MAKILAKIXKI Munduan asko bezala, baserri batean gizon zahar bat bizi zen. Gizon hark hiru seme zituen: Aritz, Mikel eta Beñat. Oso behartsuak ziren, eta Aritz, seniderik zaharrena, lan bila joan zen. Baserri batean morroi hartu zuten urte beterako. Oso mutil langilea zen, eta Batix nagusia pozik geratu zen harekin. Urtea iragan zenean, etxera joan aurretik, asto bat oparitu zion nagusiak morroiari. Eta honela esan zion: –Asto hau ez da besteak bezalakoa. “Egizak urrea!” esanez gero, urrea egiten du. Pozik hartu zuen etxerako bidea Aritzek. Bere aitari eta senideei erakutsi behar zien astoak urrea nola egiten zuen. Egun osoa bidean pasa zuen Aritzek eta gauean ostatu batean sartu zen afaltzera eta lo egitera. Ohera joan baino lehen, Aritzek esan zion Benantxio ostalariari: –Ez esan, mesedez, nire astoari “egizu urrea”. –Ez, ez, lasai egon. Nik ez diot ezer esango –erantzun zion ostalariak. Baina Benantxiok, Aritz ohera joan zenean, “egizak urrea” esan zion astoari. Eta astoak kaka piloaren ordez urre piloa egin zuen. Eta pentsatu zuen orduan Benantxio ostalariak: “Neuretzat hartuko dut asto hau eta diru asko irabaziko dut. Honen ordez etxeko asto zaharra utziko diot lo dagoen mutil gazteari”. Eta horixe egin zuen ostatuko nagusi maltzurrak. Urrea egiten zuen astoaren ordez bere asto zaharra utzi zion Aritzi. Hurrengo goizean, Aritz esnatu zen, eta aurpegia garbitu eta gosaldu ondoren, etxera joan zen Benantxioren asto zaharra hartuta. Etxean sartu orduko, oihuka hasi zen: –Aita, Mikel, Beñat! Urrea egiten duen astoa ekarri dut! –Urrea egiten duen astoa? Bai? Nola? –galdetu zuen Mikelek. Denek ikusi nahi zuten egia zen ala ez. Lurrean maindire bat jarri zuten, eta esan zion Aritzek astoari: –Egizak urrea! Mila aldiz urrea egiteko esan arren, han ez zen urrerik azaldu. Kaka pila galanta bai. Maindirea zikin-zikin eginda geratu zen. Handik laster, bigarren semea, Mikel, joan zen urte beterako Batixen baserrira morroi. Lan asko egin zuen eta nagusia oso pozik geratu zen harekin. Horregatik, Batixek, mahai bat oparitu zion Mikeli etxera joan baino lehen. Eta esan zion: –Mahai hau ez da besteak bezalakoa. “Jarri bazkaria!”, esaten badiozu, bazkaria prestatuko dizu, eta “Jarri afaria!”, esaten badiozu, afaria prestatuko dizu. Agur eta eskerrik asko Batixi esan ondoren, pozaren pozez abiatu zen Mikel etxerako bidean mahaia bizkarrean hartuta. Baina etxerako bidea luzea zen eta Benantxioren ostatuan geratu zen Mikel gaua pasatzen, bere anaia Aritz urte bete lehenago geratu zen ostatu berean. Mikelek esan zion Benantxio ostalariari: –Ez esan, mesedez, mahai honi “Jarri afaria!”. Baina ostalariak, Mikel ohera joan zenean, afaria jartzeko esan zion mahaiari. Eta izugarrizko jan piloa azaldu zen mahai gainean. Eta pentsatu zuen orduan ostalariak: –Nik diru asko irabaziko dut mahai honekin. Hau neuretzat hartu eta sukaldekoa jarriko dut honen ordez. Hurrengo goizean mahaia bizkarrean hartu eta azkar-azkar joan zen etxera Mikel. –Begira, begira, nolako mahaia ekarri dudan! Elkartu ziren aita eta haren hiru semeak mahaiaren inguruan eta esan zion Mikelek: –Jarri bazkaria! Baina alferrik. Behin eta berriz bazkaria jartzeko esan arren, mahaiaren gainean ez zen ezer azaldu. Eta, azkenik, Beñat joan zen Batisen baserrira urte beterako morroi. Beste anaiek bezala, Beñatek ere lan asko egiten zuen. Goizean goiz jaikitzen zen eta egun osoan ez zen lanean gelditu ere egiten: behientzat belarra ebaki, menditik egurra ekarri, soroak aitzurtu… Nagusia oso pozik zegoen Beñatekin. Horregatik, urte bete pasa ondoren, esan zion Batisek: –Zure anaia zaharrenari astoa oparitu nion, erdikoari mahaia, eta zuri ere zerbait eman beharko dizut. Tori, hartu makila hau. Baina oso berezia zen makila hura. Bere aurrean “MAKILAKIXKI” esanez gero, joka hasten zen bazter guztiak txikitu beharrean. Beñatek nagusiari eskerrak eman eta etxerako bidea hartu zuen. Baina etxerako bidea luzea zen, eta Benantxioren ostatuan geratu zen gaua pasatzen. –Gabon! –esan zion Beñati astoa eta mahaia lapurtu zituen gizonak. –Baita zuri ere –erantzun zion Beñatek–. Ba al dago lo egiteko lekurik? –Bai, gizona, bai! Jar zaitez mahaian eta afaria emango dizut lehenengo. Afal ondoren, ohera joan baino lehenago, esan zion Beñatek ostalariari: –Makila hau hemen utziko dut bihar goizera arte. Baina ez iezaiozu, mesedez, “Makilakixki” esan. –Ez, ez. Ez diot esango. Zoaz lasai lotara. Beñat ohera joan zenean, ordea, Benantxio makilaren ondora hurbildu eta esan zion jakin-minez: “MAKILAKIXKI”. Orduan makila, bera bakarrik, ostalaria jotzen hasi zen. Zirt eta zart, dinbi-danba, ez zen gelditu ere egiten. Benantxio han zebilen, zinbulu eta zanbulu, balantzaka, ia lurrera erorian. Oihuka eta garrasika, Beñati deitzen zion: –Ai, ai, ai… Jaitsi zaitez behera, mesedez, eta gelditu ezazu makila madarikatu hau. Azkar! Ez al didazu entzuten? Ai, ai ai… Azkar etorri! Hezur guztiak txikituko dizkit bestela makila madarikatu honek. Ai, ai, ai… Ohetik jaiki, arropak jantzi eta behera jaitsi zen Beñat. Ikusi zuen nola zebilen bere makila miresgarria dinbi eta danba gelditu ere egin gabe, eta esan zion ostalariari: –Ez dut makilarik geldituko nire bi anaiei lapurtu zenizkien gauzak ematen ez badizkidazu. Eta orduan, makila, ostalaria jotzeaz gain, inguruan harrapatzen zituen gauza guztiak txikitzen hasi zen: basoak, platerak, mahaiak... –Ai, ai, ai... Lapurtutako guztia itzuliko dizut, baina gelditu ezazu, faborez eta mesedez, makila madarikatu hori... Eta, orduan, Beñatek, “KIXKIMAKILA!” esan eta sorgindutako makila gelditu egin zuen. Hurrengo goizean, gosaldu ondoren, astoa, mahaia eta makila hartu zituen Beñatek, eta oso pozik joan zen etxera astoa aurretik zuela. –Etorri hona denok! Begira zer ekarri dudan Benantxioren ostatutik! Aita eta hiru senideak begiak zabal-zabal eginda geratu ziren, astoari, mahaiari eta makilari begira. Aritzek esan zion astoari: “Egizu urrea!”. Mikelek esan zion mahaiari: “Jarri afaria!”. Baina Beñatek ez zion ezer esan makila magikoari. Bestela... Zaku handi bat urrez bete eta, gero, bapo afaldu zuten laurek. Eta, handik aurrera, oso zoriontsu bizi izan ziren denak. Hala bazen, ez bazen, makila, behintzat, ez dadila hasi bazter guztiak txikitzen. AHATETXO ITSUSIA Behin batean, ahate bat bere habiaren gainean eserita zegoen. Habian arrautzak zituen eta egun batzuk bazeramatzan haiek berotzen. Azkenean, arrautzak pitzatzen eta irekitzen hasi ziren banan-banan. –Kuak, kuak! –esaten zien amak ahatetxoei. –Kuak, kuak! –erantzuten zioten ahatetxoek. Ama ahatea habiatik altxatu zenean, arrautza bat ez zela kraskatu ikusi zuen. Harriturik zegoen: arrautza hura besteak baino handiagoa eta gogorragoa zen. Halako batean, arrautza handi hura puskatu eta ahatekume bat jaio zen. –Bai handia eta itsusia dela! –esan zuen ahate amak. Izan ere, azkena jaio zen ahatetxo hura ez zen besteak bezalakoa: handiagoa eta baldarragoa zen eta besteak baino askoz ere itsusiagoa. Jaio eta segituan, ahate amak aintzirara eraman zituen bere ahatetxoak. –Kuak, kuak! Egin igeri, egin igeri denok! –esaten zien amak. Ama oso harro zegoen bere ahatetxoekin. Baina aintzirara ura edatera hurbiltzen ziren animalia guztiek barre egiten zioten ahatetxo itsusiari. –Nondik atera da ahatetxo itsusi hori? –esan zuen oilo batek. –Hauxe gauza zatarra eta baldarra! –burla egin zion aker adar oker batek. Eta animalia batzuek adarka, besteek mokoka eta beste batzuek muturka ekiten zioten ahate itsusiari, erdi txantxetan erdi serio. Amak haren alde egiten zuen beti, baina ahate itsusia gero eta tristeago zegoen. –Kuak, kuak! Denek jo eta burla egiten didate! Kuak, kuak! Oso itsusia naizelako! –esaten zuen negarrez ahate itsusiak. Beste ahatekumeek ere burla egiten zioten, hain handi eta itsusi ikusten zutelako. Egoera gero eta okerrerago zihoan. Horregatik, egun batean ahate itsusiak alde egitea erabaki zuen. –Kuak, kuak! Hemen inork ez nau maite. Hobe dut beste norabait joatea. Kuak, kuak! Agian aurkituko dut lagunen bat non edo non. Hala, bide luzean ibili ondoren, beste aintzira batera heldu zen. Ahate basati batzuk zeuden han. Ahatetxoak haien lagun egin nahi izan zuen. –Kuak, kuak! Kaixo! –esan zien. –Kuak, kuak! Hau da ahatetxo itsusia! –esan zuen ahate basati batek. –Eta baldarrontzia! Juak, juak! –burla egin zion barrez beste batek. Ahatetxoa burumakur zegoen triste-triste. Orduan, tiro hotsak entzun ziren: PUM! PUM! PUM! Ahate basatiek hegoak astindu zituzten izuturik, eta gehienek ihes egin zuten. Batzuk, ordea, hilda geratu ziren ur gainean. Ahatetxo itsusia azkar-azkar ezkutatu zen belar handi batzuen artean. Bere ezkutalekutik ehiztari batzuk ikusi zituen beren eskopeta eta zakur izugarriekin. –Ai, kuak! Ai, kuak-kuak! Ez nazatela ikusi! –esan zuen ahatetxo itsusiak beldurturik. Zorionez, ehiztariek eta zakurrek ez zuten ikusi eta alde egin zuten. Ahatetxoa bere ezkutalekutik irten eta handik urrundu zen bizi-bizi. Halako batean, haizea indarrez hasi zen jotzen. Ahatetxo itsusia ia ezin zen ibili ere egin. Orduan, etxe bat ikusi zuen. –Kuak, kuak! Kaixo! –esan zuen ahatetxoak, atea bultza eta barrura sartuz. Etxekoandrea bakarrik bizi zen eta ondo hartu zuen ahatetxo itsusia. –Ez zara oso polita, baina saia zaitez aldian behin arrautzaren bat edo beste jartzen eta ederki biziko gara biok –esan zion. Baina eguna joan eta eguna etorri, ahatetxo itsusiak ez zuen arrautzarik erruten. Andreak, ahatetxoak ez zuela arrautzarik egiten ikusi zuenean, hala esan zuen: –Ahatetxo itsusi honek ez daki arrautzarik egiten. Neguan hil eta jan egingo dut. Ahatetxoak, ordea, entzun egin zion. Beldurtuta, leihotik salto egin eta ihes egin zuen handik. Udazkena zen eta eguraldia hozten hasita zegoen. Ahatetxoak hegazti eder batzuk ikusi zituen zeruan hegan. Hegoalderantz zihoazen, lurralde epelagoen bila. –Kuak, kuak! Zein hegazti politak! Horiekin joaterik izango banu... Baina ez, txikiegia eta itsusiegia naiz –esan zuen bere artean. Negua heldu zen. Ahatetxoak ez zekien nora joan. Aintzira bat aurkitu zuen eta hantxe geratu zen. Baina gero eta hotz handiagoa egiten zuen. –Kuak, kuak! Ezin dut gehiago! Kuak, kuak! Hotzez hilko naiz. Baserritar bat pasatu zen handik eta ahatetxoa hotzez dardarka zegoela ikustean, hartaz errukitu eta etxera eraman zuen. Sutondoan jarri zuen ahatetxoa eta jaten eman zion. Hantxe igaro zuen ahatetxoak negu gorria. Baina baserritarraren seme-alabak oso bihurriak ziren, eta ez zioten bakerik ematen ahatetxoari. Horregatik, egun batean etxetik alde egitea pentsatu zuen. –Nik ezin dut gehiago ume hauekin. Banoa hemendik! Udaberria heldu zen. Ahatetxoa aintzira batean zebilen igeri. Halako batean, hegazti lepo luze eder batzuk zerutik jaisten ikusi zituen. –Zer hegazti ederrak! –esan zuen ahatetxoak miresmenez. Hegazti haiek zisneak ziren. Aintzirara jaitsi eta berarengana joan ziren irribarrez. Ahatetxoa lotsatuta zegoen eta burua makurtu zuen apaltasunez. Orduan, bere irudia ikusi zuen uretan. Eta hura miraria! Ez zuen ahate itsusi bat ikusi. Zisne eder bat ikusi zuen! –Zisne bat naiz! Zisne bat naiz! –esan zuen pozak zoratzen. Orain ez zuen kuak-kuak! egiten ahateek bezala. Zisne eder bat zen, eta azkenean bazituen lagunak. Zisneekin batera joan zen hegan, eta, handik aurrera, oso pozik eta zoriontsu bizi izan zen. Zer da itsusia? Bestea ezin ikusia! ZIRIPOT ETA MIEL OTXIN Behin batean, orain dela urte asko eta asko, Ziripot izeneko gizon bat bizi zen Lantz herrian. Gizon potolo-potoloa zen Ziripot. Ia ezin zuen ibili ere egin, hortik atera kontuak zein gizena eta makala zen. Baina gizon patxadatsua eta alaia zen Ziripot, eta denek maite zuten herrian. Hain gizena eta baldarra zenez, ez zen lanerako gauza. Baina gauza bat egiten zuen ondo Ziripotek: ipuinak kontatu. Ipuinen truke, herritarrek jatekoa eta edatekoa ematen zizkioten Ziripoti. –Tori, Ziripot, gaur gazta puska bat eta ogia ekarri dizkizut –esaten zion batek. –Eta nik pitxer bat ardo –beste batek. Beste batek haragi egosi pixka bat ekarriko zion, eta hurrengoak katilukada bat salda bero. Eta, orduan, Ziripotek ipuin polit bat kontatzen zien esker onez. Bake ederrean eta pozik bizi ziren denak Lantz herrian. Baina, egun batean, Miel Otxin izeneko erraldoi bat azaldu zen, eta harekin Zaldiko etorri zen, erdi gizon erdi zaldi zen izaki bat. Zakarra eta gaiztoa zen Miel Otxin, eta deabrua bera bezain bihurria Zaldiko. Etorri orduko, herritar guztiak bildu zituzten herriko plazan eta hala esan zien Miel Otxinek trumoia bezalako ahots beldurgarriaz: –Hemendik aurrera, guk aginduko dugu herri honetan. Eta entzun ongi guztiok! Zuetako bakoitzak zerbait ekarri beharko digu etxetik egunero-egunero, bestelaaa...! –egin zien mehatxu Miel Otxinek. Jendea marmarka hasi zen protesta eginez, baina Miel Otxinek isilarazi egin zituen berehala. –Ixo! Demonio kaikuak! Eta hobe duzue gure aginduak betetzea –esan zuen garrasika Miel Otxinek. Jende guztia beldurturik zegoen, eta Miel Otxinek agindutakoa betetzen hasi ziren guztiak. Miel Otxin eta Zaldiko plazaren erdian jartzen ziren egunero, eta herriko jendeak zerbait eramaten zien etxetik. Ziripot zen ezer eramaten ez zien bakarra, gaixoak ez baitzuen zer eramanik. Behin hala esan zion Miel Otxinek Ziripoti, petral-petral eginda: –Aizu, potolo, zatoz hona! Ziripot gizarajoa makal-makal hurbildu zen. –Zuk zergatik ez diguzu ezer ekartzen, e? –galdetu zion zakar-zakar Miel Otxinek. –Ezer ez duenak ezin ezer eman –erantzun zion Ziripotek. –Aizu, tontolo-potolo, gurekin txantxa gutxi gero! –egin zion garrasi Miel Otxinek. Zaldiko ere haserre zegoen eta, Ziripotengana joanda, ostiko bat eman zion bere zaldi-hanka haiekin. –Tori! Guri adarra jo nahi izateagatik! Ziripot gaixoa lurrera erori zen. Altxatzen saiatu zen, baina alferrik, baldarregia zen bere gorputz potolo hura mugitzeko. Bitartean, Miel Otxinek eta Zaldikok barre egiten zioten Ziripot gizarajoari. –Altxa zaitez lurretik, potolo-kokolo! –esaten zioten burlaka. Gaua etorri zen eta denak etxera bildu ziren. Miel Otxin eta Zaldiko ere lotara joan ziren. Herria hutsik zegoen. Ziripot gaixoa bakarrik geratu zen herriko plazan, lurretik altxa ezinik. Inork laguntzen ez bazion, han igaro beharko zuen gau osoa. Baina gauerdian, herriko jendea agertzen hasi zen isil-isilik. Zazpi gizonen artean zutik jarri zuten Ziripot. –Ez dago eskubiderik. Honek ezin du horrela segi –kexatu zen emakume bat. –Baina zer egin dezakegu guk? Oso ahulak gara Miel Otxin erraldoiari eta Zaldikori aurre egiteko –esan zuen gizon batek. Denak isilik geratu ziren. Orduan Ziripotek hitz egin zuen. –Erleak ere oso txikiak eta ahulak dira banan-banan hartuz gero. Baina erlauntzeko erle guztiek eraso eginez gero, nor ez da izutzen? Berehala ulertu zuten herrikoek Ziripotek adierazi nahi izan ziena. Beraiek ere erleak bezain ahulak ziren banan-banan hartuz gero. Baina denak elkartzen baziren, erraz menperatuko zituzten Miel Otxin eta Zaldiko. Etxera joan eta igitaiak, aitzurrak eta sardeak hartu zituzten. Eta gero Miel Otxin eta Zaldikoren bila joan ziren denak batera. Zaldikok, ordea, ihes egin zuen, zaldi hankekin erraz egiten baita korrika. Baina Miel Otxin erraldoia harrapatu egin zuten. Herritarrek damutzeko eta barkamena eskatzeko esan zioten Miel Otxini. Baina Miel Otxinek harroharro erantzun zien: –Ni damutzeko eta zuei barkamena eskatzeko? Ez horixe! Kakanarru halakoak! Ikusiko duzue, ikusiko duzue... –egin zien amenazu. Orduan, epaiketa egin zioten Miel Otxini herriko plazan, eta denek aho batez erabaki zuten erraldoia sutan erre behar zela. Eta halaxe egin zuten. Dena pasatu zenean, lasaitasuna itzuli zen berriro ere herrira. Ziripotek kontu zaharrak eta ipuinak kontatzen jarraitu zuen, eta berriro pozik eta zoriontsu bizi izan ziren Lantz herrian. Itxi dira ipuin honen egiak. Ongi pasa denok inauteriak! ERRALDOI BEREKOIA Behin batean, bazen herri txiki bat, jauregi eder bat zuena. Herri hartan ez zegoen plazarik eta ezta parkerik ere, eta kaleak oso estuak ziren. Horregatik, herri hartako haurrek ez zuten toki askorik jolasean ibiltzeko. Leku bakarra zuten herri osoan jolaserako aproposa: jauregiko lorategia edo zelaia. Jauregiko lorategian zelai eder bat zegoen, eta baita loreak eta zuhaitzak ere. Oso leku atsegina zen eta herriko haurrak hantxe ibiltzen ziren pozik saltoka, korrika eta lurrean zilipurdika. Jauregi hura eta aurreko zelaia, ordea, erraldoi batenak ziren. Behin, erraldoiak haurrak zelaian jolasean ikusi zituenean, builaka hasi zitzaien, haserre: –Zer arraio zabiltzate zuek hemen? Alde hemendik! Azkar! Bestelaaa... Oso berekoia zen erraldoi hura. Bai horixe! Ez zion uzten inori jauregi aurreko zelaira hurbiltzen. Hurrengo egunean, haurrak berriro joan ziren zelaira jolasera. Baina erraldoi berekoiak aurrekoan baino haserreago egin zien errieta. –Gaur ere bai? Alde egiteko hemendik! Berriro hemen ikusten bazaituztet, jataaa...! –egin zien mehatxu erraldoiak. Haurrak beldurtuta joan ziren handik. –Kaka-ume halakoak! Zerbait pentsatu beharko dut, bestela ez didate bakerik emango ume deabru horiek! –esan zuen erraldoi berekoiak. Hala, jauregi aurreko zelaia horma handi batez inguratzea pentsatu zuen. –Hemen ez da inor sartuko, ez horixe! Harresia bukatu zuenean, jauregiko atarian jarri zen kopeta ilun-ilunarekin zelaia zaintzen. –Norbait zelai barrura sartzen bada, igarriko dio! –zioen erraldoi berekoiak. Udaberria heldu zen. Belardiak lorez eta zuhaitzak hostoz jantzi ziren. Baina, hauxe gauza miragarria!, erraldoiaren zelaiak elurrez estalita jarraitzen zuen. Gainera, hotz handia egiten zuen han; bazirudien udaberriak ez zuela leku hartara sartu nahi. Eta ez hori bakarrik, jauregiko zelaian ez zen txori bakar baten kantua ere entzuten. –Zer sorginkeria da hau, ordea? Zergatik ez da iritsi udaberria nire zelaira? –esaten zuen erraldoiak harrituta eta triste samar. Egunak eta asteak joan ziren, eta erraldoia gero eta tristeago zegoen. Baina goiz batean txorien txorrotxio alaiak entzun zituen erraldoi berekoiak bere zelaian. –Hara! Zer gertatzen da orain? Harrigarria benetan! Zergatik hasi ote dira orain txoriak kantuan? –pentsatu zuen. Txori haiek pozik zeudelako kantatzen zuten. Baina zergatik ote zeuden hain alai? Bada, haurrak erraldoiaren zelaian sartu zirelako, horra! Haurrek zulo bat egin zuten harresi zatar hartan eta barrura sartu ziren denak. Beldurtu samar zeuden. Baina erraldoi berekoia alai zegoen txorien kantua entzunez. Konprenitu egin zuen haurrak zelaian sartu zirelako kantatzen zutela txoriek. Orduan haurrekin bakeak egitera joan nahi izan zuen. Haurrek, ordea, korrika ihes egin zuten beldurturik, erraldoi berekoia beraiengana zetorrela ikustean. –Badatorrela erraldoia, badatorrela! Goazen hemendik! Baina haur guztiak ez ziren joan. Haur txiki-txiki bat han geratu zen negarrez. Beldurrez dardarka zegoen eta ezin zen mugitu. Erraldoia errukitu egin zen haur txiki hura negarrez ikustean. –Zer duzu, txiki? –galdetu zion, eta eskuan hartu zuen kontuz-kontuz. –Ikaraturik nago. Denek esaten dute zu gaiztoa zarela eta, gainera, zeurekoia, den-dena zeuretzat nahi duzula. –A, bai! –esan zuen erraldoi berekoiak penaturik. Orain, erraldoi berekoia bakarrik sentitzen zen eta damututa zegoen haurrak bere zelaitik bidali zituelako. Orduan, haur txikiak esan zion: –Baina oker daude. Nik badakit zu gizon ona zarela –eta haurrak musu goxo-goxo bat eman zion erraldoiari lepotik helduta. Erraldoia negarrez hasi zen hunkiturik; malko lodilodiak irristatzen zitzaizkion masailetatik behera. –Barkatu. Hemendik aurrera ez naiz hain neurekoia izango eta zintzo portatuko naiz haurrekin. Eta orduan, bat-batean sartu zen udaberria hara: elurra urtu eta milaka koloretako lorez jantzi zen zelaia. Zuhaitzak ere hostoz apaindu ziren eta txoriek beren txorrotxioekin alaitu zuten lorategi eder hura. Erraldoia pozik zegoen eta haurrei deitu zien. –Etorri, etorri hona, mesedez, lagunak. Hemendik aurrera, zuena da zelai hau eta baita jauregi hau ere. Jolastu nahi adina. Eta uzten badidazue, ni ere zuekin jolastuko naiz. Haurrek baietz esan zioten. Orduan, harresi itsusi hura bota egin zuten, eta, handik aurrera, denak elkarrekin ibiltzen ziren jolasean, eta oso ondo pasatzen zuten. Hala bazan, ez bazan...