Gure seme-alabek bere gaitasunak ahalik eta gehien lantzea. Hori da, nire ustez, guraso guztiok dugun nahia; eta horretarako, hezkuntzan eta eskolatan hainbat aldaketa beharrezkoak direla deritzot. Pandemia dela eta egokitu zitzaigun berrogeialdian, adituek behin eta berriz nabarmendu ziguten sormena lantzeko jarduerak egitearen garrantzia, hala nola marraztea, musika-tresna bat jotzea... Baina, zergatik azpimarratzen dugu horrelako jardueren premia egoera hauetan soilik? Zergatik ez diegu merezi duten garrantzia ematen gure egunerokoan, hots, seme-alabek egunero jasotzen duten hezkuntzan?



Errealitatea da eskolan garrantzia gutxien duten ikasgaien artean musika, plastika eta antzekoak topatzen ditugula. Hau erraz froga daiteke: nire semeak, adibidez, orduak eta orduak ematen ditu historia, matematika, biologia eta horrelakoak ikasten. Gutxitan ikusi dut, ordea, musikako irakasleak gomendatu dion abesti bat txirularekin jotzen, edo hurrengo egunean plastikako orduan entregatu behar duen lan bat marrazten. Sormena lantzeko jarduerei denbora eskasa eskaintzen zaie, ikasgai tradizionalak bezala uler ditzakegun arloei ordu gehiegi eskaintzen zaizkien bitartean.



Egoera hau irauli behar dela frogatzen duten hainbat arrazoi ditugu. Horietako lehenengoa gaur egun gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari den osasun mentala da, aipatutako jarduerak oreka emozionala mantentzeko egokiak baitira. Bestalde, ikasgai horiek gaitasun ugari lantzen dituzte, hala nola sormena, kontzentrazioa, ikasle-irakasleen arteko harremanak... Horrelako gaitasunak kalitatezko hezkuntza batean ezinbestekoak direlakoan nago, eta hauen garapena bermatu egin behar da, beraz. Era berean, musika eta plastika bezalako ikasgaiak gustokoak izaten dira, oro har, ikasleen artean. Hori dela eta, hauei ordu gehiago eskaintzeak haur eta gazteen ikasketenganako interesa nabarmen haziaraziko luke.



Laburbilduz, hezkuntzan sormena lantzen duten jarduera eta ikasgaiei garrantzia eta denbora gehiago eskaini behar zaizkielakoan nago. Horretarako, konponbidea ez da eskola-orduak areagotzea, gainontzeko ikasgaien orduak murriztea baizik. Izan ere, oro har denok onartzen dugu gure seme-alabek ikasten dituzten datu eta informazio asko soberan daudela, ez baitira ezinbestekoak haien hezkuntza eta gaitasun-garapena egokia izateko. Are gehiago, kasu askotan kaltegarriak izaten dira, ikasleen frustrazioa eta motibazio eza eragiten dituzte eta. Hau dela eta, historia, biologia, geografia eta horrelako ikasgaiei denbora kentzea egokia eta onuragarria dela uste dut, eta haiei eskaintzen zaien denbora musika, plastika eta antzeko asignaturei egokitzea. Hau eginez, gure seme-alabek hezkuntza hobea jasoko dute, haien osasun mentala eta hainbat gaitasun hobetuko dituena.