GULLIVER LILIPUTEN Behin bazen Gulliver izeneko bidaiari bat. Egun batean, itsasontzi handi batean sartu zen bere lagunekin eta urrutiko herrialde batera abiatu zen. Egun asko pasatu ziren, eta Gulliverren itsasontzia kostaldetik urrun zegoen. Orduan, itsasoa oso haserre jarri zen eta itsasontzia hondoratu egin zen. Gulliverrek itsasora salto egin zuen, eta uretan zegoela bere lagunen bila hasi zen: –E, lagunak! Non zaudete? E, lagunak! Inork ez zion erantzun. Ito egin ote ziren bere lagunak? Salbamenduko txalupetan sartu eta salbatu ote ziren? Nork daki! Gulliver bakarrik zegoen itsasoan eta ez zekien zer egin. Beraz, igerian hasi zen. Denbora luzean egin zuen igeri eta asko nekatu zen. Ez zuen indarrik igerian jarraitzeko eta itoko zela pentsatu zuen etsita. Baina, orduan, uharte bat ikusi zuen eta, azkeneko indarrak ateraz, haraino joan zen. Hondartza batera iritsi zen eta, leher eginda zegoenez, lo geratu zen berehala. Esnatu zenean, zerbait gertatzen zitzaiola konturatu zen. –Ezin naiz mugitu! –esan zuen izututa. Halaxe zen; hankak, besoak eta gorputz osoa sokaz lotuta zituen. Azkura sentitu zuen gorputzean. –Inurriak! Inurriak ditut gorputz osoan! –pentsatu zuen. Baina ez ziren inurriak, gizaki txiki-txiki batzuk ziren. Gulliver indarka hasi zen bere burua askatzeko, baina milaka gizaki txiki zituen inguruan, eta jostorratzen tamainako geziak botatzen zizkioten. –Ai, ai, ai! Min ematen didazuela! –kexatu zen Gulliver. –Ba, geldi-geldi egon –agindu zion gizaki txiki haietako batek. –Hori, hori, egon geldi-geldi –errepikatu zuen beste batek. Gero, beste gizaki txiki bat egurrezko aldamio batera igo zen eta garrasika hitz egin zion: –Aizu, gizon handi-mandi! Entzun ongi! –Hori, hori, entzun ongi, gizon handi-mandi! –errepikatu zuten milaka ahotsek batera. Hitz egiteko modu xelebrea zuten gizaki txiki haiek. Batek esandakoa guztiek errepikatzen zuten. Erregeak hizketan jarraitu zuen: –Hau Liliput da eta ni naiz hemengo erregea. Askatzea nahi baduzu, gure laguna izan behar duzu. –Hori, hori, gure laguna izan behar duzu, askatzea nahi baduzu –errepikatu zuten berriro milaka ahotsek batera. Erregea haserretzen hasi zen. –Ez ezazue errepikatu nik esandako guztia, kontxo! Eta denak isildu egin ziren. Erregeak hitza hartu zuen berriro. –Gure laguna ez bazara, lotuta utziko zaitugu eta piztiek jango zaituzte. –Hori, hori, piztiek jango zaituzte... –hasi ziren berriro milaka ahotsak. Gulliverrek ezin zuen gehiago, erotu beharrean zegoen ahots haien burrundarekin. –Ondo da, ondo da! Zuen laguna izango naiz, baina ez errepikatu erregeak esandako guztia, erotu egingo naizeta bestela –erregutu zien. Gizaki txiki haiek askatu egin zuten azkenean, eta Gulliverrek jatekoa eta edatekoa eskatu zizkien, oso gosetuta zegoelako. –Bai, ekarriko dizugu asetzeko adina –esan zuen erregeak. –Hori, hori, asetzeko adina ekarriko dizugu –errepikatu zuten milaka ahotsek batera. Liliputen dena zen txiki-txikia eta horregatik gurdietan ekarri zizkioten janaria eta upel ardoak. Eta Gulliverrek gizaki txiki haiek eraman zioten guztia jan zuen. –Aizu, baina kontuz ibili gu zapaldu gabe, e! –esan zion gero erregeak. –Hori, hori, gu zapaldu gabe ibili kontuz –errepikatu zuten denek batera. –Bai, kontuz ibiliko naiz eta ibiliko naiz kontuz zuek zapaldu gabe –esan zuen Gulliverrek. Bera ere Liliputeko biztanle txikiak bezala hitz egiten hasi zen konturatu gabe. Gero, erregeak esan zion: –Aizu, mesede bat eskatu behar dizugu. Gu gerran gaude aurreko uhartekoekin eta zuk lagunduz gero, erraz irabaziko genuke. –Hori, hori, erraz irabaziko genuke gerra, zuk lagund... –hasi ziren berriro denak batera. –Ondo da, ondo da. Lagunduko dizuet, baina isildu zaitezte, mesedez –esan zien Gulliverrek eskuak belarrietara eramanez. Hala, aurreko uharteraino igeri joan zen Gulliver. Hango biztanleak ere liliputarrak bezain txikiak ziren eta ikaratu egin ziren Gulliver ikusi zutenean. –Ai, ama! Erraldoi bat! Erraldoi-jigante bat! –egin zuen garrasi batek. –Hona datorrela! Hona datorrela! Ai, ene! Egin dezagun ihes! –beste batek. Eta denek korrika ihes egin zuten izututa. Gulliverrek liliputarren etsaien armak hartu eta itsasora bota zituen. Gero, hartu hango txalupa guztiak eta Liliputera eraman zituen. Liliputarrek pozik eta bibaka hartu zuten Gulliver. –Gerra irabazi dugu! –esan zuen erregeak pozik–. Biba Gulliver! Gora Gulliver! –Irabazi dugu gerra! Gulliver gora! Gulliver biba! –entzun zen milaka ahotsen oihartzuna. Gulliver, ordea, ez zegoen konforme, ezetz esaten zuen buruarekin behin eta berriro, ezetz eta ezetz. –Ez, ez duzue gerra irabazi! Bakea irabazi duzue; orain bakean bizitzeko aukera duzue. Hitza eman behar didazue hemendik aurrera ez duzuela gerra gehiago egingo eta bakean biziko zaretela. Eta liliputarrek baietz esan zioten, handik aurrera bakean biziko zirela. Gero, esker onez, txalupa handi-handi bat egin zioten liliputar guztien artean eta jan-edariz goraino bete zuten. Erregeak agur hitzak esan zizkion: –Agur, laguna! Liliput beti egongo da zorretan zurekin. Denak isil du ziren. Oraingo honetan inork ez zituen errepikatu erregearen hitzak, denak oso triste baitzeuden Gulliver bazihoalako. –Eskerrik asko! –esan zien Gulliverrek–. Eskerrik asko guztiarengatik. Beti gogoratuko naiz zuetaz. Agur, eta ondo bizi. Eta hori esanez, arraunean hasi zen Gulliver eta Liliputetik urrundu zen. Hala bazan edo ez bazan... ARTZAIN GEZURTIA Mendi arteko herrixka batean, zuhaitzetatik eroritako hostoak haizearekin jolasean zebiltzan. Udazkena zen. Soro eta zelaietan, lan eta lan ari ziren baserritarrak. Intxaurrak, gaztainak, sagarrak eta babarrunak biltzeko garaia zen. Baserritarren gonak eta txapelak ere airean zebiltzan. –Haizeak eramango gaitu! –esaten zioten elkarri. –Ni behintzat ez nau haizeak berehala eramango. Ja, ja, ja... –esan zuen baserritar gizen batek. Han goiko mendian, Inaxio artzaina zebilen ardiak zaintzen. Garai haietan otsoak ere orain baino ugariago ziren eta kalte handiak egiten zituzten artaldeetan. Dena dela, artzain hura oso asperturik zegoen egun hartan, eta han beheko baserritarrei adarra jotzea pentsatu zuen. Baita gezur bat pentsatu ere horretarako. –Otsoa datorrela, otsoaaaa! Lagundu! Zatozte azkar! Ardi guztiak jango dizkit bestela etaaa... –deitu zien Inaxiok behean lanean ari ziren baserritarrei, bi eskuekin ahoa inguratuz. Baserritar haiek, makilak eta sardeak eskuetan zituztela, han joan ziren mendian gora korrika artzainari laguntzera. Baina ardiak lasai-lasai larrean zebiltzan, han ez zuen inork otsorik ikusi. Eta baserritarrak lanera joan ziren berriro. Handik egun batzuetara, Inaxio gezurtiak broma bera egin zien han beheko soro eta zelaietan lanean zebiltzan andre-gizonei: –Aizue, entzun! Otsoa sartu da artaldean. Zatozte azkar laguntzera, bestela batere ardirik gabe geratuko naiz. Etorri, mesedez, azkaaar... Bigarren aldiz ere baserritarrek sinetsi egin zioten artzainari eta mihia kanpoan zutela heldu ziren ardiak eta artzaina zeuden lekura. Baina, batzuk etzanda eta besteak larrean, oso lasai zeuden ardiak. Han ez zen otsorik ageri. Inaxio artzain lotsagabeak, berriz, barre egiten zuen lurrean etzanda: –Ja, ja, ja… Sinetsi egin duzue! Inuxente! Inuxente! Zakurraren buztana tente! –Lotsagabe galanta haiz hi, baina ez gaituk gehiago engainatuko. Alferrik ibiliko haiz. Hor konpon heure ardi, otso eta gezurrekin –erantzun zioten. Baserritarrak, haserre bizian, marmarka jaitsi ziren beren soro eta zelaietara, eta lanean jarraitu zuten. Baina handik egun batzuetara, ilunabarrean, Inaxio artzaina, ardiak jetzi ondoren, gazta egiten ari zen. Eta, bat-batean, ardi guztiak orroka eta zalapartaka hasi ziren. Artzainak utzi zion gazta egiteari, irten zen txabolatik kanpora eta hor non ikusten duen otsoa ardi artean. Bi eskuez ahoa inguratu eta han behean lanean zebiltzan baserritarrei deika eta deiadarka hasi zen orduan, estu eta larri: –Otsoa! Otsoa! Otsoa etorri dela! Oraingoan egia da. Etorri, mesedez! Baserritarrek begiratu zioten artzainari beheko soro eta zelaietatik, eta lanean jarraitu zuten. Ez zioten jaramonik egin Inaxio gezurtiari. Otsoak ardiak akabatzen zituen bitartean, artzainak negar egiten zuen bere txabolako atean. Lagun ona da txakurra eta lagun txarra gezurra! OLENTZEROREN OPARIA Garai batean, etxe guztietan sua egiteko ikatza erabiltzen zenean, Olentzero oso lanpetuta ibiltzen zen. Ikatza egiteko zuhaitzak aizkoraz moztu behar izaten zituen, garai hartan ez baitzegoen motozerrarik. Gero, egurrak txukun-txukun pilatuz, txondorra prestatu behar zen, su eman eta zaindu. Ikatza egindakoan, zakuetan sartu, astoa kargatu eta herrira jaitsi behar izaten zuen, etxez etxe ikatza banatzera. Hortik datorkio Olentzerori urtero etxez etxe gauzak banatzen ibiltzeko ohitura. Urte batean, elurte handia egin zuen eta astoa hoztu eta gaixotu egin zitzaion Olentzerori. Egoera ez zen txantxetakoa: bera nekatuta, astoa gaixo eta mendia erabat elurtuta. –Zer egin dezaket orain? –galdetzen zion bere buruari–. Ezin naiz herrira jaitsi, eta herritarrek ikatza beharbeharrezkoa dute! Herritarrak ere oso kezkatuta zeuden. –Zer gertatu ote zaio Olentzerori? –galdetzen zuten batzuek. –Harritzekoa da! –esaten zuten besteek. –Hau hotza! Izoztu egingo gara hemen –esaten zuten haurrek. –Tripontzi hori orain ere jaten ariko da, suaren ondoan bero-bero! –beste petralipurdi batzuek. Joxepantoniren semea ere, Olentzeroren astoa bezala, oso gaixorik zegoen. Sukar handia zeukan eta hotzikaraz dar-dar egiten zuen. Eta, gainera, ikatzik gabe, ezin zuten etxea berotu. –Ama! Hotz handia daukat! Noiz jaitsiko da Olentzero menditik? –galdetzen zuen mutikoak. –Aita! Ez al dago ikatzik? Hotzak eta goseak nago! –zioen anaiak. –Agian, Olentzerok arazoren bat izango du, laguntza beharko du! –esan zuen Maddalenek, Joxe arotzaren alaba txikienak. –Agian bai! –erantzun zion alkateak. Okinak ere, ogia egiteko, ikatza behar-beharrezkoa zuen. Horregatik zegoen kezkaturik. Baina pixka batean pentsatzen egon ondoren, esan zuen: –Ez al da onena izango mendira joan eta Olentzerori zer gertatzen zaion ikustea? –Eta nor dago prest Olentzero bizi den basora joateko? –galdetu zuen ogia jateko desiratzen zegoen mutiko batek. –Neu joango naiz! –esan zuen Joxe arotzak–. Egur bila askotan joaten naiz eta ezagutzen ditut inguru haiek. Gainera, Olentzero nire laguna da. –Zuuu-reee-kin noooa, aaaita! –esan zion Maddalenek hotzez dardarka. Joxe eta alaba Maddalen Olentzerorengana joateko prestatu ziren. Mendian gora, belaunetaraino sartzen zitzaizkien elurretan hankak. Aita eta alaba leher eginda heldu ziren txabola baten ondora. Olentzeroren txabola zen. Sartu ziren barrura arotza eta alaba, eta han aurkitu zuten Olentzero eserita, burumakur eta serio. –Zer gertatzen zaizu, Olentzero? Zergatik ez zara herrira jaitsi? Denok hotzak akabatzen gaude! Ezin dugu janaririk prestatu! Behar-beharrezkoa dugu ikatza sua egiteko! Astoa gaixotu zitzaiola eta horregatik ez zuela ikatza banatzera jaisterik izan kontatu zien Olentzerok. Arotza eta alaba arazoa nola konpondu pentsatzen hasi ziren. Honela hitz egin zion alabak aitari: –Aita! Eta sendabelarrekin ibiltzen den Ariztizabaleko amonari deitzen badiogu? Hark jakingo du astoa nola sendatu. –Zeeeer? –esan zuen Olentzerok, pipatik kea zeriola–. Atso zahar horri deitu? Nahiago dut astorik gabe gelditu! Atso zahar malapartatu hori! Beti zelatan dabilkit! Eta, gainera, ikatz txarra eramaten diodala esaten dit beti! Zeken halakoa! –Baina oso sendalari ona da, gurekin behintzat oso ondo portatzen da –esan zion arotzak. –Beno, beno, astoa sendatzeko bada… dei iezaiozue nahi baduzue –esan zuen azkenean Olentzerok. Etorri zen Ariztizabaleko Maria, atera zituen elur azpitik belar batzuk tiraka, eta haiekin astoaren burua baino handiagoko kataplasma bat egin zuen. Astoari burua eta lepoa inguratu zizkion eta handik pixka batera arrantzaka hasi zen. –Kontxo! Ari da-eta espabilatzen! –esan zuen Olentzerok. Eta berehala, astoa beti bezain osasuntsu altxa zenean, esan zion Olentzerok Mariari: –Barka ezazu, Maria, zuregatik gaizki hitz egin baitut. Baina eskerrak eman beharrean nago. Ez nuen uste hain sendalari ona zinenik. –Zaude lasai, gizona! Baina niregana lehenago etorri izan bazina, herriko haurrak eta helduak ez ziren hotzak akabatzen egongo. –Bai, arrazoi duzu, batzuetan kaskagogor samarra naiz… eta herritarrekin zorretan nagoela iruditzen zait –esan zuen suminduta. Eta ba al dakizue zer bururatu zitzaion Olentzerori bere zorra ordaintzeko eta herritarrak pozik uzteko? Bere zakuak jostailuz eta opariz betetzea herriko haurrei banatzeko. Herrira jaitsi zen, ba, eta hain beharrezkoa zen ikatza eta opariak banatu zituen etxez etxe. Hura poza herriko haur eta heldu guztiena! Nolako opari eta jostailu politak ekarri zizkien Olentzerok gau hartan! Eta, eskerrak emateko asmoz, kalera irten ziren guztiak aho batez kantatzera: Horra, horra, gure Olentzero! Pipa hortzetan duela eserita dago... Olentzerok goiko menditik entzun zituen herritarren kantak eta poz-pozik jarri zen. Hotz egiten zuen, baina zerua oskarbi zegoen. –Begira! Han goian ikusten den argitxo hura ez al da Olentzeroren txabolakoa? –galdetu zuen Maddalenek. Gure abestia entzuten ariko da! Geroztik, goi mendiko ikazkina urtero-urtero jaisten da gure etxeetara eta, asko maite gaituela adierazteko, opariak uzten dizkigu etxean goxo-goxo lo gauden bitartean. Eta gaizki portatzen denari, ikatza. Horregatik irteten gara Gabon bezperan herritarrok kalera Olentzerori kantatzera. Eta dagoen mendian dagoela, denok ozen eta batera kantatu ezkero, berak ederki entzuten digu. Olentzero, Olentzero! Etorri jostailuekin urtero-urtero!