KOXMEREN GEZURRAK Azkarregi joan zitzaion uda Koxmeri. Izan ere, munduan ez zegoen berarentzat oporrak baino gauza hoberik. Udako hiru hilabete horietan hondartzara joaten zen, lagunekin berandura arte ibiltzen zen kalean jolasean, izozki pila jaten zuen, telebista gehiago ikusi ere bai, eta, batez ere, ez zeukan ikastolara joan beharrik. Baina iritsi zen iraila, bukatu ziren oporrak, eta amak esan zion Koxmeri: –Koxme, bihar ikastolara joan behar duzu; gaur ez dago telebistarik. Ilundu baino lehen ohera! –Jo-pe, nik ez dut ohera joan nahi! Nik ez dut bihar ikastolara joan nahi! Marmarka eta haserre oheratu zen gure mutikoa. Koxmek telebista ikusi nahi zuen eta ez zeukan hurrengo egunean ikastolara joateko batere gogorik. Lo hartu aurretik, hurrengo egunean ikastolara ez joateko amari zer gezur esan pentsatu eta pentsatu aritu zen. Goizean, esnatu zenean, negarrez hasi zen Koxme: –Ai, ai, ai! Hagineko mina! Ama, hagineko mina! –Ba, hagineko minez bazaude, dentistarengana joan beharko dugu. Amak bere semetxoaren gezurra sinetsi egin zuen, eta goiz hartan biak dentistarengana joan ziren trenez. –Zabaldu ahoa –esan zion dentistak Koxmeri–. Zein haginek ematen dizu min? –Ho... ho... honek –erantzun zion Koxmek hatza ahoan sartuz. Indizio bat, gero beste bat... Haginak lo hartu arte pixka bat itxaron eta, di-da, sano zeukan hagina kanpora. –Ai, ai, ai! –kexatu zen Koxme. Eskua masailean zuela eta mukizapira odola botaz egin zuen etxerako bidea. Egun hartan ez zen ikastolara joan. Hurrengo egunean, lehen baino ere gogo gutxiago zeukan Koxmek ikastolara joateko. Beste gezurren bat asmatu beharra zeukan. Ez zuen gehiago dentistarengana joan nahi. “Badakit zer egin”, pentsatu zuen bere artean. –Ama, ama! Ez dut ezer ikusten. Itsutu egin naiz, itsutu! –esan zion amari negarrez. –Ene, ene, nire Koxme maitea! Itsutu egin zarela? Hagineko mina baino okerragoa da hori. Enee! –eta amak anbulantziari deitu zion. Koxmek oso ondo egiten zuen itsuarena. Anbulantziako gizonak eta amak lagundu zioten etxetik irteten. Aurreko eserlekuan eseri zuten, txoferraren ondoan. Ama atzean sartu zen, eta negar-malkoak irristatzen zitzaizkion masailetan behera. Anbulantzia tximista baino ere azkarrago zihoan klinikarako bidean, auto guztiak atzean utziz. Halako batean, bere aitaren kamioia ikusi zuen Koxmek bidean. –Ama, ama, begira! Aitaren kamioia da gure aurreko hori! –atera zitzaion bat-batean Koxmeri. –Baina, Koxme! Ez al didazu, ba, esan ez duzula ezer ikusten? –Kasuen! Ahaztu egin zait itsu nengoela! –esan zuen Koxmek bere buruarekin haserre. Amak ezin zuen sinetsi bere belarriak entzuten ari zirena. –Ahaztu egin zaizula? Ahaztu? Baina ni naiz tuntuna, ni! Dena sinetsi diot mutiko mukizu honi. Atzo gezur bat eta gaur bestea. Erakutsiko dizut nik zuri hemendik aurrera gezurrik ez esaten. Bai horixe! Eta hantxe bertan buelta hartzeko agindu zion Koxmeren amak anbulantziako txoferrari. Goizeko hamaikak ziren Koxme ikastolako atariraino anbulantzian eraman zutenean. Gauza harrigarriak gertatzen dira munduan, baina ez zen horrelako asko gertatuko. Ez horixe! Geroztik, Koxmek ez du gezurrik esaten, eta lehen baino gusturago joaten da orain ikastolara, bertan lagun asko baititu. Bizi nahi baduzu zoriontsu bizitza honetan, ez ibili inoiz gezurretan. INURRIA ETA TXIRRITA Behin batean, ba omen ziren inurri bat eta txirrita bat. Uda zen eta bero handia egiten zuen. Hala ere, inurria oso langile zebilen, negurako janaria pilatu eta pilatu. Ogi-apurrak, fruituak eta topatzen zituen janari guztiak eramaten zituen bere etxera. –Uff! Sargori egiten du gaur –esan zuen izerdia lehortuz–. Baina zer egingo diogu! Lanean jarraitu beharko dugu negurako janaria pilatzen. Inurriaren aldamenean txirrita bat bizi zen. Txirrita oso alaia zen, baina ez zitzaion lan egitea batere gustatzen. Nahiago izaten zuen eguna alferkeria gozoan kantari pasatu. –Din-don, din-don, dagoenean bon-bon! Din-don, dindon, ez dagoenean egon! Eta hor konpon, Marianton! Udako egun bero haietako batean, inurria goizean goiz hasi zen lanean eta, egunero bezala, han ikusi zuen txirrita etzanda kantari. –Egun on, txirrita jauna. Gaur ere ez al duzu lanik egin behar? –Ez horixe –erantzun zion txirritak–. Bero handiegia egiten du gaur lanean hasteko. Bihar edo etzi, akaso... –Baina orain janaririk biltzen ez baduzu, zer jango duzu neguan? –Tokitan dago negua! –esan zion burlaka txirritak–. Oraindik asko falta da horretarako. Zuk egin lan nire partez. Ja, ja, ja! Inurriak ez zion ezer esan eta lanera joan zen isilisilik. Eta lan eta lan egin zuen egun osoan, negurako janaria pilatzen. Pasatu zen uda eta etorri zen udazkena. Haize handia zebilen, eta arboletatik hostoak eta haziak erortzen hasi ziren. Inurriak haziak bizkar gainean hartu eta etxera eramaten zituen. Bitartean, txirritak batere lanik egin gabe jarraitzen zuen. Kantari ematen zuen egun osoa. –Gaur ere ez al duzu lan egin behar, txirrita jauna? –esan zion inurriak. –Ez horixe –erantzun zion barrez txirritak–. Haize handiegia dabil gaur lanean hasteko. Zuk egin lan nire partez. Ja, ja, ja! –Baina orain janaririk biltzen ez baduzu, zer jango duzu neguan? –Ederra ematen duzu zeure neguarekin! –esan zion burlaka txirritak–. Lasai, hasiko naiz lanean bihar edo etzi. Pasatu zen udazkena eta etorri zen negua. Hotz handia egiten zuen eta inguru guztiak elurtuta zeuden. Ez zen giro kanpoan! Baina inurria lasai zegoen, nahi adina janari zeukan-eta etxean. –Brrr! A zer eguraldi petrala! Etxe barruan goxogoxo egoteko giroa egiten du gaur! Neguko egun hotz haietako batean, norbaitek inurriaren etxeko atean kax-kax jo zuen. Zabaldu zuen atea inurriak, eta han ikusi zuen txirrita hotzez dardarka. –Kaixo. Zer berri dugu, txirrita jauna? –Inurri, faborez, lagun iezadazu –erregutu zion txirritak negarrez. –Zer gertatzen zaizu? Dardarka zaude –esan zion inurriak. –Ez dut jatekorik, inurri. Bila eta bila ibili naiz, baina alferrik. Negua da eta ezin dut ezer aurkitu –erantzun zion txirritak dardarka. Inurriak kopeta iluna jarri eta haserre samar esan zion: –Noski. Neguan oso zaila da janaria topatzea. Ez al nizun nik esan janaria pilatzeko negurako? –Bai, baina... Nik nahiago nuen kantuan aritu. Eta geroko uzten nuen beti lana –esan zion txirritak. –Geroa, alferraren leloa! –kargu hartu zion muturra okertuz inurriak. Txirritak faborez laguntzeko eta laguntzeko eskatzen zion negar-malkotan inurriari. –Lagun iezadazu, faborez eta mesedez, inurri. Bestela, goseak hilko naiz. –Umm! Ez dakit, ba... –esan zuen inurriak zalantzaz. Haserre samar zegoen txirritarekin. –Zin egiten dizut hurrengo urtean lana gogotik egingo dudala. Benetan, inurri, nire hitza duzu –agindu zion txirritak. Inurria bihotz onekoa zen eta txirritaz errukitu egin zen. Pentsatu zuen txirrita ez zela gaiztoa. “Alferra eta kaskarina izatea, horixe du txarra honek”, esan zuen bere artean. “Baina oso alaia da eta ederki pasatuko genuke negua biok elkarrekin”, jarraitu zuen esaten bere kolkorako. Txirritak ate aurrean jarraitzen zuen dardarka; gero eta hotz handiagoa zeukan eta ezin zuen gehiago. –Eta, zer? Utzi behar al didazu sartzen edo ate aurrean eduki behar nauzu hotzak eta goseak hil arte? –galdetu zion txirritak erabat etsita. –Ondo da, sar zaitez barrura. Etxean nahikoa janari dago biontzat. –Mila esker, inurri, eskerrik asko –esan zuen pozik txirritak. –Utzi eskerrak emateari eta datorren urtean kontuak garaiz atera –erantzun zion inurriak. –Bai, datorren urtean lan asko-asko egingo dut, ikusiko duzu. Txirritak eta inurriak elkarrekin igaro zuten negu hura. Txirrita pozak zoratzen egon zen inurriaren etxean, bapo asko jan eta edanez. Eta inurria ere zoriontsu izan zen, txirrita oso lagun alaia zelako. Hori hala bazan edo ez bazan, zer den hobea zuk esan, txirrita izan ala inurria izan. ZAZPI ANTXUMEAK Behin batean, ba omen ziren zazpi antxume, beren ahuntz amarekin bizi zirenak. Amak familia mantendu behar izaten zuen eta, horregatik, egunero goizean goiz irteten zen etxetik lanera joateko. Baina, han inguruan, otso handi gaizto bat bizi zen, eta hark beldurtuta zituen zazpi antxumeen etxekoak. Egun batean, lanera joan aurretik, hala esan zien amak bere antxumeei: –Umeak, ni lanera noa. Ni kanpoan nagoen bitartean, ez ireki atea inori, baina inori ere ez! Otsoa hemen inguruan dabil eta jan egin nahiko zaituzte. –Ai, ama, zer beldurra! Ez diogu inori atea zabalduko –esan zuten zazpi antxumeek batera, zazpi antxumeek bekerekeka. Hori entzunda, lasaiago joan zen ahuntz ama lanera. Baina otsoa han zebilen zelatan. Zuhaitz baten atzean ezkutatu zen eta, ahuntz ama bazihoala ikusi zuenean, hala esan zuen bere kolkorako: –Ama badoa. Antxumeak bakarrik daude etxean, eta nik denak jango ditut. Ja, ja, ja! Otsoa zazpi antxumeen etxera joan zen eta atea jo zuen: “dan, dan, dan!” –Nor da? –galdetu zuten zazpi antxumeek batera, zazpi antxumeek beldurtuta. –Ama naiz, zabaldu atea –esan zuen otsoak. Zazpi antxumeak isil-isilik geratu ziren ama ote zen edo ez ote zen zalantzan, baina antxume txikiena oso argia zen, eta hala esan zion: –Gezurra! Zu ez zara ama! Gure amak ahots fina eta gozoa dauka eta zuk lakar-lakarra. Alde hemendik! Haserre alde egin zuen handik otsoak. Eta pixka batean pentsatu ondoren, esan zuen: –Badakit! Arrautzak jango ditut ahotsa fintzeko. Arrautzaren zuringoa oso ona omen da horretarako. Hala, joan zen oilategi batera eta hiru dozena arrautza irentsi zituen. Orain, ahots fina eta gozoa zuen otsoak. Berriz joan zen antxumeen etxera. –Dan, dan, dan! –jo zuen atea. –Nor da? –galdetu zuten zazpi antxumeek batera, zazpi antxumeek ikaratuta. –Ama naiz, zabaldu atea –esan zuen otsoak ahots gozogozoaz. Antxumeak zalantzan geratu ziren berriz ere, zer egin jakin gabe. Baina antxume txikienak hitz egin zuen berriro: –Ea, erakutsi hanka bat ate azpitik. Eta otsoak hanka erakutsi zuenean, hala esan zion antxume txikiak: –Gezurra! Zu ez zara ama! Gure amak hankak zurizuriak ditu eta zurea beltz-beltza da. Alde hemendik! Gero eta haserreago zegoen otsoa. Orain ere igarri egin zioten nor zen. Orduan, ideia bat izan zuen: –Badakit! Joango naiz errotara, hartuko dut irina eta hankak irinetan sartuko ditut zuri-zuri jarri arte. Ja, ja, ja! Zazpi antxume txoro horiek ederki engainatuko ditut! Eta halaxe egin zuen. Gero, hankak zuri-zuri zituela, berriro joan zen zazpi antxumeen etxera: –Dan, dan, dan! –jo zuen atea. –Nor da? –galdetu zuten zazpi antxumeek batera, zazpi antxumeek izututa. –Ama naiz, zabaldu atea –esan zuen otsoak. –Ea, erakutsiguzu hanka bat –esan zion antxume txiki ausartak. Eta otsoak hanka erakutsi zienean, zuri-zuria zela ikusi zuten zazpi antxumeek, eta atea zabaldu zioten otsoari, ama zelakoan. Otsoa etxera sartu zen eta “krisk-krausk, krisk-krausk!” antxumeak jan zituen. Baina antxume txiki ausarta oso bizkor ibili zen, eta erloju handi baten barruan ezkutatu zen. Otso gaiztoak ez zuen ikusi eta antxume txikia salbatu egin zen. Ama etxera etorri zenean, bere antxumeak ez zeudela han ikusi zuen. Eta negarrez hasi zen: –Ai, nire antxumetxoak! Nire ume gaixoak! Otsoak ume guztiak jan dizkit! Baina, orduan, antxume txiki ausarta erloju barrutik atera zen: –Ama, ama! Ni hemen nago! Ni ez nau otsoak jan! Eta antxume txikiak zer gertatu zen esan zion amari. Ama oso haserre jarri zen eta guraize handi batzuk, jostorratza eta haria hartu zituen. –Goazen otso gaizto horren bila! –esan zuen kopeta ilunilun jarrita. Antxumea eta ama otsoaren bila abiatu ziren, baina ezin zuten aurkitu. Orduan, zurrunga-hots batzuk entzun zituzten: ZZZZ!! ZURRUN!! GRRR!! KURRUN!! ZURRUN-KURRUN!! –Ama! Zurrunga horiek otsoarenak dira –esan zuen antxumetxo ausartak. Hala, belarriak erne-erne jarri eta zurrunga-hots haiek zetozen lekurantz joan ziren. Gero eta hurbilago entzuten zituzten. Azkenean, han ikusi zuten otsoa, erreka ertzean luze-luze etzanda. Tripa bapo bete ondoren, lo kuluxka egiten ari zen zurrunga-hots galantak ateraz: ZZZ!! ZURRUN!! GRRR!! KURRUN!! ZURRUN-KURRUN!! Amak guraize handiak hartu zituen eta “ri-rau!” tripa zabaldu zion otsoari. Tripa barrutik antxumeak atera ziren poz-pozik. –Ama! Zer poza! –esan zuten, eta musu handi bana eman zioten amari. Amak errekatik harri handiak ekartzeko esan zien antxumeei. Gero, otsoaren tripa barruan sartu zituen harriak eta, ez esnatzeko, kontuz-kontuz josi zion tripa jostorratzarekin eta hariarekin. –Orain, ezkuta gaitezen, umeak –esan zien zazpi antxumeei. Otsoa esnatu zenean, ondoezik sentitu zen: –Ai, ai, ai! Hau tripako mina! Antxume gehiegi jan dut! Ur pixka bat edango dut. Eta erreka ertzean ura edatera makurtu zenean, tripa barruan zituen harrien pisuarekin, plaust!, erori zen uretara. Eta hantxe ito zen otso gaiztoa. Zazpi antxumeek eta ama ahuntzak dena ikusi zuten beren ezkutalekutik. Gero, etxera joan ziren poz-pozik, eta handik aurrera lasai eta bakean bizi izan ziren. Hori hala bazan, ez bazan, sar dadila kalabazan... MARI DOMINGI ETA OLENTZERO Behin batean, orain dela urte asko eta asko, bazen Mari Domingi izeneko emakume behartsu bat. Herritik kanpora zegoen txabola zahar-zahar batean bizi zen Mari Domingi, eta gona zahar bat besterik ez zeukan janzteko, gona zahar zarpail bat, dena adabakiz beteta. Mari Domingi hain behartsua zenez, baztertu egiten zuten guztiek, jendeari lotsa ematen baitzion harekin ibiltzeak. Herriko aberats harroputzek burla egiten zioten: –Mari Domingi mingulina, arlote zikina! Mari Domingiri min ematen zioten burla horiek. –Pobrea izatea ez da lotsa –pentsatzen zuen–, okerragoa da bihozgabea eta harroputza izatea. Mari Domingi bihotz handiko emakumea zen, prestua eta langilea. Neguan ikatza partitzen ibiltzen zen etxez etxe, eta berak ezer ez bazuen ere, bakarrik bizi ziren aitona-amona behartsuei doan ematen zien ikatz pixka bat. –Tori ikatz puska hauek. Ez da asko, baina etxea zertxobait epelduko dizuete behintzat. –Eskerrik asko, Mari Domingi –esaten zioten orduan aitona-amonek. Behin, abenduko gau hotz batean, ogi zati gogor bat afaldu eta ohera sartu zen Mari Domingi. Tripazorriek, ordea, kirri-karra egiten zioten eta goseak ez zion lo egiten uzten. Kostata, baina loak hartu zuen halako batean. Orduan, ahots bat entzun zuen. –Mari Domingi, Mari Domingi! Olentzero naiz –esan zion ahotsak–. Mesede bat eskatu nahi dizut: aurki Gabonak dira eta haurrei opariak banatzera joango naizela iragarri behar duzu herrian. Mari Domingi kolpetik esnatu zen, eta ahotsari hitz egin zion: –Aizu, aizu... Baina txabolan bera bakarrik zegoen. Korrika ohetik altxa eta txabolako atea zabaldu zuen. Mendi-gain batean gizon bat ikusi zuen urruntzen: Olentzero zen, eta agur egin zion besoa altxata. –Orduan, egia da. Ez nenbilen ametsetan. Olentzero etorri zait mesede bat eskatzera. Nori, eta niri...!!! Gau hartan, ezin izan zuen lorik egin Mari Domingik. Egunsentiaren zain egon zen urduri-urduri. Eguna zabaldu zuenean, bere gona zarpaila jantzi eta herriko kaleetan berri ona zabaltzen hasi zen. –Entzun, entzun guztiok! Aurki Gabonak dira eta Olentzero etorriko da opariak banatzera. Olentzerok berak esan dit berria zabaltzeko. Baina herriko jende harroputzak ez zion sinetsi, eta burla egin zion. –Ja, ja, ja! Entzun al duzue hori? Olentzerok Mari Domingi aukeratu omen du mandatari izateko! Eta guk sinetsiko dugulakoan! –esan zuen batek mespretxuz. –Olentzerok halako mandatari xaxtarra bidaltzen badu, zer opari ekarriko ote dizkigu? –erantsi zuen beste batek. Mari Domingik, ordea, ez zien kasurik egiten burla haiei eta txintxo-txintxo bete zuen Olentzeroren esana. Gabon-gaua heldu zenean, beste askotan bezala, ogi zati gogor bat janda oheratu zen Mari Domingi. Baina, orduan ere tripa-zorriek kirri-karra egiten zioten eta goseak ez zion lorik egiten uzten. Orduan, norbaitek atea jo zuen. Mari Domingi ohetik jaiki eta atea zabaldu zuen. Atean Olentzero zegoen. Opariz betetako zaku handi bat zekarren bizkarrean eta kapoi erre bat eskuan. –Gabon, Mari Domingi –esan zion Olentzerok–. Badakit txintxo-txintxo bete duzula nik eskatutakoa, eta eskerrak ematera nator. Nahi al duzu gaur nirekin afaldu? Mari Domingik baietz esan zion, eta gau hartan kapoi eder bat afaldu zuen Olentzerorekin. Bapo afaldu zutenean, honela esan zion Olentzerok: –Aizu, nik orain opari hauek banatu behar dizkiet haurrei. Nahi al didazu lagundu? –Bai horixe, gustura asko gainera! –erantzun zion Mari Domingik. Hala, bien artean banatu zizkieten opariak txintxo portatu ziren haurrei. Txintxo portatu ez zirenei eta harroputzei, berriz, ikatza jarri zieten. Lana bukatu zutenean, Olentzerok opari bat eman zion Mari Domingiri paperean bilduta. –Hau niretzat? –esan zuen pozak txoratzen Mari Domingik. –Bai, zuretzat, herri honetan zeu zarelako pertsonarik jatorrena eta txintxoena eta... eta politena ere bai –esan zion Olentzerok pixka bat lotsatuta. Oparia ikusi zuenean, saltoka hasi zen Mari Domingi. Soineko dotore-dotore bat zen. Pozaren pozez, musu bat eman zion Olentzerori. Olentzero gorri-gorri jarri zen lotsatuta. Eta orduan esan zion: –Aizu, Mari Domingi, ni bakarrik bizi naiz mendian, eta zu ere bakarrik bizi zarenez, nik pentsatu dut... pentsatu dut... –hasi zen Olentzero hitz-totelka. –Zer eskatu nahi didazu? Biok elkarrekin bizitzea? –esan zion Mari Domingik. –Bai, horixe! Hain zara jatorra eta atsegina eta... eta polita! –esan zion Olentzerok gero eta urduriago. Mari Domingik musu eman zion berriro eta baietz esan zion. Eta Mari Domingi eta Olentzero, eskutik helduta, txoriak baino kontentuago joan ziren mendira, Olentzeroren etxera. Eta hantxe bizi dira oraindik pozik eta zoriontsu. Urtero, Gabonak etortzen direnean, herrira jaisten dira, eta opari politak egiten dizkiete txintxo portatzen diren haurrei. Eta gaizki portatzen direnei? A!, gaizki portatzen direnei, ikatza!