MARI KANELA Behin batean, bazen Mari Kanela deitzen zioten neska txiki bat. Aitonak jarri zion izen xelebre hori, eta zergatik?, bada, kanela-zotza izugarri gustatzen zitzaiolako Mari Kanelari. Mari Kanela oso neska bihurria zen eta ohitura itsusi bat zeukan: barra-barra esaten zuen gezurra. Gezurrak bata bestearen atzetik esanez ibiltzen zen beti. Behin, txokolate almendraduna hartu zuen sukaldeko armairutik, eta barra osoa jan zuen berak bakarrik. Ama txokolatea falta zela konturatu zenean, Mari Kanelari galdetu zion: —Aizu, Mari Kanela, txokolate almendraduna falta da armairutik. Zuk jan al duzu? —Nik ez, ama! —esan zuen Mari Kanelak. Eta gezur hori esan orduko, sudurra azenario handi bat adina hazi zitzaion. Izan ere, gezurra esaten zuen bakoitzean, gorputzeko atal bat hazten zitzaion Mari Kanelari. Horregatik, oso erraza zen jakitea noiz ari zen gezurretan. —Orain ere gezurra esan duzu, Mari Kanela —esan zion amak—. Begira nolako sudurra hazi zaizun. Azenario handi bat dirudi! Mari Kanela beldurtu egin zen bere azenario-sudur itsusi hura ikusi zuenean, eta, estu eta larri, egia esan zion amari. —Neu izan naiz, ama, neu izan naiz... Neuk jan dut txokolatea. Egia esan zuenean, lehen bezalaxe jarri zitzaion sudurra berriz ere. Hurrengo egunean, ikastolara zihoala, txori batzuk ikusi zituen zuhaitz baten adarretan txorrotxioka kantari, eta haiekin jolasean hasi zen Mari Kanela. Txoriak harrapatu nahian, salto eta brinkoka hasi zen, eta putzu-zulo batzuetan sartu zen konturatu gabe. —Mekatxis! Zapatak zikindu zaizkit! —esan zuen. Egun hartan berandu iritsi zen ikastolara Mari Kanela, eta zapatak lokatzez zikin-zikinak zituela, gainera. Ikastolan zain zeukan andereño Mari Petral. Haserre zegoen, beste askotan bezala. Horrexegatik deitzen zioten Mari Petral andereñoari, beti haserre eta petral zegoelako. —Zergatik etorri zara hain berandu? —galdetu zion kopeta ilunez andereñoak Mari Kanelari. —Ba, ba... amatxorekin sendagilearengana joan naizelako —esan zion Mari Kanelak. Eta gezur hori esatearekin batera, burua kalabaza bat adina hazi zitzaion. Orain, kalabaza-burua zuen Mari Kanelak. Andereño Mari Petralek errieta egin zion Mari Kanelari: —Aizu, niri ez esan gezurrik gero! —Nik ez dizut gezurrik esan, andereño —erantzun zion Mari Kanelak. Eta gezur hori esan zuenean, eskuak ikaragarri hazi zitzaizkion. Orain, atzapar bihurtuak zituen eskuak Mari Kanelak, eta nolako atzaparrak gainera! —Aizu, eta nolatan zatoz hain oinetako zikinekin? —galdetu zion, gero eta petralago, andereño Mari Petralek. —Ba, ba..., gaur goizean amak ez dizkit oinetakoak garbitu eta... —erantzun zion Mari Kanelak urduri. Eta gezur hura esan ahala, gorputz osoa hazi zitzaion. Neska erraldoi-jigante bihurtu zen Mari Kanela. Andereñoa beldurtu egin zen Mari Kanela hainbeste hazi zela ikusi zuenean. Bera baino handiagoa zen! —Baina, baina, zer gertatzen zaizu, Mari Kanela? —esan zion andereñoak. —Ba, ba, zuri beldur handia dizudala, beti errietaka eta petralduta egoten zarelako, eta gezurrak esan dizkizut. Horregatik hazi zait burua kalabaza bat adina, eta horregatik hazi zaizkit eskuak eta gorputz osoa. Eta Mari Kanelak egia esan zuen, eta egiak bere ezpainetatik atera zirenean, txikitu egin zitzaizkion eskuak, eta burua, eta gorputz osoa ere bai. Lehen bezalaxe geratu zen, txikia eta polita. Handik aurrera Mari Kanelak ez zuen gezurrik esan gehiago. Eta andereñoak ere ez zion gehiago inori arrazoirik gabe errietarik egin, ez Mari Kanelari eta ez beste inori. Hori hala bazan, ez bazan, sar dadila kalabazan, baina zuk, badaezpada, gezurrik ez esan. BI ANAIAK ETA SORGINAK Munduan beste asko legez, behin ba omen ziren Serafin eta Antton izeneko bi anaia. Serafin eta Antton konkordunak ziren; bakoitzak konkor handi bat zeukan bizkarrean jaioz geroztik. Bi anaiak bakarrik bizi ziren baserrian. Serafin, infernuko etsaia baino gaiztoagoa eta alferragoa zen. Beti haserre zegoen. Antton, berriz, on puska zen eta berak egiten zituen baserriko lan guztiak. Serafinek ez zion arnasa hartzen ere uzten Antton gaixoari. —Antton, zoaz ukuilura behiak jeztera. Antton, garbi ezazu etxea. Antton, presta ezazu bazkaria... Mugi, alferrontzi arraioa! Anttonek isil-isilik egiten zituen lan guztiak. Behin, hala esan zion Serafinek: —Antton, egurrik gabe geratu gara. Zoaz basora eta ekarri egur sorta bat konkorraren gainean. Agudo, demonio! Antton joan zen basora eta egur-sorta osatzen ari zela, kantu bat entzun zuen. —Tzingili-tzangala, tzingili-tzangala... Antton hurbildu zen kantu hura zetorren tokira eta sorgin batzuk ikusi zituen kantari. Sasi batzuen atzean ezkutatu zen, belarriak erne-erne jarrita. —Tzingili-tzangala, tzingili-tzangala... Tzingilitzangala, tzingili-tzangala... Antton oso gustura egon zen kantu hura entzuten pixka batean, baina sorginek lelo bera errepikatzen zuten behin eta berriro eta aspertzen hasi zen. Berari iruditu zitzaion “tzingili-tzangala” hiru aldiz errepikatu ondoren, kantua politagoa geratuko zela leloari “tzankalon” hitza erantsiz gero. Eta froga egitea erabaki zuen: —Tzingili-tzangala, tzingili-tzangala, tzingilitzangala, tzankalon! —kantatu zuen Anttonek. Bat-batean, isilik geratu ziren sorginak. —Nork esan du hori? —galdetu zuten—. Nork esan du tzankalon? Anttonek sastraka artetik irten eta eskua altxa zuen. —Nik... —esan zuen beldurtuta. —Eta nor zara zu? —galdetu zioten sorginek. —Antton... Antton naiz. Orduan, oso pozik jarri ziren sorginak eta eskerrak eman zizkioten. —Eskerrik asko, Antton, mila esker. Oso belarri fina daukazu musikarako —esan zion sorgin batek. —Bai horixe! Horrela askoz ere politagoa da gure kantua —esan zuen beste batek. —Sari bat merezi du —hirugarren batek. —Bai, bai, sari bat merezi du —errepikatu zuten denek. Eta, orduan, kantari hasi ziren sorgin guztiak: Ai, Antton, zelemon, tzingili-tzangala, tzankalon, konkor hori kon-kon, kendu, fuera, dringilindron! Eta hitz horiek esan ahala, Anttonen konkorra desagertu zen. Konkorrik gabe, oso planta ederreko mutila zen Antton. Gero, sorginek poltsa bat diruz beteta eman zioten. Anttonek eskerrak eman zizkien eta etxera joan zen pozak txoratzen. Anaia Serafinek Antton konkorrik gabe ikusi zuenean, hasieran, ez zuen ezagutu ere egin. Baina Anttonek nor zen azaldu zionean, ero baten moduan hasi zen garrasika: —Nola egin duzu hori? Nola kendu duzu konkorra bizkar gainetik? Anttonek zer gertatu zitzaion esan zion, nola entzun zituen sorginak kantari eta hau eta bestea. Anttonek azalpen guztiak bukatu baino lehen, ziztu bizian abiatu zen Serafin basorantz sorginen bila. Basora iritsi zenean, sorginak kantuan entzun zituen. Orain lehen baino atseginagoa zen haien abestia. —Tzingili-tzangala, tzingili-tzangala, tzingilitzangala, tzankalon... —kantatzen zuten sorginek pozik. Serafinek lehenbailehen galdu nahi zuen bere konkor itsusi hura, eta ez zuen pentsatu kantuaren doinua nola hobetu. Korrika eta presaka, burura etorri zitzaion aurreneko gauza bota zuen ahots zakarzakarrarekin. —Tzingili-tzangala, konkorra kendu niri, eta hor konpon tzingili-tzangala eta tzangalon... Sorginak isildu egin ziren derrepente. Oso haserre zeuden, beren kantu polit hura norbaitek halako zabarkeriaz itsusitu zielako. —Nork esan ditu astakeria horiek? Nor izan da astazakila? Orduan, Serafinek eskua altxatu zuen lotsagabelotsagabe. —Ni, ni... ni izan naiz. Serafin. —Zuk astabelarriak dituzu. Gure kantu polita guztiz zabartu diguzu —esan zion sorgin batek kopeta ilun-ilun jarrita. —Bai horixe! Horrela oso itsusia dirudi gure kantuak —esan zuen beste batek. —Zigor bat merezi du —hirugarren batek. —Bai, bai, zigor bat merezi du —errepikatu zuten denek batera. Eta, orduan, kantari hasi ziren sorgin guztiak: Ai, Serafin zinkurin Kantuan zangalatrin. Lehen konkor bat, dringilin, Eta orain bi, kin-kuran-kin! Eta hitz horiek esan ahala, sorginek Anttoni kendutako konkorra erantsi zioten Serafini. Orain bi konkor zituen bizkarrean. Serafin buru-makur eta lotsatuta iritsi zen etxera. Konturatu zen harroa izateagatik gertatu zitzaiola zoritxar hura. Benetan damututa zegoen, eta barkamena eskatu zion Anttoni. —Barkatu, Antton, oso harroa izan naiz, eta oso gaizki portatu naiz zurekin. Orain bi konkor ditut, eta inork ez nau maite izango..., ezta zeuk ere —esan zion burumakur. Antton anaiaz errukitu zen eta besarkada handi bat eman zion. —Nik beti maitatuko zaitut zu, Serafin. Antton eta Serafin lagun handiak izan ziren handik aurrera. Eta sorginek Anttoni emandako diruarekin oso ondo bizi izan ziren biak. Hori hala bazan, tzangalaza hala ez bazan, kalabaza sorginen buru-aza. LEHOIA ETA KILKERRA Kri, kri, kri... Horrelaxe aritzen zen uda garaian Txirritx kilkerra goizetik gauera kantari. Oso ongi abesten zuen. Goizero-goizero, eguzkiaren zain egoten zen, bere zulotxotik irten eta abesten hasteko. Baina inguru haietan lehoi indartsu eta basati bat ere bizi zen. Orromarru zuen izena. Egunero entzuten zituen kilkerraren abesti alaiak. Lehoia beti umore txarreko egoten zen. Orromarruri amorrua ematen zion Txirritx beti alai eta kantari ikusteak. Eta hauxe pentsatu zuen behin lehoi harroputzak: —Ez diot bakerik eman behar xomorro nazkagarri honi. Honela, kilkerra harri koskor baten gainean kantari ari zen batean, lehoiak krasss!, atzaparra bota zion. Harri koskorra txiki-txiki eginda eta kilker gaixoa lurrari erantsita geratu ziren. Lehoi basatiaren atzaparkada indartsuak gorputz osoa minberaturik utzi zion. —Hilko nintzela uste nuen! Baina zergatik egin dit niri hau lehoi handiputz horrek? —pentsatu zuen bere artean Txirritxek. Kilkerra, ahal zuen bezala, herrenka-herrenka, beste harri koskor batera igo zen. Eta esan zion Orromarruri: —Baina zer uste duzu zuk, kankailu horrek? Oihaneko errege deitzen dizutela eta edozer gauza egin dezakezula, ala? Ni txikia izango naiz, baina ikusiko duzu oraindik... Lehoia asko poztu zen Txirritx minez eta haserre ikustean. Eta esan zion kilkerrari harro baino harroago: —Zaude isilik, txepel hori! Ez al duzu ikusten nik behatz bat nahikoa dudala zu zanpaturik uzteko? Txirritx, ordea, txikia izan arren, ez zen batere beldurtia, oso ausarta baizik. Eta ez zen isilik geratu lehoi handi-mandiaren aurrean. Honela esan zion: —Harroputz kankailua! Badakit zu handia zarela eta ni txikia. Baina nire lagunak hemen baleude... Ikusiko zenuke orduan... Hala ere, Orromarru lehoiak harropuzkeriak esaten jarraitu zuen: —Baina zer ari zara esaten? Zure lagun guztiak ostiko batekin ilargiraino botako nituzke nik! Eztabaida handia izan zuten Orromarruk eta Txirritxek. Eta, azkenean, erabaki bat hartu zuten biek: borroka handi bat egingo zutela lehoiaren lagunek eta kilkerraren lagunek. Eta bakoitza bere lagunen bila joan zen. Horrela, hartzak, tigreak, elefanteak, otsoak, katamotzak, azeriak, basurdeak... eta oihaneko animalia handi guztiek lehoiari jarraitu zioten. Orromarruren alde borroka egiteko prest zeuden. —Hankapean txikituko ditugu inguru honetako xomorro guztiak! —esaten zuten. Kilkerraren lagunak txikiagoak ziren: erleak, liztorrak, arkakusoak, zorriak, euliak, eltxoak... eta beste animaliatxo asko eta asko. Denak txikiak ziren, baina ziztatzaile onak, eztentxo zorrotz-zorrotzekin. —Ez izan beldurrik! Asko gara eta erraz irabaziko diegu —esaten zuten. Iritsi zen borrokarako eguna eta ordua. Bi taldeak elkarrengana hurbiltzen ari ziren. Hastera zihoan handien eta txikien arteko borrokaldia. Txirritxek etengabe animatzen zituen bere lagunak behin eta berriz hauxe esanez: —Bat, bi eta hiru! Zizt eta txist, bizkar, hanka eta buru. Eta denak gauza bera errepikatzen hasi ziren azkenerako: “Bat, bi eta hiru! Zizt eta txist...”. Orromarru lehoia ere ez zegoen isilik egoteko asmotan. Orroka eta marruka animatzen zituen bere lagunak: —Aurrera lagunak! Nire atzeko ezkerreko hankako behatz txikia baino txikiagoak dira xomorro hegalari horiek. Zorroztu atzaparrak eta hortzak. Bat, bi eta... hamar! Horrela hasi zen oihanean txikien eta handien arteko borroka. Kilkerraren taldekoak milaka eta milaka ziren eta ez zieten bakerik ematen lehoien taldekoei zizta eta zizta. Lehoiaren taldekoak, ordea, alferrik zebiltzan atzaparka eta hozka. Ezin zituzten animalia txiki hegalari haiek harrapatu. Ihes egiten zuten. —Hau azkura! Hau begiko mina! Sudurra odoldurik daukat. Eta gorputz guztiko azkura, gorputz guztiko azkura... —eta horrelako gauzak esaten zituzten lehoiaren taldekoek. Orromarru lehoia eta haren taldekoak eztenkadaz, odolez eta beltzunez beterik zeuden. Handik hurbil zegoen ibai batera joan behar izan zuten denek beren gorputza uretan garbitzera, freskatzera eta sendatzera. Txirritxek eta haren lagunek atzetik jarraitu zieten, uraren ertzeraino, oihaneko lau hankako animalia handiei. —Hemendik aurrera, bakean uzten ez bagaituzue, gauza bera gertatuko zaizue berriro ere! —esaten zien Txirritxek. Handik aurrera, kilkerra eta haren lagunak lasaiago bizi izan omen ziren. Ez omen zuten gehiago animalia handien beldurrik izan. Eta batzuek esaten dute, gainera, azkenean, Orromarru lehoia eta Txirritx kilkerra lagun egin zirela. Hala bazen, ez bazen gu behintzat beti lagunak izan gaitezen.