Luxuzko hotela herrian
Ugaon, 2020ko ekainaren 19an
Herritar agurgarriok:
Azken asteotan denok jakin dugu udalak ostalaritza-kate bati eraikin publiko bat saltzeko proposamena jaso duela. Gaia oso garrantzitsua iruditzen zaidanez, lerro hauen bidez, udalaren webguneak ematen didan aukera aprobetxatu nahi nuke nire iritzia emateko.
Aipatu dudan bezala, herritarrok udalak bidalitako gutun baten bidez jakin dugu proposamenari buruzko informazioa, nahiz eta irratian ere agertu den NH ostalaritza-kateak herrian luxuzko hotel berri bat eraikitzeko asmoa duen albistea.
Proposamen honek eztabaida bizia sortu du herritarron artean, batzuk hotelaren alde daudelako eta beste batzuk, ordea, kontra gaudelako.
Batetik, egia da hotela eraikitzeak alde onak izango lituzkeela, turismo gehiago ekarriko lukeelako herrira. Halaber, lanpostu ugari sortuko lituzke, eta herriko gazteontzat batez ere, aukera bikaina izango litzateke, gutako asko langabezian gaudelako krisialdiaren ondorioz.
Hala ere, bestetik, hain hotel handia irekiko balitz, herriko giroa asko aldatuko litzateke turismoaren hazkundea dela eta.
Beraz, halako hotelak izaten dituzten beste herri txiki batzuen esperientzia ikusita, herritarrok gure lasaitasuna galduko genukeela uste dut, eta biztanle gehienok leku txiki eta atsegin batean bizitzea nahiago dugu jendez beteta dagoen hiri handi batean baino.
Honengatik guztiagatik, hotelaren aurka nagoela esan behar dut. Lanpostuak garrantzitsuak badira ere, herriko ezaugarriak eta guk aukeratutako bizimodua mantentzea garrantzitsuagoa dela pentsatzen dudalako. Horretaz gain, herrian ez daukagu eraikin publiko askorik, eta eraikin hau bizilagunentzako zerbitzuak eskaintzeko erabiltzea hobe izango litzatekeela uste dut. Esaterako, liburutegi eta kultur-etxe bat martxan jartzeko erabili liteke eta aukera ezin hobea izango litzateke herrian kulturaz gozatzeko dauzkagun posibilitateak hobetu daitezen. 
Besterik ez, udalak herritarron iritzia kontuan hartzea espero dut oso erabaki garrantzitsua baita.