Eskualdeko telebistaren tokia gizarte moderno batean.  





Egunotan, eskualdeko telebisten garrantzia eta biziraupena denon ahotan dabilen gaia da, gehien bat kontuan hartuta Euskal Telebistak  emititzeari uzteko asmoa duela azaldu duela. Tamalez, gaur egun gehiegi gertatzen den bezala, arrazoi ekonomikoek bultzatu dute erabaki hau: diru-laguntzak gero eta eskasagoak dira, iragarkiak egiteko modu merkeagoak aurkeztu dira... Garbi dago telebista honek pairatu izan duen egoera epe luzera jasanezina izan dela, gizartearen beharrizanak aldatzen joan ahala eskualdeko telebisten eredua gero eta atzeratuagoa gelditu delako, baina honek ez du esan nahi oraindik ere kalitatezko hurbileko telebista baten premia ez dagoenik. 



Hasteko, aipatu beharra dago eskualdeko telebistak gure komunitateetatik sortzen direla eta gure komunitateetara bideratuak daudela: soilik guretzat garrantzitsuak diren gaiak lantzen dira, gertuko pertsonen lanbideak sustatzen dira... Egia da bide hau jarraitzea ez dela izugarrizko etekinak lortzeko aproposena, baina gure inguruan gertatzen denaren inguruko informazioa eskuratzeko ezinbestekoa da. Horretaz gain, euskarazko telesai, filma edo albisteak ikusteko aukera bakarrenetarikoa den heinean, Euskal Telbistak hizkuntza honen biziraupenerako berebiziko garrantzia duela esan daiteke. Aurkeztutako arrazoiengatik, eta beste askorengatik ere, onartezina da esatea tokiko telebistak gizartean izan duen lekua galdu duela, arazoak egon badaudela argi izanda ere.



Aurretik esandakoari begira, garbi dago kalitatezko tokiko telebista bat izateak desabantaila baino abantaila gehiago dituela, baina hala ere, alde ekonomikoari begira, ezin da ukatu gaur egungo telebista eredua ez dela jasangarria. Teknologia berriek telebista ikusi eta kontsumitzeko era guztiz aldatu dute, eta beraz, Euskal Telebista aldaketa garai honetara egokitu beharko da, esate baterako, interneten bidezko plataforma bat sustatuz edota sare-sozialetako presentzia indartuz. Gainera, gazteak eduki kontsumitzaile nagusiak izanik, haientzako pentsatuak dauden telesaiaen alde apustu egitea guztiz onuragarria izango litzateke, diru-sarrera bat suposatzeaz gain, jarraitzaileen profila zabaltzeko balioko lukeelako. Horrelako neurriek modernizaiorako bultzada bat emango lieke eskualdeko telebistei, haien izaera konprometitu gabe. 



Aipatutakoa kontuan hartuta, eskualdeko telebisten egoeraren gaia konplexuegia dela esatea sinpleegia dirudi, irtenbideak egon badaudelako. Agerizkoa da gaur egungo Euskal Telebistaren, eta orokorrean tokian-tokiko telebisten ereduak ez duela gizartearen beharrekin bat egiten, baina horrek ez du esan nahi haien beharrik ez dagoenik. Gizarteak aurrera egin ahala globalizazioa eta edukien masifikazioa nagusi dira, eta beraz, garrantzitsua da hurbilezko eta kalitatezko telebista bat izatea, komunitate bakoitzeko bizitzeko moduarekin bat egiten duena. Ondorioz, eskualdeko telebistak gero eta beharrezkoagoak direla deritzot, eta denbora berrietara egokitu beharrean amore emateak akats izugarria suposatuko lukeela uste dut.