Barakaldon, 2019ko maiatzaren 5ean



Jaun/ Ande hori:



Lerro hauen bidez, nik, Kamiseta eta praka motzak lantegiaren langilea naizen aldetik, zugana jotzen dut lantokian bizi ditugun lan-baldintzak eta lan-egoera gogorra azaltzeko.



Kontua da, azken urteotan, gure gizarteak makina bat aldaketa izan dituela, batez ere, lan munduaren arloan, lan egiteko egoera kaskarrei dagokienez, hain zuen ere. Hori argi eta garbi uzteko, adituek egin berri dituzten ikerketen emaitzei erreparatu besterik ez diegu egin behar, izan ere, emaitza horien arabera, gero eta gutxiago dira lanera motibaturik doazenak. Baina, zer dela eta, gertatzen ari da hori?



Dudarik gabe, egoera hori ematearen arrazoiak asko eta oso desberdinak izan daitezke. Garrantzitsuenetako bat lanorduetan jasotzen duten presioa izan liteke. Gero, langileen arteko talde-lana eta komunikazio falta egon daiteke, eta azkenik, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa espazioaren antolaketa desegokia topa dezakegu.



Gauzak horrela, atzera begiratu bat bota baino ez dugu egin behar, gure gizarteak azken urteetan izan duen bilakaeraz jabetzeko. Hau da, aspaldian, gure aitona-amonak gazteak zirenean, hirurogeiko hamarkadan gutxi gorabehera pentsaezina zen lan-egoera  hobetzeko ekarpenak egitea, garai hartan zituzten ondasun eta zerbitzuekin konpondu behar ziren eta izugarrizko lan-baldintza gogorrak jasan behar zituzten, zuzendariak agindutakoa jarraituz.  

Gaur egun, ordea, gure gizartea aldatzen den neurrian gure ohiturak ere aldatuz doaz, esaterako, orain askoz baliabide eta metodo gehiago ditugu gure eskubideak aldarrikatzeko eta defendatzeko, baita gure lan-egoera hobetzeko ekarpenak egiteko.



Konponbideei dagokienez, askotan zuzendu beharrekoa begibistan egon arren, konpontzea ez da batere erraza izaten. Hala ere, esku artean darabilgun gaia oso garrantzitsua dela kontuan harturik, lan-egoera desegokiari aurrera egiteko nahian, ahalik eta lasterren neurri eraginkorrak hartzea ondo legokeela uste dut. Hala nola, ondo letorke langileak motibatzen saiatzea, egunerokotasunean egiten duten lana sarituz; lan-errendimendua hobetzea ordutegiaren malgutasuna kontuan hartuz; talde-lana eta baita komunikazioa-kanalak hobetzea, langilearen gaitasunak ezagutzea, besteak beste.



Besterik gabe, nire idazki hau ontzat emango duzulakoan, aldez aurretik eskerrak emanez, adeitasunez: 
