –Txitxirio-barbantzu, zer lan agintzen duzu? –berriz ere galtxagorriek. –Arraioa! Baaa, zoazte teileriara, ekarri teila berriak eta konpondu etxeko teilatua –agindu zien Xixiliok. Eta bai azkar egin ere, di-da!, eta Xixilio konturatzerako berrituta zegoen teilatua. –Txitxirio-barbantzu, zer lan agintzen duzu? –ostera ere galtxagorriek. –Arraioa! Baaa, zoazte basora, inausi zuhaitzak eta adarren egurrarekin egin ezazue txabola bat. Joan ziren galtxagorriak basora, inausi zituzten zuhaitz adarrak eta egurrarekin txabola egin zuten amen jesus batean. –Txitxirio-barbantzu, zer lan agintzen duzu? –berriro galtxagorriek. Etxeko hormak konpontzeko, ur-putzu berri bat egiteko eta behiak jezteko agindu zien Xixiliok. Baina eguna bukatu baino lehen galtxagorriek eginak zituzten lan guztiak. –Txitxirio-barbantzu, zer lan agintzen duzu? –galdetu zioten berriro. –Arraioa! Baaa, baaa... –Xixilio estu eta larri zegoen–. Joan zaitezte errekara, har itzazue errekaharriak eta egizue zubi bat. Joan ziren galtxagorriak errekara, hartu zituzten harriak eta zubi bat egin zuten afal ordurako. –Txitxirio-barbantzu... –hasi ziren galtxagorriak ostera ere. –Bai, bai, bai! –eten zien pazientzia galduta Xixiliok–. Lana behar duzue, badakit. Baina ez dakit zer gehiago agindu. Lan guztiak eginak daude. Orduan, galtxagorriak oso urduri jarri ziren. –Txitxirio-barbantzu, txitxirio-barbantzu..., zer lan agintzen duzu? –zioten behin eta berriro. Xixiliori, ordea, ez zitzaion ezer bururatzen. Orduan galtxagorriek esan zuten: –Barbantzu-txitxirio, isilik dago Xixilio. Hori esan eta Xixiliok lehen agindutako guztia atzekoz aurrera egiten hasi ziren. Sorora joan eta gari haziak atera zituzten lurretik. Teilatura igo eta teila guztiak kendu zituzten. Txabola desegin, hango egurrak hartu, haiekin adarrak egin eta zuhaitzei erantsi zizkieten. –Arraioa! Baina, baina... zertan ari zarete? –galdetu zien haserre Xixiliok. –Barbantzu-txitxirio, isilik dago Xixilio –erantzun zioten galtxagorriek. Eta lan guztiak alderantziz egiten jarraitu zuten. Etxeko hormak puskatu zituzten. Eta ur-putzua hondarrez bete zuten. Eta behiei esnea sartu zieten berriro titietatik. Eta zubia desegin eta errekara bota zituzten harriak atzera. Bat-batean, ideia bat etorri zitzaion Xixiliori. –Aizue, aizue! Hartu bahe hau eta ekarri hemen errekako ura. Galtxagorriek hartu zuten bahea eta errekatik ura ekartzen saiatu ziren. Baina ezin, urak bahearen zuloetatik ihes egiten zuen-eta. Orduan, galtxagorriak joan ziren Xixiliorengana eta esan zioten: –Ezinezko lana agindu diguzu. Beraz, bagoaz hemendik eta ez gaituzu gehiago ikusiko. Eta galtxagorriak desagertu egin ziren. Lasaitu ederra hartu zuen Xixiliok. Pentsatu zuen hobe zela bere zorte txarrarekin jarraitzea, bizi osoan galtxagorri ipurterre haiei aginduak ematen jardutea baino. Gainera, zer arraio!, zorte txarra ere ez da izaten betiko. Hau hala bazen, ez bazen, Xixilio, behintzat, lasai asko geratu zen. San Joan bezperako gaua magikoa izan ohi da. Gau horretan maisu Joxe, ikasleen laguntzarekin, sutzarra egin nahian zebilen eskolako lorategian. Maisu Joxek eskuak poltsikoan sartu zituenean pospolorik ez zeukala ohartu zen. Zer egin jakin gabe, zozo-aurpegiz, Jurgeni begira gelditu zen: –Arraioak! Surik ez daukat eta. Nola piztu behar dut sua? Jurgenek esan zion: –Ederra kontua! Pospolorik gabe jai daukagu! Jurgen, ekaineko eguzkipean lanean arituta, izerdi patsetan zegoen. Ez zegoen ondo, beharbada. Kopeta itxuragabe ari zitzaion berotzen mutikoari, eta, egonezinez edo logurez, betazalak ixten ari zitzaizkion… Ustekabean, baso handi baten erdian azaldu zen Jurgen. Erabat harrituta zegoen. Nola agertu zen han? Basoan barrena zihoala, batera eta bestera begira, gizon handi iletsu batekin egin zuen topo. Esan zion Jurgenek: –Kaixo. Ni Jurgen naiz. Eta zu, nor zara? –Ni Basajaun naiz, inguruko izakirik jakintsuena. Oihan ilunetan bizitzea dut gogoko. –Basajaun jauna, horren jakintsua izanda, jakingo duzu nola egiten den sua, ez da hala? –Jakina badakidala nola egiten den sua! Jurgenek pentsatu zuen “gizon handikote honek argituko dit eskolako sua nola piztu”, eta esan zion Basajauni: –Sanjoanak ospatzeko sutzar bat egin nahi dugu, baina ez dakit nola piztu sua. Lagunduko al didazu? –Ez horixe! –Zergatik ez? –Gizakiak axolagabe batzuk zaretelako. Sua nola pizten den erakutsiko banizu, basoa erre zenezake, edo nire ile luze ederrak kiskali. Ez dizut erakutsiko! Eta sua nola pizten zen jakin gabe alde egin behar izan zuen Jurgenek. Ibilian-ibilian, kobazulo bat aurkitu zuen Jurgenek. Sartu zen han eta erraldoi itsusi handi-mandi bat ikusi zuen. Infernutik ateratakoa zirudien. Kopeta oso iluna zuen, eta erdi-erdian begi bakar bat, ia kopeta bera bezain handia. Jurgenek esan zion: –Kaixo. Ni Jurgen naiz. Zuk nola duzu izena? Munstroak erantzun zion: –Ni Tartalo naiz. Mingainarekin ezpainak busti zituen Tartalok. –Hurbil zaitez pixka bat. Ez zaitut ongi ikusten. Jurgen, badaezpada ere, ez zen asko hurbildu: ez zion munstro hari itxura onik hartzen. –San Joanak ospatzeko sutzar bat egin nahian gabiltza baina ez dakit nola piztu. Lagunduko al didazu? –esan zion. Berarengana hurbiltzeko keinua egin zion Tartalok eskuarekin. Esan zuen: –Bai, lagunduko dizut. Baina lehenik, zatoz nigana. –Ez –erantzun zion Jurgenek beldurtuta. –Zatoz hona edo ni joango naiz zuregana –esan zion Tartalok ahots beldurgarriarekin. Oraingoan erabat ikaratu zen Jurgen eta ihesi abiatu zen maldan behera, atzetik Tartalo gaiztoa zuela. –Harrapatuko zaitut! –esaten zuen–. Harrapatuko zaitut! Baina ez zuen harrapatu. Jurgenek korrika jarraitu zuen denbora luzez, eta kobazulotik urruti samar zegoen ibaiertz batean neskatxa batekin egin zuen topo. Oso ederra zen. Inoiz ikusitako politena. Oinak ibaian sartuta zituen eta urrezko orrazi batez ilea orrazten ari zen. –Kaixo. Ni Jurgen naiz. Nola duzu izena? –Ni Erreka Mari lamina naiz. Jurgenek irribarre egin zion. Pentsatu zuen: –Horrelako neska polit batek lagunduko dit, seguru. Jurgen seguru zegoen halako neska eder batek lagunduko ziola, eta honela esan zion: –San Joanak ospatzeko sutzar bat egin behar dugu baina ez dakit sua nola piztu. Lagunduko al didazu sua egiten? –galdetu zion laminari. –Ai, koittadua ni! Ezin dizut lagundu, oso bustita nago sua egiteko! Gainera, oso lanpetuta nabil nire ile ederra atontzen. Eta horrelaxe jarraitu behar dut, eder izateari ez diot utzi nahi eta. Beraz, handik ere surik gabe joan zen, kopetilun. Nazkatzen hasia zegoen Jurgen suaren kontu harekin. Sua egiten lagunduko zionik ez zuela aurkituko iruditzen zitzaion. Hala ere, ibiltzen jarraitu zuen eta, ustekabean, Anboto mendira iritsi zen. Han, leize antzeko batean, emakume dotore bat aurkitu zuen, pertz batean salda goxoa prestatzen. –Kaixo. Ni Jurgen naiz –esan zuen Jurgenek. –Eta ni Mari. Eser hadi hor. Salda goxoa hartuko diagu biok. Pasatutako guztiak pasatu ondoren, eskarmentatuta zegoen Jurgen, eta ez zen batere fidatzen. Pentsatu zuen: "Inork ez dit sua egiteko laguntzarik eskainiko. Neuk moldatu beharko dut nire kontura." Pertza berotzen ari zen sutan zotz luze bat ikusi zuen, garra zeriola, eta esan zion bere buruari: –Horrekin piztuko dut sanjoanetako sutzarra. Mari saldarentzat gatz bila joan zenean, zotz piztu hura hartu zuen Jurgenek. Baina Marik ikusi egin zuen, eta esan zion, haserre: –Zertan ari haiz? Lapurretan? –Sua behar dut sanjoanak ospatzeko –esan zion Jurgenek. –Sugar. Hator azkar –egin zuen deiadar Marik–. Lapur bat diagu hemen! Suzko suge bat azaldu zen leize-zulotik, eta Jurgeni hurbildu zitzaion… Suge hari ihes egin nahian zebilela, ahots bat entzun zuen: –Jurgen! Jurgen! Zer gertatu zaizu? Lo gelditu zara, ala? Zatoz atzerago edo aurpegia erre egingo zaizu… Maisu Joxe ari zitzaion deika. Gainerako ikasleak ere han zeuden. Eta denen aurrean, egundoko sutzarra! Azkenean lortu zuten sua egitea! Jurgenek pentsatu zuen: –Kaka zaharra! Lo gelditu naiz eta ez dut deus ere ikusi! Ametsetan hainbeste atzera eta aurrera egin ditut su bila eta, azkenean, ez dakit nork piztu duen benetako sua. Amorrarazita zegoen. Garrei begira gelditu zen, eta garren goiko ertzetik ziztu bizian suge itxurako sugar bat zerurantz zihoala ikusi zuen. Ingurukoek ez zioten erreparatu sugar hari, baina Jurgenek ongi ikusi zuen garren artetik sugar dotore hura zerurantz nola joan zen, hara eta hona mugituz, Jurgeni agur egingo balio bezala. Jurgenek irribarre egin zuen eta agur esan zion sugarrari. Ametsa izan, egia izan, sar dadila kalabazan eta...