Nabarmena da urteak pasa ahala nola garatzen den gure gizartea, sozialki, kulturalki edota teknologikoki. Hauen garapenaren ondorioz, ohitura berriak sortu ditugu batez ere gure beharrak ez direlako duela 50 urte zituzten behar berdinak. Hala ere, kezkagarria iruditzen zait  etengabe konektatuta egoteko dugun beharra, argi baitago mendekotasun larria garatzen ari garela.



Alde batetik, teknologiak baditu alde onak egunerokotasuneko eginbeharrak asko erraz ditzake eta. Hasteko, ikasle asko informazio bila dabiltzanean ez dute zertan liburutegi batera joan eta hango liburuak arakatu informazio-iturri bila. Oso ohikoa da gaur egun etxean internet-a edukitzea, eta ondorioz pare bat klik eginez gero informazioa berehala eskura dezakete. Esaterako, gaur egun bizi dugun pademiaren ondorioz ikasteko izan ahal genituen zailtasun asko ekidin ditu internet-ak. Bestalde, edozeinekin hitz egin dezakegu  uneoro edozein lekutan egonda. Oso erraza da munduko beste puntan dagoen norbaiti informazioa bidaltzea eta honek momentuan erantzutea. Hain da erraza non beste munduko beste puntako berriak gertatu bezain laister entzutea normala iruditzen zaigun. Azkenik, entretenimendu iturria dauzkagu bai internet bai sare sozialak. Etengabeko entretenimentua daukagu eguneko edozein ordutan, gero eta pertsona eta gehiago egon sare sozialetan, orduan eta gauza gehiago baitaude ikusgai.



Beste aldetik, mendekotasuna gero eta handiagoa dela oso nabarmena eta kezkagarria da. Egia da sare sozialek onurak dituztela betiere neurriz erabiliz gero. Sare sozialen bitartez komunikatzea gero eta ohikoagoa denez, isolamendu soziala sortzen ari gara. Isolamendu soziala aurrez-aurreko komunikazioaren ohitura falta da, eta arraroa egiten zaigunez, beldurra hartzen diogu gero eta gutxiago komunikatuz era honetan. Esaterako, lehen sakelakoa deitzeko erabiltzen genuen gehienbat, baina gaur egun, beste pertsona bati deitzea azken aukeratzat hartzen dugu. Beste pertsona askorekin eta informazio-iturri ororekin erabat konektatuta egonda, berehalakotasunera ohitu gara. Berehalakotasun ohitura horrek momentuan informazioa edo erantzunen bat izan ezean antsietatea eragin dezake. Horren ondorioz, denbora luzean kontzentratzeko gaitasun falta suma dezakegu, informazioa oso azkar lortzen baitugu. Hala ere, nahiz eta konexio etengabe hori izan, oso ohikoa da lagun talde bat parkean ikustea elkarrekin hitz egin gabe, denak segapotoaren pantailari so daudelako.



Arazoak larriak dira nahiz eta ez iruditu. Hauek ekiditeko zenbait aholku eman ditzaket. Lehenik, sare sozialak, internet eta gaur egungo teknologia komunikatzeko tresnak besterik ez direla azpimarratzea da. Hau kontuan hartuta, argi izan behar dugu hori ez dela aurrez-aurre norbaitekin komunikatzea bezalakoa, erlazioak edo harreman pertsonalak erabat desberdinak direlako. Bigarrenik, oso ondo bereiztuko nituzke mugikorra erabiltzeko uneak eta ez erabiltzeko uneak. Honekin esan nahi dudana da, adibidez lagun taldearekin geratzen bazara ez dela beharrezkoa haiekin zauden bitartean sare sozialetan konektatuta egotea, haiekin sozializatu dezakezulako. Hirugarrenik, hori kontrolatzeko gai ez bazara, ikasten irakurtzen edo este gauzaren bat egiten duzun bitartean horretan kontzentratzeko mugikorra edo ordenagailua itzali. Argi dago denok ez dugula mugikorra ekiditeko gaitasun berdina, horregatik gai ez izatekotan hori izango litzateke konponbiderik egokiena.



Laburbilduz, gaur egungo teknologiak eta sare sozialek erabateko onurak eman diezazkigukete. Gero eta konektatuago gaude, eta komunikazio tresna ugari ditugu. Hala ere, hauek neurriz erabiltzea da zentzuzkoena, mundu errealean parte hartzea oso garrantzitsua delako, pertsonekin harremanak izatea gizakiaren funtsezko ezaugarrietako bat delako. Mendekotasuna ekiditeko mugikorra alde batera utzi, eta ezin baduzu itzali ezazu. Erlazio errealak susta ditzagun!
