BABARRUN ALE MAGIKOAK Andoni izeneko mutiko bat baserrian bizi zen bere amarekin bakar-bakarrik. Ez zeukaten behi bat besterik. Oso behartsuak ziren. Behin, amak esan zion Andoniri: –Gastatu zaizkigu diru guztiak. Eta badakizu dirurik gabe ezin dela erosi, ez janaririk, ez jantzirik eta ez ezer. Zerbait egin beharrean gaude. –Zergatik ez dugu gure behi pintoa saltzen, ama? –galdetu zion semeak amari. –Bai, Andoni, neuk ere horixe pentsatu dut. Sal ezazu, ba, behia eta ea ekartzen duzun diru pixka bat etxera. Andoni bere behi pintoa sokatik zuela irten zen etxetik, eta bidean gizon batekin topo egin zuen. Eta harixe saldu zion behia. Baina gizonak ez zion dirurik eman, eskukada bat babarrun baizik. Andoni etxera joan zenean, eta amari nolako tratua egin zuen kontatu zionean, oso haserre jarri zen hura, eta gogor egin zion errieta: –Tontolapikoa, halakoa! Babarrun-ale zikin hauen truke saldu al duzu behia? Ez nuen uste hain seme inozoa neukanik! Ez diru eta ez behi geratu gara orain. Eta, amorru biziz, amak leihotik behera bota zituen semeak ekarritako babarrun aleak. Baina babarrun-ale haiek magikoak ziren. Erne eta zeruraino hazi ziren gauean. Eta hurrengo goizean, Andoni, babarrun-landare erraldoi haietan gora igo zen. Ordu asko iragan ondoren, gaztelu bat aurkitu zuen hodeien gainean. Gazteluko atean emakume bat zegoen, eta esan zion Andonik: –Ez zaitut ezagutzen, baina mesede bat eskatu behar dizut. Goseturik nago eta emadazu zerbait jateko. –Bai, mutiko. Emango ez dizut ba? Zatoz nirekin barrura! Emakume hura oso ona zen. Sukaldera eraman eta platerkada handi bat babarrun eman zion jateko Andoniri. Jaten ari zen bitartean, esan zion emakumeak: –Aizu, hau Erraldoi Handiaren etxea da. Eta hark hemen ikusten bazaitu, preso hartuko zaitu. Jaten duzunean, hemendik alde egitea duzu onena. Baina beranduegi zen handik alde egiteko. Orduantxe entzun ziren Erraldoi Handiaren pauso-hotsak. Sukaldera zetorren. Emakumeak, orduan, azkar eta presaka, labean ezkutatu zuen Andoni, Erraldoi Handiak ez ikusteko. Erraldoi Handia mahaian eseri zen eta hamar platerkada babarrun jan zituen. Gero, urrezko txanponez betetako poltsa bat hartu eta haiek kontatzen hasi zen. Baina dirua kontatzen ari zela, loak hartu zuen. Andoni labe zirriztotik begira zegoen, eta Erraldoi Handia lo zegoela ikusi zuen. Orduan, labetik irten, urrezko txanponez betetako poltsa hartu eta ihesi abiatu zen Andoni. Baina korrika eta presaka zihoala, muturrez aurrera erori zen. Diru hotsa entzutean, Erraldoi Handia esnatu egin zen eta Andoniri atzetik jarraitu zion. Baina laster jaitsi zen Andoni babarrun-landare haietatik behera. Gora begiratu eta lurretik ikusi zuen Andonik erraldoia nola zetorren goitik behera. Orduan, korrika etxean sartu, aizkora bat hartu eta, kris-kras, babarrun-landareak ebaki zituen. Erraldoi Handia, ziplo!, lurrera erori eta bertan lehertu zen. Andonik hartu zuen orduan diru-poltsa, joan zen amarengana eta esan zion: –Hara hemen nahiko diru, ama. Aurrerantzean ez da izango goserik gure etxean. Esaten dute, handik aurrera, Andoni eta bere ama oso zoriontsu bizi izan zirela. Hauxe ipuin beldurgarria, baina bukaera zoragarria! GALTXAGORRI LANGILEAK Munduan beste asko bezala, behin batean, Xixilio izeneko gizon behartsu bat bizi zen kostaldeko herri batean. Oso zorte txarra zuen Xixiliok. Egiten zuena egiten zuela gaizki ateratzen zitzaion. Behin mahasti bat jarri zuen, eta ekaitzak eta harriak dena hondatu zioten. Beste behin behi bat erosi zuen, baina gaixotu eta hil egin zitzaion. –Arraioa! Hau da bizitza petrala! –kexatzen zen Xixilio. Etsita zegoen Xixilio. Gero eta behartsuagoa zen eta ez zekien zer egin bere zorte txar hura gainetik kentzeko. –Arraioa! Hemen sorginkeriaren bat dago –esaten zuen. Egun batean atzera eta aurrera zebilen, zer egin pentsatuz. Eta konturatu gabe herritik kanpora zegoen baserri batera iritsi zen. Atso sorgin bat bizi zen han. –Arraioa! Hemengo sorginak zerbait argituko dit akaso. Atea kas-kas jo eta sorginak zabaldu zion atea. –Zungulutru, zer behar duzu? –esan zion sorginak. Orduan, Xixiliok zer gertatu zitzaion esan zion sorginari. –Zangalatra, patu txarra! Zengeletre galtxagorriek konponduko dute! Eta hala, “zangalatra eta zengeletre”ka zer egin behar zuen azaldu zion sorginak. Baionara joan behar zuela esan zion eta barruan lau galtxagorri zituen orratz-ontzi bat erosteko hango denda batean. –Zingilitri, barruan lau galtxagorri dituen orratz-ontzia erosi. Xixilio Baionara joan zen. Baina ezin zuen sorginak esandako denda aurkitu. Azkenean, ia etsita zegoenean, sartu zen denda batera eta: –Zungulutru, zer behar duzu? –galdetu zion dendariak. Hura entzun zuenean, pozik jarri zen Xixilio. Bilatzen zuen denda aurkitu zuela konturatu zen. Dendaria ere sorgina zen. Hala, barruan lau galtxagorri zituen orratzontzi bat eskatu zion dendariari. –Zongolotro, urrezko diru bat du balio –esan zion dendari sorginak. Xixiliok ordaindu zion urrezko dirua eta, orratz-ontzia hartuta, etxera joan zen pozik. Etxean orratz-ontzia zabaldu eta berehala atera ziren lau galtxagorriak. –Txitxirio-barbantzu, zer lan agintzen duzu? –galdetu zioten galtxagorriek. –Arraioa! Zoazte sorora eta erein garia –agindu zien Xixiliok. Galtxagorriak joan ziren sorora eta berehala erein zuten garia. –Txitxirio-barbantzu, zer lan agintzen duzu? –berriz ere galtxagorriek. –Arraioa! Baaa, zoazte teileriara, ekarri teila berriak eta konpondu etxeko teilatua –agindu zien Xixiliok. Eta bai azkar egin ere, di-da!, eta Xixilio konturatzerako berrituta zegoen teilatua. –Txitxirio-barbantzu, zer lan agintzen duzu? –ostera ere galtxagorriek. –Arraioa! Baaa, zoazte basora, inausi zuhaitzak eta adarren egurrarekin egin ezazue txabola bat. Joan ziren galtxagorriak basora, inausi zituzten zuhaitz adarrak eta egurrarekin txabola egin zuten amen jesus batean. –Txitxirio-barbantzu, zer lan agintzen duzu? –berriro galtxagorriek. Etxeko hormak konpontzeko, ur-putzu berri bat egiteko eta behiak jezteko agindu zien Xixiliok. Baina eguna bukatu baino lehen galtxagorriek eginak zituzten lan guztiak. –Txitxirio-barbantzu, zer lan agintzen duzu? –galdetu zioten berriro. –Arraioa! Baaa, baaa... –Xixilio estu eta larri zegoen–. Joan zaitezte errekara, har itzazue errekaharriak eta egizue zubi bat. Joan ziren galtxagorriak errekara, hartu zituzten harriak eta zubi bat egin zuten afal ordurako. –Txitxirio-barbantzu... –hasi ziren galtxagorriak ostera ere. –Bai, bai, bai! –eten zien pazientzia galduta Xixiliok–. Lana behar duzue, badakit. Baina ez dakit zer gehiago agindu. Lan guztiak eginak daude. Orduan, galtxagorriak oso urduri jarri ziren. –Txitxirio-barbantzu, txitxirio-barbantzu..., zer lan agintzen duzu? –zioten behin eta berriro. Xixiliori, ordea, ez zitzaion ezer bururatzen. Orduan galtxagorriek esan zuten: –Barbantzu-txitxirio, isilik dago Xixilio. Hori esan eta Xixiliok lehen agindutako guztia atzekoz aurrera egiten hasi ziren. Sorora joan eta gari haziak atera zituzten lurretik. Teilatura igo eta teila guztiak kendu zituzten. Txabola desegin, hango egurrak hartu, haiekin adarrak egin eta zuhaitzei erantsi zizkieten. –Arraioa! Baina, baina... zertan ari zarete? –galdetu zien haserre Xixiliok. –Barbantzu-txitxirio, isilik dago Xixilio –erantzun zioten galtxagorriek. Eta lan guztiak alderantziz egiten jarraitu zuten. Etxeko hormak puskatu zituzten. Eta ur-putzua hondarrez bete zuten. Eta behiei esnea sartu zieten berriro titietatik. Eta zubia desegin eta errekara bota zituzten harriak atzera. Bat-batean, ideia bat etorri zitzaion Xixiliori. –Aizue, aizue! Hartu bahe hau eta ekarri hemen errekako ura. Galtxagorriek hartu zuten bahea eta errekatik ura ekartzen saiatu ziren. Baina ezin, urak bahearen zuloetatik ihes egiten zuen-eta. Orduan, galtxagorriak joan ziren Xixiliorengana eta esan zioten: –Ezinezko lana agindu diguzu. Beraz, bagoaz hemendik eta ez gaituzu gehiago ikusiko. Eta galtxagorriak desagertu egin ziren. Lasaitu ederra hartu zuen Xixiliok. Pentsatu zuen hobe zela bere zorte txarrarekin jarraitzea, bizi osoan galtxagorri ipurterre haiei aginduak ematen jardutea baino. Gainera, zer arraio!, zorte txarra ere ez da izaten betiko. Hau hala bazen, ez bazen, Xixilio, behintzat, lasai asko geratu zen. San Joan bezperako gaua magikoa izan ohi da. Gau horretan maisu Joxe, ikasleen laguntzarekin, sutzarra egin nahian zebilen eskolako lorategian. Maisu Joxek eskuak poltsikoan sartu zituenean pospolorik ez zeukala ohartu zen. Zer egin jakin gabe, zozo-aurpegiz, Jurgeni begira gelditu zen: –Arraioak! Surik ez daukat eta. Nola piztu behar dut sua? Jurgenek esan zion: –Ederra kontua! Pospolorik gabe jai daukagu! Jurgen, ekaineko eguzkipean lanean arituta, izerdi patsetan zegoen. Ez zegoen ondo, beharbada. Kopeta itxuragabe ari zitzaion berotzen mutikoari, eta, egonezinez edo logurez, betazalak ixten ari zitzaizkion… Ustekabean, baso handi baten erdian azaldu zen Jurgen. Erabat harrituta zegoen. Nola agertu zen han? Basoan barrena zihoala, batera eta bestera begira, gizon handi iletsu batekin egin zuen topo. Esan zion Jurgenek: –Kaixo. Ni Jurgen naiz. Eta zu, nor zara? –Ni Basajaun naiz, inguruko izakirik jakintsuena. Oihan ilunetan bizitzea dut gogoko. –Basajaun jauna, horren jakintsua izanda, jakingo duzu nola egiten den sua, ez da hala? –Jakina badakidala nola egiten den sua! Jurgenek pentsatu zuen “gizon handikote honek argituko dit eskolako sua nola piztu”, eta esan zion Basajauni: –Sanjoanak ospatzeko sutzar bat egin nahi dugu, baina ez dakit nola piztu sua. Lagunduko al didazu? –Ez horixe! –Zergatik ez? –Gizakiak axolagabe batzuk zaretelako. Sua nola pizten den erakutsiko banizu, basoa erre zenezake, edo nire ile luze ederrak kiskali. Ez dizut erakutsiko! Eta sua nola pizten zen jakin gabe alde egin behar izan zuen Jurgenek. Ibilian-ibilian, kobazulo bat aurkitu zuen Jurgenek. Sartu zen han eta erraldoi itsusi handi-mandi bat ikusi zuen. Infernutik ateratakoa zirudien. Kopeta oso iluna zuen, eta erdi-erdian begi bakar bat, ia kopeta bera bezain handia. Jurgenek esan zion: –Kaixo. Ni Jurgen naiz. Zuk nola duzu izena? Munstroak erantzun zion: –Ni Tartalo naiz. Mingainarekin ezpainak busti zituen Tartalok. –Hurbil zaitez pixka bat. Ez zaitut ongi ikusten. Jurgen, badaezpada ere, ez zen asko hurbildu: ez zion munstro hari itxura onik hartzen. –San Joanak ospatzeko sutzar bat egin nahian gabiltza baina ez dakit nola piztu. Lagunduko al didazu? –esan zion. Berarengana hurbiltzeko keinua egin zion Tartalok eskuarekin. Esan zuen: –Bai, lagunduko dizut. Baina lehenik, zatoz nigana. –Ez –erantzun zion Jurgenek beldurtuta. –Zatoz hona edo ni joango naiz zuregana –esan zion Tartalok ahots beldurgarriarekin. Oraingoan erabat ikaratu zen Jurgen eta ihesi abiatu zen maldan behera, atzetik Tartalo gaiztoa zuela. –Harrapatuko zaitut! –esaten zuen–. Harrapatuko zaitut! Baina ez zuen harrapatu. Jurgenek korrika jarraitu zuen denbora luzez, eta kobazulotik urruti samar zegoen ibaiertz batean neskatxa batekin egin zuen topo. Oso ederra zen. Inoiz ikusitako politena. Oinak ibaian sartuta zituen eta urrezko orrazi batez ilea orrazten ari zen. –Kaixo. Ni Jurgen naiz. Nola duzu izena? –Ni Erreka Mari lamina naiz. Jurgenek irribarre egin zion. Pentsatu zuen: –Horrelako neska polit batek lagunduko dit, seguru. Jurgen seguru zegoen halako neska eder batek lagunduko ziola, eta honela esan zion: –San Joanak ospatzeko sutzar bat egin behar dugu baina ez dakit sua nola piztu. Lagunduko al didazu sua egiten? –galdetu zion laminari. –Ai, koittadua ni! Ezin dizut lagundu, oso bustita nago sua egiteko! Gainera, oso lanpetuta nabil nire ile ederra atontzen. Eta horrelaxe jarraitu behar dut, eder izateari ez diot utzi nahi eta. Beraz, handik ere surik gabe joan zen, kopetilun. Nazkatzen hasia zegoen Jurgen suaren kontu harekin. Sua egiten lagunduko zionik ez zuela aurkituko iruditzen zitzaion. Hala ere, ibiltzen jarraitu zuen eta, ustekabean, Anboto mendira iritsi zen. Han, leize antzeko batean, emakume dotore bat aurkitu zuen, pertz batean salda goxoa prestatzen. –Kaixo. Ni Jurgen naiz –esan zuen Jurgenek. –Eta ni Mari. Eser hadi hor. Salda goxoa hartuko diagu biok. Pasatutako guztiak pasatu ondoren, eskarmentatuta zegoen Jurgen, eta ez zen batere fidatzen. Pentsatu zuen: "Inork ez dit sua egiteko laguntzarik eskainiko. Neuk moldatu beharko dut nire kontura." Pertza berotzen ari zen sutan zotz luze bat ikusi zuen, garra zeriola, eta esan zion bere buruari: –Horrekin piztuko dut sanjoanetako sutzarra. Mari saldarentzat gatz bila joan zenean, zotz piztu hura hartu zuen Jurgenek. Baina Marik ikusi egin zuen, eta esan zion, haserre: –Zertan ari haiz? Lapurretan? –Sua behar dut sanjoanak ospatzeko –esan zion Jurgenek. –Sugar. Hator azkar –egin zuen deiadar Marik–. Lapur bat diagu hemen! Suzko suge bat azaldu zen leize-zulotik, eta Jurgeni hurbildu zitzaion… Suge hari ihes egin nahian zebilela, ahots bat entzun zuen: –Jurgen! Jurgen! Zer gertatu zaizu? Lo gelditu zara, ala? Zatoz atzerago edo aurpegia erre egingo zaizu… Maisu Joxe ari zitzaion deika. Gainerako ikasleak ere han zeuden. Eta denen aurrean, egundoko sutzarra! Azkenean lortu zuten sua egitea! Jurgenek pentsatu zuen: –Kaka zaharra! Lo gelditu naiz eta ez dut deus ere ikusi! Ametsetan hainbeste atzera eta aurrera egin ditut su bila eta, azkenean, ez dakit nork piztu duen benetako sua. Amorrarazita zegoen. Garrei begira gelditu zen, eta garren goiko ertzetik ziztu bizian suge itxurako sugar bat zerurantz zihoala ikusi zuen. Ingurukoek ez zioten erreparatu sugar hari, baina Jurgenek ongi ikusi zuen garren artetik sugar dotore hura zerurantz nola joan zen, hara eta hona mugituz, Jurgeni agur egingo balio bezala. Jurgenek irribarre egin zuen eta agur esan zion sugarrari. Ametsa izan, egia izan, sar dadila kalabazan eta...