KOXMEREN GEZURRAK Azkarregi joan zitzaion uda Koxmeri. Izan ere, munduan ez zegoen berarentzat oporrak baino gauza hoberik. Udako hiru hilabete horietan hondartzara joaten zen, lagunekin berandura arte ibiltzen zen kalean jolasean, izozki pila jaten zuen, telebista gehiago ikusi ere bai, eta, batez ere, ez zeukan ikastolara joan beharrik. Baina iritsi zen iraila, bukatu ziren oporrak, eta amak esan zion Koxmeri: –Koxme, bihar ikastolara joan behar duzu; gaur ez dago telebistarik. Ilundu baino lehen ohera! –Jo-pe, nik ez dut ohera joan nahi! Nik ez dut bihar ikastolara joan nahi! Marmarka eta haserre oheratu zen gure mutikoa. Koxmek telebista ikusi nahi zuen eta ez zeukan hurrengo egunean ikastolara joateko batere gogorik. Lo hartu aurretik, hurrengo egunean ikastolara ez joateko amari zer gezur esan pentsatu eta pentsatu aritu zen. Goizean, esnatu zenean, negarrez hasi zen Koxme: –Ai, ai, ai! Hagineko mina! Ama, hagineko mina! –Ba, hagineko minez bazaude, dentistarengana joan beharko dugu. Amak bere semetxoaren gezurra sinetsi egin zuen, eta goiz hartan biak dentistarengana joan ziren trenez. –Zabaldu ahoa –esan zion dentistak Koxmeri–. Zein haginek ematen dizu min? –Ho... ho... honek –erantzun zion Koxmek hatza ahoan sartuz. Indizio bat, gero beste bat... Haginak lo hartu arte pixka bat itxaron eta, di-da, sano zeukan hagina kanpora. –Ai, ai, ai! –kexatu zen Koxme. Eskua masailean zuela eta mukizapira odola botaz egin zuen etxerako bidea. Egun hartan ez zen ikastolara joan. Hurrengo egunean, lehen baino ere gogo gutxiago zeukan Koxmek ikastolara joateko. Beste gezurren bat asmatu beharra zeukan. Ez zuen gehiago dentistarengana joan nahi. “Badakit zer egin”, pentsatu zuen bere artean. –Ama, ama! Ez dut ezer ikusten. Itsutu egin naiz, itsutu! –esan zion amari negarrez. –Ene, ene, nire Koxme maitea! Itsutu egin zarela? Hagineko mina baino okerragoa da hori. Enee! –eta amak anbulantziari deitu zion. Koxmek oso ondo egiten zuen itsuarena. Anbulantziako gizonak eta amak lagundu zioten etxetik irteten. Aurreko eserlekuan eseri zuten, txoferraren ondoan. Ama atzean sartu zen, eta negar-malkoak irristatzen zitzaizkion masailetan behera. Anbulantzia tximista baino ere azkarrago zihoan klinikarako bidean, auto guztiak atzean utziz. Halako batean, bere aitaren kamioia ikusi zuen Koxmek bidean. –Ama, ama, begira! Aitaren kamioia da gure aurreko hori! –atera zitzaion bat-batean Koxmeri. –Baina, Koxme! Ez al didazu, ba, esan ez duzula ezer ikusten? –Kasuen! Ahaztu egin zait itsu nengoela! –esan zuen Koxmek bere buruarekin haserre. Amak ezin zuen sinetsi bere belarriak entzuten ari zirena. –Ahaztu egin zaizula? Ahaztu? Baina ni naiz tuntuna, ni! Dena sinetsi diot mutiko mukizu honi. Atzo gezur bat eta gaur bestea. Erakutsiko dizut nik zuri hemendik aurrera gezurrik ez esaten. Bai horixe! Eta hantxe bertan buelta hartzeko agindu zion Koxmeren amak anbulantziako txoferrari. Goizeko hamaikak ziren Koxme ikastolako atariraino anbulantzian eraman zutenean. Gauza harrigarriak gertatzen dira munduan, baina ez zen horrelako asko gertatuko. Ez horixe! Geroztik, Koxmek ez du gezurrik esaten, eta lehen baino gusturago joaten da orain ikastolara, bertan lagun asko baititu. Bizi nahi baduzu zoriontsu bizitza honetan, ez ibili inoiz gezurretan. INURRIA ETA TXIRRITA Behin batean, ba omen ziren inurri bat eta txirrita bat. Uda zen eta bero handia egiten zuen. Hala ere, inurria oso langile zebilen, negurako janaria pilatu eta pilatu. Ogi-apurrak, fruituak eta topatzen zituen janari guztiak eramaten zituen bere etxera. –Uff! Sargori egiten du gaur –esan zuen izerdia lehortuz–. Baina zer egingo diogu! Lanean jarraitu beharko dugu negurako janaria pilatzen. Inurriaren aldamenean txirrita bat bizi zen. Txirrita oso alaia zen, baina ez zitzaion lan egitea batere gustatzen. Nahiago izaten zuen eguna alferkeria gozoan kantari pasatu. –Din-don, din-don, dagoenean bon-bon! Din-don, dindon, ez dagoenean egon! Eta hor konpon, Marianton! Udako egun bero haietako batean, inurria goizean goiz hasi zen lanean eta, egunero bezala, han ikusi zuen txirrita etzanda kantari. –Egun on, txirrita jauna. Gaur ere ez al duzu lanik egin behar? –Ez horixe –erantzun zion txirritak–. Bero handiegia egiten du gaur lanean hasteko. Bihar edo etzi, akaso... –Baina orain janaririk biltzen ez baduzu, zer jango duzu neguan? –Tokitan dago negua! –esan zion burlaka txirritak–. Oraindik asko falta da horretarako. Zuk egin lan nire partez. Ja, ja, ja! Inurriak ez zion ezer esan eta lanera joan zen isilisilik. Eta lan eta lan egin zuen egun osoan, negurako janaria pilatzen. Pasatu zen uda eta etorri zen udazkena. Haize handia zebilen, eta arboletatik hostoak eta haziak erortzen hasi ziren. Inurriak haziak bizkar gainean hartu eta etxera eramaten zituen. Bitartean, txirritak batere lanik egin gabe jarraitzen zuen. Kantari ematen zuen egun osoa. –Gaur ere ez al duzu lan egin behar, txirrita jauna? –esan zion inurriak. –Ez horixe –erantzun zion barrez txirritak–. Haize handiegia dabil gaur lanean hasteko. Zuk egin lan nire partez. Ja, ja, ja! –Baina orain janaririk biltzen ez baduzu, zer jango duzu neguan? –Ederra ematen duzu zeure neguarekin! –esan zion burlaka txirritak–. Lasai, hasiko naiz lanean bihar edo etzi. Pasatu zen udazkena eta etorri zen negua. Hotz handia egiten zuen eta inguru guztiak elurtuta zeuden. Ez zen giro kanpoan! Baina inurria lasai zegoen, nahi adina janari zeukan-eta etxean. –Brrr! A zer eguraldi petrala! Etxe barruan goxogoxo egoteko giroa egiten du gaur! Neguko egun hotz haietako batean, norbaitek inurriaren etxeko atean kax-kax jo zuen. Zabaldu zuen atea inurriak, eta han ikusi zuen txirrita hotzez dardarka. –Kaixo. Zer berri dugu, txirrita jauna? –Inurri, faborez, lagun iezadazu –erregutu zion txirritak negarrez. –Zer gertatzen zaizu? Dardarka zaude –esan zion inurriak. –Ez dut jatekorik, inurri. Bila eta bila ibili naiz, baina alferrik. Negua da eta ezin dut ezer aurkitu –erantzun zion txirritak dardarka. Inurriak kopeta iluna jarri eta haserre samar esan zion: –Noski. Neguan oso zaila da janaria topatzea. Ez al nizun nik esan janaria pilatzeko negurako? –Bai, baina... Nik nahiago nuen kantuan aritu. Eta geroko uzten nuen beti lana –esan zion txirritak. –Geroa, alferraren leloa! –kargu hartu zion muturra okertuz inurriak. Txirritak faborez laguntzeko eta laguntzeko eskatzen zion negar-malkotan inurriari. –Lagun iezadazu, faborez eta mesedez, inurri. Bestela, goseak hilko naiz. –Umm! Ez dakit, ba... –esan zuen inurriak zalantzaz. Haserre samar zegoen txirritarekin. –Zin egiten dizut hurrengo urtean lana gogotik egingo dudala. Benetan, inurri, nire hitza duzu –agindu zion txirritak. Inurria bihotz onekoa zen eta txirritaz errukitu egin zen. Pentsatu zuen txirrita ez zela gaiztoa. “Alferra eta kaskarina izatea, horixe du txarra honek”, esan zuen bere artean. “Baina oso alaia da eta ederki pasatuko genuke negua biok elkarrekin”, jarraitu zuen esaten bere kolkorako. Txirritak ate aurrean jarraitzen zuen dardarka; gero eta hotz handiagoa zeukan eta ezin zuen gehiago. –Eta, zer? Utzi behar al didazu sartzen edo ate aurrean eduki behar nauzu hotzak eta goseak hil arte? –galdetu zion txirritak erabat etsita. –Ondo da, sar zaitez barrura. Etxean nahikoa janari dago biontzat. –Mila esker, inurri, eskerrik asko –esan zuen pozik txirritak. –Utzi eskerrak emateari eta datorren urtean kontuak garaiz atera –erantzun zion inurriak. –Bai, datorren urtean lan asko-asko egingo dut, ikusiko duzu. Txirritak eta inurriak elkarrekin igaro zuten negu hura. Txirrita pozak zoratzen egon zen inurriaren etxean, bapo asko jan eta edanez. Eta inurria ere zoriontsu izan zen, txirrita oso lagun alaia zelako. Hori hala bazan edo ez bazan, zer den hobea zuk esan, txirrita izan ala inurria izan. ZAZPI ANTXUMEAK Behin batean, ba omen ziren zazpi antxume, beren ahuntz amarekin bizi zirenak. Amak familia mantendu behar izaten zuen eta, horregatik, egunero goizean goiz irteten zen etxetik lanera joateko. Baina, han inguruan, otso handi gaizto bat bizi zen, eta hark beldurtuta zituen zazpi antxumeen etxekoak. Egun batean, lanera joan aurretik, hala esan zien amak bere antxumeei: –Umeak, ni lanera noa. Ni kanpoan nagoen bitartean, ez ireki atea inori, baina inori ere ez! Otsoa hemen inguruan dabil eta jan egin nahiko zaituzte. –Ai, ama, zer beldurra! Ez diogu inori atea zabalduko –esan zuten zazpi antxumeek batera, zazpi antxumeek bekerekeka. Hori entzunda, lasaiago joan zen ahuntz ama lanera. Baina otsoa han zebilen zelatan. Zuhaitz baten atzean ezkutatu zen eta, ahuntz ama bazihoala ikusi zuenean, hala esan zuen bere kolkorako: –Ama badoa. Antxumeak bakarrik daude etxean, eta nik denak jango ditut. Ja, ja, ja! Otsoa zazpi antxumeen etxera joan zen eta atea jo zuen: “dan, dan, dan!” –Nor da? –galdetu zuten zazpi antxumeek batera, zazpi antxumeek beldurtuta. –Ama naiz, zabaldu atea –esan zuen otsoak. Zazpi antxumeak isil-isilik geratu ziren ama ote zen edo ez ote zen zalantzan, baina antxume txikiena oso argia zen, eta hala esan zion: –Gezurra! Zu ez zara ama! Gure amak ahots fina eta gozoa dauka eta zuk lakar-lakarra. Alde hemendik! Haserre alde egin zuen handik otsoak. Eta pixka batean pentsatu ondoren, esan zuen: –Badakit! Arrautzak jango ditut ahotsa fintzeko. Arrautzaren zuringoa oso ona omen da horretarako. Hala, joan zen oilategi batera eta hiru dozena arrautza irentsi zituen. Orain, ahots fina eta gozoa zuen otsoak. Berriz joan zen antxumeen etxera. –Dan, dan, dan! –jo zuen atea. –Nor da? –galdetu zuten zazpi antxumeek batera, zazpi antxumeek ikaratuta. –Ama naiz, zabaldu atea –esan zuen otsoak ahots gozogozoaz. Antxumeak zalantzan geratu ziren berriz ere, zer egin jakin gabe. Baina antxume txikienak hitz egin zuen berriro: –Ea, erakutsi hanka bat ate azpitik. Eta otsoak hanka erakutsi zuenean, hala esan zion antxume txikiak: –Gezurra! Zu ez zara ama! Gure amak hankak zurizuriak ditu eta zurea beltz-beltza da. Alde hemendik! Gero eta haserreago zegoen otsoa. Orain ere igarri egin zioten nor zen. Orduan, ideia bat izan zuen: –Badakit! Joango naiz errotara, hartuko dut irina eta hankak irinetan sartuko ditut zuri-zuri jarri arte. Ja, ja, ja! Zazpi antxume txoro horiek ederki engainatuko ditut! Eta halaxe egin zuen. Gero, hankak zuri-zuri zituela, berriro joan zen zazpi antxumeen etxera: –Dan, dan, dan! –jo zuen atea. –Nor da? –galdetu zuten zazpi antxumeek batera, zazpi antxumeek izututa. –Ama naiz, zabaldu atea –esan zuen otsoak. –Ea, erakutsiguzu hanka bat –esan zion antxume txiki ausartak. Eta otsoak hanka erakutsi zienean, zuri-zuria zela ikusi zuten zazpi antxumeek, eta atea zabaldu zioten otsoari, ama zelakoan. Otsoa etxera sartu zen eta “krisk-krausk, krisk-krausk!” antxumeak jan zituen. Baina antxume txiki ausarta oso bizkor ibili zen, eta erloju handi baten barruan ezkutatu zen. Otso gaiztoak ez zuen ikusi eta antxume txikia salbatu egin zen. Ama etxera etorri zenean, bere antxumeak ez zeudela han ikusi zuen. Eta negarrez hasi zen: –Ai, nire antxumetxoak! Nire ume gaixoak! Otsoak ume guztiak jan dizkit! Baina, orduan, antxume txiki ausarta erloju barrutik atera zen: –Ama, ama! Ni hemen nago! Ni ez nau otsoak jan! Eta antxume txikiak zer gertatu zen esan zion amari. Ama oso haserre jarri zen eta guraize handi batzuk, jostorratza eta haria hartu zituen. –Goazen otso gaizto horren bila! –esan zuen kopeta ilunilun jarrita. Antxumea eta ama otsoaren bila abiatu ziren, baina ezin zuten aurkitu. Orduan, zurrunga-hots batzuk entzun zituzten: ZZZZ!! ZURRUN!! GRRR!! KURRUN!! ZURRUN-KURRUN!! –Ama! Zurrunga horiek otsoarenak dira –esan zuen antxumetxo ausartak. Hala, belarriak erne-erne jarri eta zurrunga-hots haiek zetozen lekurantz joan ziren. Gero eta hurbilago entzuten zituzten. Azkenean, han ikusi zuten otsoa, erreka ertzean luze-luze etzanda. Tripa bapo bete ondoren, lo kuluxka egiten ari zen zurrunga-hots galantak ateraz: ZZZ!! ZURRUN!! GRRR!! KURRUN!! ZURRUN-KURRUN!! Amak guraize handiak hartu zituen eta “ri-rau!” tripa zabaldu zion otsoari. Tripa barrutik antxumeak atera ziren poz-pozik. –Ama! Zer poza! –esan zuten, eta musu handi bana eman zioten amari. Amak errekatik harri handiak ekartzeko esan zien antxumeei. Gero, otsoaren tripa barruan sartu zituen harriak eta, ez esnatzeko, kontuz-kontuz josi zion tripa jostorratzarekin eta hariarekin. –Orain, ezkuta gaitezen, umeak –esan zien zazpi antxumeei. Otsoa esnatu zenean, ondoezik sentitu zen: –Ai, ai, ai! Hau tripako mina! Antxume gehiegi jan dut! Ur pixka bat edango dut. Eta erreka ertzean ura edatera makurtu zenean, tripa barruan zituen harrien pisuarekin, plaust!, erori zen uretara. Eta hantxe ito zen otso gaiztoa. Zazpi antxumeek eta ama ahuntzak dena ikusi zuten beren ezkutalekutik. Gero, etxera joan ziren poz-pozik, eta handik aurrera lasai eta bakean bizi izan ziren. Hori hala bazan, ez bazan, sar dadila kalabazan... MARI DOMINGI ETA OLENTZERO Behin batean, orain dela urte asko eta asko, bazen Mari Domingi izeneko emakume behartsu bat. Herritik kanpora zegoen txabola zahar-zahar batean bizi zen Mari Domingi, eta gona zahar bat besterik ez zeukan janzteko, gona zahar zarpail bat, dena adabakiz beteta. Mari Domingi hain behartsua zenez, baztertu egiten zuten guztiek, jendeari lotsa ematen baitzion harekin ibiltzeak. Herriko aberats harroputzek burla egiten zioten: –Mari Domingi mingulina, arlote zikina! Mari Domingiri min ematen zioten burla horiek. –Pobrea izatea ez da lotsa –pentsatzen zuen–, okerragoa da bihozgabea eta harroputza izatea. Mari Domingi bihotz handiko emakumea zen, prestua eta langilea. Neguan ikatza partitzen ibiltzen zen etxez etxe, eta berak ezer ez bazuen ere, bakarrik bizi ziren aitona-amona behartsuei doan ematen zien ikatz pixka bat. –Tori ikatz puska hauek. Ez da asko, baina etxea zertxobait epelduko dizuete behintzat. –Eskerrik asko, Mari Domingi –esaten zioten orduan aitona-amonek. Behin, abenduko gau hotz batean, ogi zati gogor bat afaldu eta ohera sartu zen Mari Domingi. Tripazorriek, ordea, kirri-karra egiten zioten eta goseak ez zion lo egiten uzten. Kostata, baina loak hartu zuen halako batean. Orduan, ahots bat entzun zuen. –Mari Domingi, Mari Domingi! Olentzero naiz –esan zion ahotsak–. Mesede bat eskatu nahi dizut: aurki Gabonak dira eta haurrei opariak banatzera joango naizela iragarri behar duzu herrian. Mari Domingi kolpetik esnatu zen, eta ahotsari hitz egin zion: –Aizu, aizu... Baina txabolan bera bakarrik zegoen. Korrika ohetik altxa eta txabolako atea zabaldu zuen. Mendi-gain batean gizon bat ikusi zuen urruntzen: Olentzero zen, eta agur egin zion besoa altxata. –Orduan, egia da. Ez nenbilen ametsetan. Olentzero etorri zait mesede bat eskatzera. Nori, eta niri...!!! Gau hartan, ezin izan zuen lorik egin Mari Domingik. Egunsentiaren zain egon zen urduri-urduri. Eguna zabaldu zuenean, bere gona zarpaila jantzi eta herriko kaleetan berri ona zabaltzen hasi zen. –Entzun, entzun guztiok! Aurki Gabonak dira eta Olentzero etorriko da opariak banatzera. Olentzerok berak esan dit berria zabaltzeko. Baina herriko jende harroputzak ez zion sinetsi, eta burla egin zion. –Ja, ja, ja! Entzun al duzue hori? Olentzerok Mari Domingi aukeratu omen du mandatari izateko! Eta guk sinetsiko dugulakoan! –esan zuen batek mespretxuz. –Olentzerok halako mandatari xaxtarra bidaltzen badu, zer opari ekarriko ote dizkigu? –erantsi zuen beste batek. Mari Domingik, ordea, ez zien kasurik egiten burla haiei eta txintxo-txintxo bete zuen Olentzeroren esana. Gabon-gaua heldu zenean, beste askotan bezala, ogi zati gogor bat janda oheratu zen Mari Domingi. Baina, orduan ere tripa-zorriek kirri-karra egiten zioten eta goseak ez zion lorik egiten uzten. Orduan, norbaitek atea jo zuen. Mari Domingi ohetik jaiki eta atea zabaldu zuen. Atean Olentzero zegoen. Opariz betetako zaku handi bat zekarren bizkarrean eta kapoi erre bat eskuan. –Gabon, Mari Domingi –esan zion Olentzerok–. Badakit txintxo-txintxo bete duzula nik eskatutakoa, eta eskerrak ematera nator. Nahi al duzu gaur nirekin afaldu? Mari Domingik baietz esan zion, eta gau hartan kapoi eder bat afaldu zuen Olentzerorekin. Bapo afaldu zutenean, honela esan zion Olentzerok: –Aizu, nik orain opari hauek banatu behar dizkiet haurrei. Nahi al didazu lagundu? –Bai horixe, gustura asko gainera! –erantzun zion Mari Domingik. Hala, bien artean banatu zizkieten opariak txintxo portatu ziren haurrei. Txintxo portatu ez zirenei eta harroputzei, berriz, ikatza jarri zieten. Lana bukatu zutenean, Olentzerok opari bat eman zion Mari Domingiri paperean bilduta. –Hau niretzat? –esan zuen pozak txoratzen Mari Domingik. –Bai, zuretzat, herri honetan zeu zarelako pertsonarik jatorrena eta txintxoena eta... eta politena ere bai –esan zion Olentzerok pixka bat lotsatuta. Oparia ikusi zuenean, saltoka hasi zen Mari Domingi. Soineko dotore-dotore bat zen. Pozaren pozez, musu bat eman zion Olentzerori. Olentzero gorri-gorri jarri zen lotsatuta. Eta orduan esan zion: –Aizu, Mari Domingi, ni bakarrik bizi naiz mendian, eta zu ere bakarrik bizi zarenez, nik pentsatu dut... pentsatu dut... –hasi zen Olentzero hitz-totelka. –Zer eskatu nahi didazu? Biok elkarrekin bizitzea? –esan zion Mari Domingik. –Bai, horixe! Hain zara jatorra eta atsegina eta... eta polita! –esan zion Olentzerok gero eta urduriago. Mari Domingik musu eman zion berriro eta baietz esan zion. Eta Mari Domingi eta Olentzero, eskutik helduta, txoriak baino kontentuago joan ziren mendira, Olentzeroren etxera. Eta hantxe bizi dira oraindik pozik eta zoriontsu. Urtero, Gabonak etortzen direnean, herrira jaisten dira, eta opari politak egiten dizkiete txintxo portatzen diren haurrei. Eta gaizki portatzen direnei? A!, gaizki portatzen direnei, ikatza! MARI KANELA Behin batean, bazen Mari Kanela deitzen zioten neska txiki bat. Aitonak jarri zion izen xelebre hori, eta zergatik?, bada, kanela-zotza izugarri gustatzen zitzaiolako Mari Kanelari. Mari Kanela oso neska bihurria zen eta ohitura itsusi bat zeukan: barra-barra esaten zuen gezurra. Gezurrak bata bestearen atzetik esanez ibiltzen zen beti. Behin, txokolate almendraduna hartu zuen sukaldeko armairutik, eta barra osoa jan zuen berak bakarrik. Ama txokolatea falta zela konturatu zenean, Mari Kanelari galdetu zion: —Aizu, Mari Kanela, txokolate almendraduna falta da armairutik. Zuk jan al duzu? —Nik ez, ama! —esan zuen Mari Kanelak. Eta gezur hori esan orduko, sudurra azenario handi bat adina hazi zitzaion. Izan ere, gezurra esaten zuen bakoitzean, gorputzeko atal bat hazten zitzaion Mari Kanelari. Horregatik, oso erraza zen jakitea noiz ari zen gezurretan. —Orain ere gezurra esan duzu, Mari Kanela —esan zion amak—. Begira nolako sudurra hazi zaizun. Azenario handi bat dirudi! Mari Kanela beldurtu egin zen bere azenario-sudur itsusi hura ikusi zuenean, eta, estu eta larri, egia esan zion amari. —Neu izan naiz, ama, neu izan naiz... Neuk jan dut txokolatea. Egia esan zuenean, lehen bezalaxe jarri zitzaion sudurra berriz ere. Hurrengo egunean, ikastolara zihoala, txori batzuk ikusi zituen zuhaitz baten adarretan txorrotxioka kantari, eta haiekin jolasean hasi zen Mari Kanela. Txoriak harrapatu nahian, salto eta brinkoka hasi zen, eta putzu-zulo batzuetan sartu zen konturatu gabe. —Mekatxis! Zapatak zikindu zaizkit! —esan zuen. Egun hartan berandu iritsi zen ikastolara Mari Kanela, eta zapatak lokatzez zikin-zikinak zituela, gainera. Ikastolan zain zeukan andereño Mari Petral. Haserre zegoen, beste askotan bezala. Horrexegatik deitzen zioten Mari Petral andereñoari, beti haserre eta petral zegoelako. —Zergatik etorri zara hain berandu? —galdetu zion kopeta ilunez andereñoak Mari Kanelari. —Ba, ba... amatxorekin sendagilearengana joan naizelako —esan zion Mari Kanelak. Eta gezur hori esatearekin batera, burua kalabaza bat adina hazi zitzaion. Orain, kalabaza-burua zuen Mari Kanelak. Andereño Mari Petralek errieta egin zion Mari Kanelari: —Aizu, niri ez esan gezurrik gero! —Nik ez dizut gezurrik esan, andereño —erantzun zion Mari Kanelak. Eta gezur hori esan zuenean, eskuak ikaragarri hazi zitzaizkion. Orain, atzapar bihurtuak zituen eskuak Mari Kanelak, eta nolako atzaparrak gainera! —Aizu, eta nolatan zatoz hain oinetako zikinekin? —galdetu zion, gero eta petralago, andereño Mari Petralek. —Ba, ba..., gaur goizean amak ez dizkit oinetakoak garbitu eta... —erantzun zion Mari Kanelak urduri. Eta gezur hura esan ahala, gorputz osoa hazi zitzaion. Neska erraldoi-jigante bihurtu zen Mari Kanela. Andereñoa beldurtu egin zen Mari Kanela hainbeste hazi zela ikusi zuenean. Bera baino handiagoa zen! —Baina, baina, zer gertatzen zaizu, Mari Kanela? —esan zion andereñoak. —Ba, ba, zuri beldur handia dizudala, beti errietaka eta petralduta egoten zarelako, eta gezurrak esan dizkizut. Horregatik hazi zait burua kalabaza bat adina, eta horregatik hazi zaizkit eskuak eta gorputz osoa. Eta Mari Kanelak egia esan zuen, eta egiak bere ezpainetatik atera zirenean, txikitu egin zitzaizkion eskuak, eta burua, eta gorputz osoa ere bai. Lehen bezalaxe geratu zen, txikia eta polita. Handik aurrera Mari Kanelak ez zuen gezurrik esan gehiago. Eta andereñoak ere ez zion gehiago inori arrazoirik gabe errietarik egin, ez Mari Kanelari eta ez beste inori. Hori hala bazan, ez bazan, sar dadila kalabazan, baina zuk, badaezpada, gezurrik ez esan. BI ANAIAK ETA SORGINAK Munduan beste asko legez, behin ba omen ziren Serafin eta Antton izeneko bi anaia. Serafin eta Antton konkordunak ziren; bakoitzak konkor handi bat zeukan bizkarrean jaioz geroztik. Bi anaiak bakarrik bizi ziren baserrian. Serafin, infernuko etsaia baino gaiztoagoa eta alferragoa zen. Beti haserre zegoen. Antton, berriz, on puska zen eta berak egiten zituen baserriko lan guztiak. Serafinek ez zion arnasa hartzen ere uzten Antton gaixoari. —Antton, zoaz ukuilura behiak jeztera. Antton, garbi ezazu etxea. Antton, presta ezazu bazkaria... Mugi, alferrontzi arraioa! Anttonek isil-isilik egiten zituen lan guztiak. Behin, hala esan zion Serafinek: —Antton, egurrik gabe geratu gara. Zoaz basora eta ekarri egur sorta bat konkorraren gainean. Agudo, demonio! Antton joan zen basora eta egur-sorta osatzen ari zela, kantu bat entzun zuen. —Tzingili-tzangala, tzingili-tzangala... Antton hurbildu zen kantu hura zetorren tokira eta sorgin batzuk ikusi zituen kantari. Sasi batzuen atzean ezkutatu zen, belarriak erne-erne jarrita. —Tzingili-tzangala, tzingili-tzangala... Tzingilitzangala, tzingili-tzangala... Antton oso gustura egon zen kantu hura entzuten pixka batean, baina sorginek lelo bera errepikatzen zuten behin eta berriro eta aspertzen hasi zen. Berari iruditu zitzaion “tzingili-tzangala” hiru aldiz errepikatu ondoren, kantua politagoa geratuko zela leloari “tzankalon” hitza erantsiz gero. Eta froga egitea erabaki zuen: —Tzingili-tzangala, tzingili-tzangala, tzingilitzangala, tzankalon! —kantatu zuen Anttonek. Bat-batean, isilik geratu ziren sorginak. —Nork esan du hori? —galdetu zuten—. Nork esan du tzankalon? Anttonek sastraka artetik irten eta eskua altxa zuen. —Nik... —esan zuen beldurtuta. —Eta nor zara zu? —galdetu zioten sorginek. —Antton... Antton naiz. Orduan, oso pozik jarri ziren sorginak eta eskerrak eman zizkioten. —Eskerrik asko, Antton, mila esker. Oso belarri fina daukazu musikarako —esan zion sorgin batek. —Bai horixe! Horrela askoz ere politagoa da gure kantua —esan zuen beste batek. —Sari bat merezi du —hirugarren batek. —Bai, bai, sari bat merezi du —errepikatu zuten denek. Eta, orduan, kantari hasi ziren sorgin guztiak: Ai, Antton, zelemon, tzingili-tzangala, tzankalon, konkor hori kon-kon, kendu, fuera, dringilindron! Eta hitz horiek esan ahala, Anttonen konkorra desagertu zen. Konkorrik gabe, oso planta ederreko mutila zen Antton. Gero, sorginek poltsa bat diruz beteta eman zioten. Anttonek eskerrak eman zizkien eta etxera joan zen pozak txoratzen. Anaia Serafinek Antton konkorrik gabe ikusi zuenean, hasieran, ez zuen ezagutu ere egin. Baina Anttonek nor zen azaldu zionean, ero baten moduan hasi zen garrasika: —Nola egin duzu hori? Nola kendu duzu konkorra bizkar gainetik? Anttonek zer gertatu zitzaion esan zion, nola entzun zituen sorginak kantari eta hau eta bestea. Anttonek azalpen guztiak bukatu baino lehen, ziztu bizian abiatu zen Serafin basorantz sorginen bila. Basora iritsi zenean, sorginak kantuan entzun zituen. Orain lehen baino atseginagoa zen haien abestia. —Tzingili-tzangala, tzingili-tzangala, tzingilitzangala, tzankalon... —kantatzen zuten sorginek pozik. Serafinek lehenbailehen galdu nahi zuen bere konkor itsusi hura, eta ez zuen pentsatu kantuaren doinua nola hobetu. Korrika eta presaka, burura etorri zitzaion aurreneko gauza bota zuen ahots zakarzakarrarekin. —Tzingili-tzangala, konkorra kendu niri, eta hor konpon tzingili-tzangala eta tzangalon... Sorginak isildu egin ziren derrepente. Oso haserre zeuden, beren kantu polit hura norbaitek halako zabarkeriaz itsusitu zielako. —Nork esan ditu astakeria horiek? Nor izan da astazakila? Orduan, Serafinek eskua altxatu zuen lotsagabelotsagabe. —Ni, ni... ni izan naiz. Serafin. —Zuk astabelarriak dituzu. Gure kantu polita guztiz zabartu diguzu —esan zion sorgin batek kopeta ilun-ilun jarrita. —Bai horixe! Horrela oso itsusia dirudi gure kantuak —esan zuen beste batek. —Zigor bat merezi du —hirugarren batek. —Bai, bai, zigor bat merezi du —errepikatu zuten denek batera. Eta, orduan, kantari hasi ziren sorgin guztiak: Ai, Serafin zinkurin Kantuan zangalatrin. Lehen konkor bat, dringilin, Eta orain bi, kin-kuran-kin! Eta hitz horiek esan ahala, sorginek Anttoni kendutako konkorra erantsi zioten Serafini. Orain bi konkor zituen bizkarrean. Serafin buru-makur eta lotsatuta iritsi zen etxera. Konturatu zen harroa izateagatik gertatu zitzaiola zoritxar hura. Benetan damututa zegoen, eta barkamena eskatu zion Anttoni. —Barkatu, Antton, oso harroa izan naiz, eta oso gaizki portatu naiz zurekin. Orain bi konkor ditut, eta inork ez nau maite izango..., ezta zeuk ere —esan zion burumakur. Antton anaiaz errukitu zen eta besarkada handi bat eman zion. —Nik beti maitatuko zaitut zu, Serafin. Antton eta Serafin lagun handiak izan ziren handik aurrera. Eta sorginek Anttoni emandako diruarekin oso ondo bizi izan ziren biak. Hori hala bazan, tzangalaza hala ez bazan, kalabaza sorginen buru-aza. LEHOIA ETA KILKERRA Kri, kri, kri... Horrelaxe aritzen zen uda garaian Txirritx kilkerra goizetik gauera kantari. Oso ongi abesten zuen. Goizero-goizero, eguzkiaren zain egoten zen, bere zulotxotik irten eta abesten hasteko. Baina inguru haietan lehoi indartsu eta basati bat ere bizi zen. Orromarru zuen izena. Egunero entzuten zituen kilkerraren abesti alaiak. Lehoia beti umore txarreko egoten zen. Orromarruri amorrua ematen zion Txirritx beti alai eta kantari ikusteak. Eta hauxe pentsatu zuen behin lehoi harroputzak: —Ez diot bakerik eman behar xomorro nazkagarri honi. Honela, kilkerra harri koskor baten gainean kantari ari zen batean, lehoiak krasss!, atzaparra bota zion. Harri koskorra txiki-txiki eginda eta kilker gaixoa lurrari erantsita geratu ziren. Lehoi basatiaren atzaparkada indartsuak gorputz osoa minberaturik utzi zion. —Hilko nintzela uste nuen! Baina zergatik egin dit niri hau lehoi handiputz horrek? —pentsatu zuen bere artean Txirritxek. Kilkerra, ahal zuen bezala, herrenka-herrenka, beste harri koskor batera igo zen. Eta esan zion Orromarruri: —Baina zer uste duzu zuk, kankailu horrek? Oihaneko errege deitzen dizutela eta edozer gauza egin dezakezula, ala? Ni txikia izango naiz, baina ikusiko duzu oraindik... Lehoia asko poztu zen Txirritx minez eta haserre ikustean. Eta esan zion kilkerrari harro baino harroago: —Zaude isilik, txepel hori! Ez al duzu ikusten nik behatz bat nahikoa dudala zu zanpaturik uzteko? Txirritx, ordea, txikia izan arren, ez zen batere beldurtia, oso ausarta baizik. Eta ez zen isilik geratu lehoi handi-mandiaren aurrean. Honela esan zion: —Harroputz kankailua! Badakit zu handia zarela eta ni txikia. Baina nire lagunak hemen baleude... Ikusiko zenuke orduan... Hala ere, Orromarru lehoiak harropuzkeriak esaten jarraitu zuen: —Baina zer ari zara esaten? Zure lagun guztiak ostiko batekin ilargiraino botako nituzke nik! Eztabaida handia izan zuten Orromarruk eta Txirritxek. Eta, azkenean, erabaki bat hartu zuten biek: borroka handi bat egingo zutela lehoiaren lagunek eta kilkerraren lagunek. Eta bakoitza bere lagunen bila joan zen. Horrela, hartzak, tigreak, elefanteak, otsoak, katamotzak, azeriak, basurdeak... eta oihaneko animalia handi guztiek lehoiari jarraitu zioten. Orromarruren alde borroka egiteko prest zeuden. —Hankapean txikituko ditugu inguru honetako xomorro guztiak! —esaten zuten. Kilkerraren lagunak txikiagoak ziren: erleak, liztorrak, arkakusoak, zorriak, euliak, eltxoak... eta beste animaliatxo asko eta asko. Denak txikiak ziren, baina ziztatzaile onak, eztentxo zorrotz-zorrotzekin. —Ez izan beldurrik! Asko gara eta erraz irabaziko diegu —esaten zuten. Iritsi zen borrokarako eguna eta ordua. Bi taldeak elkarrengana hurbiltzen ari ziren. Hastera zihoan handien eta txikien arteko borrokaldia. Txirritxek etengabe animatzen zituen bere lagunak behin eta berriz hauxe esanez: —Bat, bi eta hiru! Zizt eta txist, bizkar, hanka eta buru. Eta denak gauza bera errepikatzen hasi ziren azkenerako: “Bat, bi eta hiru! Zizt eta txist...”. Orromarru lehoia ere ez zegoen isilik egoteko asmotan. Orroka eta marruka animatzen zituen bere lagunak: —Aurrera lagunak! Nire atzeko ezkerreko hankako behatz txikia baino txikiagoak dira xomorro hegalari horiek. Zorroztu atzaparrak eta hortzak. Bat, bi eta... hamar! Horrela hasi zen oihanean txikien eta handien arteko borroka. Kilkerraren taldekoak milaka eta milaka ziren eta ez zieten bakerik ematen lehoien taldekoei zizta eta zizta. Lehoiaren taldekoak, ordea, alferrik zebiltzan atzaparka eta hozka. Ezin zituzten animalia txiki hegalari haiek harrapatu. Ihes egiten zuten. —Hau azkura! Hau begiko mina! Sudurra odoldurik daukat. Eta gorputz guztiko azkura, gorputz guztiko azkura... —eta horrelako gauzak esaten zituzten lehoiaren taldekoek. Orromarru lehoia eta haren taldekoak eztenkadaz, odolez eta beltzunez beterik zeuden. Handik hurbil zegoen ibai batera joan behar izan zuten denek beren gorputza uretan garbitzera, freskatzera eta sendatzera. Txirritxek eta haren lagunek atzetik jarraitu zieten, uraren ertzeraino, oihaneko lau hankako animalia handiei. —Hemendik aurrera, bakean uzten ez bagaituzue, gauza bera gertatuko zaizue berriro ere! —esaten zien Txirritxek. Handik aurrera, kilkerra eta haren lagunak lasaiago bizi izan omen ziren. Ez omen zuten gehiago animalia handien beldurrik izan. Eta batzuek esaten dute, gainera, azkenean, Orromarru lehoia eta Txirritx kilkerra lagun egin zirela. Hala bazen, ez bazen gu behintzat beti lagunak izan gaitezen. HANSEL ETA GRETEL Behin batean, ba omen ziren Hansel eta Gretel izeneko bi neba-arreba, aitarekin eta amaordearekin etxe zahar batean bizi zirenak. Oso behartsuak ziren, eta, gehienetan, ez zuten zer janik izaten. Amaordea oso gaiztoa zen; ez zituen haurrak batere maite, eta etxetik bota nahi zituen nola edo hala. Behin, hala esan zion aitari: –Etxe honetan ez dago zer janik. Begira Hanseli eta Greteli, gero eta argalago daude. Etxean geratzen badira, goseak hilko dira. –Hala da, baina…, zer egin dezaket nik? –esan zuen aitak etsita. –Bihar mendira eramango ditugu. Beharbada, norbaitek aurkitu eta zainduko ditu –esan zuen amaordeak. Aitak ez zuen horrelakorik egin nahi, baina amaordeak ez zion bakerik ematen; ume haiek etxetik alde egiten ez bazuten, denak gosez hilko zirela esaten zion. Aitak amore eman zuen azkenean. –Arrazoi duzu. Etxean goseak hilko dira. Mendian, berriz, biziko dira agian. Hanselek eta Gretelek dena entzun zuten aldameneko gelatik. Gretel negarrez hasi zen triste-triste. Hansel oso mutiko ausarta zen, eta hala esan zion arrebari: –Ez negarrik egin, Gretel. Plan bat bururatu zait. Zatoz nirekin. Eta kanpora irten eta harri koskor txuri-txuriak bildu zituzten. Hurrengo goizean, aitak eta amaordeak mendira eraman zituzten haurrak. Hanselek eta Gretelek, aldian behin, harri koskorrak botatzen zituzten bidean. Urrutiko mendi batera iritsi ziren. Orduan, amaordeak esan zien: –Aita eta biok egur bila goaz. Zuek geratu hemen jolasean; gero etorriko gara zuen bila. Hori esan eta joan egin ziren. Udaberria zenez, Hansel eta Gretel loreak biltzen eta txori-habien bila ibili ziren denbora pasatzeko. Baina inor ez zen agertu. Ilundu egin zuen, eta haurrak bakar-bakarrik zeuden mendian. Hala ere, ilargi betea zegoen, eta ondo ikusten zen gauean. –Zer egingo dugu orain? –esan zuen Gretelek beldurtuta. –Ez larritu, Gretel. Bidean bota ditugun harri koskorrei jarraituz-jarraituz, etxeraino iritsiko gara. Eta halaxe egin zuten. Goizalderako etxean ziren berriro. Aita oso pozik jarri zen bere umeak ikustean. Amaordea, berriz, haserretu egin zen, baina ez zuen ezer esan. Hansel eta Gretel etxean geratu ziren. Baina igaro ziren aste batzuk, eta gero eta miseria handiagoa zegoen etxean. Orduan, amaordeak hala esan zion aitari: –Etxe honetan ez dago zer janik. Umeak etxean geratzen badira, goseak hilko dira, eta gu ere bai. –Eta zer nahi duzu egitea? –erantzun zion aitak etsita. –Zuk inoiz ez dakizu zer egin, baina nik bai. Bihar ogi puska bat eman, eta urrutiko mendi batera eramango ditugu. Hanselek eta Gretelek dena entzun zuten oraingoan ere. Hurrengo goizean, amaordeak hala esan zien haurrei: –Tori ogi zati hau, eta goazen; mendira joan behar dugu. Eta mendirantz abiatu ziren tipi-tapa. Hansel pixka bat atzerago zihoan, eta tartean-tartean ogi-apurrak botatzen zituen, gero bueltakoan bidea aurkitzeko. Mendira iritsi zirenean, amaordeak hala esan zien haurrei: –Aita eta biok egur bila goaz. Zuek geratu hemen jolasean, berehala etorriko gara-eta. Baina ez ziren etorri. Gau hartan ez zegoen ilargi betea eta ez zen ezer ikusten. Beraz, Hanselek eta Gretelek mendian lo egin zuten. Eguna zabaldu zuenean, ogi-apurren bila hasi ziren etxera itzultzeko. Baina ez zituzten aurkitu, txoriek ogi-apur guztiak jan zituztelako. Egun osoa galduta ibili ziren. Ilunabarrean, baso batera iritsi ziren eta etxe baten argia ikusi zuten. Basoko etxera hurbildu zirenean, zur eta lur geratu ziren. –Hansel, etxe hau txokolatezkoa da! –esan zuen Gretelek harrituta. Eta nola goseak zeuden, txokolatezko horma zati bat jaten hasi ziren mauka-mauka. Orduan, atso itsusi bat irten zen txokolatezko etxetik. –Hara, hara! Gose handia duzue, e? –esan zien–. Sartu, sartu barrura eta afari goxo-goxoa emango dizuet. Hansel eta Gretel etxe barrura sartu ziren. Baina, orduan, atsoak Hanseli besotik heldu eta bultzada batez kaiola handi batean sartu zuen. Gero atea itxi zuen, braum! –Ja, ja, ja! Zuri nahi adina janari emango dizut, bai! Eta potolo-potolo jartzen zarenean, patata frijituekin jango zaitut. Atso hura sorgin gaizto bat zen. Oso modu xelebrean hasi zen hizketan bat-batean. –Zinkili-zankala, mutiko hau da hezur eta azala, bere arreba honek gizendu dezala –esan zuen sorginak. Gretel beldurrak dardarka zegoen bazter batean. –Zinkuran-zinkarin, ez al duzu entzun, kaskarin? –esan zion zakar-zakar sorginak–. Hasi afaria prestatzen berehala! Zure neba gizendu behar duzu. Sorginak janari asko prestatzera behartzen zuen Gretel; baina dena Hanselentzat zen, sorginak mutila gizengizen egin eta jan egin nahi zuelako. Greteli, berriz, eltzeko hondarrak bakarrik ematen zizkion. Goizero, sorgina Hanselengana joan eta eskuko hatz lodia erakusteko esaten zion, zenbat gizendu zen ikusteko. –Zinkuri-zinkira, erakutsi hatz lodia. Hansel, ordea, konturatuta zegoen sorginak ez zuela oso ondo ikusten, eta amarrua egiten zion: hatzaren ordez, oilasko hezur bat erakusten zion. Sorginak oilasko hezur mehe hura ukitzen zuenean, haserre esaten zuen: –Zinkili-zinkulu, jan eta jan egiten duzu, baina ez zara batere gizendu. Eta orduan errieta egiten zion Greteli, betiko leloa errepikatuz. –Zinkili-zankala, mutiko hau da hezur eta azala, bere arreba honek gizendu dezala. Eta janari gehiago eta gehiago prestatzera behartzen zuen Gretel gaixoa. Behin, ordea, sorgina nazkatu zen zain egoteaz eta, gizen edo argal, Hansel egun hartan bertan jatea erabaki zuen. –Zinkili-zinkalau, sardina bakalau! Gaur bertan jango zaitut, ri-rau! Eta Greteli zakar-zakar esan zion: –Zinkuran-zinkarin, piztu labea arin, neska kaskarin! Gaur bertan jan behar dut zure neba hori. Gretelek labea piztu zuen. Sorgina hurbildu zen labera, eta orduan, braust!, Gretelek bere indar guztiarekin bultzatu zuen sorgina labe barrura. Eta hantxe erre zen sorgin gaizto hura. Gero, Gretelek kaiolako atea zabaldu zion nebari. Hartu zituzten sorginak etxean zituen diru guztiak eta ihes egin zuten handik. Aintzira batera heldu ziren. Orduan, ahate erraldoi bat agertu zitzaien, eta esan zien: –Kuak, kuak! Jarri nire gainean, eta nahi duzuen tokira eramango zaituztet. Haurrek etxera eramateko eskatu zioten ahateari. Ahatearen gainean hegan zihoazela, basoak eta zelaiak loretan ikusi zituzten. –Ua! Zein ederra den udaberria! –esan zuen Gretelek. Etxera iritsi zirenean, eskerrak eman zizkioten ahateari. –Kuak, kuak! Ez horregatik! –erantzun zien ahateak. Neba-arrebak etxera sartu ziren. Amaordea hilik zen ordurako, baina aita pozak txoratzen jarri zen semealabak ikusi zituenean. Hanselek eta Gretelek, sorginari ostutako diruari esker, etxe hartan ez zuten inoiz gehiago goserik pasatu. Eta handik aurrera, oso pozik eta zoriontsu bizi izan ziren. SASI GUZTIEN GAINETIK Behin batean, mendi arteko herrixka batean, Maren izeneko neskato bat bizi zen. Inguru haietan sorgin asko bizi izan ziren garai batean, eta oraindik ere aurki zitezkeen haien arrasto batzuk. Amonak sorginei buruzko ipuin asko kontatzen zizkion Mareni, eta maiz eramaten zuen arratsalde-pasa haiek bizi izandako kobazuloetara. Mareni asko gustatzen zitzaizkion sorginen kontuak, eta berak ere sorgin izan nahi zuela erabaki zuen. –Amona, nik ere sorginek bezala hegan egin nahi dut. –Horretarako, sorgina izan behar da, eta hori ez da hain erraza... Sorgin izateko kontu hura buruan jira eta buelta zerabilen Marenek. Sorginen ipuinak arretaz begiratzen zituen; haien hizkera, haien janzkera, haien ibilera... Behin, erabaki bat hartu zuen: ipuinetan ikusten zituen sorginen tresnak erosiko zituen. Hala, bera ere sorgin egingo zen. Horretarako, ordea, dirua behar zuen. Itsulapikoa hartu eta puskatzen hasi zen: –Zertan ari zara, Maren? —galdetu zion amak. –Ikusten duzu, itsulapikoa puskatzen. –Eta zertarako? jakin badaiteke? –Sorgin-erratza erosi nahi dut. Amak ez zion ezer esan. Azken batean, Marenen dirua zen itsulapikoan zegoena, eta batek nahi duena egiten du bere diruarekin. Maren, dirua poltsikoan sartu, eta supermerkatura abiatu zen. Supermerkatua handia zen, eta pasilloetan erratzen bila erdi galdurik zebilela, saltzaile bat inguratu zitzaion: –Zeren bila zabiltza, neskato? –Erratz baten bila. –Eta? Nolako erratza nahi duzu? –Dendan daukazun ederrena. Hegan egiteko da. –Barkatu, baina guk ez dugu erratz hegalaririk saltzen! –Ez kezkatu horregatik. Zuk emadazu daukazun erratzik ederrena! Neskato hura txantxetan ari zela pentsatu zuen saltzaileak, baina, beste bezero bat inguratu zitzaion, eta arreta harengan jarri zuen. Mareni erratza azkarazkar eman eta beste bezeroagana joan zen saltzailea, barrez-barrez. Maren poz-pozik zegoen bere erratzarekin. Etxera itzuli bezain laster, hartu zuen erratza hanken artean eta terrazara atera zen. Salto txikiak ematen hasi zen, baina ezin hegan egin. Hura ikusita, amak harriturik galdetu zion: –Zertan ari zara, Maren? –Erratza erosi dut eta hegan egin nahi nuke. Baina ezin dut. –Ondo pentsatu, Maren. Sorgina izatea ez da erraza. Hala ere... ez al zaizu beste zerbait falta? –Zerbait falta? Erratza badut… Amatxok arrazoi zuen. Zerbait falta zuen. Sorginak kapela jantzita ibiltzen dira beti. Eta berak ez zuen kapelarik. Kapela erostera joan beharko zuen. Dirua poltsikoan sartu, eta dendara abiatu zen. Kapela gehiegi zegoen denda hartan: mendira joatekoak, hondartzarako kapelak, lastozkoak, oihalezkoak… Baina ez zuen inon sorginen kapelarik ikusten. Dendaria inguratu zitzaion eta esan zion: –Zeren bila zabiltza, neskato? –Kapela baten bila nabil. –Denda egokira etorri zara kapela erostera. Eta nolakoa nahi duzu? –Sorginen kapela nahi dut. Hegan egiteko da. –Guk ez dugu sorginen kapelarik. –Ez kezkatu. Emadazu punta zorrotza duen kapelarik ederrena, eta moldatuko naiz! Neskato hark burutazio xelebreak zituela pentsatu zuen dendariak, baina bezeroak zain zeuzkanez, Mareni kobratu eta bere lanean jarraitu zuen. Etxera itzuli zenean, erratza hanken artean hartu, kapela jantzi eta terrazara atera zen. Salto txikiak ematen hasi zen, baina ez zen hegan hasten. Amatxok esan zion: –Zer gertatzen zaizu, Maren? –Erratza badut, kapela ere erosi dut eta hegan egin beharko nuke. Baina ezin dut! –Ondo pentsatu, Maren. Sorgina izateko ez al zaizu beste zerbait falta? –Beste zerbait? Erratza badut, kapela ere badut… Amatxok arrazoi zuen. Zerbait falta zuen. Hegan egin aurretik, sorginek liburu magikoa irakurtzen zuten beti. Eta berak ez zuen halako libururik. Sorginen liburu magikoa erostera joan behar zuen. Dirua poltsikoan sartu, eta liburu-dendara abiatu zen. Era guztietako liburuak zeuden denda hartan, ipuinak eta eleberriak, eskolarako liburuak eta komikiak, baina ez zuen han sorginen libururik ikusten. Dendaria inguratu zitzaion eta galdetu zion: –Zeren bila zabiltza, neskato? –Liburu baten bila. –Liburuak erosteko denda egokira etorri zara. Eta nolakoa nahi duzu? –Sorginen liburu magiko bat nahi dut. –Badaude sorginei buruzko liburu batzuk, baina ez dut uste magikoak direnik. –Ez du axola. Zuk emadazu horietako bat eta moldatuko naiz. Liburua ordaindu eta, pozaren pozez, hegan egiteko behar zuen guztia bazuela pentsatuz, etxera itzuli zen Maren. Erratza hanken artean hartu, kapela jantzi buruan eta liburua eskuetan zuela, balkoira joan zen. Salto txikiak ematen hasi zen, baina ezin hegan egin. Amatxok esan zion: –Zer gertatzen zaizu, Maren? –Erratza badut, kapela eta liburu magikoa ere bai, eta hegan egin beharko nuke. Baina ezin dut! Zer falta zait, ama? –Ondo pentsatu, Maren. Sorginek ez al dute zerbait esaten hegan hasi aurretik? –Ah, bai! Hitz magikoak! –Hala da, Maren! Hegan egiteko, hitz magikoak behar dituzu. –Erratz gainean, banoa hegan!… Kaka zaharra! Horiek ez dira benetako hitz magikoak! Liburuan begiratu zuen, baina ez zuen hegan egiteko hitz magikorik aurkitu. Izan ere, dendariak esan zion bezala, liburu hura ez zen benetako sorginen liburua. Eta ondo pentsatuta, erratza ere ez zen sorginen erratza, ezta kapela ere sorginen kapela. Inozo hutsa izan zen pentsatzean tresna horiek erabiliz hegan egingo zuela! Guztiz atsekabetuta zegoen Maren. Eta ganbarara igotzea pentsatu zuen. Traste zaharrez beteta zegoen ganbara. Leiho azpian, kutxa zahar bat ikusi zuen. Zer egongo ote zen han barruan? –Ama, Ama! Aurkitu ditut! Aurkitu ditut! —oihu egin zion Marenek. Amak, eskaileretara inguratuta, erantzun zion: –Zer diozu? Zer aurkitu duzu? –Hemen daude sorginen tramankulu guztiak. Baita sorginen liburu magikoa ere! –Amona txikia zenekoak izango dira! –Amonarenak? Sorgina al da ba? –Baietz egingo nuke! Marenek kutxako erratza, kapela, eta liburua hartu zituen. Liburua ireki eta hitz magikoak aurkitu zituen. Balkoira irten eta: Sasi guztien gainetik, hodei guztien azpitik… Klik! Hitz horiek esan, eta hara non hegan hasi zen Maren erratzaren gainean! Hasieran, kosta egin zitzaion zuzen mantentzea, baina poliki-poliki ikasiz joan zen. Lainoetara inguratzen ari zela, beste sorgin hegalari bat ikusi zuen. Eta nor izango eta… –Baina Maren, zer egiten duzu hemen? –Kaixo, amona! Ni ere sorgina naiz! Hegan egin dezaket! –Ganbarako kutxan aurkitu al dituzu nire txikitako jantziak? –Bai. Eta baita liburu magikoa ere. Erakutsiko al didazu itzulipurdiak ematen? –Nola ez ba, ilobatxo maitea. Jarri eskuak horrela eta hankekin… Amona eta bilobak elkarrekin joan ziren hegan. JON ZIKINEN ANAIA Behin batean, bazen Jon izeneko mutil narrats bat. Beti zikin-zikin ibiltzen zen eta, horregatik, Jon Zikin deitzen zioten guztiek. Jon Zikinek ez zuen koilara edo sardexka erabiltzen jateko, hatzak platerean sartu eta mauka-mauka jaten zuen ume txiki-txikiek bezala. –Faborez, Jon, ez itzazu makarroiak hatzekin jan. Erabil ezazu sardexka –esaten zion amak. –Jo, ama! Hatzekin janda goxoago dira makarroiak –erantzuten zion Jon Zikinek. Kalera irteten zenean, topatzen zituen putzu guztietan sartzen zen Jon Zikin, eta hantxe ibiltzen zen lokatzetan plasta-plasta jolasean. Eta, noski, zapatak eta arropa lokatzez zikin-zikin eginda etxeratzen zen. –Non ibili zara, Jon! –egiten zion errieta amak hain zikin ikusita. –Putzuetan jolasean, ama! –erantzuten zion Jon Zikinek. –Ea, erantzi arropa horiek eta sartu baineran –esaten zion orduan amak haserre samar. –Ez, ama, bainerara ez, bainerara ez… –erantzuten zion negarrez Jon Zikinek. Izan ere, ura ez zitzaion batere gustatzen, eta xaboiak izua ematen zion–. Urak busti egiten du, ama, eta xaboiak begiak erretzen dizkit. Horrela ibiltzen zen beti Jon Zikin, batzuetan zikin eta besteetan zikinago. Behin, bere gelan zegoen Jon Zikin. Narrats eta hankaz gora zeukan gela, beti bezala: liburuak lurrean botata, paperak han eta hemen sakabanatuta, jostailu guztiak puskatuta, paretak zirriborroz margotuta… Orduan, Maitagarria sartu zen Jon Zikinen gelara, eta haserre esan zion: –Baina, baina… zer da hau? Tira, tira, nik gela hau txukundu egin behar dut, eta, bitartean, zu zoaz lorategira zure anaiarekin jolastera. –Nik ez dut anaiarik eta… –esan zion Jon Zikinek harrituta. –Bai, baduzu. Eta oraindik ez badakizu nor den, lasai, berak azkar asko ezagutuko zaitu-eta. Tira, zoaz –esan zion Maitagarriak. Jon Zikin joan zen lorategira eta lokatzetan jolasean hasi zen. Handik pixka batera, katagorri bat azaldu zen adarrez adar saltoka, eta hortzekin kris-kris-kris eginez, Jon Zikini begira jarri zen. –Kaixo, katagorria. Zu al zara nire anaia? –galdetu zion Jon Zikinek. Katagorria haserretu egin zitzaion orduan. –Ni zure anaia? Ezta pentsatu ere! Nik ilea garbia eta txukun-txukuna dut. Eta zu zikina eta narratsa zara –esan zion katagorriak, eta saltoka alde egin zuen handik. Geroxeago, txori txiki bat etorri zen hegan. Eta txio-txio txorrotxio eginez, Jon Zikini begira jarri zen. –Kaixo, txoria. Zu al zara nire anaia? –galdetu zion Jon Zikinek. –Ni zure anaia? Ezta pentsatu ere! –esan zion haserre txori txikiak–. Begira zein garbi eta txukun ditudan nik lumak. Zu, berriz, zikinzikin zaude. Eta hori esan ondoren, hegan joan zen txoria. Handik pixka batera, katu dotore bat azaldu zen. Etxeko teilatura igo eta miau-miau eginez, Jon Zikini begira geratu zen. –Kaixo, katua! Zu al zara nire anaia? –galdetu zion Jon Zikinek. –Ni zure anaia? Ezta pentsatu ere! –esan zion haserre katuak–. Ni txukuna eta apaina naiz, egunero garbitzen dut neure burua. Zu, berriz, ez zara inoiz garbitzen. Zorritsu halakoa! Eta hori esanda, lasterka alde egin zuen handik. Jon Zikinek jolasean jarraitu zuen lokatzetan. Halako batean, txerri bat azaldu zen kurrinka. Eta lokatzetan eseri zen Jon Zikinen ondoan, kurrinkurrin eginez. Jon Zikinek ez zion ezer esan eta, bizkarra emanez, beste aldera begiratu zuen. Baina txerria hizketan hasi zitzaion: –Kurrin-kurrin! Egun on, anaia! –esan zion txerriak. –Ni ez naiz zure anaia! –erantzun zion petral-petral Jon Zikinek. Txerriak barre egin eta hala esan zion Jon Zikini: –Kurrin-kurrin! Bai horixe! Zuk zer uste duzu, nik ez ditudala neure familiakoak ezagutzen, ala? –Gezurra! Gezurra! –esan zion Jon Zikinek. –Kurrin-kurrin! Txerrioi asko gustatzen zaigu lokatzetan zikin-zikin ibiltzea. Zu ere lokatzetan zaude zikin-zikin eginda. Beraz, ni txerria baldin banaiz, zu ere txerria zara. Ea, egin kurrin-kurrin nik bezala. –Ez, ez eta ez! Nik ez dut txerria izan nahi, ez dut txerria izan nahi –esan zuen negarrez Jon Zikinek. Eta lokatzetatik irten eta etxera joan zen korrika. Bere gelara sartu zenean, Maitagarriak txukun-txukun utzi zuela ikusi zuen. –Begira zein txukun eta garbi utzi dizudan gela, Jon –esan zion Maitagarriak. Jon Zikinek ez zion ezer erantzun, negarrez jarraitzen zuen. Orduan, Maitagarriak esan zion: –Zergatik egiten duzu negar, Jon? Ez al zaizu gustatu zure anaia? –Txerria ez da nire anaia! Ni ez naiz txerria! Ni ez naiz txerria! –erantzun zion negarrez Jon Zikinek. Maitagarriak laztan egin zion Joni goxo-goxo. –Hori zure esku dago, Jon. Zeuk aukeratu: zer nahiago duzu, orain arte bezala zikina izan eta txerriarekin joan ala nirekin etorri garbia izaten ikastera? –Zurekin joan! Zurekin joan! Nik ez dut txerria izan nahi! Ez dut kurrin-kurrin egin nahi! –esan zion Jonek. Eta, hala, Jon Zikin Maitagarriarekin joan zen, eta garbia izaten ikasi zuen. Handik aurrera, garbi eta txukun-txukun ibili zen Jon, eta inork ez zion gehiago Jon Zikin deitu. Hau hala bazan ez bazan, sartu zeure buruko kalabazan.