Duela urte gutxi batzuk herri txikietako eskolen eguna ospatzen hasi zen. Ospakizun honek egundoko parada eskaini digu eskola mota honen erabiltzaile garenoi mundura azaldu eta gure ezaugarriak zabaltzeko. Orain arte gure herri txikietan isilik bizi izan garenok ozen eta harro aldarrikatzen dugu gure balio eta berezitasuna, eta gure eskola eredua berezitasun horren barne dago.

Aurten gure herrian ospatuko denez jaialdia, eta guraso elkarteko kide naizenetik, gure eskola ereduaren nabarmenen berri ematea gustatuko litzaidake. 

Lehenik eta behin esan beharra dago eskola eredu honek abantaila ugari eskaintzen dituela: eskola txikiak direnez baliabideak kudeatzeko erraztasuna ikaragarria da eskola handien aldean. Bigarrenik, ikasle kopurua hain baxua denez irakasteko metodologia guztiz ezberdina da. Kurtsoen arteko erlazioa oso estua da, eta gehienetan batera ematen dituzte eskola orduak. Elkarlanean eta besteen erritmoa errespetatuz aritzeko aukera da. Azkenik, herriko elkarte eta herri mugimenduarekin lan egiteko parada aparta eskaintzen du, eta auzo-lanaren garrantzia txikitatik irakasteko balio du. Berekoitasuna eta lagunaren burua zapaltzea premiatzen duen gizarte honetan horrelako esparruak aurkitzea sekulako pagotxa da.

Horrela gauzak, badirudi herri txiki eta eskola txikietan garatzea alde onak bakarrik dituela, eta argitu beharra dago alde ilunak ere badaudela. Alde ekonomikoari erreparatuz gero gabeziak handiak dira. Hasteko, herri txiki askotako udalek ezin dituzte eskola irekita edukitzearen kostuei aurre egin, eta horrek eskola askok bere ateak jaistea sorrarazi du. Dakigunez, zenbait auzo edo herrietako umeak batzea eta eskola bakar batera eramatea merkeagoa da. Dirulaguntzak beraz, ez dira nahikoak eta ez datoz bat gaur egun azaltzen diren beharrekin. Horren ondorioz, eskoletako baliabideak guztiz mugatuta daude. Bai giza baliabideak, bai material eta gailuak. Horren adibide teknologia eta Internet erabilpenari uko egin behar izatea da herri askok ez baitute horretarako behar den konexioa. 

Arazo honi zer konponbide eman dakiokeen asmatzea ez da lan erraza. Ukaezina da gure mugetatik kanpo daudenen babesa behar dugula zain eta muinez defendatzen dugun eskola ereduari bultzada emateko. Herria ezagutarazteko jardunaldiak antolatzea, jaialdiaren gonbidapena sare sozialen bidez luzatzea, eta ,batez ere, erakundeen inplikazioa aldarrikatzea dira horren adibide.

Finean herri txikietako eskolen garrantzia eta balioa aldarrikatu nahi baldin badugu herriak sortu beharko luke promozio-kanpainia. Esaldiak dioen moduan herriak bakarrik salba dezake herria.