HANSEL ETA GRETEL Behin batean, ba omen ziren Hansel eta Gretel izeneko bi neba-arreba, aitarekin eta amaordearekin etxe zahar batean bizi zirenak. Oso behartsuak ziren, eta, gehienetan, ez zuten zer janik izaten. Amaordea oso gaiztoa zen; ez zituen haurrak batere maite, eta etxetik bota nahi zituen nola edo hala. Behin, hala esan zion aitari: –Etxe honetan ez dago zer janik. Begira Hanseli eta Greteli, gero eta argalago daude. Etxean geratzen badira, goseak hilko dira. –Hala da, baina…, zer egin dezaket nik? –esan zuen aitak etsita. –Bihar mendira eramango ditugu. Beharbada, norbaitek aurkitu eta zainduko ditu –esan zuen amaordeak. Aitak ez zuen horrelakorik egin nahi, baina amaordeak ez zion bakerik ematen; ume haiek etxetik alde egiten ez bazuten, denak gosez hilko zirela esaten zion. Aitak amore eman zuen azkenean. –Arrazoi duzu. Etxean goseak hilko dira. Mendian, berriz, biziko dira agian. Hanselek eta Gretelek dena entzun zuten aldameneko gelatik. Gretel negarrez hasi zen triste-triste. Hansel oso mutiko ausarta zen, eta hala esan zion arrebari: –Ez negarrik egin, Gretel. Plan bat bururatu zait. Zatoz nirekin. Eta kanpora irten eta harri koskor txuri-txuriak bildu zituzten. Hurrengo goizean, aitak eta amaordeak mendira eraman zituzten haurrak. Hanselek eta Gretelek, aldian behin, harri koskorrak botatzen zituzten bidean. Urrutiko mendi batera iritsi ziren. Orduan, amaordeak esan zien: –Aita eta biok egur bila goaz. Zuek geratu hemen jolasean; gero etorriko gara zuen bila. Hori esan eta joan egin ziren. Udaberria zenez, Hansel eta Gretel loreak biltzen eta txori-habien bila ibili ziren denbora pasatzeko. Baina inor ez zen agertu. Ilundu egin zuen, eta haurrak bakar-bakarrik zeuden mendian. Hala ere, ilargi betea zegoen, eta ondo ikusten zen gauean. –Zer egingo dugu orain? –esan zuen Gretelek beldurtuta. –Ez larritu, Gretel. Bidean bota ditugun harri koskorrei jarraituz-jarraituz, etxeraino iritsiko gara. Eta halaxe egin zuten. Goizalderako etxean ziren berriro. Aita oso pozik jarri zen bere umeak ikustean. Amaordea, berriz, haserretu egin zen, baina ez zuen ezer esan. Hansel eta Gretel etxean geratu ziren. Baina igaro ziren aste batzuk, eta gero eta miseria handiagoa zegoen etxean. Orduan, amaordeak hala esan zion aitari: –Etxe honetan ez dago zer janik. Umeak etxean geratzen badira, goseak hilko dira, eta gu ere bai. –Eta zer nahi duzu egitea? –erantzun zion aitak etsita. –Zuk inoiz ez dakizu zer egin, baina nik bai. Bihar ogi puska bat eman, eta urrutiko mendi batera eramango ditugu. Hanselek eta Gretelek dena entzun zuten oraingoan ere. Hurrengo goizean, amaordeak hala esan zien haurrei: –Tori ogi zati hau, eta goazen; mendira joan behar dugu. Eta mendirantz abiatu ziren tipi-tapa. Hansel pixka bat atzerago zihoan, eta tartean-tartean ogi-apurrak botatzen zituen, gero bueltakoan bidea aurkitzeko. Mendira iritsi zirenean, amaordeak hala esan zien haurrei: –Aita eta biok egur bila goaz. Zuek geratu hemen jolasean, berehala etorriko gara-eta. Baina ez ziren etorri. Gau hartan ez zegoen ilargi betea eta ez zen ezer ikusten. Beraz, Hanselek eta Gretelek mendian lo egin zuten. Eguna zabaldu zuenean, ogi-apurren bila hasi ziren etxera itzultzeko. Baina ez zituzten aurkitu, txoriek ogi-apur guztiak jan zituztelako. Egun osoa galduta ibili ziren. Ilunabarrean, baso batera iritsi ziren eta etxe baten argia ikusi zuten. Basoko etxera hurbildu zirenean, zur eta lur geratu ziren. –Hansel, etxe hau txokolatezkoa da! –esan zuen Gretelek harrituta. Eta nola goseak zeuden, txokolatezko horma zati bat jaten hasi ziren mauka-mauka. Orduan, atso itsusi bat irten zen txokolatezko etxetik. –Hara, hara! Gose handia duzue, e? –esan zien–. Sartu, sartu barrura eta afari goxo-goxoa emango dizuet. Hansel eta Gretel etxe barrura sartu ziren. Baina, orduan, atsoak Hanseli besotik heldu eta bultzada batez kaiola handi batean sartu zuen. Gero atea itxi zuen, braum! –Ja, ja, ja! Zuri nahi adina janari emango dizut, bai! Eta potolo-potolo jartzen zarenean, patata frijituekin jango zaitut. Atso hura sorgin gaizto bat zen. Oso modu xelebrean hasi zen hizketan bat-batean. –Zinkili-zankala, mutiko hau da hezur eta azala, bere arreba honek gizendu dezala –esan zuen sorginak. Gretel beldurrak dardarka zegoen bazter batean. –Zinkuran-zinkarin, ez al duzu entzun, kaskarin? –esan zion zakar-zakar sorginak–. Hasi afaria prestatzen berehala! Zure neba gizendu behar duzu. Sorginak janari asko prestatzera behartzen zuen Gretel; baina dena Hanselentzat zen, sorginak mutila gizengizen egin eta jan egin nahi zuelako. Greteli, berriz, eltzeko hondarrak bakarrik ematen zizkion. Goizero, sorgina Hanselengana joan eta eskuko hatz lodia erakusteko esaten zion, zenbat gizendu zen ikusteko. –Zinkuri-zinkira, erakutsi hatz lodia. Hansel, ordea, konturatuta zegoen sorginak ez zuela oso ondo ikusten, eta amarrua egiten zion: hatzaren ordez, oilasko hezur bat erakusten zion. Sorginak oilasko hezur mehe hura ukitzen zuenean, haserre esaten zuen: –Zinkili-zinkulu, jan eta jan egiten duzu, baina ez zara batere gizendu. Eta orduan errieta egiten zion Greteli, betiko leloa errepikatuz. –Zinkili-zankala, mutiko hau da hezur eta azala, bere arreba honek gizendu dezala. Eta janari gehiago eta gehiago prestatzera behartzen zuen Gretel gaixoa. Behin, ordea, sorgina nazkatu zen zain egoteaz eta, gizen edo argal, Hansel egun hartan bertan jatea erabaki zuen. –Zinkili-zinkalau, sardina bakalau! Gaur bertan jango zaitut, ri-rau! Eta Greteli zakar-zakar esan zion: –Zinkuran-zinkarin, piztu labea arin, neska kaskarin! Gaur bertan jan behar dut zure neba hori. Gretelek labea piztu zuen. Sorgina hurbildu zen labera, eta orduan, braust!, Gretelek bere indar guztiarekin bultzatu zuen sorgina labe barrura. Eta hantxe erre zen sorgin gaizto hura. Gero, Gretelek kaiolako atea zabaldu zion nebari. Hartu zituzten sorginak etxean zituen diru guztiak eta ihes egin zuten handik. Aintzira batera heldu ziren. Orduan, ahate erraldoi bat agertu zitzaien, eta esan zien: –Kuak, kuak! Jarri nire gainean, eta nahi duzuen tokira eramango zaituztet. Haurrek etxera eramateko eskatu zioten ahateari. Ahatearen gainean hegan zihoazela, basoak eta zelaiak loretan ikusi zituzten. –Ua! Zein ederra den udaberria! –esan zuen Gretelek. Etxera iritsi zirenean, eskerrak eman zizkioten ahateari. –Kuak, kuak! Ez horregatik! –erantzun zien ahateak. Neba-arrebak etxera sartu ziren. Amaordea hilik zen ordurako, baina aita pozak txoratzen jarri zen semealabak ikusi zituenean. Hanselek eta Gretelek, sorginari ostutako diruari esker, etxe hartan ez zuten inoiz gehiago goserik pasatu. Eta handik aurrera, oso pozik eta zoriontsu bizi izan ziren. SASI GUZTIEN GAINETIK Behin batean, mendi arteko herrixka batean, Maren izeneko neskato bat bizi zen. Inguru haietan sorgin asko bizi izan ziren garai batean, eta oraindik ere aurki zitezkeen haien arrasto batzuk. Amonak sorginei buruzko ipuin asko kontatzen zizkion Mareni, eta maiz eramaten zuen arratsalde-pasa haiek bizi izandako kobazuloetara. Mareni asko gustatzen zitzaizkion sorginen kontuak, eta berak ere sorgin izan nahi zuela erabaki zuen. –Amona, nik ere sorginek bezala hegan egin nahi dut. –Horretarako, sorgina izan behar da, eta hori ez da hain erraza... Sorgin izateko kontu hura buruan jira eta buelta zerabilen Marenek. Sorginen ipuinak arretaz begiratzen zituen; haien hizkera, haien janzkera, haien ibilera... Behin, erabaki bat hartu zuen: ipuinetan ikusten zituen sorginen tresnak erosiko zituen. Hala, bera ere sorgin egingo zen. Horretarako, ordea, dirua behar zuen. Itsulapikoa hartu eta puskatzen hasi zen: –Zertan ari zara, Maren? —galdetu zion amak. –Ikusten duzu, itsulapikoa puskatzen. –Eta zertarako? jakin badaiteke? –Sorgin-erratza erosi nahi dut. Amak ez zion ezer esan. Azken batean, Marenen dirua zen itsulapikoan zegoena, eta batek nahi duena egiten du bere diruarekin. Maren, dirua poltsikoan sartu, eta supermerkatura abiatu zen. Supermerkatua handia zen, eta pasilloetan erratzen bila erdi galdurik zebilela, saltzaile bat inguratu zitzaion: –Zeren bila zabiltza, neskato? –Erratz baten bila. –Eta? Nolako erratza nahi duzu? –Dendan daukazun ederrena. Hegan egiteko da. –Barkatu, baina guk ez dugu erratz hegalaririk saltzen! –Ez kezkatu horregatik. Zuk emadazu daukazun erratzik ederrena! Neskato hura txantxetan ari zela pentsatu zuen saltzaileak, baina, beste bezero bat inguratu zitzaion, eta arreta harengan jarri zuen. Mareni erratza azkarazkar eman eta beste bezeroagana joan zen saltzailea, barrez-barrez. Maren poz-pozik zegoen bere erratzarekin. Etxera itzuli bezain laster, hartu zuen erratza hanken artean eta terrazara atera zen. Salto txikiak ematen hasi zen, baina ezin hegan egin. Hura ikusita, amak harriturik galdetu zion: –Zertan ari zara, Maren? –Erratza erosi dut eta hegan egin nahi nuke. Baina ezin dut. –Ondo pentsatu, Maren. Sorgina izatea ez da erraza. Hala ere... ez al zaizu beste zerbait falta? –Zerbait falta? Erratza badut… Amatxok arrazoi zuen. Zerbait falta zuen. Sorginak kapela jantzita ibiltzen dira beti. Eta berak ez zuen kapelarik. Kapela erostera joan beharko zuen. Dirua poltsikoan sartu, eta dendara abiatu zen. Kapela gehiegi zegoen denda hartan: mendira joatekoak, hondartzarako kapelak, lastozkoak, oihalezkoak… Baina ez zuen inon sorginen kapelarik ikusten. Dendaria inguratu zitzaion eta esan zion: –Zeren bila zabiltza, neskato? –Kapela baten bila nabil. –Denda egokira etorri zara kapela erostera. Eta nolakoa nahi duzu? –Sorginen kapela nahi dut. Hegan egiteko da. –Guk ez dugu sorginen kapelarik. –Ez kezkatu. Emadazu punta zorrotza duen kapelarik ederrena, eta moldatuko naiz! Neskato hark burutazio xelebreak zituela pentsatu zuen dendariak, baina bezeroak zain zeuzkanez, Mareni kobratu eta bere lanean jarraitu zuen. Etxera itzuli zenean, erratza hanken artean hartu, kapela jantzi eta terrazara atera zen. Salto txikiak ematen hasi zen, baina ez zen hegan hasten. Amatxok esan zion: –Zer gertatzen zaizu, Maren? –Erratza badut, kapela ere erosi dut eta hegan egin beharko nuke. Baina ezin dut! –Ondo pentsatu, Maren. Sorgina izateko ez al zaizu beste zerbait falta? –Beste zerbait? Erratza badut, kapela ere badut… Amatxok arrazoi zuen. Zerbait falta zuen. Hegan egin aurretik, sorginek liburu magikoa irakurtzen zuten beti. Eta berak ez zuen halako libururik. Sorginen liburu magikoa erostera joan behar zuen. Dirua poltsikoan sartu, eta liburu-dendara abiatu zen. Era guztietako liburuak zeuden denda hartan, ipuinak eta eleberriak, eskolarako liburuak eta komikiak, baina ez zuen han sorginen libururik ikusten. Dendaria inguratu zitzaion eta galdetu zion: –Zeren bila zabiltza, neskato? –Liburu baten bila. –Liburuak erosteko denda egokira etorri zara. Eta nolakoa nahi duzu? –Sorginen liburu magiko bat nahi dut. –Badaude sorginei buruzko liburu batzuk, baina ez dut uste magikoak direnik. –Ez du axola. Zuk emadazu horietako bat eta moldatuko naiz. Liburua ordaindu eta, pozaren pozez, hegan egiteko behar zuen guztia bazuela pentsatuz, etxera itzuli zen Maren. Erratza hanken artean hartu, kapela jantzi buruan eta liburua eskuetan zuela, balkoira joan zen. Salto txikiak ematen hasi zen, baina ezin hegan egin. Amatxok esan zion: –Zer gertatzen zaizu, Maren? –Erratza badut, kapela eta liburu magikoa ere bai, eta hegan egin beharko nuke. Baina ezin dut! Zer falta zait, ama? –Ondo pentsatu, Maren. Sorginek ez al dute zerbait esaten hegan hasi aurretik? –Ah, bai! Hitz magikoak! –Hala da, Maren! Hegan egiteko, hitz magikoak behar dituzu. –Erratz gainean, banoa hegan!… Kaka zaharra! Horiek ez dira benetako hitz magikoak! Liburuan begiratu zuen, baina ez zuen hegan egiteko hitz magikorik aurkitu. Izan ere, dendariak esan zion bezala, liburu hura ez zen benetako sorginen liburua. Eta ondo pentsatuta, erratza ere ez zen sorginen erratza, ezta kapela ere sorginen kapela. Inozo hutsa izan zen pentsatzean tresna horiek erabiliz hegan egingo zuela! Guztiz atsekabetuta zegoen Maren. Eta ganbarara igotzea pentsatu zuen. Traste zaharrez beteta zegoen ganbara. Leiho azpian, kutxa zahar bat ikusi zuen. Zer egongo ote zen han barruan? –Ama, Ama! Aurkitu ditut! Aurkitu ditut! —oihu egin zion Marenek. Amak, eskaileretara inguratuta, erantzun zion: –Zer diozu? Zer aurkitu duzu? –Hemen daude sorginen tramankulu guztiak. Baita sorginen liburu magikoa ere! –Amona txikia zenekoak izango dira! –Amonarenak? Sorgina al da ba? –Baietz egingo nuke! Marenek kutxako erratza, kapela, eta liburua hartu zituen. Liburua ireki eta hitz magikoak aurkitu zituen. Balkoira irten eta: Sasi guztien gainetik, hodei guztien azpitik… Klik! Hitz horiek esan, eta hara non hegan hasi zen Maren erratzaren gainean! Hasieran, kosta egin zitzaion zuzen mantentzea, baina poliki-poliki ikasiz joan zen. Lainoetara inguratzen ari zela, beste sorgin hegalari bat ikusi zuen. Eta nor izango eta… –Baina Maren, zer egiten duzu hemen? –Kaixo, amona! Ni ere sorgina naiz! Hegan egin dezaket! –Ganbarako kutxan aurkitu al dituzu nire txikitako jantziak? –Bai. Eta baita liburu magikoa ere. Erakutsiko al didazu itzulipurdiak ematen? –Nola ez ba, ilobatxo maitea. Jarri eskuak horrela eta hankekin… Amona eta bilobak elkarrekin joan ziren hegan. JON ZIKINEN ANAIA Behin batean, bazen Jon izeneko mutil narrats bat. Beti zikin-zikin ibiltzen zen eta, horregatik, Jon Zikin deitzen zioten guztiek. Jon Zikinek ez zuen koilara edo sardexka erabiltzen jateko, hatzak platerean sartu eta mauka-mauka jaten zuen ume txiki-txikiek bezala. –Faborez, Jon, ez itzazu makarroiak hatzekin jan. Erabil ezazu sardexka –esaten zion amak. –Jo, ama! Hatzekin janda goxoago dira makarroiak –erantzuten zion Jon Zikinek. Kalera irteten zenean, topatzen zituen putzu guztietan sartzen zen Jon Zikin, eta hantxe ibiltzen zen lokatzetan plasta-plasta jolasean. Eta, noski, zapatak eta arropa lokatzez zikin-zikin eginda etxeratzen zen. –Non ibili zara, Jon! –egiten zion errieta amak hain zikin ikusita. –Putzuetan jolasean, ama! –erantzuten zion Jon Zikinek. –Ea, erantzi arropa horiek eta sartu baineran –esaten zion orduan amak haserre samar. –Ez, ama, bainerara ez, bainerara ez… –erantzuten zion negarrez Jon Zikinek. Izan ere, ura ez zitzaion batere gustatzen, eta xaboiak izua ematen zion–. Urak busti egiten du, ama, eta xaboiak begiak erretzen dizkit. Horrela ibiltzen zen beti Jon Zikin, batzuetan zikin eta besteetan zikinago. Behin, bere gelan zegoen Jon Zikin. Narrats eta hankaz gora zeukan gela, beti bezala: liburuak lurrean botata, paperak han eta hemen sakabanatuta, jostailu guztiak puskatuta, paretak zirriborroz margotuta… Orduan, Maitagarria sartu zen Jon Zikinen gelara, eta haserre esan zion: –Baina, baina… zer da hau? Tira, tira, nik gela hau txukundu egin behar dut, eta, bitartean, zu zoaz lorategira zure anaiarekin jolastera. –Nik ez dut anaiarik eta… –esan zion Jon Zikinek harrituta. –Bai, baduzu. Eta oraindik ez badakizu nor den, lasai, berak azkar asko ezagutuko zaitu-eta. Tira, zoaz –esan zion Maitagarriak. Jon Zikin joan zen lorategira eta lokatzetan jolasean hasi zen. Handik pixka batera, katagorri bat azaldu zen adarrez adar saltoka, eta hortzekin kris-kris-kris eginez, Jon Zikini begira jarri zen. –Kaixo, katagorria. Zu al zara nire anaia? –galdetu zion Jon Zikinek. Katagorria haserretu egin zitzaion orduan. –Ni zure anaia? Ezta pentsatu ere! Nik ilea garbia eta txukun-txukuna dut. Eta zu zikina eta narratsa zara –esan zion katagorriak, eta saltoka alde egin zuen handik. Geroxeago, txori txiki bat etorri zen hegan. Eta txio-txio txorrotxio eginez, Jon Zikini begira jarri zen. –Kaixo, txoria. Zu al zara nire anaia? –galdetu zion Jon Zikinek. –Ni zure anaia? Ezta pentsatu ere! –esan zion haserre txori txikiak–. Begira zein garbi eta txukun ditudan nik lumak. Zu, berriz, zikinzikin zaude. Eta hori esan ondoren, hegan joan zen txoria. Handik pixka batera, katu dotore bat azaldu zen. Etxeko teilatura igo eta miau-miau eginez, Jon Zikini begira geratu zen. –Kaixo, katua! Zu al zara nire anaia? –galdetu zion Jon Zikinek. –Ni zure anaia? Ezta pentsatu ere! –esan zion haserre katuak–. Ni txukuna eta apaina naiz, egunero garbitzen dut neure burua. Zu, berriz, ez zara inoiz garbitzen. Zorritsu halakoa! Eta hori esanda, lasterka alde egin zuen handik. Jon Zikinek jolasean jarraitu zuen lokatzetan. Halako batean, txerri bat azaldu zen kurrinka. Eta lokatzetan eseri zen Jon Zikinen ondoan, kurrinkurrin eginez. Jon Zikinek ez zion ezer esan eta, bizkarra emanez, beste aldera begiratu zuen. Baina txerria hizketan hasi zitzaion: –Kurrin-kurrin! Egun on, anaia! –esan zion txerriak. –Ni ez naiz zure anaia! –erantzun zion petral-petral Jon Zikinek. Txerriak barre egin eta hala esan zion Jon Zikini: –Kurrin-kurrin! Bai horixe! Zuk zer uste duzu, nik ez ditudala neure familiakoak ezagutzen, ala? –Gezurra! Gezurra! –esan zion Jon Zikinek. –Kurrin-kurrin! Txerrioi asko gustatzen zaigu lokatzetan zikin-zikin ibiltzea. Zu ere lokatzetan zaude zikin-zikin eginda. Beraz, ni txerria baldin banaiz, zu ere txerria zara. Ea, egin kurrin-kurrin nik bezala. –Ez, ez eta ez! Nik ez dut txerria izan nahi, ez dut txerria izan nahi –esan zuen negarrez Jon Zikinek. Eta lokatzetatik irten eta etxera joan zen korrika. Bere gelara sartu zenean, Maitagarriak txukun-txukun utzi zuela ikusi zuen. –Begira zein txukun eta garbi utzi dizudan gela, Jon –esan zion Maitagarriak. Jon Zikinek ez zion ezer erantzun, negarrez jarraitzen zuen. Orduan, Maitagarriak esan zion: –Zergatik egiten duzu negar, Jon? Ez al zaizu gustatu zure anaia? –Txerria ez da nire anaia! Ni ez naiz txerria! Ni ez naiz txerria! –erantzun zion negarrez Jon Zikinek. Maitagarriak laztan egin zion Joni goxo-goxo. –Hori zure esku dago, Jon. Zeuk aukeratu: zer nahiago duzu, orain arte bezala zikina izan eta txerriarekin joan ala nirekin etorri garbia izaten ikastera? –Zurekin joan! Zurekin joan! Nik ez dut txerria izan nahi! Ez dut kurrin-kurrin egin nahi! –esan zion Jonek. Eta, hala, Jon Zikin Maitagarriarekin joan zen, eta garbia izaten ikasi zuen. Handik aurrera, garbi eta txukun-txukun ibili zen Jon, eta inork ez zion gehiago Jon Zikin deitu. Hau hala bazan ez bazan, sartu zeure buruko kalabazan.