ARROXALI Arroxali mendian bizi da bakar-bakarrik etxetxo txiki batean. Berak bakarrik egiten ditu etxeko lanak: janaria prestatu, etxea garbitu... Arroxaliren lagunak kalean bizi dira. –Nik kalea ikusi nahi dut! –esan du Arroxalik. Joxe Anttonek honela esaten dio igandero: –Ikastolan, jolas, dantza eta marrazkiak egiten ditugu. –Ni ere joango naiz ikastolara! Gauean, bere lagunak lotan daudenean, Arroxali herrira joan da, lagunek kontatu diotena ikusteko asmoz. Arroxali ikastolara sartu da. –Zenbat gauza dagoen hemen! Jostailuak, ipuinak, marrazkiak... –Zein polita den ikastola! Gela guztia izugarri gustatu zaio. Dena ikusi ondoren, loguratu egin da eta epel-epeletan lo egiteko armairuan sartu da. Benetan lo goxoa egin du. Nolako istilua goizean haurrak gelara sartu direnean! –Non daude margoak? –Non daude ipuinak? –Gauza guztiak tokiz aldatuta daude! –Nor ibili ote da gure gelan? Gelako armairu barruan norbait dagoela konturatu dira, eta horregatik atea ireki dute. –Nor zara zu? –Ni Arroxali naiz –erantzun du negarrez. Armairutik irten ondoren: –Ikastola ikusi nahi nuen, eta horregatik etorri naiz. –Oso ondo, Arroxali; nahi al duzu, gu bezala, egunero ikastolara etorri? –Bai, nahi dut! Egunero etorriko naiz! Hau oso polita da! Eta ordutik, egunero bere lagunekin ikastolara joaten da poz-pozik. HIRU TXERRIKUMEAK Etxe batean hiru txerrikume eta beren ama bizi ziren. Egun batean, amak honela esan zien hiru txerritxoei: –Dagoeneko nahiko handiak zarete, eta hobe duzue negua etorri baino lehen zuen etxea eraikitzea. –Ongi da, ama. Etxea egin ondoren sarri-sarri etorriko gara zu bisitatzera. –Etorri nahi duzuenean, bai. Agur! –erantzun zien amak. Bidean, gizon bat topatu zuten, eta txerrikume txikiak honela esan zion: –Emango al zenidake, mesedez, lasto pixka bat nire etxea eraikitzeko? –Bai, bai, hartu behar duzun guztia. Eta txerrikumeak azkar eraiki zuen bere etxea. Bigarren txerrikumeak honela esan zuen: –Ba, nik, basoan bildutako egurrarekin egingo dut etxea. Eta hala egin zuen pixka bat kostata. Zaharrenak, berriz, harri handiak bildu zituen etxe sendo bat egin ahal izateko. –Uf, nolako pisua duten harri handi hauek! Otsoa, txerritxo txikiaren usaina jarraituz, haren etxeraino joan zen: –Tok, tok, tok. Txerritxoa, zabal ezazu atea –esan zion otsoak. –Ez, ez eta ez. Badakit otsoa zarela eta atea zabaltzen badizut jan egingo nauzula –erantzun zion txerritxoak barrutik. Eta otsoak puzka eta atzaparka txerritxoaren etxetxoa puskatu zuen. –Mesedez, lagundu…! –esan zion orduan bere anaiari. Bigarren txerritxoari gauza bera gertatu zitzaion. Otsoa etorri zenean, berriro jo zuen atea: –Tok, tok, tok. Txerritxoa, zabal ezazu atea –esan zion otsoak. –Ez, ez eta ez. Badakit otsoa zarela eta atea zabaltzen badizut jan egingo nauzula –erantzun zion txerritxoak barrutik. Eta otsoak, puzka eta atzaparka, etxetxoa puskatu zuen. Hirugarren txerritxoarekin ere gauza bera gertatu zen. Otsoa etorri zenean, berriro jo zuen atea: –Tok, tok, tok. Txerritxoa, zabal ezazu atea –esan zion otsoak. –Ez, ez eta ez. Badakit otsoa zarela eta atea zabaltzen badizut jan egingo nauzula –erantzun zion txerritxoak barrutik. Baina otsoak ezin izan zuen puskatu txerritxoaren harrizko etxearen atea, eta tximiniatik sartu zen etxe barrura. Salto egin zuen, baina, blaust!, nora eroriko eta txerritxoak janaria egosten ari ziren lapiko barrura erori zen. –Ai, ai, ai, ipurdia erre zait, ipurdia erre zait! Eta garrasika joan zen otsoa baso hartatik urrutira. TXANOGORRITXO Orain dela urte asko, soingaineko gorri bat zuelako Txanogorritxo deitzen zioten neskatila bat bizi zen. Egun batean, honela esan zion bere amak: –Txanogorritxo, amona gaixo samar dago eta zoaz bisitatzera otarre hau hartuta, baina kontuz ibili bidean. –Bai, amatxo, bizkor-bizkor joango naiz –erantzun zion Txanogorritxok. Txanogorritxo zuhaitz eta lore artean kantari zihoala, bide ondoan lanean zebilen egurgile batek galdetu zion: –Nora zoaz, Txanogorritxo? –Amonaren etxera noa. –Ba, kontuz ibili. Inguru hauetan otso goseti bat dabil eta –esan zion egurgileak. Egia zen, Txanogorritxori oihanaren erdian azaldu zitzaion otsoa. –Nora zoaz, neskatila? –Amonaren etxera. Gaixo dago eta hari janari pixka bat eramatera noa. –Eta non bizi da zure amona? –Han, bide hartatik aurrera joan eta lehenengo etxean. –Agur, Txanogorritxo –esan zion otsoak. –Agur, bai –erantzun zion Txanogorritxok. Otsoak pentsatu zuen bere artean: –“Ja,ja,ja... Lehenengo amona jango dut eta gero neskatila hau”. Eta bide laburrago batetik, korrika joan zen amonaren etxera. Tan, tan, tan... jo zuen atea. –Nor da? –galdetu zuen amonak ohetik. –Txanogorritxo naiz. Zu bisitatzera nator. –Oso ondo, bultza egin ateari eta sartu barrura. Ohean nago. Otsoa barrura sartu zen eta, kris-kraus, jan egin zuen amona. Gero, armairutik amonaren jantziak hartu, mozorrotu eta ohean sartu zen. Atea jo zuten orduan: Tan,tan,tan... –Nor da? –galdetu zuen otsoak amonarena eginez. –Ni naiz, Txanogorritxo –esan zion neskatilak–. Zuri janari piska bat ekartzera nator, amona! –Sartu barrura, ume. –Amona, bai belarri handiak dauzkazula! –Zuri hobeto entzuteko da hori, ume! –Amona, bai begi handiak dauzkazula! –Lasai, ume! Zu hobeto ikusteko dira eta. –Hortzak ere oso handiak dauzkazu, amona! –Zu hobeto jateko diraaa... –esan zion otsoak, eta ohetik salto egin zuen Txanogorritxo jateko asmoz. Etxetik irten eta, tximista baino azkarrago, korrika hasi zen Txanogorritxo, otsoa atzetik zuela. –Lagundu! Lagundu! –garrasi egiten zuen. Eta eskerrak egurgilea azaldu zen neskatilaren garrasiak entzutean. Bere aizkorarekin hantxe bertan akabatu zuen otso gaiztoa. Gero, kontuz-kontuz tripa ireki zion eta amona bizi-bizirik atera zen haren barrutik. Amonak eskerrak eman zizkion egurgileari, eta hiruren artean jan zuten Txanogorritxok otarrean eraman zuen janaria. Gero, Txanogorritxok musu eman zion amonari eta egurgilearekin itzuli zen etxera. AMETSAK AIREAN Gabon gaua hurbil zela eta, Prudentzi postaria poz-pozik esnatu zen. –Hara! Abenduaren 21a! Bertan ditugu Gabonak! Hau zoriona! –Goazen, Pintto! Olentzerori haurren eskutitzak eraman behar dizkiogu eta! –Au-au, au-au! Pintto ere Olentzerorengana joateko irrikan zegoen, goizean goizetik zaunka eta zaunka ari zen. Postariak gutun-zorroa hartu zuen eta ikastolara joan zen haurren eskutitzak jasotzera. –Olentzerori eskutitza idatzi al diozue? Gutunak jasotzera etorri naiz. –Horixe bai! Maisuak atzo lagundu zigun. –Zintzo portatu al zarete? –Bai!!!! –Orduan lasai egon, eskatutako guztia ekarriko dizue eta. Bat-batean, haize-bolada batek gelako leihoak ireki zituen eta haurren lanak hegan hasi ziren. –Hau eguraldi petrala! Gabonak bertan ditugu, baina negua ere bai. –Bai, gainera telebistan esan dute elurra egin behar duela. Maisua kezkatuta zegoen. –Baina nora joango zara eguraldi honekin, Prudentzi? –Olentzerorengana joan behar da, eta joan egingo naiz. –Baina lekutan dago Olentzeroren txabola! –Ez kezkatu, iritsiko naiz. Gainera, aurten Pinttok lagunduko dit. Prudentzi postaria eta Pintto zakurra mendirantz abiatu ziren Olentzerorengana, gutun-zorroa eskutitzez bete-beteta. –Hau da hau eguraldi petrala! Ez dut piperrik ere ikusten. Non dago Olentzeroren txabola, Pintto? –Au-au, au-au! –Elurrak bidea estali digu. Arranopola! Eta haize zakar honek eskutitzak eraman dizkigu! Pintto, harrapa itzazu! Harrapatu! Pintto eskutitzen atzetik jauzika joan zen, baina alferrik. Ez zuen gutun bat bera ere harrapatu. Prudentzi oso kezkatuta zegoen. Haizeak eskutitz guztiak eraman zituen eta ez zekien nola berreskuratu. Gutunik gabe Olentzerok ez zien haurrei oparirik eramango. –Pintto, zer egin dezakegu? Nork lagunduko digu? –Au-au, au-au! Pinttok Prudentziren prakei hortzekin heldu eta tiraka hasi zen. –Baina zertan ari zara? Nora naramazu? Prudentzik Pinttori jarraitzea erabaki zuen; zerbait erakutsi nahi zion, jakina. Elurretan luzaz eta nekez ibili ondoren, kobazulo handi baten atarira iritsi ziren. Hartzaren etxea zen. –Hara! Hartzari laguntza eskatzea nahi duzu! Zein ideia ona! Prudentzik atea jo zuen eta, denbora pixka batean itxaron ondoren, hartz ama atera zen. Ohetik jaiki berria ematen zuen; artean ileak ondo orraztu gabe zituen. Prudentzik Olentzerorentzako haurren eskutitzak galdu egin zituela kontatu zion. –Lagunduko al didazu gutun horiek biltzen? –Ez, hori ezinezkoa da. Ez al dakizu hartzok neguan lo egin behar dugula? –Bada, egia da, lo asko egin behar duzue. Barkatu esnatzeagatik. Beste bat arte! Agur! Orduan, Pinttok berriro praketatik tira egin zion eta arbola handi baten azpira eraman zuen. Bertatik goian zegoen habia handi bat ikusten zen. Zikoinaren habia zen. –Zikoina, lagunduko al didazu gutun horiek biltzen? Zikoinak ez zion erantzun. Hobeto begiratu, eta Prudentzi konturatu zen habia hutsik zegoela. –Pintto, zikoinak ezin digu lagundu, Afrikara joan da! Berriro ere Pintto Prudentziren praketatik tiraka hasi zen. Oraingoan, arbola txiki baten ondoan zegoen zulotxo batera eraman zuen, Urtxintxaren etxea zen. Hari ere laguntza eskatu zion. –Lagunduko al didazu gutun horiek biltzen? –Nola ez ba! Haurrak ezin dira Olentzeroren oparirik gabe gelditu. Urtxintxak lagunei deitu zien, eta denen artean, ziztu bizian, gutun guztiak bildu zituzten. Prudentzik urtxintxei eskerrak eman zizkien, eta, haiek basoa ondo ezagutzen zutenez, Olentzeroren txabolarako bidea erakutsi zieten. –Segi gora eta gora gelditu gabe. Kea agertuko da zeruan, Olentzeroren tximiniako kea. Keak berak erakutsiko dizue bidea. –Mila esker zuen laguntza guztiarengatik. Orain bai, orain Olentzerorengana iritsiko gara! Gora eta gora igo ondoren, kea ikusi zuten zeruan. Keari jarraituz tximinia ederreko txabola bateraino iritsi ziren: Olentzeroren txabola zen. Atea jo zutenean, Olentzerok berak ireki zien. –Zuek bai txapeldunak! Lortu duzue! Zorionak! Eguraldi txar-txarra izan arren honaino iritsi zarete eta! –Kostatu zaigu, bai, galduta ibili gara! Baina, zorionez, basoko urtxintxek lagundu digute. Hemen dituzu haurren eskutitz guztiak. –Eskerrak! Ez nituen haurrak oparirik gabe utzi nahi. Nik gutunak irakurtzen ditudan bitartean, zuek atseden hartu. Eta jan ezazue hor mahai gainean dagoen askari goxoa. Gosetuta eta nekatuta zeudenez, gustura eta oso-osorik jan zuten askaria. Pinttok ere elurra baino zuriago utzi zuen bere platera. Bitartean, Olentzerok eskutitzak irakurri zituen eta astoaren saskiak opariz bete zituen. Ondoren, Prudentzi eta Pintto laguntzaile hartuta, herrira jaitsi ziren. Ikastolan haur guztiak, Gabonetako zintzilikarioz, gela apaintzen ari ziren. Bat-batean atea ireki zen eta Olentzero, Prudentzi eta Pintto sartu ziren gelan. Hura ustekabea! –Begira, begira nor etorri den! Olentzero da! Gora Olentzero! Gora Prudentzi eta gora Pintto! Zenbat opari ekarri dituzten…! Hau poza! –Opariak denentzat ekarri ditut, baina fardel handi hau Prudentzirentzat da. –Niretzat? Zein ondo! Badakit, badakit zer den! Mila esker, Olentzero! Eta zuek ba al dakizue zer dagoen nire opari-fardelaren barruan? IZEI TXIKIA Udazkena heldu zen, eta txori batek hegoaldera joan behar zuen bere lagunekin, lurralde epelagoetara. Urtero egiten zuen bidaia hori negua heldu baino lehen. Baina, urte hartan, gure txoriak ez zeukan hegoaldeko lurralde epeletara joaterik, ez. Hego bat hautsita zeukan, eta ezin zuen hegan ondo egin. Negua heldu zen, eta neguarekin batera hotza. Txori gaixoa, orduan, zuhaitz batengana joan zen babes bila: –Aizu, Lizar! Utziko al didazu zure hostoen artean bizitzen? Zaurituta nago eta hotzak ia hilean. –Utzidazu niri bakean, eta zoaz nahi duzun lekura! –erantzun zion lizarrak umore txarrez. Txoria, gero, gaztainondoari hurbildu zitzaion, eta galdetu zion: –Aizu, hego bat hautsita daukat eta hotzak ia hilean nago. Utziko al didazu negua zure hosto artean babesturik igarotzen? –Hemen hontza bizi da, eta nik ez dut beste txoririk nahi. Galdegiozu pagoari, edo haritzari, edo urkiari... Baina gure txoria alferrik ibili zen zuhaitzetik zuhaitzera babes bila. Denek erantzun berdina ematen zioten. Ezetz eta ezetz. Hotzez eta penaz ia hilean, izei txiki baten ondora heldu zen gure txori errukarria. Eta esan zion erdi negarrez: –Aizu, Izei, mesede bat eskatu behar dizut. Hego bat hautsita daukat, ezin dut hegan ongi egin eta hotzak ia hilean nago. Beste zuhaitz guztiek ezetz esan didate, baina zuk emango al didazu zure hosto artean negua igarotzeko baimena? –Bai, oso gustura gainera –erantzun zion izeiak errukiturik–. Jar zaitez beheko adarretan, hor epelago egongo zara. Lagun gehiago ere izango dituzu. Txori askoren etxea izaten da hau neguan. Hantxe, izei txikiaren hosto artean, igaro zituen gure txori zaurituak neguko ordurik gehienak. Zuhaitz hartan bizi ziren beste txoriek asko maite zuten, eta haiek ekartzen zioten janaria. Baina urtu ziren elurrak, epeldu zuen eguraldia eta heldu zen udaberria. Eta gure txoria sendatzen ari zen poliki-poliki. Udazkenerako txoria erabat sendaturik zegoen. Izeiari eskerrak eman eta, beste txori gehiagorekin batera, hegoaldera joan zen, lurralde epelagoetara. –Agur! Mila esker. Datorren urtean etorriko naiz berriro –esan zion izei txikiari. Hori guztia ikusi ondoren, haizeak erabaki bat hartu zuen. Handik aurrera, udazkenean zuhaitz gehienei hostoak kenduko zizkien putz eginez. Negua biluzik igaro beharko zuten. Eta halaxe gertatzen da geroztik. Gaztainondoak, pagoak, lizarrak, haritzak, urkiak eta beste zenbait zuhaitz hostorik gabe geratzen dira udazkenean. Baina izeiak ez du hostorik galtzen. Halaxe erabaki zuen haizeak, ez ziola izeiari hostorik kenduko. Eta zergatik? Txoriari lagundu ziolako. EHUNZANGO KASKARINA Bazen garai hartan, Milakazoro izeneko zelaian, ehunzango bat. Pinpox zuen izena. Egunik gehiena ispiluari begira pasatzen zuen. Bere inguruko beste animaliak baino politago eta dotoreago egon nahi izaten zuen. Goizero, honelako galderak egiten zizkion bere buruari: –Zein kapela jantziko ote dut gaur nire buru eder honetan? Nolako oinetakoak aukeratuko ditut gaur nire hanka polit hauetarako? Eta zein gorbata jantziko dut gaur nire lepo lirain honetan? Gorria? Loreduna? Laukiduna?... Eta honela jarraitzen zuen hizketan ispiluaren aurrean: –Ai, ama! Ile hau ez dago bere lekuan, belarriak estaltzen dizkit. Banoa berriz orraztera. –Nire begi eder hauek eguzkitik babesteko, betaurreko polit batzuk aukeratu behar ditut. –Alkandora honi botoi bat falta zaio. Beste bat jantziko dut. Pinpoxek etxean bazituen, gutxienez, bi mila zapata pare, zazpi mila gorbata, lau mila galtza pare, zazpi mila alkandora, bederatzi mila kapela... Oso aberatsa zen, baina harroputza ere bai. Bere inguruko guztiak nazka-nazka eginda zeuzkan. –Begira, orain ere kapela berria jantzita dabil Pinpox harroputz hori —esaten zion tximeletak erleari. –Goizean zapata berri gorri-gorriekin ibili da, eta bazkal ondoren beste berri batzuekin azaldu da –esaten zuen kakalardoak. –Parean pasatzean ez gaitu agurtu ere egiten. Zer uste du horrek, bera dela Milakazoroko jaun eta jabe, ala? Bera gure aurrean pasatzen denean, denok “Gora, Pinpox!” esatea nahi ote du, ba? Harro handiputza halakoa! Harroa bakarrik ez, gaizto samarra ere bazen Pinpox ehunzangoa. Bai, askotan, bera bezain dotore jantzita ez zebiltzanei burla egiten zien. Marigorringo bati honela esan zion behin: –Noiz garbitu behar dituzu gorputzean dauzkazun ttantto beltz zikin horiek? Eta han geratu zen marigorringo gajoa, lore baten gainean negarrez. Beste behin, bidea gurutzatzen ari zen zizare bati ere ez zion bakean utzi Pinpox harroak. Honela mintzatu zitzaion: –Sartu lur azpian eta ez zaitez gehiago nire begien aurrean azaldu. Ez dago munduan zu baino itsusiagorik ezer. Beldurraren beldurrez, hosto baten azpian ezkutatu zen zizarea. Hori ikusita, Milakazoroko animalia guztiak zelaiaren erdi-erdian elkartu ziren. Egin zituen gaiztakeriengatik, Pinpox ehunzango harroxkoa zigortzea erabaki zuten denen artean. Basoko Maitagarriari deitu eta Milakazoroko zelaian Pinpoxekin zer gertatzen zen esan zioten. Pixka batean pentsatzen egon ondoren, honela esan zuen Maitagarriak: –Pinpox, hain harroa izateagatik, gaiztakeriak egiteagatik, eta besteak baino gehiago ez zarela konturatzeko, tori, merezi duzun zigorra: Ziu, fiu, ufala! Zure etxea eta gauzak, zurrunbilo, zurrunbilo, haizeak eraman ditzala! Maitagarriak hori esan zuenenan, indarrez jo zuen haizeak Pinpoxen etxea, eta han joan zen airean ehunzangoaren gauza guztiak barruan zituela. Han joan ziren milaka eta milaka zapata, gorbata, alkandora, galtza eta kapela. Eta gauza gehiago ere bai. Pinpox ezer gabe geratu zen. Soinean zeraman jantziarekin bakarrik: zapata berri-berriak oinetan, kapela dotorea buruan, gorbata berde-berdea lepoan, sedazko alkandora berdexka, galtzontzilo berri-berriak... Etxerik gabe eta aldatzeko arroparik gabe geratu zen Pinpox. Handik egun batzuetara, soinean jantzita zeuzkan arropak zikindu egin zitzaizkion ehunzangoari. Gainera, gero eta gose handiagoa zeukan, gero eta zikinago zegoen. Ez zuen ematen lehengo ehunzango dotore, harro eta burlati hura zenik orain. Negar egiten zuen Pinpoxek. Esaten zion bere buruari: –Zer egin behar dut nik orain? Zer jantziko dut bihar? Goseak nago eta ez daukat jateko ezer. Milakazoro zelaiko beste animaliek pena hartu zuten Pinpox hala ikusita. Maitagarriari deitu zioten berriro, eta hari ere, ikusi zuenean, pena eman zion Pinpoxek. Hartu zuen, orduan, Maitagarriak bere makilatxoa, eta hitz magiko hauek esan zituen: Ziu, fiu, ufala! Zure etxea eta gauzak, zurrunbilo, zurrunbilo, haizeak ekarri ditzala! Haize bolada indartsu batek ekarri zituen berriro Pinpoxen etxea eta haren barruko gauzak. Handik aurrera, lehen baino askoz zoriontsuago bizi izan zen ipuin honetako ehunzangoa. Inori ez zion burlarik egiten, eta bere ingurukoei laguntzen saiatzen zen. Eta bere zapata, gorbata, galtza, alkandora, betaurreko eta kapelarik gehienak Milakazoro zelaiko ehunzangoen artean banatu zituen. INDIAR TXIKI INAUTERIETAN Oneida eta Amerin haurrak Amerikako ibai luze eta zabal baten ondoan bizi ziren. Lur koloreko azala eta begi beltzak zituzten. Indiarrak ziren. Oneida neska zen eta Amerin mutila. –Nor da zure lagunik handiena? –galdetzen zioten Oneidari. Eta honela erantzuten zuen: –Amerin da nire lagunik handiena. –Nor da zure lagunik handiena? –galdetzen zioten Amerini. Eta honela erantzuten zuen beti: –Nire lagunik handiena? Oneida. Ibaian, oihanean eta leku guztietan beti elkarrekin ibiltzen ziren. Beraien herrixkatik inoiz irten gabe zeuden. Ibai handi hartako urak nora joaten ziren jakin nahi zuten, itsasoa nolakoa zen ikusi. –Nora joango ote dira ibaiko urak? –Nolakoa izango ote da itsasoa? Horregatik, behin, txalupa bat hartu, eta ibaian behera abiatu ziren biak bakar-bakarrik. Gaua heldu zenean, esan zion Amerinek Oneidari: –Goazen etxera. Beldurra daukat. –Ezin dugu txalupa gelditu. Aurrera jarraitu beharrean gaude –erantzun zion Oneidak. Eta, ilargiaren argitan, itsaso zabalera heldu ziren biak. Hurrengo egun osoa olatuen gainean balantzaka igaro zuten gosez, egarriz eta beldurrez. Itsasoan barrena eraman zituen txalupak, lurrik ikusten ez zen lekuraino. Heldu zen gaua berriro, azaldu zen ilargia zeruan, eta izarrak ere bai bere inguruan. Oneida eta Amerin negarrez zeuden, elkarri helduta. Baina, orduan: –Begira argi txiki horiek urrutian! Itsasontzi bat da! Bi indiar txikiak garrasika hasi ziren: –Etorriii...! Lagunduuu...! Baina itsasontzi hartakoek ez zuten ezer entzun, eta, ilunpean, ikusi ere ez. Gauaren erdia lotan eta beste erdia negarrez igaro zuten bi indiar txikiek. Hurrengo goizean, ordea, beste itsasontzi bat azaldu zitzaien. Eta hantxe etorri ziren Oneida eta Amerin Euskal Herrira. Arrantzale euskaldunak baitziren itsasontzi hartakoak. Eta Joxe izeneko arrantzaleak esan zien Oneida eta Amerini: –Inauteriak dira laster. Gera zaitezte egun batzuetan gure etxean. –Zer dira Inauteriak? –galdetu zuten bi indiarrek. Eta Joxeren alaba Irenek erantzun zien: –Inauterietan mozorrotu egiten gara, arropa zaharrak jantzi eta aurpegiak margotzen ditugu. Eta dantza egiten dugu kalean. Joxe arrantzalearen etxean geratu ziren egun batzuk pasatzen Oneida eta Amerin. Lagun berri asko egin zituzten. Egunero kalean jolasean ibiltzen ziren ilundu arte. –Inauterietan indiarrez mozorrotuko gara! –erabaki zuten auzo hartako neska-mutil guztiek. –Oneida! Amerin! Lagunduko al diguzue? –galdetu zieten. –Bai, pozik gainera! –Nik aurpegia margotuko dizuet, eta buruan lumak jarri! –esan zuen Oneidak. Eta hantxe ibili ziren denak Inauterietan, kalean gora eta kalean behera, oihu eta salto. Leku zabal samarra aurkitzen zutenean, gelditu, biribilean jarri, eta dantzaldi luzeak egiten zituzten lantzak astinduz. –Gora Amerin eta Oneida! –esaten zuten dantza-saioa bukatutakoan. –Goraaa! –erantzuten zuen jendeak txalo joz. Oso ondo ibili ziren bi indiarrak Inauterietan. Eta penaz alde egin zuten Euskal Herritik beren lurraldera. Lehenengo, hegazkinez, eta gero, helikopteroz, itzuli ziren Oneida eta Amerin Amerikako ibai zabalaren ondora. Nolako poza hartuko zuten beren gurasoek! Hori bai. Datorren urtean gurasoekin etorriko omen dira Oneida eta Amerin Euskal Herrira Inauterietan. TXANTXANGORRI MOKOFINA Behin batean, bazen txori txiki jaioberri bat, gaztainondo baten adarretan bizi zena aitarekin eta amarekin. Txori txikia oso bizkorra zen. Aitak eta amak hegan nola egin behar zen erakusten zioten. –Begira, hegoak gora eta behera mugitu behar dituzu, gora eta behera, gora eta behera, gora eta behera. Txori txikiak beldur handia izan zuen hasieran, baina laster ikasi zuen hegan bere kasa egiten. Hala, gero eta hegalditxo luzeagoak egiten hasi zen bere kontura. –Begira, ama! Begira, aita! Begira nola egiten dudan hegan! Goiz batean, gure txori txikia ibai aldera abiatu zen. Egunetik egunera saio luzeagoak egiten zituen. Egunetik egunera indartuz zihoazkion hegoak, eta gero eta urrutiago joaten zen. –Agur! Banoa hegan! Bazkaltzerako itzuliko naiz! Baina goiz horretan, txori txikiak besteetan baino hegaldi luzeagoa egin zuen, eta konturatzerako zeharo galdu zen. Baso ezezagun batean sartu zen. Ez zituen ezagutzen hango bazterrak, eta ez zuen ezagutzen zuhaitzen artean ikusten zen aintzira ere. –Ai, ama! Galdu egin naiz! Nola bueltatuko naiz gure habiara! Txori txikia pago adar baten gainean gelditu zen, eta negarrez hasi zen. Etxetik urrun zegoen, bakarrik, beldurtuta eta baita gosetuta ere. Katagorri batek pagoaren enborrean zeukan bere etxea. Negar-hotsak entzun zituenean, atera zen bere zulotik eta han ikusi zuen txori txikia negarrez. Katagorria errukitu egin zen txori txikiaz, eta harengana hurbildu zen saltoka-saltoka. –Kaixo, txori txiki! Zer duzu? Zergatik egiten duzu negar? Txori txikiak hala erantzun zion: –Galdu egin naiz. Ez dakit nire habiara itzultzen eta goseak nago. Lagunduko al didazu, faborez? Katagorriak esan zion: –Zure habia aurkitzen ezin dizut lagundu, baina gosea asetzen bai. Tori, jan itzazu intxaur goxo hauek –esan zion katagorriak. –Ez, mila esker. Intxaurrak ez zaizkit gustatzen. Katagorria harritu egin zen: –Nola dakizu ez zaizkizula gustatzen? Inoiz probatu al dituzu? –Ez, ez ditut probatu, baina badakit ez zaizkidala gustatzen! –erantzun zion txori txikiak. Eta handik alde egin zuen lehen baino gose handiagoarekin. Txori txikia aintzira batera heldu zen. Aintziraren bazterrean igel bat ikusi zuen, korroka, kroak eta kroak. –Kaixo, igela! –esan zion txori txikiak–. Galdu egin naiz, eta ez dakit nire habiara itzultzen. Eta, gainera, goseak nago. Lagunduko al didazu, faborez? –Lasai, txori txiki. Zure habia aurkitzen ezin dizut lagundu, baina gosea asetzen bai. Tori, jan itzazu barraskilo goxo hauek. –Ez, mila esker –esan zuen txori txikiak–. Barraskiloak ez zaizkit gustatzen. Igela zur eta lur gelditu zen: –Nola dakizu ez zaizkizula gustatzen inoiz probatu ez badituzu? –Probatu gabe ere badakit ez zaizkidala gustatzen! –erantzun zion txori txikiak. Eta handik alde egin zuen lehen baino gose handiagoarekin. Txori txikia basoan barneratu zen berriz ere. Basoaren sakonenean hontz zuri bat bizi zen. Hontza uluka ari zen, uuu! eta uuuu! –Kaixo, hontza! –esan zion txori txikiak–. Galdu egin naiz, eta ez dakit nire habiara itzultzen. Eta, gainera, goseak nago. Lagunduko al didazu, faborez? –Lasai, txori txiki. Gosea asetzen lagunduko dizut aurrena. Tori, jan ezazu sagutxo hau –esan zion hontzak. –Ez, mila esker. Nik inoiz ez dut sagurik jan, ez zaizkit gustatzen. Hontza sor eta lor gelditu zen: –Probatu ez badituzu, nola dakizu ez zaizkizula gustatzen? –Badakidalako! Ez zaizkit gustatzen! –erantzun zion txori txikiak. –Tira –esan zion hontzak–, gosea ezin dizudanez ase, zure habia topatzen lagunduko dizut. Zuk lo egin, eta nik bilatuko dut zure habia. Oso luzea egin zitzaion txori txikiari gau hura, gosea baitzeukan, gero eta gose handiagoa, eta bere habiara itzultzeko irrikaz baitzegoen. Goizaldean esnatu zuen hontzak txori txikia, eta esan zion gau osoan ibili zela habiaren bila eta aurkitu zuela azkenean. –Txoritxo, txoritxo! Esna zaitez! Aurkitu dut zure habia! –Benetan? Eta itzultzen lagunduko al didazu? –Bai, noski! Goazen azkar-azkar! Esan bezala, hontzak bere habiara itzultzen lagundu zion. Aitatxok eta amatxok hegoak zabalik hartu zuten txori txikia. Hontzari eskerrak eman zizkioten, eta hontzak ulu egin zuen, uuu! eta uuu!, agur esateko. Gero, aitak eta amak errieta pixka bat egin zioten txori txikiari. –Non ibili zara? Kezkatuta geunden. Zergatik joan zara hain urruti? –Hegan hasi nintzen, hegan eta hegan, eta galdu egin nintzen konturatu gabe. –Urruntzen denak bueltatzen ikasi behar du –esan zion amak. –Arrazoi duzu, amatxo, ikasiko dut. Baina txori txikiak gose handia izaten jarraitzen zuen. –Aitatxo, amatxo, goseak nago. Zer dago jateko? –Itxi itzazu begiak eta probatu aitatxok prestatu duena. –Aitatxok prestatu badu, goxo-goxoa izango da. Amak begiak estali zizkion eta, ondoren, aitatxok prestatutako janaria probatzen hasi zen. Txori txikia pozik zegoen. Azkenean, etxeko janari goxoa dastatuko zuen. jaten hasi orduko, txori txikiak galdetu zuen: –Zer da hau, ama? –Zuk dasta ezazu lehenengo, eta gero esango dizut. –Hau bai janari goxoa! Zer da? Aitatxok begiko zapia kendu, eta esan zion: –Baratzeko barraskilo goxoak dira. –Barraskiloak? Lehen ez zitzaizkidan gustatzen! Baina um!… zein goxoak diren!! –Ikusi duzu? Probatu gabe ez dago jakiterik. BREMENGO MUSIKARIAK Mendi arteko baserri batean asto bat zeukaten etxeko lanak egiten laguntzeko. Urte asko zeramatzan astoak etxe hartako lanak egiten. Sorotik zakuak, zelaitik belarra eta basotik egurra eramaten zituen. Baina astoa zahartu egin zen, eta lanerako indarrik gabe geratu. Etxeko nagusiak pentsatu zuen astoa saltzea izango zuela onena. –Asto zahar honek ez du ezertarako balio. Harakin bati salduko diot, hil eta txorizoak egin ditzan –esaten zuen sarritan. Astoa beldurtu egin zen horrelako kontuak entzunda. Eta, txorizo bihurtzeko batere gogorik ez zeukanez, pentsatu eta pentsatu, azkenean erabaki zuen zer egin: –Ihes egingo dut, ez naute hilko. Bremenera joango naiz, hango musika-bandan bibolina jotzera. Han aterako dut bizimodua. Baserritik alde egin eta laster, bide bazterrean arnaska zegoen txakur batekin egin zuen topo. –Kaixo, txakur. Zertan zaude hemen bide bazterrean? Hori da arnasa larria daukazuna! –Jakingo bazenu zer gertatzen zaidan! –Zer gertatzen zaizu, ba? –Zahartu eta ahuldu egin naiz, eta indarrik gabe geratu naiz. Orain ez dut balio ehizan egiteko, etxezain ere ezin naiz egon, eta nagusiak txorizoak egiteko saldu nahi ninduen. Eta etxetik ihes egin beharra izan dut. –Ba, zatoz nirekin, Bremengo bandan danborra joko duzu. Abiatu ziren biak aurrera eta, berehala, lehen txakurra bezala, oraingoan, katua aurkitu zuten. Haserre eta goibel zegoen. –Kaixo, katu bibotetsua. Zu hemen? Zer gertatzen zaizu? –Etxekoandre gaizto batengatik nago hemen. Zahartu egin naiz eta orain ezin dut sagurik harrapatu, eta etxekoandreak ito egin nahi ninduen. Justu-justuan egin dut ihes, baina orain ez dakit zer egin. –Lasai, lasai; zatoz gurekin Bremenera. Hango bandan musika joko dugu, eta zuk turuta joko duzu. Katua ere konforme geratu zen, eta hirukoteak aurrera jarraitu zuen. Hirukotea oilategi batera iritsi zenean, hango oilar zaharra kukurrukuka hasi zitzaien. –Nori deitzen diozu, oilar? –galdetu zioten. –Ez diot inori deitzen. Negarrez ari naiz. Zaharra naizela eta isiltzeko esaten didate oilategian, gizentzen naizenean hil eta jan egingo nautela etxekoek. –Guk abeslari bat behar dugu taldean. Zatoz gurekin. Bremengo bandako abeslari izango zara. Oilarrak ere baietz esan zuen. Eta laurak Bremen bidean zihoazela, ilundu egin zitzaien. Halako batean, argi txiki bat ikusi zuten. –Han etxe bat dagoela ematen du, goazen bertara. Hurbildu ziren bertara, eta astoak, denetan handiena zelako, leihoko kristaletik begiratu zuen. –Lapur batzuk daude hor barruan, eta mahaia prestatuta daukate afari ederra egiteko. –Guk daukagun gosea eta mahaia janariz beteta? Ai, hortxe bageunde! A zer tripakada! Garbi zegoen, bada. Zerbait jan nahi bazuten, lapurrak bota egin behar zituzten etxe hartatik. –Igo nire gainera, aa, aa, aa! –esan zion astoak arrantzaka txakurrari. –Katu, orain zu nire gainera, uau, uau, uau! –esan zion txakurrak zaunkaka katuari. –Oilar, orain zu nire gainera, miau, miau, miau! –esan zion katuak miauka oilarrari. A zer nolako dorre luzea osatu zuten! Astoak “bat, bi eta hiru” esandakoan, laurek batera ekin zioten: astoa arrantzaka, txakurra zaunkaka, katua miauka eta oilarra kukurrukuka. Beldurgarrizko zaratak atera zituzten, eta, kristalak hautsi ondoren, laurek batera salto egin zuten etxe barrura. –Mamu gaiztoren batzuk ote dira? Eta lapurrek korrika bizian ihes egin zuten. Orduan, lau musikariek lasai jan eta edan zuten. Lapurrak ez ziren gehiago etxe hartara joan. Astoak, katuak, txakurrak eta oilarrak Bremengo banda osatu zuten eta erromeria alaiak egiten zituzten. Eta hau egia ez bada, eman haizeari zigorkada. AZENARIO ERRALDOIA Gau batean, Ander ohera joan zen beti bezala, eta erraldoien lurraldean ibili zen ametsetan. Erraldoien lurraldean dena handia izaten da: etxeak, zuhaitzak, barazkiak, haurrak, jostailuak... Azkenerako, hango erraldoi baten lagun egin zen. Berarekin hizketan denbora luzez egon ondoren, honela esan zion agurtzerakoan: –Tori, Ander, oparitxo hau. Baina ez da etxean edukitzeko. Baratzea da honentzat lekurik onena. Hartu zuen erraldoiaren oparia, eskerrak eman zizkion eta, bat-batean, esnatu egin zen. Inoiz ez zitzaion halakorik gertatu. Erraldoiak ametsetan emandako oparia eskuetan zeukan orain. “Baina nola liteke, ordea?”, pentsatu zuen bere artean. Gaineko papera kendu zion opariari eta hazi handi, beltz, biribil samar bat zen. Baina ez zekien ondo zer landareren hazia zen. “Non erein behar dut orain nik hau?”, galdetu zion bere buruari. Arratsalde hartan bertan, aitonaren baratzera joan zen Ander, eta hantxe erein zuen erraldoiak emandako hazia. Ura ere bota zion. Inork ez zuen baratzean lan hura egiten ikusi eta, isil-isilik alde egin zuen handik. “Zer landare aterako ote da hazi horretatik?” pentsatzen zuen etxera bidean. Handik egun batzuetara, aitona Anderren etxera joan zen bazkaltzera. –Zer moduz zure baratze hori? –galdetu zion amak. –Ondo, ondo. Baina egun hauetan erabat harrituta nago –erantzun zion aitonak. –Zer dela eta zaude, ba, harrituta? –Izugarrizko azenario landare handia azaldu da baratzean, nik ez dut inoiz halakorik ikusi. Eta, gainera, aurten ez dut nik azenario hazirik erein baratzean. –Haizeak ekarriko zuen hazia –esan zion Anderrek. –Edo txoriren batek mokoan ekarriko zuen bestela –esan zion amak. Oso era harrigarrian ari zen hazten azenario hura. Egun gutxitan, hiru urteko haur bat baino altuagoa egin zen, eta handik laster, zuhaitz koskor baten altuera hartu zuen. Zer zen hura, ordea? Bere aitonaren baratzean munduko azenariorik erraldoiena zegoen. Baina ez pentsa aitona gustura zegoenik. Ez horixe! Inguru hartako untxi guztiak baratzean sartzen ziren azenarioa jatera. Han ibiltzen zen aitona egun guztian, makila bat eskuetan hartu, eta untxiak baratzetik bidali ezinda. Baina ez zen hori okerrena izan. Goiz batean, aitona baratzera joan zenean, basurde bat ikusi zuen azenarioa jaten. Hurbildu zitzaion aitona bere makilarekin eta basurdea atzetik segika hasi zitzaion. Azkenean, korrika-saio luze baten ondoren, muturrarekin bultza egin eta lurrera bota zuen basurdeak gure aitona gizajoa. Galtzak hautsita eta ipurdia bistan zuela utzi zuen. Aitona estu eta larri etxera joan zenean, galdetu zion amonak: –Baina non ibili zara, gizona, ipurdia bistan duzula etxera etortzeko? Barregarri zaude! –Nazkatu naiz oraintxe. Ez dut azenariorik gehiago nahi baratzean –esan zuen aitonak orduan. Amonari ere ongi iruditu zitzaion, eta, hurrengo goizean, biak joan ziren baratzera azenarioa ateratzeko asmoz. Han ari ziren aitona-amonak arnaska, indarka eta puzka. –Heldu ongi lehenengo. Biok batera! –esaten zuen aitonak. –Bai. Bat, bi eta hiru! –amonak. Baina azenarioa ez zen mugitu ere egiten. Orduan, aita, ama eta Ander joan ziren laguntzera. Aitonak azenarioari heldu zion, amonak aitonari, aitak amonari, amak aitari eta Anderrek amari. –Heldu denok elkarri ongi! Orain! Tira indar guztiarekin. Denok batera! Ieuuu...! Baina hala ere ezin. Behin eta berriro hankaz gora erori ziren denak. Eta azenarioa pixka bat mugitzea besterik ez zuten lortu. Azenarioa erori ordez, geu erori gara lurrera. Hau kolpea! –esan zuen amak. –Alferrik gabiltza. Jende gehiago behar da hemen –aitak. Azkenean, hamar lagunen artean, eta traktore baten laguntzaz, atera zuten lurretik azenario erraldoia. Gero, herriko plazara eraman zuten denen artean. Eta, han, entsalada erraldoi bat prestatu zuten azenario erraldoiarekin, ontzi erraldoi batean. Herritar guztiek nahikoa jan zuten, eta, gero, festa erraldoi bat antolatu zuten soinu, dantza eta jokoekin. TTANTTOREN OPOR SEKRETUAK Behin batean, gure lagun guztiak ikastolan zeuden, Ttantto, Arroxali, Txanogorritxo, Hiru Txerrikumeak, Pinpox eta besteak. Ekaina aurrera zihoan eta, oporrak gertu zeudenez, oso pozik zeuden denak. Andereñoa ere bai, jakina. –Ba al dakizue datorren astean oporrak hasiko direla? –galdetu zuen andereñoak. –Baiii!!! –Eta datorren urtean beste gela batean egongo zaretela? Handiak egin zirelako, eta asko ikasi zutelako, gelaz aldatuko zirela esan zien andereñoak. Ipuinen txokoan, Ttantto eta Txanogorritxo Katu Botadunaren ipuina elkarrekin ikusten jarri ziren. Nolako saltoak ematen zituen katuak bota handi haiekin! –Bota horiek banitu, saltoka-saltoka, oporretan urrutira joango nintzateke –esan zuen Txanogorritxok–. Baina amonaren etxera joango naiz, basora, amonari laguntzera. Eta zu oporretara joango al zara? –Bueno…, ezin dizut esan. Sekretu bat da –erantzun zion Ttanttok. Txanogorritxo saiatu zen Ttanttoren sekretua ezagutzen, baina alferrik izan zen. Jolas-ordua hasi orduko, Arroxali eta Txanogorritxo ikastolako patioan kromoetan jolasten hasi ziren. Txanogorritxo oraindik Ttanttoren oporren kontua burutik kendu ezinik zebilen, eta horrela esan zuen: –Ba al dakizu Ttanttok sekretu bat duela? Oporretara doa eta ez du esaten nora. –Sekretu bat? Gure artean ez dago sekreturik –esan zion Arroxalik. Eta bera Jose Anttonen etxera joango zela oporretan, uda osoan mendian bakarrik ez egotearren, esan zuen. –Eta Ttanttok zer egingo ote du oporretan? –galdetu zuen Txanogorritxok. –Nik uste dut hondartzara joango dela. Horiek bai oporrak! –Bai horixe. Neu ere gustura joango nintzateke hondartzara –esan zuen Txanogorritxok. Eta bi lagunek jolasean jarraitu zuten. Bazkaltzeko ordua iritsi zen, eta denak jangelara joan ziren, mantala jantzita. Hiru Txerrikumeak gosetuta zeuden eta bizkor-bizkor eseri ziren mahaian. Arroxali beraien alboan eseri zen. –Ba al dakizue Ttanttok sekretu bat duela? Oporretara doa eta ez du esaten nora –esan zien Arroxalik. –Sekretu bat? Gure artean ez dago sekreturik –esan zioten Txerrikumeek. Eta beraiek amatxoren etxera joango zirela, haren janari goxoarekin tripa betetzera, esan zioten. –Eta Ttanttok, zer egingo ote du oporretan? –Guk uste dugu kanpinera joango dela. Horiek bai oporrak! –Bai horixe! Neu ere gustura joango nintzateke kanpinera! –esan zuen Arroxalik. Arratsaldeko saioa hasi aurretik, siesta txiki bat egin beharra zeukaten denek. Prudentzi postariak ezin zuen lorik hartu, Hiru Txerrikumeak zurrungan ari zirelako bere alboan. –Aizue, zurrungan ari zarete eta ezin dut lorik egin! Hiru Txerrikumeek barkamena eskatu zioten, eta, adiskidetzeko, beren artean bolo-bolo zebilen albistearen berri eman zioten: –Ba al dakizu Ttanttok sekretu bat duela? Oporretara doa, baina ez du esan nahi nora. –Sekretu bat? Gure artean ez dago sekreturik –esan zuen Prudentzik. Eta berak oporretan Olentzero bisitatzera joatea pentsatua zuela esan zien, udan ez delako inor Olentzeroz gogoratzen, eta bakar bakarrik egoten delako mendian. –Eta Ttanttok zer egingo ote du oporretan? –Nik uste dut Parisera joango dela trenean. Horiek bai oporrak! –erantzun zuen Prudentzik. –Bai. Geu ere gustura joango ginateke Parisera! –esan zuten txerrikumeek. Arratsaldean, antzerki-gelara joan ziren denak. Sorginez, indiarrez, hartzez... mozorrotu ziren. Eta bai ederki! Pinpoxi, oraindik ere, asko gustatzen zitzaion arropa dotoreak janztea. Erregez ala magoz, zertaz jantzi erabaki ezinik zebilen. Prudentzirengana inguratu zen iritzi eske, baina hark Ttantto zuen buruan. –Ba al dakizu Ttanttok sekretu bat duela? Oporretara doa, eta ez du esaten nora. –Sekretu bat? Gure artean ez dago sekreturik –esan zion Pinpoxek. Dena garbi eta txukun edukitzea gustatzen zitzaionez, oporrak etxea txukuntzen igaroko zituela esan zion. –Eta Ttanttok zer egingo ote du oporretan? –galdetu zuen Prudentzik. –Nik uste dut Donostiako Akuarioa ikustera joango dela. –Bai. Neuk ere gustura asko bisitatuko nuke Donostiako Akuarioa –esan zuen Prudentzik. Arratsaldeko saioa ere bukatu zen. Lagun guztiak elkarrekin jolastera joan ziren parkera. Gorde-gordeka ari zirela, Txantxangorri Mokofina inguratu zitzaien. Agurtu bezain azkar, Ttanttoren kontuak esan zizkioten. –Ba al dakizu Ttanttok sekretu bat duela? Oporretan doa eta ez du esan nahi nora. –Sekretu bat? Gure artean ez dago sekreturik –esan zien Txantxangorriak. Eta bera hantxe geldituko zela, parkean, haurrekin jolasten, esan zien. –Eta Ttanttok zer egingo ote du oporretan? –galdetu zioten. –Nik uste dut zoo bat ikustera joango dela. –Geu ere gustura joango ginateke zoo batera! –esan zuten denek. Astea ziztu bizian pasatu zitzaien. Ikastolan oso lanpetuta egon ziren, andereñoak urteko lan guztiak bukatu nahi zituelako. Azkeneko egunean, denak pozak zoratzen zeuden oporrak iritsi zirelako. –Aupa! Oporrak iritsi dira! –oihu egin zuten. Andereñoari ere eskatu zioten bere oporren berri emateko. –Oso nekatuta nagoenez, landetxe batera joateko asmoa dut, eta han irakurri besterik ez dut egingo –erantzun zuen andereñoak. Andereñoaren plana ona izango zen andereñoarentzat, baina beraientzat erakargarriagoa zen Ttanttoren sekretua argitzea. –Eta zuk, Ttantto, zer egingo duzu? –galdetu zioten berriro. –Ezin dizuet esan, sekretu bat dela! –ihardetsi zuen. Ttanttoren oporren kontuak jakin-min handia sortu zuen. Denek jakin nahi zuten sekretu hura. Haren pauso guztiei jarraitzeko asmoz, herriko hainbat tokitan eta bazterretan ezkutatu ziren. Txanogorritxo ikastolako atea zaintzen geratu zen. Pasatu ziren orduak eta orduak, eta Ttantto ez zen eskolatik ateratzen. –Aizue, lagunok! Etorri hona! Ttantto ez da ikastolatik atera! –deiadar egin zuen Txanogorritxok. –Ziur al zaude? Ondo zaindu al duzu atea? –galdetu zioten lagunek, arnasestuka ikastolara inguratu zirenean. –Baietz, ba! Eta ez da atera. Goazen barrura! Beharbada komunean itxita gelditu da! Barrura sartu eta ikastola miatzen hasi ziren, komunetik hasita. Ttantto ez zen inon ageri eta deiadarka hasi ziren denak. Inork ez zuen erantzun, baina gure lagunek ez zuten etsi. Halako batean, Ttanttoren ahotsa entzun zuten. –Hemen nago, hemen nago! –Non? –galdetu zioten. –Hemen. Ez nizuen esan nahi, baina nik berriro liburuan sartu behar dut, eta hurrengo ikasturteko haurrei itxaron behar diet. Haiei ere ipuinak eta istorio politak kontatu behar dizkiet. –Horregatik ez zenuen esaten oporretan nora joan behar zenuen! Besarkada handi bat eman zioten eta begietan malkoak zituztela agurtu zuten. Nork kontatuko zizkien ipuinak hurrengo urtean? Auskalo! Hala bazan edo ez bazan…