GULLIVER LILIPUTEN Behin bazen Gulliver izeneko bidaiari bat. Egun batean, itsasontzi handi batean sartu zen bere lagunekin eta urrutiko herrialde batera abiatu zen. Egun asko pasatu ziren, eta Gulliverren itsasontzia kostaldetik urrun zegoen. Orduan, itsasoa oso haserre jarri zen eta itsasontzia hondoratu egin zen. Gulliverrek itsasora salto egin zuen, eta uretan zegoela bere lagunen bila hasi zen: –E, lagunak! Non zaudete? E, lagunak! Inork ez zion erantzun. Ito egin ote ziren bere lagunak? Salbamenduko txalupetan sartu eta salbatu ote ziren? Nork daki! Gulliver bakarrik zegoen itsasoan eta ez zekien zer egin. Beraz, igerian hasi zen. Denbora luzean egin zuen igeri eta asko nekatu zen. Ez zuen indarrik igerian jarraitzeko eta itoko zela pentsatu zuen etsita. Baina, orduan, uharte bat ikusi zuen eta, azkeneko indarrak ateraz, haraino joan zen. Hondartza batera iritsi zen eta, leher eginda zegoenez, lo geratu zen berehala. Esnatu zenean, zerbait gertatzen zitzaiola konturatu zen. –Ezin naiz mugitu! –esan zuen izututa. Halaxe zen; hankak, besoak eta gorputz osoa sokaz lotuta zituen. Azkura sentitu zuen gorputzean. –Inurriak! Inurriak ditut gorputz osoan! –pentsatu zuen. Baina ez ziren inurriak, gizaki txiki-txiki batzuk ziren. Gulliver indarka hasi zen bere burua askatzeko, baina milaka gizaki txiki zituen inguruan, eta jostorratzen tamainako geziak botatzen zizkioten. –Ai, ai, ai! Min ematen didazuela! –kexatu zen Gulliver. –Ba, geldi-geldi egon –agindu zion gizaki txiki haietako batek. –Hori, hori, egon geldi-geldi –errepikatu zuen beste batek. Gero, beste gizaki txiki bat egurrezko aldamio batera igo zen eta garrasika hitz egin zion: –Aizu, gizon handi-mandi! Entzun ongi! –Hori, hori, entzun ongi, gizon handi-mandi! –errepikatu zuten milaka ahotsek batera. Hitz egiteko modu xelebrea zuten gizaki txiki haiek. Batek esandakoa guztiek errepikatzen zuten. Erregeak hizketan jarraitu zuen: –Hau Liliput da eta ni naiz hemengo erregea. Askatzea nahi baduzu, gure laguna izan behar duzu. –Hori, hori, gure laguna izan behar duzu, askatzea nahi baduzu –errepikatu zuten berriro milaka ahotsek batera. Erregea haserretzen hasi zen. –Ez ezazue errepikatu nik esandako guztia, kontxo! Eta denak isildu egin ziren. Erregeak hitza hartu zuen berriro. –Gure laguna ez bazara, lotuta utziko zaitugu eta piztiek jango zaituzte. –Hori, hori, piztiek jango zaituzte... –hasi ziren berriro milaka ahotsak. Gulliverrek ezin zuen gehiago, erotu beharrean zegoen ahots haien burrundarekin. –Ondo da, ondo da! Zuen laguna izango naiz, baina ez errepikatu erregeak esandako guztia, erotu egingo naizeta bestela –erregutu zien. Gizaki txiki haiek askatu egin zuten azkenean, eta Gulliverrek jatekoa eta edatekoa eskatu zizkien, oso gosetuta zegoelako. –Bai, ekarriko dizugu asetzeko adina –esan zuen erregeak. –Hori, hori, asetzeko adina ekarriko dizugu –errepikatu zuten milaka ahotsek batera. Liliputen dena zen txiki-txikia eta horregatik gurdietan ekarri zizkioten janaria eta upel ardoak. Eta Gulliverrek gizaki txiki haiek eraman zioten guztia jan zuen. –Aizu, baina kontuz ibili gu zapaldu gabe, e! –esan zion gero erregeak. –Hori, hori, gu zapaldu gabe ibili kontuz –errepikatu zuten denek batera. –Bai, kontuz ibiliko naiz eta ibiliko naiz kontuz zuek zapaldu gabe –esan zuen Gulliverrek. Bera ere Liliputeko biztanle txikiak bezala hitz egiten hasi zen konturatu gabe. Gero, erregeak esan zion: –Aizu, mesede bat eskatu behar dizugu. Gu gerran gaude aurreko uhartekoekin eta zuk lagunduz gero, erraz irabaziko genuke. –Hori, hori, erraz irabaziko genuke gerra, zuk lagund... –hasi ziren berriro denak batera. –Ondo da, ondo da. Lagunduko dizuet, baina isildu zaitezte, mesedez –esan zien Gulliverrek eskuak belarrietara eramanez. Hala, aurreko uharteraino igeri joan zen Gulliver. Hango biztanleak ere liliputarrak bezain txikiak ziren eta ikaratu egin ziren Gulliver ikusi zutenean. –Ai, ama! Erraldoi bat! Erraldoi-jigante bat! –egin zuen garrasi batek. –Hona datorrela! Hona datorrela! Ai, ene! Egin dezagun ihes! –beste batek. Eta denek korrika ihes egin zuten izututa. Gulliverrek liliputarren etsaien armak hartu eta itsasora bota zituen. Gero, hartu hango txalupa guztiak eta Liliputera eraman zituen. Liliputarrek pozik eta bibaka hartu zuten Gulliver. –Gerra irabazi dugu! –esan zuen erregeak pozik–. Biba Gulliver! Gora Gulliver! –Irabazi dugu gerra! Gulliver gora! Gulliver biba! –entzun zen milaka ahotsen oihartzuna. Gulliver, ordea, ez zegoen konforme, ezetz esaten zuen buruarekin behin eta berriro, ezetz eta ezetz. –Ez, ez duzue gerra irabazi! Bakea irabazi duzue; orain bakean bizitzeko aukera duzue. Hitza eman behar didazue hemendik aurrera ez duzuela gerra gehiago egingo eta bakean biziko zaretela. Eta liliputarrek baietz esan zioten, handik aurrera bakean biziko zirela. Gero, esker onez, txalupa handi-handi bat egin zioten liliputar guztien artean eta jan-edariz goraino bete zuten. Erregeak agur hitzak esan zizkion: –Agur, laguna! Liliput beti egongo da zorretan zurekin. Denak isil du ziren. Oraingo honetan inork ez zituen errepikatu erregearen hitzak, denak oso triste baitzeuden Gulliver bazihoalako. –Eskerrik asko! –esan zien Gulliverrek–. Eskerrik asko guztiarengatik. Beti gogoratuko naiz zuetaz. Agur, eta ondo bizi. Eta hori esanez, arraunean hasi zen Gulliver eta Liliputetik urrundu zen. Hala bazan edo ez bazan... ARTZAIN GEZURTIA Mendi arteko herrixka batean, zuhaitzetatik eroritako hostoak haizearekin jolasean zebiltzan. Udazkena zen. Soro eta zelaietan, lan eta lan ari ziren baserritarrak. Intxaurrak, gaztainak, sagarrak eta babarrunak biltzeko garaia zen. Baserritarren gonak eta txapelak ere airean zebiltzan. –Haizeak eramango gaitu! –esaten zioten elkarri. –Ni behintzat ez nau haizeak berehala eramango. Ja, ja, ja... –esan zuen baserritar gizen batek. Han goiko mendian, Inaxio artzaina zebilen ardiak zaintzen. Garai haietan otsoak ere orain baino ugariago ziren eta kalte handiak egiten zituzten artaldeetan. Dena dela, artzain hura oso asperturik zegoen egun hartan, eta han beheko baserritarrei adarra jotzea pentsatu zuen. Baita gezur bat pentsatu ere horretarako. –Otsoa datorrela, otsoaaaa! Lagundu! Zatozte azkar! Ardi guztiak jango dizkit bestela etaaa... –deitu zien Inaxiok behean lanean ari ziren baserritarrei, bi eskuekin ahoa inguratuz. Baserritar haiek, makilak eta sardeak eskuetan zituztela, han joan ziren mendian gora korrika artzainari laguntzera. Baina ardiak lasai-lasai larrean zebiltzan, han ez zuen inork otsorik ikusi. Eta baserritarrak lanera joan ziren berriro. Handik egun batzuetara, Inaxio gezurtiak broma bera egin zien han beheko soro eta zelaietan lanean zebiltzan andre-gizonei: –Aizue, entzun! Otsoa sartu da artaldean. Zatozte azkar laguntzera, bestela batere ardirik gabe geratuko naiz. Etorri, mesedez, azkaaar... Bigarren aldiz ere baserritarrek sinetsi egin zioten artzainari eta mihia kanpoan zutela heldu ziren ardiak eta artzaina zeuden lekura. Baina, batzuk etzanda eta besteak larrean, oso lasai zeuden ardiak. Han ez zen otsorik ageri. Inaxio artzain lotsagabeak, berriz, barre egiten zuen lurrean etzanda: –Ja, ja, ja… Sinetsi egin duzue! Inuxente! Inuxente! Zakurraren buztana tente! –Lotsagabe galanta haiz hi, baina ez gaituk gehiago engainatuko. Alferrik ibiliko haiz. Hor konpon heure ardi, otso eta gezurrekin –erantzun zioten. Baserritarrak, haserre bizian, marmarka jaitsi ziren beren soro eta zelaietara, eta lanean jarraitu zuten. Baina handik egun batzuetara, ilunabarrean, Inaxio artzaina, ardiak jetzi ondoren, gazta egiten ari zen. Eta, bat-batean, ardi guztiak orroka eta zalapartaka hasi ziren. Artzainak utzi zion gazta egiteari, irten zen txabolatik kanpora eta hor non ikusten duen otsoa ardi artean. Bi eskuez ahoa inguratu eta han behean lanean zebiltzan baserritarrei deika eta deiadarka hasi zen orduan, estu eta larri: –Otsoa! Otsoa! Otsoa etorri dela! Oraingoan egia da. Etorri, mesedez! Baserritarrek begiratu zioten artzainari beheko soro eta zelaietatik, eta lanean jarraitu zuten. Ez zioten jaramonik egin Inaxio gezurtiari. Otsoak ardiak akabatzen zituen bitartean, artzainak negar egiten zuen bere txabolako atean. Lagun ona da txakurra eta lagun txarra gezurra! OLENTZEROREN OPARIA Garai batean, etxe guztietan sua egiteko ikatza erabiltzen zenean, Olentzero oso lanpetuta ibiltzen zen. Ikatza egiteko zuhaitzak aizkoraz moztu behar izaten zituen, garai hartan ez baitzegoen motozerrarik. Gero, egurrak txukun-txukun pilatuz, txondorra prestatu behar zen, su eman eta zaindu. Ikatza egindakoan, zakuetan sartu, astoa kargatu eta herrira jaitsi behar izaten zuen, etxez etxe ikatza banatzera. Hortik datorkio Olentzerori urtero etxez etxe gauzak banatzen ibiltzeko ohitura. Urte batean, elurte handia egin zuen eta astoa hoztu eta gaixotu egin zitzaion Olentzerori. Egoera ez zen txantxetakoa: bera nekatuta, astoa gaixo eta mendia erabat elurtuta. –Zer egin dezaket orain? –galdetzen zion bere buruari–. Ezin naiz herrira jaitsi, eta herritarrek ikatza beharbeharrezkoa dute! Herritarrak ere oso kezkatuta zeuden. –Zer gertatu ote zaio Olentzerori? –galdetzen zuten batzuek. –Harritzekoa da! –esaten zuten besteek. –Hau hotza! Izoztu egingo gara hemen –esaten zuten haurrek. –Tripontzi hori orain ere jaten ariko da, suaren ondoan bero-bero! –beste petralipurdi batzuek. Joxepantoniren semea ere, Olentzeroren astoa bezala, oso gaixorik zegoen. Sukar handia zeukan eta hotzikaraz dar-dar egiten zuen. Eta, gainera, ikatzik gabe, ezin zuten etxea berotu. –Ama! Hotz handia daukat! Noiz jaitsiko da Olentzero menditik? –galdetzen zuen mutikoak. –Aita! Ez al dago ikatzik? Hotzak eta goseak nago! –zioen anaiak. –Agian, Olentzerok arazoren bat izango du, laguntza beharko du! –esan zuen Maddalenek, Joxe arotzaren alaba txikienak. –Agian bai! –erantzun zion alkateak. Okinak ere, ogia egiteko, ikatza behar-beharrezkoa zuen. Horregatik zegoen kezkaturik. Baina pixka batean pentsatzen egon ondoren, esan zuen: –Ez al da onena izango mendira joan eta Olentzerori zer gertatzen zaion ikustea? –Eta nor dago prest Olentzero bizi den basora joateko? –galdetu zuen ogia jateko desiratzen zegoen mutiko batek. –Neu joango naiz! –esan zuen Joxe arotzak–. Egur bila askotan joaten naiz eta ezagutzen ditut inguru haiek. Gainera, Olentzero nire laguna da. –Zuuu-reee-kin noooa, aaaita! –esan zion Maddalenek hotzez dardarka. Joxe eta alaba Maddalen Olentzerorengana joateko prestatu ziren. Mendian gora, belaunetaraino sartzen zitzaizkien elurretan hankak. Aita eta alaba leher eginda heldu ziren txabola baten ondora. Olentzeroren txabola zen. Sartu ziren barrura arotza eta alaba, eta han aurkitu zuten Olentzero eserita, burumakur eta serio. –Zer gertatzen zaizu, Olentzero? Zergatik ez zara herrira jaitsi? Denok hotzak akabatzen gaude! Ezin dugu janaririk prestatu! Behar-beharrezkoa dugu ikatza sua egiteko! Astoa gaixotu zitzaiola eta horregatik ez zuela ikatza banatzera jaisterik izan kontatu zien Olentzerok. Arotza eta alaba arazoa nola konpondu pentsatzen hasi ziren. Honela hitz egin zion alabak aitari: –Aita! Eta sendabelarrekin ibiltzen den Ariztizabaleko amonari deitzen badiogu? Hark jakingo du astoa nola sendatu. –Zeeeer? –esan zuen Olentzerok, pipatik kea zeriola–. Atso zahar horri deitu? Nahiago dut astorik gabe gelditu! Atso zahar malapartatu hori! Beti zelatan dabilkit! Eta, gainera, ikatz txarra eramaten diodala esaten dit beti! Zeken halakoa! –Baina oso sendalari ona da, gurekin behintzat oso ondo portatzen da –esan zion arotzak. –Beno, beno, astoa sendatzeko bada… dei iezaiozue nahi baduzue –esan zuen azkenean Olentzerok. Etorri zen Ariztizabaleko Maria, atera zituen elur azpitik belar batzuk tiraka, eta haiekin astoaren burua baino handiagoko kataplasma bat egin zuen. Astoari burua eta lepoa inguratu zizkion eta handik pixka batera arrantzaka hasi zen. –Kontxo! Ari da-eta espabilatzen! –esan zuen Olentzerok. Eta berehala, astoa beti bezain osasuntsu altxa zenean, esan zion Olentzerok Mariari: –Barka ezazu, Maria, zuregatik gaizki hitz egin baitut. Baina eskerrak eman beharrean nago. Ez nuen uste hain sendalari ona zinenik. –Zaude lasai, gizona! Baina niregana lehenago etorri izan bazina, herriko haurrak eta helduak ez ziren hotzak akabatzen egongo. –Bai, arrazoi duzu, batzuetan kaskagogor samarra naiz… eta herritarrekin zorretan nagoela iruditzen zait –esan zuen suminduta. Eta ba al dakizue zer bururatu zitzaion Olentzerori bere zorra ordaintzeko eta herritarrak pozik uzteko? Bere zakuak jostailuz eta opariz betetzea herriko haurrei banatzeko. Herrira jaitsi zen, ba, eta hain beharrezkoa zen ikatza eta opariak banatu zituen etxez etxe. Hura poza herriko haur eta heldu guztiena! Nolako opari eta jostailu politak ekarri zizkien Olentzerok gau hartan! Eta, eskerrak emateko asmoz, kalera irten ziren guztiak aho batez kantatzera: Horra, horra, gure Olentzero! Pipa hortzetan duela eserita dago... Olentzerok goiko menditik entzun zituen herritarren kantak eta poz-pozik jarri zen. Hotz egiten zuen, baina zerua oskarbi zegoen. –Begira! Han goian ikusten den argitxo hura ez al da Olentzeroren txabolakoa? –galdetu zuen Maddalenek. Gure abestia entzuten ariko da! Geroztik, goi mendiko ikazkina urtero-urtero jaisten da gure etxeetara eta, asko maite gaituela adierazteko, opariak uzten dizkigu etxean goxo-goxo lo gauden bitartean. Eta gaizki portatzen denari, ikatza. Horregatik irteten gara Gabon bezperan herritarrok kalera Olentzerori kantatzera. Eta dagoen mendian dagoela, denok ozen eta batera kantatu ezkero, berak ederki entzuten digu. Olentzero, Olentzero! Etorri jostailuekin urtero-urtero! MAKILAKIXKI Munduan asko bezala, baserri batean gizon zahar bat bizi zen. Gizon hark hiru seme zituen: Aritz, Mikel eta Beñat. Oso behartsuak ziren, eta Aritz, seniderik zaharrena, lan bila joan zen. Baserri batean morroi hartu zuten urte beterako. Oso mutil langilea zen, eta Batix nagusia pozik geratu zen harekin. Urtea iragan zenean, etxera joan aurretik, asto bat oparitu zion nagusiak morroiari. Eta honela esan zion: –Asto hau ez da besteak bezalakoa. “Egizak urrea!” esanez gero, urrea egiten du. Pozik hartu zuen etxerako bidea Aritzek. Bere aitari eta senideei erakutsi behar zien astoak urrea nola egiten zuen. Egun osoa bidean pasa zuen Aritzek eta gauean ostatu batean sartu zen afaltzera eta lo egitera. Ohera joan baino lehen, Aritzek esan zion Benantxio ostalariari: –Ez esan, mesedez, nire astoari “egizu urrea”. –Ez, ez, lasai egon. Nik ez diot ezer esango –erantzun zion ostalariak. Baina Benantxiok, Aritz ohera joan zenean, “egizak urrea” esan zion astoari. Eta astoak kaka piloaren ordez urre piloa egin zuen. Eta pentsatu zuen orduan Benantxio ostalariak: “Neuretzat hartuko dut asto hau eta diru asko irabaziko dut. Honen ordez etxeko asto zaharra utziko diot lo dagoen mutil gazteari”. Eta horixe egin zuen ostatuko nagusi maltzurrak. Urrea egiten zuen astoaren ordez bere asto zaharra utzi zion Aritzi. Hurrengo goizean, Aritz esnatu zen, eta aurpegia garbitu eta gosaldu ondoren, etxera joan zen Benantxioren asto zaharra hartuta. Etxean sartu orduko, oihuka hasi zen: –Aita, Mikel, Beñat! Urrea egiten duen astoa ekarri dut! –Urrea egiten duen astoa? Bai? Nola? –galdetu zuen Mikelek. Denek ikusi nahi zuten egia zen ala ez. Lurrean maindire bat jarri zuten, eta esan zion Aritzek astoari: –Egizak urrea! Mila aldiz urrea egiteko esan arren, han ez zen urrerik azaldu. Kaka pila galanta bai. Maindirea zikin-zikin eginda geratu zen. Handik laster, bigarren semea, Mikel, joan zen urte beterako Batixen baserrira morroi. Lan asko egin zuen eta nagusia oso pozik geratu zen harekin. Horregatik, Batixek, mahai bat oparitu zion Mikeli etxera joan baino lehen. Eta esan zion: –Mahai hau ez da besteak bezalakoa. “Jarri bazkaria!”, esaten badiozu, bazkaria prestatuko dizu, eta “Jarri afaria!”, esaten badiozu, afaria prestatuko dizu. Agur eta eskerrik asko Batixi esan ondoren, pozaren pozez abiatu zen Mikel etxerako bidean mahaia bizkarrean hartuta. Baina etxerako bidea luzea zen eta Benantxioren ostatuan geratu zen Mikel gaua pasatzen, bere anaia Aritz urte bete lehenago geratu zen ostatu berean. Mikelek esan zion Benantxio ostalariari: –Ez esan, mesedez, mahai honi “Jarri afaria!”. Baina ostalariak, Mikel ohera joan zenean, afaria jartzeko esan zion mahaiari. Eta izugarrizko jan piloa azaldu zen mahai gainean. Eta pentsatu zuen orduan ostalariak: –Nik diru asko irabaziko dut mahai honekin. Hau neuretzat hartu eta sukaldekoa jarriko dut honen ordez. Hurrengo goizean mahaia bizkarrean hartu eta azkar-azkar joan zen etxera Mikel. –Begira, begira, nolako mahaia ekarri dudan! Elkartu ziren aita eta haren hiru semeak mahaiaren inguruan eta esan zion Mikelek: –Jarri bazkaria! Baina alferrik. Behin eta berriz bazkaria jartzeko esan arren, mahaiaren gainean ez zen ezer azaldu. Eta, azkenik, Beñat joan zen Batisen baserrira urte beterako morroi. Beste anaiek bezala, Beñatek ere lan asko egiten zuen. Goizean goiz jaikitzen zen eta egun osoan ez zen lanean gelditu ere egiten: behientzat belarra ebaki, menditik egurra ekarri, soroak aitzurtu… Nagusia oso pozik zegoen Beñatekin. Horregatik, urte bete pasa ondoren, esan zion Batisek: –Zure anaia zaharrenari astoa oparitu nion, erdikoari mahaia, eta zuri ere zerbait eman beharko dizut. Tori, hartu makila hau. Baina oso berezia zen makila hura. Bere aurrean “MAKILAKIXKI” esanez gero, joka hasten zen bazter guztiak txikitu beharrean. Beñatek nagusiari eskerrak eman eta etxerako bidea hartu zuen. Baina etxerako bidea luzea zen, eta Benantxioren ostatuan geratu zen gaua pasatzen. –Gabon! –esan zion Beñati astoa eta mahaia lapurtu zituen gizonak. –Baita zuri ere –erantzun zion Beñatek–. Ba al dago lo egiteko lekurik? –Bai, gizona, bai! Jar zaitez mahaian eta afaria emango dizut lehenengo. Afal ondoren, ohera joan baino lehenago, esan zion Beñatek ostalariari: –Makila hau hemen utziko dut bihar goizera arte. Baina ez iezaiozu, mesedez, “Makilakixki” esan. –Ez, ez. Ez diot esango. Zoaz lasai lotara. Beñat ohera joan zenean, ordea, Benantxio makilaren ondora hurbildu eta esan zion jakin-minez: “MAKILAKIXKI”. Orduan makila, bera bakarrik, ostalaria jotzen hasi zen. Zirt eta zart, dinbi-danba, ez zen gelditu ere egiten. Benantxio han zebilen, zinbulu eta zanbulu, balantzaka, ia lurrera erorian. Oihuka eta garrasika, Beñati deitzen zion: –Ai, ai, ai… Jaitsi zaitez behera, mesedez, eta gelditu ezazu makila madarikatu hau. Azkar! Ez al didazu entzuten? Ai, ai ai… Azkar etorri! Hezur guztiak txikituko dizkit bestela makila madarikatu honek. Ai, ai, ai… Ohetik jaiki, arropak jantzi eta behera jaitsi zen Beñat. Ikusi zuen nola zebilen bere makila miresgarria dinbi eta danba gelditu ere egin gabe, eta esan zion ostalariari: –Ez dut makilarik geldituko nire bi anaiei lapurtu zenizkien gauzak ematen ez badizkidazu. Eta orduan, makila, ostalaria jotzeaz gain, inguruan harrapatzen zituen gauza guztiak txikitzen hasi zen: basoak, platerak, mahaiak... –Ai, ai, ai... Lapurtutako guztia itzuliko dizut, baina gelditu ezazu, faborez eta mesedez, makila madarikatu hori... Eta, orduan, Beñatek, “KIXKIMAKILA!” esan eta sorgindutako makila gelditu egin zuen. Hurrengo goizean, gosaldu ondoren, astoa, mahaia eta makila hartu zituen Beñatek, eta oso pozik joan zen etxera astoa aurretik zuela. –Etorri hona denok! Begira zer ekarri dudan Benantxioren ostatutik! Aita eta hiru senideak begiak zabal-zabal eginda geratu ziren, astoari, mahaiari eta makilari begira. Aritzek esan zion astoari: “Egizu urrea!”. Mikelek esan zion mahaiari: “Jarri afaria!”. Baina Beñatek ez zion ezer esan makila magikoari. Bestela... Zaku handi bat urrez bete eta, gero, bapo afaldu zuten laurek. Eta, handik aurrera, oso zoriontsu bizi izan ziren denak. Hala bazen, ez bazen, makila, behintzat, ez dadila hasi bazter guztiak txikitzen. AHATETXO ITSUSIA Behin batean, ahate bat bere habiaren gainean eserita zegoen. Habian arrautzak zituen eta egun batzuk bazeramatzan haiek berotzen. Azkenean, arrautzak pitzatzen eta irekitzen hasi ziren banan-banan. –Kuak, kuak! –esaten zien amak ahatetxoei. –Kuak, kuak! –erantzuten zioten ahatetxoek. Ama ahatea habiatik altxatu zenean, arrautza bat ez zela kraskatu ikusi zuen. Harriturik zegoen: arrautza hura besteak baino handiagoa eta gogorragoa zen. Halako batean, arrautza handi hura puskatu eta ahatekume bat jaio zen. –Bai handia eta itsusia dela! –esan zuen ahate amak. Izan ere, azkena jaio zen ahatetxo hura ez zen besteak bezalakoa: handiagoa eta baldarragoa zen eta besteak baino askoz ere itsusiagoa. Jaio eta segituan, ahate amak aintzirara eraman zituen bere ahatetxoak. –Kuak, kuak! Egin igeri, egin igeri denok! –esaten zien amak. Ama oso harro zegoen bere ahatetxoekin. Baina aintzirara ura edatera hurbiltzen ziren animalia guztiek barre egiten zioten ahatetxo itsusiari. –Nondik atera da ahatetxo itsusi hori? –esan zuen oilo batek. –Hauxe gauza zatarra eta baldarra! –burla egin zion aker adar oker batek. Eta animalia batzuek adarka, besteek mokoka eta beste batzuek muturka ekiten zioten ahate itsusiari, erdi txantxetan erdi serio. Amak haren alde egiten zuen beti, baina ahate itsusia gero eta tristeago zegoen. –Kuak, kuak! Denek jo eta burla egiten didate! Kuak, kuak! Oso itsusia naizelako! –esaten zuen negarrez ahate itsusiak. Beste ahatekumeek ere burla egiten zioten, hain handi eta itsusi ikusten zutelako. Egoera gero eta okerrerago zihoan. Horregatik, egun batean ahate itsusiak alde egitea erabaki zuen. –Kuak, kuak! Hemen inork ez nau maite. Hobe dut beste norabait joatea. Kuak, kuak! Agian aurkituko dut lagunen bat non edo non. Hala, bide luzean ibili ondoren, beste aintzira batera heldu zen. Ahate basati batzuk zeuden han. Ahatetxoak haien lagun egin nahi izan zuen. –Kuak, kuak! Kaixo! –esan zien. –Kuak, kuak! Hau da ahatetxo itsusia! –esan zuen ahate basati batek. –Eta baldarrontzia! Juak, juak! –burla egin zion barrez beste batek. Ahatetxoa burumakur zegoen triste-triste. Orduan, tiro hotsak entzun ziren: PUM! PUM! PUM! Ahate basatiek hegoak astindu zituzten izuturik, eta gehienek ihes egin zuten. Batzuk, ordea, hilda geratu ziren ur gainean. Ahatetxo itsusia azkar-azkar ezkutatu zen belar handi batzuen artean. Bere ezkutalekutik ehiztari batzuk ikusi zituen beren eskopeta eta zakur izugarriekin. –Ai, kuak! Ai, kuak-kuak! Ez nazatela ikusi! –esan zuen ahatetxo itsusiak beldurturik. Zorionez, ehiztariek eta zakurrek ez zuten ikusi eta alde egin zuten. Ahatetxoa bere ezkutalekutik irten eta handik urrundu zen bizi-bizi. Halako batean, haizea indarrez hasi zen jotzen. Ahatetxo itsusia ia ezin zen ibili ere egin. Orduan, etxe bat ikusi zuen. –Kuak, kuak! Kaixo! –esan zuen ahatetxoak, atea bultza eta barrura sartuz. Etxekoandrea bakarrik bizi zen eta ondo hartu zuen ahatetxo itsusia. –Ez zara oso polita, baina saia zaitez aldian behin arrautzaren bat edo beste jartzen eta ederki biziko gara biok –esan zion. Baina eguna joan eta eguna etorri, ahatetxo itsusiak ez zuen arrautzarik erruten. Andreak, ahatetxoak ez zuela arrautzarik egiten ikusi zuenean, hala esan zuen: –Ahatetxo itsusi honek ez daki arrautzarik egiten. Neguan hil eta jan egingo dut. Ahatetxoak, ordea, entzun egin zion. Beldurtuta, leihotik salto egin eta ihes egin zuen handik. Udazkena zen eta eguraldia hozten hasita zegoen. Ahatetxoak hegazti eder batzuk ikusi zituen zeruan hegan. Hegoalderantz zihoazen, lurralde epelagoen bila. –Kuak, kuak! Zein hegazti politak! Horiekin joaterik izango banu... Baina ez, txikiegia eta itsusiegia naiz –esan zuen bere artean. Negua heldu zen. Ahatetxoak ez zekien nora joan. Aintzira bat aurkitu zuen eta hantxe geratu zen. Baina gero eta hotz handiagoa egiten zuen. –Kuak, kuak! Ezin dut gehiago! Kuak, kuak! Hotzez hilko naiz. Baserritar bat pasatu zen handik eta ahatetxoa hotzez dardarka zegoela ikustean, hartaz errukitu eta etxera eraman zuen. Sutondoan jarri zuen ahatetxoa eta jaten eman zion. Hantxe igaro zuen ahatetxoak negu gorria. Baina baserritarraren seme-alabak oso bihurriak ziren, eta ez zioten bakerik ematen ahatetxoari. Horregatik, egun batean etxetik alde egitea pentsatu zuen. –Nik ezin dut gehiago ume hauekin. Banoa hemendik! Udaberria heldu zen. Ahatetxoa aintzira batean zebilen igeri. Halako batean, hegazti lepo luze eder batzuk zerutik jaisten ikusi zituen. –Zer hegazti ederrak! –esan zuen ahatetxoak miresmenez. Hegazti haiek zisneak ziren. Aintzirara jaitsi eta berarengana joan ziren irribarrez. Ahatetxoa lotsatuta zegoen eta burua makurtu zuen apaltasunez. Orduan, bere irudia ikusi zuen uretan. Eta hura miraria! Ez zuen ahate itsusi bat ikusi. Zisne eder bat ikusi zuen! –Zisne bat naiz! Zisne bat naiz! –esan zuen pozak zoratzen. Orain ez zuen kuak-kuak! egiten ahateek bezala. Zisne eder bat zen, eta azkenean bazituen lagunak. Zisneekin batera joan zen hegan, eta, handik aurrera, oso pozik eta zoriontsu bizi izan zen. Zer da itsusia? Bestea ezin ikusia! ZIRIPOT ETA MIEL OTXIN Behin batean, orain dela urte asko eta asko, Ziripot izeneko gizon bat bizi zen Lantz herrian. Gizon potolo-potoloa zen Ziripot. Ia ezin zuen ibili ere egin, hortik atera kontuak zein gizena eta makala zen. Baina gizon patxadatsua eta alaia zen Ziripot, eta denek maite zuten herrian. Hain gizena eta baldarra zenez, ez zen lanerako gauza. Baina gauza bat egiten zuen ondo Ziripotek: ipuinak kontatu. Ipuinen truke, herritarrek jatekoa eta edatekoa ematen zizkioten Ziripoti. –Tori, Ziripot, gaur gazta puska bat eta ogia ekarri dizkizut –esaten zion batek. –Eta nik pitxer bat ardo –beste batek. Beste batek haragi egosi pixka bat ekarriko zion, eta hurrengoak katilukada bat salda bero. Eta, orduan, Ziripotek ipuin polit bat kontatzen zien esker onez. Bake ederrean eta pozik bizi ziren denak Lantz herrian. Baina, egun batean, Miel Otxin izeneko erraldoi bat azaldu zen, eta harekin Zaldiko etorri zen, erdi gizon erdi zaldi zen izaki bat. Zakarra eta gaiztoa zen Miel Otxin, eta deabrua bera bezain bihurria Zaldiko. Etorri orduko, herritar guztiak bildu zituzten herriko plazan eta hala esan zien Miel Otxinek trumoia bezalako ahots beldurgarriaz: –Hemendik aurrera, guk aginduko dugu herri honetan. Eta entzun ongi guztiok! Zuetako bakoitzak zerbait ekarri beharko digu etxetik egunero-egunero, bestelaaa...! –egin zien mehatxu Miel Otxinek. Jendea marmarka hasi zen protesta eginez, baina Miel Otxinek isilarazi egin zituen berehala. –Ixo! Demonio kaikuak! Eta hobe duzue gure aginduak betetzea –esan zuen garrasika Miel Otxinek. Jende guztia beldurturik zegoen, eta Miel Otxinek agindutakoa betetzen hasi ziren guztiak. Miel Otxin eta Zaldiko plazaren erdian jartzen ziren egunero, eta herriko jendeak zerbait eramaten zien etxetik. Ziripot zen ezer eramaten ez zien bakarra, gaixoak ez baitzuen zer eramanik. Behin hala esan zion Miel Otxinek Ziripoti, petral-petral eginda: –Aizu, potolo, zatoz hona! Ziripot gizarajoa makal-makal hurbildu zen. –Zuk zergatik ez diguzu ezer ekartzen, e? –galdetu zion zakar-zakar Miel Otxinek. –Ezer ez duenak ezin ezer eman –erantzun zion Ziripotek. –Aizu, tontolo-potolo, gurekin txantxa gutxi gero! –egin zion garrasi Miel Otxinek. Zaldiko ere haserre zegoen eta, Ziripotengana joanda, ostiko bat eman zion bere zaldi-hanka haiekin. –Tori! Guri adarra jo nahi izateagatik! Ziripot gaixoa lurrera erori zen. Altxatzen saiatu zen, baina alferrik, baldarregia zen bere gorputz potolo hura mugitzeko. Bitartean, Miel Otxinek eta Zaldikok barre egiten zioten Ziripot gizarajoari. –Altxa zaitez lurretik, potolo-kokolo! –esaten zioten burlaka. Gaua etorri zen eta denak etxera bildu ziren. Miel Otxin eta Zaldiko ere lotara joan ziren. Herria hutsik zegoen. Ziripot gaixoa bakarrik geratu zen herriko plazan, lurretik altxa ezinik. Inork laguntzen ez bazion, han igaro beharko zuen gau osoa. Baina gauerdian, herriko jendea agertzen hasi zen isil-isilik. Zazpi gizonen artean zutik jarri zuten Ziripot. –Ez dago eskubiderik. Honek ezin du horrela segi –kexatu zen emakume bat. –Baina zer egin dezakegu guk? Oso ahulak gara Miel Otxin erraldoiari eta Zaldikori aurre egiteko –esan zuen gizon batek. Denak isilik geratu ziren. Orduan Ziripotek hitz egin zuen. –Erleak ere oso txikiak eta ahulak dira banan-banan hartuz gero. Baina erlauntzeko erle guztiek eraso eginez gero, nor ez da izutzen? Berehala ulertu zuten herrikoek Ziripotek adierazi nahi izan ziena. Beraiek ere erleak bezain ahulak ziren banan-banan hartuz gero. Baina denak elkartzen baziren, erraz menperatuko zituzten Miel Otxin eta Zaldiko. Etxera joan eta igitaiak, aitzurrak eta sardeak hartu zituzten. Eta gero Miel Otxin eta Zaldikoren bila joan ziren denak batera. Zaldikok, ordea, ihes egin zuen, zaldi hankekin erraz egiten baita korrika. Baina Miel Otxin erraldoia harrapatu egin zuten. Herritarrek damutzeko eta barkamena eskatzeko esan zioten Miel Otxini. Baina Miel Otxinek harroharro erantzun zien: –Ni damutzeko eta zuei barkamena eskatzeko? Ez horixe! Kakanarru halakoak! Ikusiko duzue, ikusiko duzue... –egin zien amenazu. Orduan, epaiketa egin zioten Miel Otxini herriko plazan, eta denek aho batez erabaki zuten erraldoia sutan erre behar zela. Eta halaxe egin zuten. Dena pasatu zenean, lasaitasuna itzuli zen berriro ere herrira. Ziripotek kontu zaharrak eta ipuinak kontatzen jarraitu zuen, eta berriro pozik eta zoriontsu bizi izan ziren Lantz herrian. Itxi dira ipuin honen egiak. Ongi pasa denok inauteriak! ERRALDOI BEREKOIA Behin batean, bazen herri txiki bat, jauregi eder bat zuena. Herri hartan ez zegoen plazarik eta ezta parkerik ere, eta kaleak oso estuak ziren. Horregatik, herri hartako haurrek ez zuten toki askorik jolasean ibiltzeko. Leku bakarra zuten herri osoan jolaserako aproposa: jauregiko lorategia edo zelaia. Jauregiko lorategian zelai eder bat zegoen, eta baita loreak eta zuhaitzak ere. Oso leku atsegina zen eta herriko haurrak hantxe ibiltzen ziren pozik saltoka, korrika eta lurrean zilipurdika. Jauregi hura eta aurreko zelaia, ordea, erraldoi batenak ziren. Behin, erraldoiak haurrak zelaian jolasean ikusi zituenean, builaka hasi zitzaien, haserre: –Zer arraio zabiltzate zuek hemen? Alde hemendik! Azkar! Bestelaaa... Oso berekoia zen erraldoi hura. Bai horixe! Ez zion uzten inori jauregi aurreko zelaira hurbiltzen. Hurrengo egunean, haurrak berriro joan ziren zelaira jolasera. Baina erraldoi berekoiak aurrekoan baino haserreago egin zien errieta. –Gaur ere bai? Alde egiteko hemendik! Berriro hemen ikusten bazaituztet, jataaa...! –egin zien mehatxu erraldoiak. Haurrak beldurtuta joan ziren handik. –Kaka-ume halakoak! Zerbait pentsatu beharko dut, bestela ez didate bakerik emango ume deabru horiek! –esan zuen erraldoi berekoiak. Hala, jauregi aurreko zelaia horma handi batez inguratzea pentsatu zuen. –Hemen ez da inor sartuko, ez horixe! Harresia bukatu zuenean, jauregiko atarian jarri zen kopeta ilun-ilunarekin zelaia zaintzen. –Norbait zelai barrura sartzen bada, igarriko dio! –zioen erraldoi berekoiak. Udaberria heldu zen. Belardiak lorez eta zuhaitzak hostoz jantzi ziren. Baina, hauxe gauza miragarria!, erraldoiaren zelaiak elurrez estalita jarraitzen zuen. Gainera, hotz handia egiten zuen han; bazirudien udaberriak ez zuela leku hartara sartu nahi. Eta ez hori bakarrik, jauregiko zelaian ez zen txori bakar baten kantua ere entzuten. –Zer sorginkeria da hau, ordea? Zergatik ez da iritsi udaberria nire zelaira? –esaten zuen erraldoiak harrituta eta triste samar. Egunak eta asteak joan ziren, eta erraldoia gero eta tristeago zegoen. Baina goiz batean txorien txorrotxio alaiak entzun zituen erraldoi berekoiak bere zelaian. –Hara! Zer gertatzen da orain? Harrigarria benetan! Zergatik hasi ote dira orain txoriak kantuan? –pentsatu zuen. Txori haiek pozik zeudelako kantatzen zuten. Baina zergatik ote zeuden hain alai? Bada, haurrak erraldoiaren zelaian sartu zirelako, horra! Haurrek zulo bat egin zuten harresi zatar hartan eta barrura sartu ziren denak. Beldurtu samar zeuden. Baina erraldoi berekoia alai zegoen txorien kantua entzunez. Konprenitu egin zuen haurrak zelaian sartu zirelako kantatzen zutela txoriek. Orduan haurrekin bakeak egitera joan nahi izan zuen. Haurrek, ordea, korrika ihes egin zuten beldurturik, erraldoi berekoia beraiengana zetorrela ikustean. –Badatorrela erraldoia, badatorrela! Goazen hemendik! Baina haur guztiak ez ziren joan. Haur txiki-txiki bat han geratu zen negarrez. Beldurrez dardarka zegoen eta ezin zen mugitu. Erraldoia errukitu egin zen haur txiki hura negarrez ikustean. –Zer duzu, txiki? –galdetu zion, eta eskuan hartu zuen kontuz-kontuz. –Ikaraturik nago. Denek esaten dute zu gaiztoa zarela eta, gainera, zeurekoia, den-dena zeuretzat nahi duzula. –A, bai! –esan zuen erraldoi berekoiak penaturik. Orain, erraldoi berekoia bakarrik sentitzen zen eta damututa zegoen haurrak bere zelaitik bidali zituelako. Orduan, haur txikiak esan zion: –Baina oker daude. Nik badakit zu gizon ona zarela –eta haurrak musu goxo-goxo bat eman zion erraldoiari lepotik helduta. Erraldoia negarrez hasi zen hunkiturik; malko lodilodiak irristatzen zitzaizkion masailetatik behera. –Barkatu. Hemendik aurrera ez naiz hain neurekoia izango eta zintzo portatuko naiz haurrekin. Eta orduan, bat-batean sartu zen udaberria hara: elurra urtu eta milaka koloretako lorez jantzi zen zelaia. Zuhaitzak ere hostoz apaindu ziren eta txoriek beren txorrotxioekin alaitu zuten lorategi eder hura. Erraldoia pozik zegoen eta haurrei deitu zien. –Etorri, etorri hona, mesedez, lagunak. Hemendik aurrera, zuena da zelai hau eta baita jauregi hau ere. Jolastu nahi adina. Eta uzten badidazue, ni ere zuekin jolastuko naiz. Haurrek baietz esan zioten. Orduan, harresi itsusi hura bota egin zuten, eta, handik aurrera, denak elkarrekin ibiltzen ziren jolasean, eta oso ondo pasatzen zuten. Hala bazan, ez bazan... BABARRUN ALE MAGIKOAK Andoni izeneko mutiko bat baserrian bizi zen bere amarekin bakar-bakarrik. Ez zeukaten behi bat besterik. Oso behartsuak ziren. Behin, amak esan zion Andoniri: –Gastatu zaizkigu diru guztiak. Eta badakizu dirurik gabe ezin dela erosi, ez janaririk, ez jantzirik eta ez ezer. Zerbait egin beharrean gaude. –Zergatik ez dugu gure behi pintoa saltzen, ama? –galdetu zion semeak amari. –Bai, Andoni, neuk ere horixe pentsatu dut. Sal ezazu, ba, behia eta ea ekartzen duzun diru pixka bat etxera. Andoni bere behi pintoa sokatik zuela irten zen etxetik, eta bidean gizon batekin topo egin zuen. Eta harixe saldu zion behia. Baina gizonak ez zion dirurik eman, eskukada bat babarrun baizik. Andoni etxera joan zenean, eta amari nolako tratua egin zuen kontatu zionean, oso haserre jarri zen hura, eta gogor egin zion errieta: –Tontolapikoa, halakoa! Babarrun-ale zikin hauen truke saldu al duzu behia? Ez nuen uste hain seme inozoa neukanik! Ez diru eta ez behi geratu gara orain. Eta, amorru biziz, amak leihotik behera bota zituen semeak ekarritako babarrun aleak. Baina babarrun-ale haiek magikoak ziren. Erne eta zeruraino hazi ziren gauean. Eta hurrengo goizean, Andoni, babarrun-landare erraldoi haietan gora igo zen. Ordu asko iragan ondoren, gaztelu bat aurkitu zuen hodeien gainean. Gazteluko atean emakume bat zegoen, eta esan zion Andonik: –Ez zaitut ezagutzen, baina mesede bat eskatu behar dizut. Goseturik nago eta emadazu zerbait jateko. –Bai, mutiko. Emango ez dizut ba? Zatoz nirekin barrura! Emakume hura oso ona zen. Sukaldera eraman eta platerkada handi bat babarrun eman zion jateko Andoniri. Jaten ari zen bitartean, esan zion emakumeak: –Aizu, hau Erraldoi Handiaren etxea da. Eta hark hemen ikusten bazaitu, preso hartuko zaitu. Jaten duzunean, hemendik alde egitea duzu onena. Baina beranduegi zen handik alde egiteko. Orduantxe entzun ziren Erraldoi Handiaren pauso-hotsak. Sukaldera zetorren. Emakumeak, orduan, azkar eta presaka, labean ezkutatu zuen Andoni, Erraldoi Handiak ez ikusteko. Erraldoi Handia mahaian eseri zen eta hamar platerkada babarrun jan zituen. Gero, urrezko txanponez betetako poltsa bat hartu eta haiek kontatzen hasi zen. Baina dirua kontatzen ari zela, loak hartu zuen. Andoni labe zirriztotik begira zegoen, eta Erraldoi Handia lo zegoela ikusi zuen. Orduan, labetik irten, urrezko txanponez betetako poltsa hartu eta ihesi abiatu zen Andoni. Baina korrika eta presaka zihoala, muturrez aurrera erori zen. Diru hotsa entzutean, Erraldoi Handia esnatu egin zen eta Andoniri atzetik jarraitu zion. Baina laster jaitsi zen Andoni babarrun-landare haietatik behera. Gora begiratu eta lurretik ikusi zuen Andonik erraldoia nola zetorren goitik behera. Orduan, korrika etxean sartu, aizkora bat hartu eta, kris-kras, babarrun-landareak ebaki zituen. Erraldoi Handia, ziplo!, lurrera erori eta bertan lehertu zen. Andonik hartu zuen orduan diru-poltsa, joan zen amarengana eta esan zion: –Hara hemen nahiko diru, ama. Aurrerantzean ez da izango goserik gure etxean. Esaten dute, handik aurrera, Andoni eta bere ama oso zoriontsu bizi izan zirela. Hauxe ipuin beldurgarria, baina bukaera zoragarria! GALTXAGORRI LANGILEAK Munduan beste asko bezala, behin batean, Xixilio izeneko gizon behartsu bat bizi zen kostaldeko herri batean. Oso zorte txarra zuen Xixiliok. Egiten zuena egiten zuela gaizki ateratzen zitzaion. Behin mahasti bat jarri zuen, eta ekaitzak eta harriak dena hondatu zioten. Beste behin behi bat erosi zuen, baina gaixotu eta hil egin zitzaion. –Arraioa! Hau da bizitza petrala! –kexatzen zen Xixilio. Etsita zegoen Xixilio. Gero eta behartsuagoa zen eta ez zekien zer egin bere zorte txar hura gainetik kentzeko. –Arraioa! Hemen sorginkeriaren bat dago –esaten zuen. Egun batean atzera eta aurrera zebilen, zer egin pentsatuz. Eta konturatu gabe herritik kanpora zegoen baserri batera iritsi zen. Atso sorgin bat bizi zen han. –Arraioa! Hemengo sorginak zerbait argituko dit akaso. Atea kas-kas jo eta sorginak zabaldu zion atea. –Zungulutru, zer behar duzu? –esan zion sorginak. Orduan, Xixiliok zer gertatu zitzaion esan zion sorginari. –Zangalatra, patu txarra! Zengeletre galtxagorriek konponduko dute! Eta hala, “zangalatra eta zengeletre”ka zer egin behar zuen azaldu zion sorginak. Baionara joan behar zuela esan zion eta barruan lau galtxagorri zituen orratz-ontzi bat erosteko hango denda batean. –Zingilitri, barruan lau galtxagorri dituen orratz-ontzia erosi. Xixilio Baionara joan zen. Baina ezin zuen sorginak esandako denda aurkitu. Azkenean, ia etsita zegoenean, sartu zen denda batera eta: –Zungulutru, zer behar duzu? –galdetu zion dendariak. Hura entzun zuenean, pozik jarri zen Xixilio. Bilatzen zuen denda aurkitu zuela konturatu zen. Dendaria ere sorgina zen. Hala, barruan lau galtxagorri zituen orratzontzi bat eskatu zion dendariari. –Zongolotro, urrezko diru bat du balio –esan zion dendari sorginak. Xixiliok ordaindu zion urrezko dirua eta, orratz-ontzia hartuta, etxera joan zen pozik. Etxean orratz-ontzia zabaldu eta berehala atera ziren lau galtxagorriak. –Txitxirio-barbantzu, zer lan agintzen duzu? –galdetu zioten galtxagorriek. –Arraioa! Zoazte sorora eta erein garia –agindu zien Xixiliok. Galtxagorriak joan ziren sorora eta berehala erein zuten garia. –Txitxirio-barbantzu, zer lan agintzen duzu? –berriz ere galtxagorriek. –Arraioa! Baaa, zoazte teileriara, ekarri teila berriak eta konpondu etxeko teilatua –agindu zien Xixiliok. Eta bai azkar egin ere, di-da!, eta Xixilio konturatzerako berrituta zegoen teilatua. –Txitxirio-barbantzu, zer lan agintzen duzu? –ostera ere galtxagorriek. –Arraioa! Baaa, zoazte basora, inausi zuhaitzak eta adarren egurrarekin egin ezazue txabola bat. Joan ziren galtxagorriak basora, inausi zituzten zuhaitz adarrak eta egurrarekin txabola egin zuten amen jesus batean. –Txitxirio-barbantzu, zer lan agintzen duzu? –berriro galtxagorriek. Etxeko hormak konpontzeko, ur-putzu berri bat egiteko eta behiak jezteko agindu zien Xixiliok. Baina eguna bukatu baino lehen galtxagorriek eginak zituzten lan guztiak. –Txitxirio-barbantzu, zer lan agintzen duzu? –galdetu zioten berriro. –Arraioa! Baaa, baaa... –Xixilio estu eta larri zegoen–. Joan zaitezte errekara, har itzazue errekaharriak eta egizue zubi bat. Joan ziren galtxagorriak errekara, hartu zituzten harriak eta zubi bat egin zuten afal ordurako. –Txitxirio-barbantzu... –hasi ziren galtxagorriak ostera ere. –Bai, bai, bai! –eten zien pazientzia galduta Xixiliok–. Lana behar duzue, badakit. Baina ez dakit zer gehiago agindu. Lan guztiak eginak daude. Orduan, galtxagorriak oso urduri jarri ziren. –Txitxirio-barbantzu, txitxirio-barbantzu..., zer lan agintzen duzu? –zioten behin eta berriro. Xixiliori, ordea, ez zitzaion ezer bururatzen. Orduan galtxagorriek esan zuten: –Barbantzu-txitxirio, isilik dago Xixilio. Hori esan eta Xixiliok lehen agindutako guztia atzekoz aurrera egiten hasi ziren. Sorora joan eta gari haziak atera zituzten lurretik. Teilatura igo eta teila guztiak kendu zituzten. Txabola desegin, hango egurrak hartu, haiekin adarrak egin eta zuhaitzei erantsi zizkieten. –Arraioa! Baina, baina... zertan ari zarete? –galdetu zien haserre Xixiliok. –Barbantzu-txitxirio, isilik dago Xixilio –erantzun zioten galtxagorriek. Eta lan guztiak alderantziz egiten jarraitu zuten. Etxeko hormak puskatu zituzten. Eta ur-putzua hondarrez bete zuten. Eta behiei esnea sartu zieten berriro titietatik. Eta zubia desegin eta errekara bota zituzten harriak atzera. Bat-batean, ideia bat etorri zitzaion Xixiliori. –Aizue, aizue! Hartu bahe hau eta ekarri hemen errekako ura. Galtxagorriek hartu zuten bahea eta errekatik ura ekartzen saiatu ziren. Baina ezin, urak bahearen zuloetatik ihes egiten zuen-eta. Orduan, galtxagorriak joan ziren Xixiliorengana eta esan zioten: –Ezinezko lana agindu diguzu. Beraz, bagoaz hemendik eta ez gaituzu gehiago ikusiko. Eta galtxagorriak desagertu egin ziren. Lasaitu ederra hartu zuen Xixiliok. Pentsatu zuen hobe zela bere zorte txarrarekin jarraitzea, bizi osoan galtxagorri ipurterre haiei aginduak ematen jardutea baino. Gainera, zer arraio!, zorte txarra ere ez da izaten betiko. Hau hala bazen, ez bazen, Xixilio, behintzat, lasai asko geratu zen. San Joan bezperako gaua magikoa izan ohi da. Gau horretan maisu Joxe, ikasleen laguntzarekin, sutzarra egin nahian zebilen eskolako lorategian. Maisu Joxek eskuak poltsikoan sartu zituenean pospolorik ez zeukala ohartu zen. Zer egin jakin gabe, zozo-aurpegiz, Jurgeni begira gelditu zen: –Arraioak! Surik ez daukat eta. Nola piztu behar dut sua? Jurgenek esan zion: –Ederra kontua! Pospolorik gabe jai daukagu! Jurgen, ekaineko eguzkipean lanean arituta, izerdi patsetan zegoen. Ez zegoen ondo, beharbada. Kopeta itxuragabe ari zitzaion berotzen mutikoari, eta, egonezinez edo logurez, betazalak ixten ari zitzaizkion… Ustekabean, baso handi baten erdian azaldu zen Jurgen. Erabat harrituta zegoen. Nola agertu zen han? Basoan barrena zihoala, batera eta bestera begira, gizon handi iletsu batekin egin zuen topo. Esan zion Jurgenek: –Kaixo. Ni Jurgen naiz. Eta zu, nor zara? –Ni Basajaun naiz, inguruko izakirik jakintsuena. Oihan ilunetan bizitzea dut gogoko. –Basajaun jauna, horren jakintsua izanda, jakingo duzu nola egiten den sua, ez da hala? –Jakina badakidala nola egiten den sua! Jurgenek pentsatu zuen “gizon handikote honek argituko dit eskolako sua nola piztu”, eta esan zion Basajauni: –Sanjoanak ospatzeko sutzar bat egin nahi dugu, baina ez dakit nola piztu sua. Lagunduko al didazu? –Ez horixe! –Zergatik ez? –Gizakiak axolagabe batzuk zaretelako. Sua nola pizten den erakutsiko banizu, basoa erre zenezake, edo nire ile luze ederrak kiskali. Ez dizut erakutsiko! Eta sua nola pizten zen jakin gabe alde egin behar izan zuen Jurgenek. Ibilian-ibilian, kobazulo bat aurkitu zuen Jurgenek. Sartu zen han eta erraldoi itsusi handi-mandi bat ikusi zuen. Infernutik ateratakoa zirudien. Kopeta oso iluna zuen, eta erdi-erdian begi bakar bat, ia kopeta bera bezain handia. Jurgenek esan zion: –Kaixo. Ni Jurgen naiz. Zuk nola duzu izena? Munstroak erantzun zion: –Ni Tartalo naiz. Mingainarekin ezpainak busti zituen Tartalok. –Hurbil zaitez pixka bat. Ez zaitut ongi ikusten. Jurgen, badaezpada ere, ez zen asko hurbildu: ez zion munstro hari itxura onik hartzen. –San Joanak ospatzeko sutzar bat egin nahian gabiltza baina ez dakit nola piztu. Lagunduko al didazu? –esan zion. Berarengana hurbiltzeko keinua egin zion Tartalok eskuarekin. Esan zuen: –Bai, lagunduko dizut. Baina lehenik, zatoz nigana. –Ez –erantzun zion Jurgenek beldurtuta. –Zatoz hona edo ni joango naiz zuregana –esan zion Tartalok ahots beldurgarriarekin. Oraingoan erabat ikaratu zen Jurgen eta ihesi abiatu zen maldan behera, atzetik Tartalo gaiztoa zuela. –Harrapatuko zaitut! –esaten zuen–. Harrapatuko zaitut! Baina ez zuen harrapatu. Jurgenek korrika jarraitu zuen denbora luzez, eta kobazulotik urruti samar zegoen ibaiertz batean neskatxa batekin egin zuen topo. Oso ederra zen. Inoiz ikusitako politena. Oinak ibaian sartuta zituen eta urrezko orrazi batez ilea orrazten ari zen. –Kaixo. Ni Jurgen naiz. Nola duzu izena? –Ni Erreka Mari lamina naiz. Jurgenek irribarre egin zion. Pentsatu zuen: –Horrelako neska polit batek lagunduko dit, seguru. Jurgen seguru zegoen halako neska eder batek lagunduko ziola, eta honela esan zion: –San Joanak ospatzeko sutzar bat egin behar dugu baina ez dakit sua nola piztu. Lagunduko al didazu sua egiten? –galdetu zion laminari. –Ai, koittadua ni! Ezin dizut lagundu, oso bustita nago sua egiteko! Gainera, oso lanpetuta nabil nire ile ederra atontzen. Eta horrelaxe jarraitu behar dut, eder izateari ez diot utzi nahi eta. Beraz, handik ere surik gabe joan zen, kopetilun. Nazkatzen hasia zegoen Jurgen suaren kontu harekin. Sua egiten lagunduko zionik ez zuela aurkituko iruditzen zitzaion. Hala ere, ibiltzen jarraitu zuen eta, ustekabean, Anboto mendira iritsi zen. Han, leize antzeko batean, emakume dotore bat aurkitu zuen, pertz batean salda goxoa prestatzen. –Kaixo. Ni Jurgen naiz –esan zuen Jurgenek. –Eta ni Mari. Eser hadi hor. Salda goxoa hartuko diagu biok. Pasatutako guztiak pasatu ondoren, eskarmentatuta zegoen Jurgen, eta ez zen batere fidatzen. Pentsatu zuen: "Inork ez dit sua egiteko laguntzarik eskainiko. Neuk moldatu beharko dut nire kontura." Pertza berotzen ari zen sutan zotz luze bat ikusi zuen, garra zeriola, eta esan zion bere buruari: –Horrekin piztuko dut sanjoanetako sutzarra. Mari saldarentzat gatz bila joan zenean, zotz piztu hura hartu zuen Jurgenek. Baina Marik ikusi egin zuen, eta esan zion, haserre: –Zertan ari haiz? Lapurretan? –Sua behar dut sanjoanak ospatzeko –esan zion Jurgenek. –Sugar. Hator azkar –egin zuen deiadar Marik–. Lapur bat diagu hemen! Suzko suge bat azaldu zen leize-zulotik, eta Jurgeni hurbildu zitzaion… Suge hari ihes egin nahian zebilela, ahots bat entzun zuen: –Jurgen! Jurgen! Zer gertatu zaizu? Lo gelditu zara, ala? Zatoz atzerago edo aurpegia erre egingo zaizu… Maisu Joxe ari zitzaion deika. Gainerako ikasleak ere han zeuden. Eta denen aurrean, egundoko sutzarra! Azkenean lortu zuten sua egitea! Jurgenek pentsatu zuen: –Kaka zaharra! Lo gelditu naiz eta ez dut deus ere ikusi! Ametsetan hainbeste atzera eta aurrera egin ditut su bila eta, azkenean, ez dakit nork piztu duen benetako sua. Amorrarazita zegoen. Garrei begira gelditu zen, eta garren goiko ertzetik ziztu bizian suge itxurako sugar bat zerurantz zihoala ikusi zuen. Ingurukoek ez zioten erreparatu sugar hari, baina Jurgenek ongi ikusi zuen garren artetik sugar dotore hura zerurantz nola joan zen, hara eta hona mugituz, Jurgeni agur egingo balio bezala. Jurgenek irribarre egin zuen eta agur esan zion sugarrari. Ametsa izan, egia izan, sar dadila kalabazan eta...