Gogorra da hainbeste denbora zure alboan egon den eta bat-batean ez dagoen pertsona bati buruz hitz egitea, harengan pentsatzea, haretaz oroitzea. Inguruko senitarteko, adiskide edo ezagun baten heriotza gertutik bizi izan dugunok, badakigu ez dela batere erraza pertsona horrek uzten duen falta betetzea, etorkizuna begi onez ikustea, dena ondo egongo da zeure buruari behin eta berriro errepikatzea, hobeto sentiarazteko saiakera deseperatuan edo... Eta egia da, oso gogorra da horrelako gertakari bati aurre egitea, horrek dakartzan pentsamendu, beldur, desadostasun eta halakoak kontuan hartuta.



Heriotzaren inguruan pentsatzean, nahitaez burura etortzen zaidana bizitza da. Bizitza hasi eta amaitu egiten da, jaiotzarekin hasi eta heriotzarekin bukatu. Gehienetan, beti ez esateagatik, ez da gure esku egoten noiz izango den gure azken arnasa, azken hitz edo azken laztana, baina gure esku egon beharko litzateke? Nik baietz diot, ezbai barik. Gurea da bizitza eta gurea beharko litzateke erabakia.



Bizitza deitzen diogun hori, hil aurretik bukatzen da, bihotzak taupaka segi arren, bihotz hori nork edo zerk ureztatu eta aurrera jarraitzen laguntzen dion ezer ez dagoenean, orduan bukatzen da bizitza, eta norbera da une hori heldu dela dakien bakarra. Beraz, nor izan beharko litzateke erabaki hori hartzearen arduraduna? Askotan entzun izan dugun esaldi bat etorri zait gogora, horrela dio: Nire bizitza da, beraz, utzidazu nahi bezala bizitzen. Baina esaldi horri buelta eman eta bizitzaren ondoren heriotzaren gaia sartzerakoan...Nire bizitza da, utzidazu nik nahi dudanean harekin bukatzen Zaila egiten da horrelako zerbait errealitate bihurtu daitekeela pentsatzea, eta badakit askori zorakeria hutsa irudituko zaiela horrelako erabaki baten eskubidea ematea, ulertzekoa den legez, baina zenbait buelta eman eta pentsa ondoren, hausnarketarako balioko lukeela ere uste dut, gehiago pentsatuko genukeen ea zerk ureztatzen digun bihotza, edo zeini ematen diogun (h)ura lapurtzeko gaitasuna. 



Nik sarritan pentsatzen dut heriotza udazkeneko haize bolada bat bezalakoa dela, lurra garbi eta zerua hankaz gora uzten dituen haize bolada horietako bat bezalakoa; edo hondartzako hareia esku artean izan eta eskua zabaltzerakoan hareiak ihes egiten duen momentuarekin lotzen dut baita ere heriotza. Horrela behar luke izan, momentuko zerbait, agur bat, edo, zenbaitentzat agian, gero arte bat besterik ez.